Norbait zalantzatan bazebilen, uda honetan Iberiar penintsulan izandako sute erraldoiek berretsi dute krisi ekologikoaren ondorioen aroan bete-betean sartuak gaudela. 2025. urtea amaitzeke, dagoeneko ia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren azalera osoa bezainbeste erre da (600.000 hektarea inguru). Ez da broma. Ikertzaileen arabera, krisi klimatikoak hogei aldiz biderkatu du baso sute erraldoiak izateko aukera. Izan suteak, uholdeak, beroaldiak, lehorteak edo beste edozein fenomeno, larrialdiaren ondorioak sare sozialen bideoetan ikusi ordez, etxeko leihotik grabatuko ditugun eguna iristen ari da. Eta horrek larrialdi klimatikoaren bi ardatz nagusiak berrikustea eskatzen du. Arintzea eta egokitzea.
Arintzearen atalean (karbono dioxido isurien murrizketa), etxeko lanak ez doaz ondo. Murriztu dugu zerbait, baina besteen lepotik. Erbestean sortu eta sare bitartez aprobetxatzen dugun elektrizitate berriztagarria da, gurean, murrizketaren arrazoi nagusia, menpekotasuna areagotzearen truke. Eztabaida asko eta urrats gutxi. Are, zailtasunen aurrean, badira “botoi” nuklearra sakatzearen alde agertu diren iritzi-emaile jatorrak. Ez diot inori ilusioa kendu nahi, baina hor ez dago soluzio biderik. Denbora izango da poligrafoa.
Sute handien arriskuei begira, nahikoa da basozainekin hizketalditxo bat izatea hurrengo suteei begira baldintzak okertu direla ulertzeko
Baina klima larrialdiari egokitzeaz ere hitz egin behar dugu. Eta serio. Aurtengo suteek Euskal Herria ez dutenez bereziki astindu, inolako zuhurtziarik gabe aritu dira hainbat agintari eta bozeramale (bereziki JELtzaleak, nola ez), hemen larrialdiei aurre egiteko sistema boteretsua dagoela esanez. Amonak esango lukeen moduan, zakurraren bibolina! Babes zibileko larrialdietako edozein langilek ondo asko ezagutzen ditu gabeziak, deskoordinazioak, formakuntza hutsuneak, talde espezializatuen faltak. Zaldibarren izan genuen lagin txiki bat.
Sute handien arriskuei begira, nahikoa da basozainekin hizketalditxo bat izatea hurrengo suteei begira baldintzak okertu direla ulertzeko; baso monolaborantzaren ondorioak, bizileku-baso tartearen estutzea, Pirinioaurreko baso-masaren egoera, abeltzaintza estentsiboarena… adi sortzen ari garen baldintzei.
Beraz, berriztagarrien eztabaida tirabiratsuari gainjarri behar diogu egokitzearen mila erpineko eztabaida. Eta bai, biek ala biek premia dute. Eta gaurko baldintzetatik abiatuz egin behar da, zeren, irtenbide perfektuez eztabaidatzen dugun bitartean, akaso hurrengo muturreko fenomenoak itzulezineko triskantza eragingo baitigu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.