PSNko idazkariorde Ramón Alzórrizen dimisioak ustelkeria eta krisi politikoa Euskal Herrian kokatu ditu

  • María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du dimisioa. Kasuak Espainiako Estatu mailako ustelkeriaren eta krisi politikoaren erdigunean jarri du Nafarroa. "Erortzen dena erortzen dela, esan nuen, eta betetzen ari naiz" adierazi du Chivitek ostegun goizean, dimititzeko asmorik ez duela ziuratzearekin batera. Imanol Pradales EAEko lehendakariak, bere aldetik, gertaerek "Euskadi ez zipriztintzea" espero duela esan du. 

Ramón Alzórriz PSNko idazkariorde ohia, dimisioa iragartzeko prentsaurrekoan. PSN

2025eko ekainaren 19an - 09:57
Azken eguneraketa: 12:26
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Alderdi Sozialista gero eta estuago dago Santos Cerdán eta Koldo auziaren inguruko ustelkeria kasuek zipriztinduta, eta horrekin batera María Chivite presidentea bera. Azken kapitulua asteazken arratsaldean lehertu da, Ramón Alzórrizen dimisioarekin.

Ez ohiko urgentziazko agerraldi batean eman du nafar politikariak dimisioaren berri. PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuan sozialisten taldeko bozeramaile izateari utziko dio, María Chiviteren "konfidanza galdu" duelako. Alzórrizek berak azaldu duenez, bere bikotekideak 2021 eta 2024 urteen artean Servinabar enpresan egin zuen lan eta hori izan da dimisioa ematearen arrazoia.

Servinabar, Unitate Zentral Operatiboaren (UCO gaztelaniazko sigletan) jopuntuan dago, Belateko tuneletako obren esleipenean izandako irregulartasunengatik salaketa jaso ostean. Zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera, enpresaren administratzaile den Antxon Alonsoren etxean, Elorrion, UCOko agenteek dokumentu bat aurkitu dute egiaztatzen duena Servinabarren akzioen ia erdiak Santos Cerdánenak direla, Koldo auzian inplikatutako Milagroko politikariarenak.

UCOko agenteek dokumentu bat aurkitu dute egiaztatzen duena Servinabarren akzioen ia erdiak Santos Cerdánenak direla, Koldo auzian inplikatutako Milagroko politikariarenak

Chivite estu...

Orain arte PSOEko diputatu eta antolaketa idazkaria zenak, Cerdánek, bere kargu guztietatik dimitu zuen ekainaren 12an, Jose Luis Ábalos PSOEko ministro ohiarekin eta haren aholkulari Koldo Garcíarekin izandako hainbat elkarrizketa publiko egin ostean –audio horietan ondorioztatu daiteke hainbat diru-kobraketa egin zituztela legez kanpo–. Epaileak deklaratzera deitu du ekainaren 25ean.

Bai Cerdánek bai Alzórrizek, PSNko egitura organikoan kargu garrantzitsuak izan dituzte eta Chiviteren gertukoak izan dira. Nafarroako Presidenteak esan du ez berak ez bere gobernuak ez zekitela "ezer" Cerdánek Servinabarrekin zuen loturaren inguruan, eta alderdiaren kontuei kanpo auditoretza bat egingo dietela iragarri du. Dimisio eskaerak arrapaladan ari dira etortzen oposizioaren aldetik, baina asteazken goizean egindako agerraldi batean Chivitek berretsi du ez duela dimititzeko asmorik. "Erortzen dena erortzen dela, esan nuen, eta betetzen ari naiz", adierazi du agerraldian, Alzorrinen dimisioaz.

Dimisio eskaerak arrapaladan ari dira etortzen oposizioaren aldetik, baina asteazken goizean egindako agerraldi batean Chivitek berretsi du ez duela dimititzeko asmorik

...eta Pradales kezkatuta

Imanol Pradales EAEko lehendakariak ere hitz egin du kasuaz EiTBrekin egindako elkarrizketa batean. Pedro Sánchez Espainiako presidenteari eskatu dio erabaki "irmoak eta bizkorrak" hartu ditzala. Era berean, ustelkeria kasuek "Euskadi ez zipriztintzea" espero duela esan du, baina kezka adierazi du, "askatzen hasi den korapilo handi baten hari muturra" izan daitekeelako honakoa.   

Bitartean, Madrilgo Kongresua erabat baldintzatuta dauka gaiak. Gizarte Segurantzako ministro Elma Saizi ere kargua uzteko eskatu diote, Koldo Garcíak eta Santos Cerdánek harremana izan zuten garaian Nafarroan ardurak zituelako. Nafarroa berriz ere giltzarri bihurtu da estatu mailako joko taula politikoan, xake mate egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
Eguneraketa berriak daude