Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Alferkeria ez du barkatzen efikaziaren, produktibitatearen, egin beharraren gizarteak. Dena da eraiki, erosi, ikusi, suntsitu, prestatu. Eman, ekin, ikasi, ibili. Goroldioa haziko zaigu, bestela, beso azpian.

Pozik legoke Axular. Bere predikuak azken bururaino eraman ditugu. Ez dago egonean egoterik, ez dago gauzak gero egingo ditugula esaterik: Gero dioenak, bego dioelako.

Pertsonak egindako gauzen zerrendaren arabera baloratzen ditugu: curriculumean, Wikipedian, Stravan. Ordulariak pausoak kontatzen dizkit; Goodreadsek eta Paperjalek irakurritako urteko liburu kopurua; sortzaileak kontzertuak, emanaldiak, data berriak iragartzen dizkit, une oro. Ni neu ere, sarri, “zenbat” horien menpe bizi naiz: egiten dut, beraz banaiz.

Gutxietsita daukagu egon aditza: norbere buruarekin egoten jakitea, umearekin lurrean esertzea, gurasoen ondoan isilik egotea, lagun bati arreta ematea. Egoten jakitea ez da kontatzen, ez da txalotzen, ez da zenbatzen. Eta, hala ere, horrek markatzen du bizi-kalitatea.

Oraintxe irakurri dut Agurtzane Gomez Gaztezuloko zuzendariak, hilzorian zela, idatzitakoa: “Justu ze egunetan eta zein ordutan, gutxi gorabehera, hilko naizen jakin nahi dutenak ere badaude... badakizu, umeak, lana eta gauzak antolatzen joateko, baina behar dudan guztirako daude...”. Amaitzen du esaten asmoa ez zela txarra, babesa agertu nahi ziotela denek, “baina, nire bizitzako azken egunen formula ‘biziraun’ + ‘agendak kudeatu’ + ‘mezuak erantzun’ bihurtu da, eta ez nuen hori nahi”.

Handia litzateke, handiena akaso, hil ondoren norbaitek guri buruz esan ahal izatea: “Ondo egoten zekien”. Martxa honetan, hiltzen garenean baino ez baitugu izango erremediorik: egoteko. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude