Turistak eta aktibistak

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oporretan nengoela, gorputza eta burua gozatzera bideratu ditut. Turista bilakatu naiz, eremu digitalean zenbait trebezia dugunontzat, oso erraza. Motxila hartuta familiarekin handik hona ibili naiz, poltsikoan dibisa asko barik, mapa fisiko barik, plan asko barik… aplikazio ugari instalatuta ordea: mapak, erreserba plataformak, tokiko agenda kulturalak, hegaldi bilatzaileak, autobus aplikazioak, dibisa bihurtzaileak, itzultzaileak…

Digitalizazioaren onurak darabiltzan turista izateko, nire ustez, ezin dira honakoak falta: ordainketa elektronikorako NFC teknologia eta munduan kokatzeko geolokalizazioa dituen mugikorra, internet munduan zehar baliatzeko SIM txartela, eta elektrizitatea baliatzeko zenbait karga ziurtatuko dituen kanpo bateria.

Digitalizazioan oinarrituriko turismo mota honetan, turistok dena erraz nahi dugu eta horretarako plataformak ezinbestekoak dira: hornitzaileei (hegazkin konpainiak, ostalariak, jatetxeak...) okupazio maila handiagoak lortzen laguntzen diete eta turistoi prezioak eta zerbitzuak modu erraz eta azkarragoan alderatzeko aukera eskaintzen dizkigute. Baina ez da dena hain gardena, posizionatzeko algoritmia eta adimen artifiziala hor ere ez dira falta, plataformen boterea handitzen doazen merkatu-dinamika berriak sortuz.

Oporretatik bueltan, erosotasunarekin zerikusirik ez duen bestelako bidaia bat abiatu duten pertsonen berri izan dugu: Global Sumud Flotillako akitibistena. Sumud hitza arabiarra da, pertseberantzia gisa itzuli daiteke. Palestinako testuinguruan, hitz hori erdiguneko kontzeptu kultural, ideologiko eta politikoa da, Israelen okupazio zapaltzailearen aurrean lurrari errotutako erresistentzia irudikatzen duena. Erabili dituzten plataformak bestelakoak dira, komunikazioari lotuak (sare sozial hegemonikoak, batez ere). Algoritmiak eta adimen artifizialek euren ahotsak ez itotzeko komunikazio nodo banatuak sortu dituzte mundu osoan zehar. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude