‘Harituz’ fini da

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

23:45. Nor Naizen Baneki sorkuntza berrian murgildua naiz. Irulegiko eskuaren aurkikuntzak piztu zidan ikuskizunaren lehen txinparta: nire historia ezagutzen ez badut, ezkutatua zaidan historiaren preso egotera kondenatua izango naiz. Ez naiz patuaren zentzua induskatzen ari ikuskizunean, izatekotan kontrakoa. Infernuko gurpil zoro horretatik ateratzeko tresneriaren bila nabil, menpeko bilakatu gaituzten mekanismoak ulertu nahian. Salbaia naiz oraindik askorentzat, gizakia ez oraindik.

Elkarrizketa baten amaieran, kazetari batek nire ARGIAko iritzi-artikuluak irakurtzen dituela aipatu dit, eta etsipena eragiten diotela aitortu. Hil kanpaiak etengabe jotzeak desesperazioa sortzen du. Ez al diegu aurrerapausoei so egin behar noizean behin? Harrapatua, ez dut jakin ihardesten. Erasoak salatzea hil kanpaiak jotzea da? Jarrera euskarafoboak eta oldarkorrak seinalatzea patuari aurre egiteko molde bat ere izan daiteke, ez? Ez dugu mespretxua pairatzerik, irainak onartzerik ezta egunerokoan egiten diren min eta zauriak isiltzerik ere. Ez dut ahalkerik jasandako umiliazioengatik, ez baitira nitaz mintzo, euskarafoboez eta gure etxeko konplizeez baizik. Maskarak kendu beharko ditugu egun batez, euskararen eta kulturaren erronkei heltzeko gogorik badugu behintzat.

Urriaren 17an, gure antzezlana estreinatuko dugu Luhuson, Harituz ekimena kari. Baina Harituz fini da. Azken aldia izango da, gure lehen partaide instituzionalak ez baitu bere hitza bete, eta ez naiz diru kontuez soilik ari. Sortzaile galiziarrak gonbidatu ditugu euskarazko gainidatziekin, korsikarrak, Sergi López katalana bera ere, eta ohartzen gara haiek gehiago sinesten dutela gugan eta gure kulturarengan gure hautetsiek baino.

Kulturan hizkuntza burokratiko-teknikoa erabiltzeak azpi zentzu argi bat dakar: herritarrak profanotzat hartzea. Mintzaira korapilatzeko lana maskara bat da

Nire herri ondoan, turismoak eragiten duen ur zikinen desmasiak garbitzeko 5,6 milioi euroko azpiegitura bat martxan jarri da, baina gure kulturan ekiteko aurten behar ziren 100.000 euroak erdira murriztuak izan dira. Zergatik ez duten hitza bete? Ez zaigulako errespeturik zor. Ezdeusak gara. Bertako ziminoak. Hizkuntza teknikoz saiatzen dira gure balizko gabeziak deskribatzen: ez omen gara aski ongi formatuak, ez omen gara estetika estandarretan sartzen edo ez omen dago aski eskaintzarik euskaraz. Ez gara heinean. Kulturan hizkuntza burokratiko-teknikoa erabiltzeak azpi zentzu argi bat dakar: herritarrak profanotzat hartzea. Mintzaira korapilatzeko lana maskara bat da, eta maskara horren itzalean, herri bat suntsitzen da. Gure herriari bere ondasunak eta subiranotasuna kentzen zaizkio aldi berean. Nik uste dut dena azaldu daitekeela herritar orori, zintzoki ulertzea nahi izanez gero.

1551n, Valladoliden, auzi bat iragan zen Hego Ameriketako biztanleak gizakiak ziren ala ez jakiteko. Artea izan zen frogetariko bat. Artea gizakien zera berezia da, bestela animaliaz mintzo gara, eta esklabotza, desjabetzea eta erailketa bera ziren jokoan orduan. Erronka ekonomiko handiko auzian trenkatu zen ozeanoaz bestaldeko biztanleak gizakiak zirela, beraien artea (arraroa izan arren), arte gisa kontsideratzen ahal zelako. Gure kulturaz eta arteaz mintzo direnean, inplizituki hor kokatzen dute trabesa oraindik gaur egun. Gure gizatasunaz ari dira, gure eskubideez, duintasunaz eta bizitzeko aukerez. Belaunaldi bakoitzak bere egitekoa aurkitu behar badu, ondotik hautu bat dagokio: zeregina bete edo traizioa asumitu.

Horra Nor Naizen Baneki ikuskizunaren eta Harituz ekimenaren hari gorria. Ez gaude desesperatuak, izatekotan, gure "hats erreak" herri baten existitzeko gogo sumina adierazten du: pronostiko guztien aurka, bizirik iraun dugu. Biba euskal antzerkia. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude