“Gizarte antolatua erakundeen eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko gai” dela eta Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako borrokak fruituak eman dituela ospatzeko, otsailaren 7an Gernikan antolatu duten jaira gerturatzeko deia egin du Guggenheim Urdaibai Stop taldeak.
Hiru urtez borrokan aritu diren guztiak eskertu nahi izan ditu taldeak, asteazken honetan emandako prentsaurrekoan. Izan ere, proiektua bertan behera geratzea herritarren lanari esker izan dela nabarmendu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hasieran izan zuten “jarrera zurrun eta inposatzailea” kritikatu dute, museoa “bai ala bai egingo zela” esan zietela. Baina, gaineratu dute, agintari horiek berek orain erabaki hau hartu dute “zientziak, legeak eta gizarteak agerian utzitako errealitateari ihes egin ezinik”.
“Argudio merkeekin estali nahi dute beren hausnarketarik eza”, salatu dute. Burokrazia, auzi administratiboak, kutsadurarekin arazoak eta lurrak saltzeari ontziolak uko egin izana aipatu dituzte patronatutik, eta proiektuaren aurkarien iritziz, “argudio horiek seriotasun falta eta arduragabekeria baino ez dute erakusten”.
Erakundeei eskatu diete Busturialdeko egoera sozioekonomikoa hobetzeko "proiektu serio, bideragarri eta eragingarriak abian jartzea"
Museoa ez egiteko arrazoiak hasieratik garbi daudela gaineratu dute: kalte ekologiko larriak eragingo lituzke, Urdaibai Biosfera Erreserba babesten duten legeekin ez da bideragarria, eta “prekarietatera eta gure nortasuna galtzera kondenatuko” luke eskualdea.
Gernikan, otsailean, “lorpen handi hau” ospatzeaz gain, Urdaibairen aldeko konpromisoa berresteko baliatuko dute jai-giroa. Erakundeei eskatu diete Busturialdeko egoera sozioekonomikoa hobetzeko “proiektu serio, bideragarri eta eragingarriak abian jartzea eta horretan inbertitzea, eskualdeko agente sozialen iritzia kontuan hartuta”.