Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko dominarekin itzuli da etxera.
Hiru edo lau urterekin jantzi zituen iraupeneko eskiak Eneko Leyunek. Ordutik, amarekin eta lagun batekin Somportera (Okzitaniako Pirinioak) joateko ohitura hartu, eta gutxinaka ikastaroak egiten hasi zen. Hamabi urte inguru zituelarik, Uharteko Ipar Eski Taldean sartu eta lehiatzen hasi zen. Otsailaren 16an, Larra-Belaguako pistetan, Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen. Zazpi minutu eta erditik gorako aldearekin irabazi ere: “Oso harro eta pozik nago, hodei batean bezala”.
Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da, ez zekielako desgaituak direnentzako txapelketak ere badirela. Horregatik, txapelketa ospatzen den zazpigarren urtea den arren, Leyunek lehenengo aldiz parte hartu du: “Taldeko kide baten ahizpa desgaitua da, eta bere amak erakutsi zigun desgaitasunaren mundu hau. Esan zigun ongi moldatuko nintzela. Desgaitasunaren eta eskiaren mundua deskubrimendu bat eta oso berri ona izan da”. Orain arte, horrelako txapelketaren berririk ez izatea, desgaitasunaren eta kirolaren inguruan dagoen desinformazioarengatik dela uste du: “Kirolean ikusgaitasun handiagoa eman behar zaio desgaitasunari. Oso gai gara gauza asko egiteko”.
Nabarmendu du urrezko domina lortu izanak ate berriak ireki eta gauza “positibo” ugari ekarri dizkiola: “FEDDIkoek [Adimen Ezintasuna duten Pertsonentzako Kirolen Espainiako Federazioa] esan zidaten asko gustatzen zaiela nola eskiatzen dudan, Nafarroa mailan onena naizela eta munduko txapelketan parte hartzeko aukera izanen dudala”.
“Kirolean ikusgaitasun handiagoa eman behar zaio desgaitasunari. Oso gai gara gauza asko egiteko”
Pertsona desgaituekin zein desgaituak ez direnekin lehiatzen da Leyun eta batetik bestera alde “handia” dagoela dio: “Desgaitasunik gabekoen kontra lehiatzen nuenean, gehiago kostatzen zitzaidan ibilbidea ulertzea, eta gauzak bi edo hiru aldiz azaldu behar zizkidaten”. Hori dela-eta, txapelketen aurretik behin eta berriz errepasatzen du ibilbidea, eta bidegurutzeak eta bihurguneak non dauden ongi aztertzen du.
Desgaituak ez direnekin lehiatzen jarraitzen du, pertsona desgaituentzako txapelketa gutxiago daudelako. Martxoaren 8an eta 9an izan ziren Nafarroako eta Euskadiko iraupen eskiko txapelketak, eta hirugarren gelditu zen klasikoko modalitatean. Hala ere, “gusturago” sentitzen da desgaituak diren pertsonekin: “Ez daukat ezer desgaitasunik gabeko pertsonekin lehiatzearen kontra, baina ezberdintasuna handia da”.
Distantzia motzetan
Leyun distantzia luzeetan entrenatzera ohituta dago eta egin ohi dituenak baino distantzia motzagoak izaten dira desgaitu intelektualentzako txapelketetakoak: “Distantzia motzetan gusturago sentitzen naiz”. Hala ere, uste du distantzia luzeek gehiago trebatzen lagundu diotela. Bere amak eskiarekiko duen harremanean izan duen eragina ere azpimarratu du: “Amak piztu zidan eskiarekiko grina. Amari esker ezagutu ditut eskiaren mundua, natura, mendia eta elurra”.
Leyunek bukatutzat eman du aurtengo denboraldia, eta 2025-2026ko denboraldian ikusiko du zer-nolako aukerak dituen. Hala ere, ez ditu entrenamenduak albo batera utziko. Elurrak iraun bitartean, eskiatzen jarraituko du. Horrez gain, aste barruan zein elurrik ez dagoenean, rolleskian aritzen da. Iraupen eskiaren antzekoa da, baina elurrik gabe eta errepidean praktikatzen da. Horretarako, gurpilak dituzten eski moduko batzuk erabiltzen dira. Rolleskiak, eskiak ez bezala, oso motzak eta metalezkoak dira: “Elurra mila aldiz gehiago nahiago dut”.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
“Bihotza. Sentimenduak daudelako”.
Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]
Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]
Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren... [+]
Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]
Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]
Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean, Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Xumea, alaia eta energia handikoa da Olga Garate (Iruñea, 1964). Bizikletan ibiltzea dauka pasio eta familia da bere lehentasuna. Erizain laguntzailea da, eta lana “izugarri” gustuko duen arren, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote, minbizi kronikoa... [+]