Zeharo bete naiz. Kontsumismo aseezineko zurrunbiloan murgilduta gaude eta garai batean altxorrik preziatuena genuen aisia erabat antzaldatu egin da. Kontua ez da jada indarberritzen zaituen esperientzia bat bizitzea, baizik eta ahalik eta bidaia, telesail, film edo liburu gehien pilatzea. Ez dago etenaldia egiteko eta une bakoitza mustatzeko lekurik.
Izan ere, zinemazale eta irakurle naizen aldetik, azken urteotan nire kontsumo-maila jaitsi behar izan dut, estresa eragiten baitzidan aretoetan eta streaming plataformetan etengabeko estreinaldietara ez iristeak. Oraintxe bertan gehiago disfrutatzen dut konfiantzazko zintak berrikusten, zaharkituta ez geratzeko beldurrez azken nobedadea irensten baino.
Guruak ere agertu dira "azkarrago irakurtzeko" beren ikastaroa saltzen. Noiztik dugu presa emozio positiboak ekartzen dizkigun abentura bat amaitzeko?
Egia esan, nire burmuinak ezin zion eutsi metatzen ohitu nintzen guztiari. Azken urteetan ikusi dituzun film eta telesailetan pentsatzen duzu, eta ia ez dituzu lausoki gogoratzen. Zinemaren eta liburuen mundua "erabili eta botatzeko" zerbait bihurtu dugu; gure denbora oparitu dugu, gehiegi pentsatzera behartzen ez gaituen ihes mental moduko batean prostituituz. Pazientziarik ez.
Literaturaren arloan, are gehiago. Urtearen buruan liburu-mendirik handiena nork erakutsiko lehiatzen dira sare sozialetan. Erabat erotu gara. Ez dugu tarterik besaulkian eseri eta irakurketa patxadatsu eta lasaigarriaz gozatzeko, telefono mugikorraren tentazioa beti gertu dagoela. Guruak ere agertu dira "azkarrago irakurtzeko" beren ikastaroa saltzen. Noiztik dugu presa emozio positiboak ekartzen dizkigun abentura bat amaitzeko? Zerbait gustatzen bazaizu, normalena dastatzea da, ahalik eta gehien zukutzea.
Ponperiaren aroan gozamena ez da gurea, baliozkotze sozialaren truke saldu baitugu.
Jon Otermin Benito
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.