Lerro hauek idatzi aitzineko egunetan gure zazpi herrikideren, gure zazpi lagun, barride, seme eta alaba, militantekide, haurride, ikasle ohi, lankide, ezagun, gure Aintzane, gure Gorka, gure Eki, gure Garazi, gure Eñaut, gure Garbiñe, gure Itziren eta, kasu, gainerako 8.000 inguru baztandarron kontrakoa ere baden epaia jaso dugu. Eta horra bada lehen Arozt-Egia: Aroztegikoak inoiz ez dira zazpi lagun izan, herri oso bat baizik. Herri bat, gaur badakigu, Baztango mugez gaindi ernatuz, lurreratuz, ernalduz eta zabalduz joan dena, hazitik erro sakonak eta adar sendoak bota dituena, hatsaldi eta haize ufadetan hedatu dena, hego eta ipar.
Gaur Euskal Herri oso bat elkartasun sartzen da gure bailararen mugetan. Izan lurraren defentsan, izan euskarari arnasarik ez kentzeko, izan jauntxo dirudunak ez ditugulakoz maite; izan maite ditugulakoz, maite, gure bazterrak lanbropean zein oskarbi, izan, nola ez ba, feministak garelakoz. Eta izan, baita ere, horiek denek gorputz berberen baitara biltzen eta materia egiten direlakoz aldiro; pribilegioak identifikatzen saiatzen dabiltzan nire eta zure gorputzetan, gure gorputz kolektibo menderatuan, intersekzioetan, euskara, gorputza, natura, klasea eta herria teilakatu diren toki horretantxe.
Eta Arozt-Egia da ere epaileak dioela gureek ez omen zutela talde kriminalik osatzen, Pernandoren egia. Eta, filmen gisara, hiru mailukada jotzen imajinatzen dut (Pernando ez, epailea): kox, kox, kox. Gureek eta gure etorkikoek, alta, beti-beti-beti garaipen garbi oso total konpletoa ez den zeozer merezi dugu, ez dezagun pentsa justizia honek herria, lurra, jendea eta gainerako piztiak maite dituenik. Eta bertze hiru: txin, txin eta txin.
Eta horra bada lehen Arozt-Egia: Aroztegikoak inoiz ez dira zazpi lagun izan, herri oso bat baizik
Berdin, Arozt-Egia da, hasmenta-hasmentatik lurraren defentsaren aldeko borrokaren kriminalizazio kasu eskandalagarri bat izan dela hau, ahalkea ere ematen duena bere egiteko modu, larderia, harrokeria eta kazikismoan. Arozt-Egia baita herri lurrak desjabetu, haritz zaharrak bota eta behiak lekutu dituztela haien bazkatokietatik bertan golf belaiak eta luxuzko hotel-txaletak egiteko. Eta, beraz, gure larruazalaren izerdia daramatela egin nahi bai baina egin ez diren, egin diren eta egin nahiko lituzketenak ere. Hain zuzen ere, bertan eta haraxeago bizi garen eta zareten izaki eta gizaki ororen izerdia, lur, ur ala aire, azienda buru, mamurru, hegazti ala jende izan, guztiona.
Arozt-Egia da, hala, 8 urteko neskato baten kartela, makinen dohakabeko egun horietan obretara eraman eta, kontent, arazoa di-da batean konponduko zuela sinetsita prestatutakoa, hain zen eta agerikoa bere mezua. Halaxe zioen: “Zuhaitzak mozten badituzue ez da aberatsik izanen, zertaz zuhaitzik gabe denak hilko gara!”.
Arozt-Egia da inarrosaldi politiko eta sozial bat, arotzen ola bat, militantziarena eta irudimenarena. Eta, aldi berean, Arozt-Egia da negoziorik ezean parajeak bortz axola zaiela bere gaurko nagusiei eta, akaso hortaz, bertako giltzaurpean, kixki-kaxka, hamaiketako ederra egin genuela lehengoan mendi itzulixkatik bueltan.
Arozt-Egia dira orain isunak eta sos bilketa, eta helegiteak eta bakerik eza. Nahiz eta, baduten uste, natura, euskara, gorputzak gehi bakea Arozt-Gezurra diren gaur, Lekarozko Aroztegian bezalaxe gainerako mendi, hizkuntza eta izakientzako ere. Kox, kox, kox eta txin, txin, txin, aberatsak manatu eta epaileak dixit.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.