argia.eus
INPRIMATU
Juan Carlos Eguillorren lana, Bilbon
‘Gora Bilbao askatu!’
  • Bere sorkuntza grafikoa izugarria izan arren joan den mendeko azken hamarkadetan, baita bere eragina ere inguruko artista eta sortzaileengan, badirudi oraindik ere Juan Carlos Eguillor (Donostia, 1947- Madril, 2011) artistaren izena ezezaguna egiten zaigula. Horregatik, Bilboko Rekalde aretoan eskaintzen zaion atzera begirako erakusketa probestu dugu Bilborekin maiteminduta zegoen artistaren ibilbidea eta hark hezurmamitutako pertsonaiak eta binetak lehen lerrora ekartzeko. Umoreari, absurdoari eta erabateko transformazioan zegoen Bilbo gris bati etengabe gorazarre egiten zion artista handia izan zen Eguillor.   

Jone Alaitz Uriarte 2025eko uztailaren 30
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako Rekalde aretoan paratu den Eguillorri buruzko erakusketa.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako Rekalde aretoan paratu den Eguillorri buruzko erakusketa.

Euskal Herriko historiografia berriaren kapitulu interesgarrienetakoak 1970eko hamarkada bukaera aldera abiatzen diren horiek izan litezke; diktaduraren belztasunetik atera eta eraikitzeko dagoen herri baten zimenduei forma ematen hasten zaien garaikoak, alegia. Oihartzun positiboko espazio soziopolitiko eta kultural berri baten atarian, baziren kulturari eta adierazpen artistikoei aire moderno bat eman nahi zieten sortzaileak, horietako asko Bilboko kale eta tabernen bueltan elkartzen zirenak. Idazle, musikari, pintore eta galeristek bat egiten zuten Bilboko Zazpikaleetako giro horretan koka dezakegu Eguillor, umorez eta ironiaz, euskal nortasun (berri) horri tiraka bere artea zabalduta lan egiten zuen artista polifazetikoa.

Besteak beste, giro kultural horretan sortutako artefaktu kulturala da Euskadi Sioux fanzinea, zalantzarik gabe euskal ondare artistiko eta editorialaren lagin garrantzitsuenetakoa. Bai bere portada bereziengatik –gehienak Bixente Ameztoi artistak diseinatutakoak–, bai bere orrialde satiriko eta lotsagabeengatik, 1970etako idazle, artista eta ilustratzaile aktiboen eskutik argitaratutako altxorra da. Abangoardia kutsuko aldizkariak ibilbide laburra izan bazuen ere, utzitako arrastoa Euskal Herrian garai hartan bizi izan zen giro kontrakulturalaren lekuko paregabea da. Bada, Juan Carlos Eguillor proiektu horretan aktiboki parte hartu zuen artistetako bat da, berak esaten zuen bezala: “Gutaz, politikaz eta jaiotzen ari zen herrialdearen irudiaz barre egitea zen aldizkariaren asmoa”.

Hainbat urtetan El Correo, Egin edo El País bezalako egunkarietan kolaboratu zuen Eguillorrek, kutsu artistikoko komikiak sortzen. Hain zuzen ere, orrialde horietan hasi ziren Max Bilbao, Mari Aguirre, Miss Martiartu eta Lertxundi maisua pertsonaia kuttunak hezurmamitzen, eta haien istorioak euskaldunon etxeetan sartzen. Eguillor hazi zen Bilboko etxean baziren bi emakume etxeko kontuak eta gidaritza eramaten, baita artista bera zaintzen ere, hark aitortu bezala, akaso, “gehiegi zaintzen”. Matriarkatu dei litekeen giro horretan eta Agustina neskamean inspiratuta, Eguillorrek bere pertsonaia ikonikoena sortu zuen: Miss Martiartu. Martiartu bizkaitar petoa da, Bilbo darama bere DNAn, EAJren boto-emaile sutsua eta batzokien defendatzailea, batik bat Abandoko egoitza. Ondorioztatu daiteke giputxiak, EAko politikariak eta bereziki Ajuria-Enea Gasteizen egoteak –eta ez Bilbon– sutan jartzen duen emakume agintzailea eta kaskagogorra dela.

1995ean, Bilboko hiri-paisaia protagonista eta ia obsesio bilakatuta, Agur, amante izenburupean bineta bat kaleratzen hasi zen eguneroko maiztasunarekin El Correo egunkarian. Bilbo edo “Mater Metalurgica” abiapuntutzat hartuta, industria metalurgikoaren desegitea, Guggenheim irekitzeko proiektua, zirimiria, Santurtziko sardinerak, angula fabrikak eta bakailao hegalariak, EAJ eta EAkoen arteko ika-mikak eta euskal gastronomia berria-ren agerpena izango dira marrazki horietako motibo eta delirioak. Lertxundi maisua, Iñigo apopiloarekin batera, Bilboko itsasadarretik petrolioa ustiatzen saiatuko da, baita urte batzuk lehenago ere, Labegaraiak zeuden tokian, jolas-parke handi eta metalurgiko bat eraikitzen. Aipatzekoa da Belleza Infinita argitaletxe independenteak berriki Agur, amante liburua argitaratu duela, egunkarian argitaratu ziren bineta guztiak bildu eta garaiko testuinguruan kokatzen dituen harribitxia izanik.

Eguillorri irudia bere zentzu zabalenean interesatzen zitzaion; horregatik, komiki eta ilustrazioak landu ez ezik, bideo-artearen eta ikus-entzunezko teknologia berrien aitzindaria ere izan zen, ordenagailu bidezko animaziotik Net arte-raino. Zentzu horretan, aipatzekoak dira lan hauek: Bilbao, la muerte (1982), Locarnoko Bideo Jaialdian (Suitza) saria eskuratu zuen bideolana; eta Menina (1986), bere osotasunean ordenagailu bidez egindako animaziozko lehenetariko lana. Lan hori Madrilgo Reina Sofía Museoaren inaugurazio erakusketan ikusi ahal izan zen. Arteleku zentroko dinamiketan ere parte hartu zuen Eguillorrek, eta Bernardo Atxaga, Carmen Martín Gaite eta Orquesta Mondragonekin, gutxi batzuk izendatzeagatik, hainbatetan kolaboratu zuen.

Aipatutako lanak eta askoz ere gehiago daude ikusgai Bilboko Rekalde areto berrituan, Laberinto izenburua daraman erakusketa antologikoan. Garikoitz Fraga editorea artxibo eta funtsetan arakatzen aritu da, eta Eguillor maite zuten konplizeak bidelagun, mila objektutik gora bildu ditu aretoan. Aldizkariak, egunkariak, posterrak, koadernoak, komiki-bandak, binetak, pegatinak, ikus-entzunezko materialak eta Miss Martiartu eskala handiko panpina bilakatuta dira, besteak beste, espazioan barrena aurki daitezkeenak. Esan beharra dago une askotan bisitaria jota sentitu daitekeela parean duen materialak gaindi egiten diolako, eta estimuluak norabide guztietatik datozelako. Gainezka egiten duen erakusketa da, mugarik ez duena; hala baitzen bere ekoizpena, oparoa eta bikaina.

Bukatzeko, kuriositate bat: Eguillorren umoreak, euskal konstunbrismoa, nortasuna eta soziopolitikoa ardaztzat dituenak, badu nolabaiteko erresonantzia Vaya Semanita-ko umore esketxetan. Borja Cobeaga zine zuzendaria, umorezko programako gidoilaria izandakoa, Eguillorren iloba zen, eta aitortzen du bere osabari ikusi eta entzundakoak izan direla bere ikasgairik onenak, bere influentziarik sakonena. Izan ere, munduari buruzko begirada samurra, eszeptikoa eta krudela zuen Errenazimenduko gizona izan zen Eguillor.