Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

  • Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere bihurtu da. Urteurrena ospatzeaz batera, etorkizunari begira ari da.

Ezkerrean, Belen Arrondo Umandi ikastolako irakasle ohia, eta eskuinean, Maribi Sanchez ikastolako zuzendaria. Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Ezkerrean, Belen Arrondo Umandi ikastolako irakasle ohia, eta eskuinean, Maribi Sanchez ikastolako zuzendaria. Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Umandi ikastolako zuzendari Maribi Sanchez eta ikastolako irakasle ohi Belen Arrondo ditugu berriemaile. Atzera begira jarri garen orduko, Arrondok hitza hartu eta bizi-bizi kontatu ditu ikastolaren historiari dagozkion xehetasunak: “Ikastola honek 1975eko martxoan ireki zituen ateak. Bederatzi ikasle eta irakasle bat ziren orduan. Frankismoaren azken urteak ziren eta Gasteizen giro erdalduna zen nagusi. Euskara oso gune zehatzetan baino ez zen erabiltzen, baina zenbait jendek euskara ikasteko gogoa zeukan”. Eta, dudarik gabe, gogo horretatik sortu zen ikastola, Gasteizen lanean ari zen Lantzale kultur taldearen bihotzetik, Arrondok esan digunez: “1974an Lantzaleko zenbait kide Umandi ikastola sortzeko proiektua lantzen hasi ziren beste pertsona batzuekin. Zailtasunak izan zituzten, jakina”. Besteak beste, eraikina behar zuten, finantzazio iturriak, baimena, helburuak zehaztu… “Ez zen erraza!”, borobildu du Umandi ikastolako irakasle ohiak.

Belen Arrondo, ikastola sortu eta laster hasi zen bertan lanean, 1977an 20 urte zituela. “Irakasle ikasketak amaitu eta berritan. Ikastolan lanean hasi baino lehen, hala ere, proiektua ezagutzeko aukera izan nuen, saltsa horretan sartuta zebilen bikote baten semeari euskarazko eskolak ematen nizkiolako arratsaldeetan. Garai hartan, ikastola Jose Lejarreta kalean zegoen. Lau ikasgela ziren, irakasle banarekin”. Gaztea, Arrondo. “Oso gaztea, eta izugarri motibatu ninduen ikastolaren ideiak, eta irakasle izateko aukeratu nindutenean, ez nuen zalantzarik izan”. Bertan hasi zen lanean, eta hantxe egin zuen laneko biderik handiena.

Ikastolak Gasteizen
Umandi ikastolaren sorrera ez zen kasu isolatua izan, haatik. Garaian, beste zenbait ikastola abiarazi zituzten Gasteizen. Aurretik, martxa hartua zuen Olabide Ikastolak. 70eko hamarraldiaren erdi aldera, berriz, diputatu nagusi Jose Lejarreta zela, Euskara Zerbitzua eratu zuten, Ikerne Oiartzabal buru. Bertatik bertara bizi izan zuen aldi hura, eta ari zaigu Arrondo: “Umandi sortu zenean, Olabide ikastolak hamarren bat urte zeramatzan lanean eta, garai hartan, euskaraz ikasteko erreferente nagusia zen Gasteizen. Bestalde, 70eko hamarkadaren erdi aldera, diputazioak ikastola bat ireki zuen Gazalbide auzoan. Ondoren Duranara eraman zuten, eta oraingo Ikasbidea ikastola dugu. Sasoi hartako beste ikastola batzuk, Umandi ikastolaren aldi berekoak, Barrutia ikastola –hasieran, Ehari izena izan zuen–, edota  Toki Eder”. Lejarretak eta Oiartzabalek diputaziotik bultzatutako proiektuak, aspaldi gauzatuak, indarrean gaur ere.

Maribi Sanchez, zuzendaria: “Zenbat belaunaldik ikasi dute euskaraz Umandin? Auzoko erreferente bat izan da gauzak egiteko moduagatik”

Arabako Diputazioaren ekimena gorabehera, oharra egin digu Arrondok: “Umandi ez zen kokatu diputazioak zabaldutako esparruan, eta kooperatiba izan zen 1993an Eusko Jaurlaritzaren esku gelditu zen arte. Urte hartan, Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zen, eta Umandi ikastola publiko bihurtu zen”. Publiko izateko bokazioa izan baitzuen sortze beretik Umandi ikastolak. Horrekin batera, bazituen bestelako helburuak ere: “Euskarari bultzada ematea Gasteizen, umeak euskaraz eskolatzea, pedagogia berri eta aurrerakoia, laikotasuna...”. Printzipio horiei helduta jardun dute Umandi ikastolan joan deneko 50 urtetan.

Jose Lejarreta kalean izan zuen lehen egoitza. Txalet moduko etxez egina da kalea. Hiru etxe ere izan zituen ikastolak garaian; haietako bat, Gasteizko Estibalitz etorbidean. Baina ikastola honek ibilia 1975ean Lejarreta kalean hasita ere, 80ko hamarkadaren hasieran oraingo Lakua-Arriaga auzora lekualdatu zen. Gogoan du Arrondok: “Hona iritsi ginenean oso etxe gutxi zeuden auzoan eta, lehenengo, oraingo Padre Orbiso ikastetxean izan genuen egoitza, geure behin betiko eraikina egiten zuten bitartean. Arazo handia izan zen eraikinarena. Hori gabe ez zegoen aurrera egiterik. Asko borrokatu ginen instituzio guztien aurrean ere, behin betiko eraikina izatea lortu genuen arte. Oso urte bereziak izan ziren, dena zen eginkizun, baina ideia asko genituen, baita ausardia eta gogoa ere gure ikastola aurrera eramateko”. Garai beroa, Arrondok dakienez: “Kontuan izan behar da 1975eko azaroan Franco hil zela, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil zituela Poliziak, fabriketan greba gogorrak izan zirela, asanblada beroak… Trantsizio izeneko garaia zela”. Eta horrek, nahitaez, eraginik izan zuen Umandi ikastolaren proiektuan. “Dena nahi genuen aldatu, mugimendu pedagogikoen sorrera izan zen, Euskal Herrian Adarra pedagogi erakundea sortu zen, euskarari bultzada nabarmena eman nahi genion... Eta, esate baterako, hasierako urte haietan, mehatxuak ere jaso genituen Umandiko irakasleek”. Belen Arrondok esana, garai bateko giroa zertan zen erakutsiz.

Argazkia: Umandi Ikastolak utzia.
Argazkia: Umandi Ikastolak utzia.

Zailtasunak gogoan
Lehen ere esan du Belen Arrondok: ez zen erraza izan. Eta ikastolako lehen egunak gogoratzearekin batera, sentipen bat datorkio: “Urduritasuna. Ikasketak amaitu eta 2 urteko umeekin hasi nintzen lanean –batzuek ez ziren 2 urtekoak ere!–, eta oso baliabide gutxi nituen. Espazioa ere ez zen oso handia, eta gasolio-galdara ere ikasgela barruan zegoen; txiza-oihalak aldatzeko, berriz, gelatik irten behar ginen”. Eta, orduan? “Ilusioa genuen, eta gure arteko giroa oso zen ona, elkarlana ere apartekoa, baita familien laguntza eta konfiantza ere, eta horiek denek beste guztia gainditzen laguntzen zuten. Ordu asko sartzen genituen, hasieran autobus-zerbitzuaz ere geu arduratzen ginen, batzar asko egiten genituen, eta gurasoei euskarazko klaseak eman ere bai. Bestalde, metodologia zehaztu genuen, euskara landu, materiala prestatu... Hasiera bizia eta zoragarria izan zen”.

Arrondoren oroitzak.
Eta oztopoak, nahi beste oztopo beti bidean: “Ez zegoen dirurik, eta batzuetan zailtasunak izaten ziren hileko soldata jasotzeko. Hasierako irakasleek, hainbat urtez ere, ez zuten gizarte segurantzarik kotizatu; horixe da Lourdes Ugaraberen kasua adibidez, ikastola honetako lehen irakaslearena. Hainbat urtez ‘bazkide babesleen’ laguntza izan genuen, hau da, hilero kuota bat ordaintzen zuen jendea genuen, asko Lantzale kultur taldeko kideak. Gurasoen kuotak eta bazkide haien diru-aportazioak izan genituen sustengu. Beste oztopo handi bat ikaslearen liburuxka ofiziala izan zen. Hasieran, baimenik ez genuen izan, eta beste ikastola batek egiten zigun tramitea”. Eta Arrondok, hala ere: “Oztopo guztien gainetik, proiektuak merezi zuen”.

Ikastola, egun
Atzotik gaurra, ikastolako zuzendari Maribi Sanchezek hartu du hitza. 18 urte dira Umandi ikastolara heldu zela. Proiektuaren ardatzak azpimarratu nahi izan dizkigu: “Euskara, bizikidetza positiboa eta berrikuntza pedagogikoa. Horiexek ziren, eta izaten jarraitzen dute gaur egun, gure ardatzak. Baina kontuan hartu behar da gizartea aldatu egin dela, eta horrek egoera eta ikasle/familia profila moldatzea eskatzen digula”. Eta hori esanik, txanda hartu dio Belen Arrondok: “Ardatzak eta funtsezko helburuak bere horretan dira, baina garaian-garaian egokitu behar dira. Horrela izan da eta horrela egin dugu lan 50 urte hauetan. Hasieran, ikastolara etortzen ziren umeak eta gurasoak euskararekin oso motibatuta zeuden, parte-hartze nahiko handia zegoen. Urteetan zehar egoerak, familiak, ikasleak aldatuz joan dira, eta lehengo helburu berak betetzeko bestelako tresna eta moduak bilatu behar izan ditugu. Esaterako, une honetan, aipatzekoa da kanpotik etorritako ikasle eta familien kopurua gora ari dela, eta horrek egoera berrira egokitzea eskatzen duela, baina batez ere eskatzen du baliabide nahikoak izatea ikasle guztiei euskara, kultura eta ikasketak bermatzeko. Erronka handia da”, Arrondok.

Belen Arrondo, irakasle ohia: “Egunero saiatzen gara ikasleak motibatzen, bideak asmatzen euskara erabil dezaten. Ez da erraza, hala ere!”

Euskararen erabilerari eragitea bezain erronka handia, inondik ere. Eta hortxe da kultur transmisioa ere. Jakitun dira ikastolan, Maribi Sanchezek esan digunez: “Betidanik aldarrikatu dugu ikastola hau euskal kultura transmititzeko eskola ere badela. Folklorea aparte, saiatu gara gure antzinako ohiturekin zerikusia izan duten ospakizunak gure ikuspegitik transmititzen, modu zabal eta malgu batean; erlijioaren ikuspegia lausotuz, adibidez. Eskola-ordutegian eta egutegian ageri diren kultur ospakizunetan eta bestelako zenbait elkartetatik heltzen zaizkigun jardueretan parte hartzen dugu”. Eta Arrondok erantsi: “Ziurrenik egiten dena ez da nahiko, kontuan izanda familia batzuek ezin dutela transmisio funtziorik bete, ez dutelako ezagutzen. Era askotako familiak ditugu oraingo ikastetxeetan eta horrek esfortzu berezi bat eskatzen dio eskolari. Eta, egia esan, hedabideek, sare sozialek eta gainerakoek ere ez dute transmisio horretan askorik laguntzen”. Jaso dugu mezua, geuri dagokigun partea, bederen.

Besterik ere badio Arrondok, zuzendariaren esanak osatze aldera-edo: “Bai, gauzak egiten dira, batzuk ospakizunei lotuta, beste batzuk ikasgaietan curriculumean txertatuta daudenak, baina oraindik bide luzea dugu egin beharrekoa”. Behin ere bukatzen ez dena, beharbada.

Eta, beti-betikoa, euskararen erabilera auzi eta zio. Arrondok heldu dio galderari: “Ikastolan, irakasleen artean euskara da komunikaziorako hizkuntza, bai lan-tresna eta bai ikasleekin erabiltzen den hizkuntza ere. Bestelakoan, inoiz ez da erraza izan ikasleen arteko komunikazioa euskaraz izatea, beti egon da nolabaiteko borroka. Egun, zailagoa da gelatik kanpo euskararen erabilpena gauzatzea, baina egunero saiatzen gara ikasleak motibatzen, bideak asmatzen euskara erabil dezaten. Ez da erraza, hala ere”. Gauza jakina da, alegia, kalea ere gaztelaniaz mintzo denean gutiz gehien.

Gaurtik biharrera
50 urte igaro dira. Mintzatu zaizkigu atzokoaz, biharrera begira jartzeko garaia dugu. Maribi Sanchez zuzendaria da hitzaren jabe: “Auzoan dagoen ondoko ikastetxearekin [Padre Orbiso] bateratze-prozesu batean murgilduta gaude. Horrek aldaketa nabarmenak ekarriko dizkigu. Hasteko, beste izen bat adostu behar izan dugu. Baina Umandi definitzen zuten printzipioei eustea izango da gure helburua”. Belen Arrondok lehenik balorazioa egin nahi izan du: “Atzera begiratu, eta ikusten duguna izugarria da. Hor dira beti zailtasunak, oztopoak eta akatsak, baina egindakoa oso garrantzitsua izan da, eta izaten ari da. Zenbat belaunaldik ikasi dute euskaraz Umandin? Auzoko erreferente bat izan da gauzak egiteko moduagatik, pedagogia sendo eta berritzaileetan oinarritutako metodologiagatik, eta abar”. 

Eta bi ikastetxeak bateratzeaz ere badakar hitzik Arrondok: “Maribik [Sanchez] esan duena, orain Jaurlaritzak batu egingo dituela Umandi ikastola eta Padre Orbiso eskola. Aurrerantzean, izena ere ez da Umandi izango ['Arriagako haritza' izango da]. Hala ere, 50 urte hauen antolaketan gabiltzanak, ikastolan lanean ari garenok, eta irakasle edo guraso ohiek espero duguna, eta nahi duguna, da orain arteko ibilbideari jarraipena ematea eta  hobetzea”. Ahal baldin bada, alegia.
Baina hori bestek esan beharko du, hemendik hamar edo hiru urtera… 

 

50 urte eta gero, orain fusioa

Iragan abenduaren 17an irakurri genuen albistea ARGIAn bertan. Mikel Garcia Idiakez genuen berriemaile, eta behar bezalako lerroburua asmatu zion berriari: Nola egiten da bi ikastetxeren fusioa?. Orduantxe jakin genuenez, Jaurlaritzak zenbait ikastetxeren fusioak aginduak zituen Gasteizen: Adurtza-San Ignacio, Santa Maria-Landazuri eta Umandi-Padre Orbiso ikastetxeena, alegia.

Umandi Ikastolak 50 urte bete dituen garaian, hortxe dira Garcia Idiakezek egindako galderak: “Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?”.

Eta, aukeran, galdera gehiago, Garcia Idiakezi maileguan hartu dizkiogunak: “Eskola gutxiago eta handiagoak (makroagoak) dira benetan bidea hezkuntza proiektuak hobetzeko? Baliabide pertsonalak mantenduko dira hurrengo urteetan? Plaza eskaintza ere mantenduko da? Ala pixkanaka, sindikatuek susmatu moduan, irakasle eta langile kopurua txikitzen, plaza kopurua gutxiagotzen, eta ondorioz eskola publikoaren sarea murrizten joango da? Zenbat eta nola hartuko dute parte hezkuntza komunitateek? Prozesua benetan parte-hartzailea izango bada, zein rol hartuko du Hezkuntza Sailak eta nola bideratuko da bi ikastetxeetako hezkuntza komunitateen adostasuna? Adibidez, bi hezkuntza proiektu, pedagogia eta eredu ezberdin dituzten eskoletan, zein gailenduko da? Edota osotasunean D eredua duen ikastetxea B eredua ere baduen ikastetxearekin elkartzean, zein izango da eskainiko den (edo diren) hizkuntza eredua(k)? Espazioak birplanteatuko dira? Azpiegiturak egokitu eta berritzeko baliatuko da aukera?”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikastolak
Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioa bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioa amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


Hurrengo ikasturterako irakasle gehigarriak jasoko ditu Seaskak

Bordeleko Errektorearekin hitzartu du "behin-behineko" akordioa Seaskak. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmena sinatzeko negoziaketak abiatuko dituzte hurrengo astean. Azterketak euskaraz egiteko aukera... [+]


Seaskaren baliabideak emendatzeko eskatu diote Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko parlamentariek

Maiatzaren 21ean bidali diote gutuna Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko sei parlamentariek. Dagoen ikasle kopurua ikusita, ikastoletarako aurreikusi dituzten lanpostuak "aise gutxiegi" direla deitoratzen dute gutunean. Kexua adierazteko... [+]


Seaskak salatu du Parisek hurrengo kurtsorako eskaini dizkion baliabideak ez direla nahikoa

Herri Urrats jaialdiko hasiera ekitaldian Seaskako zuzendaritzako kide Erik Etxartek salatu zuen Parisek oraindik ez ziela irakasle postu gehigarrien proposamenik egin hurrengo ikasturtera begira. Asteburuan heldu zaie Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, eta... [+]


Irakasleak armairutik ateratzea zergatik da garrantzitsua?

Galdera horri erantzun dio hainbat irakasle ez-heterok, eta gogoetarako gako ugari utzi dituzte. Mundua deskubritzen eta identitate(sexual)a eraikitzen ari diren haur eta gazteek erreferente anitzak izatea eta eskolan denok espazio seguru eta erosoa aurkitzea ederra baita.


‘Buruz, bihotzez, oinez’, 2025eko Nafarroa Oinezen abesti eta bideoklipa

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola ari da antolatzen aurtengo Nafarroa Oinez festa. Gaur aurkeztu dute egun horri begirako abestia eta bideoklipa. Estitxu Arozena bertsolariaren letrarekin eta Igor Martinezek sortutako musikarekin osatu dute.


2025-05-12 | ARGIA
Mobilizatzeko deia egin du Seaskak maiatzaren 23rako, agintariei “baliabideak eta errespetua” eskatzeko

Frantziako Hezkuntza Ministerioak oraindik ez dio Seaskari argitu hurrengo urtean zenbat ikasgela eta irakasle izango dituen. Hori dela eta Baionako kaleak betetzera deitu dituzte guraso eta euskaltzaleak. Igandean, Herri Urratsera milaka lagun hurbildu dira beste urte batez,... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleek akordioa lortu dute Jaurlaritzarekin

Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta... [+]


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Haur Hezkuntzako irakasleen %94 emakumeak dira

Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


Oier Sanjurjo, Nafarroako Ikastolen Federazioko presidente

Oier Sanjurjo Maté hautatu dute Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari. Atzo egindako asanbladan erabaki zuten izendapena. "Mugarri garrantzitsua da euskarazko hezkuntzaren etorkizunerako foru erkidegoan", adierazi du Ikastolen Federazioak ohar batean.


Eguneraketa berriak daude