Mundua Israel Gazan egiten ari den genozidioaren hondamendira begira dagoen bitartean, kolonoen mugimenduak eta Israelgo armadak triskantzak egin dituzte Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen. Ondorioz, palestinar gisa han bizitzea eguneroko borroka bihurtu da, biziraupenekoa: aurre egin behar diegu kolonoen indarkeria gupidagabeari, sarekada militarrei, etxebizitzen eraisteei, eta palestinarrak beren lurretatik ateratzeko diseinatutako kontrol eta dominazio sistema gero eta estuagoari.
Genozidioak Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemgo palestinarrongan izan duen zuzeneko inpaktuetako bat izan da mugimenduak mugatzearena, lurralde okupatuetako eguneroko bizitza geldiarazten baitu. Urriaren 7a baino lehen ere egoera negargarria zen; hala ere, urriaren 7aren ondoren, Zisjordania zeharkatzen duten hesi fisikoen kopurua asko handitu da. Gaur egun, ia 850 Polizia kontrol, hesi eta barrikadak zatitzen dute lurraldea, eta bertan bizi diren 3,3 milioi palestinarrei larriki mugatzen dizkiete mugikortasuna eta sarbidea lantokietara, osasungintzara eta eskoletara. Gutxienez 141 eskolatan erasoak eta bandalismo ekintzak egin dituzte, eta eremu askotan sarekadek, itxierek eta murrizketek galera handiak eragin dituzte eskola egunetan. Langabezia tasa munduko hirugarren altuena da!
Murrizketa horietako batzuek Zisjordania osoko bizimodua asaldatzeko eginak dirudite. Adibide deigarri bat Kontainerren checkpointa edo kontrolgunea da. Kontainerren kontrolgunea dagoen tokitik Zisjordaniako hegoaldea eta iparraldea lotzen dira, eta asfaltatutako bide nagusi bakartzat hartzen da errepide hori. Palestinarrontzat etengabeko zama da: inoiz ez dago jakiterik kontrolgunea noiz egongo den irekita edo itxita. Askotan trafiko handieneko orduetan itxita egoten da, hain zuzen, jendea lanetik edo ikastetxetik itzultzen denean. Batzuetan, hiruzpalau orduz edukitzen dute itxita, palestinar biztanleria zibila kontrolatzea beste itxurazko arrazoirik gabe. Soldaduei kontrolgunea noiz irekiko den galdetzera ausartuz gero, erantzuna zigor bortitza izan daiteke. Indarkeriak gora egin du nabarmen urriaren 7tik, eta 970 palestinar inguru hil dituzte ordutik.
Kolonoen indarkeria azken 20 urteetako mailarik gorenera iritsi da. Kokaguneen hedapena, aurrekaririk gabeko mailetara iristen ari da, eta apartheida errotzen
Errefuxiatuen kanpalekuetan egindako eraso militar koordinatuek hamarnaka mila barne desplazatu eragin dituzte. Kolonoen indarkeria azken 20 urteetako mailarik gorenera iritsi da. Kokaguneen hedapena, egungo Israelgo Gobernuaren menpe, aurrekaririk gabeko mailetara iristen ari da, eta apartheida errotzen eta komunitate palestinarren zatiketa azkartzen ari dira.
Bizitza jasanezin egiten duena ez da okupazioaren eta apartheidaren eguneroko indarkeria bakarrik, horrez gain, nekagarria da nazioarteko komunitate deritzonari sinetsarazi behar izatea errealitate horren aurrean ekintzak behar direla.
Kolonizatzaileen basakeria, zoritxarrez, aurreikusi daiteke; kolonialismoaren izaeratik bertatik dator. Zailagoa da ulertzea –eta are zailagoa jasatea– estatu boteretsuen konplizitate aktiboa, erregimen hori ahalbidetzen baitute armekin, finantzaketarekin eta babes politikoarekin, giza eskubideez hitz egiten duten bitartean. Nola da posible oraindik inor konbentzitu behar izatea, ikus dezaten haur palestinarrak hiltzea onartezina dela, eta lekualdatze masiboak eta palestinarren bizitza sistematikoki suntsitzea krimenak direla nazioarteko zuzenbidearen arabera? Palestinarren bizitzarako eskubidea ez dago eztabaidagai. Munduak zergatik tratatzen du eztabaida bat balitz bezala?
Isiltasuna hautu bat da. Ekintzarik ezak, blokeatutako bozketa orok, arma bidalketa orok hauxe esaten dio Israeli: egin basakeriak, ez duzu ondoriorik pairatuko. Isiltasunak, ordea, ez du mundua absolbituko; historia liburuetan jasota geratuko da bere konplizitatea.
Mounir Marjieh, Jerusalemgo Al-Quds Unibertsitateko Ekintza Komunitarioko nazioarteko ekintzailea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.