Opera udazkenean


2025eko urriaren 21ean - 12:41
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

OLBE-ren opera denboraldia

Non: Bilboko Euskalduna Jauregian

Noiz: 2025eko urritik 2026ko maiatzera

-----------------------------------------------------

Udazkena hasi eta OLBEren – Operaren Lagunen Bilboko Elkartea– opera denboraldi berria hasiko da. Elkarteak 2025eko urritik 2026ko maiatzera bitartean bost izenburu enblematiko eskainiko dizkigu. Beti bezala, ondo aukeratuta. Ia beti bezala, garaikidetasunari gutxi edo batere ez emanda. 

Lerro hauetan denboraldi berri honek ekarriko dizkigun lehen bi operak komentatuko ditut. Lehenengoa, Giuseppe Verdiren La forza del destino, konpositorearen heldutasun opera da. Un ballo in maschera egin eta lau urtera estrenatu zuen, bere ekoizpenaren une oso berezian, garai hartako beste mundu batzuen exotismoari begiratzeko gustuarekin bat zetorrena. Calatravako markesaren alaba Leonoraren eta inken errege-familiaren ondorengo Don Alvaroren maitasun zorigaiztokoak kontatzen ditu. 
Bitxikeria gisa, opera hau Errusiar Inperioko hiriburu San Petersburgon estreinatzekoa zen, 1861eko abenduan; baina antzezpena bertan behera utzi eta hurrengo urteko azarora atzeratu behar izan zen Bolshoi Kámenny Antzokian (ondoren, Mariisnky). Hori izan zen "zorte txarrez" betetako anekdotario baten hasiera, opera honi beti lotuta egon dena. Izan ere, La forza del destino -ren inguruan legenda beltz moduko bat dago, produkzioaren eta eszenaratzearen esparruan arazo ugari izan direla iradokitzen duena. Dirudienez, benetako heriotzak gertatu dira eszenatokian. Espero dezagun, OLBEk eskaintzen duen produkzioan, dena normaltasunez gertatzea.

Oraingo honetan, Carmen Solis sopranoa eta Angelo Villari tenorea izango ditugu bakarlari, besteak beste. Ekoizpen honek 36ko gerraren erdian jartzen du ekintza, hain modan dagoen denbora-birkokapenaren jokoari jarraituz. Opera hau Euskaldunan izango dugu ikusgai urriaren 25, 28 eta 31n, eta azaroaren 3an.

OLBEk 2025ean ekarriko digun bigarren opera Adriana Lecouvreur da, Francesco Cilearena. Tragedian amaitzen diren grina, intriga politiko, jelosia eta maitasun gurutzatuen istorio sutsua da, pertsonaia historiko bat ardatz duena: Adrienne Lecouvreur aktorea, bizitza sozial gorabeheratsu eta eraginkorreko emakumea, pertsonaia independentea, maitalez betea; horietako asko, publikoki. Paper tragikoetan nabarmendu zen beti, eta bere lan onarekin lanbidea duindu zuen. Hori guztia dela eta, eragin handia izan zuen bere garaiko gizartean, eta zeharka, emakumeen eskubideen bilakaeraren erreferente bihurtu zen.

Datu hauekin, ziur aski jakin-mina eta gogoa izango duzue Euskaldunara hurbiltzeko, Cilea konpositorearen opera ezagun honetaz gozatzera. Mario Pontiggiak zuzendutako ekoizpen ikusgarri bat izango dugu, Mario Armiliatoren luxuzko zuzendaritza musikal batekin egingo dugu topo eta lehen mailako bakarlari hirukote batekin: María Agresta sopranoa, Silvia Tro Santafé mezzoa eta Jorge de León tenorea. Emanaldiak azaroaren 22, 25 eta 28an eta abenduaren 1ean izango dira.

Beraz, opera gustatzen bazaizue, edo gozatzen eta ezagutzen hasi nahi baduzue, urrezko bi aukera hauek izango dituzue. Aprobetxa itzazue. 


Eguneraketa berriak daude