Usurbilgo Kalezar auzoko Egurtzegi zaintzadun etxebizitzak zaharren egoitza tradizionaletako logeletatik bereizten dira, bizilekuak eskainiz. Usurbilen zaintza eredu kolektiboaren alde lan egiten dute, zeinak pertsonak eta horien lehentasunak erdigunean jartzen dituen. ARGIAk Egurtzegiko zuzendari Jaione Artiedarekin hitz egin du.
Adineko pertsonen zaintza eredua eraldatu eta hobetzearen alde egiten duten zenbait proiektu eta zentro daude gaur egun Euskal Herrian. Pertsonak erdigunean jartzea eta zaintza-arreta horien interesetara egokitzea dute helburu, gizartearen eskaerak eta proposamenak kontuan hartzea. Horietako egitasmo bat Usurbilen (Gipuzkoa) ari dira garatzen. 2023ko uztailean Kalezar auzoan inauguratu zuten Egurtzegi zentroa, zaharren egoitza tradizionaletatik bereizten den eredua. Gipuzkoako 127 pertsona bizi dira, eta logelen ordez 111 bizileku edo zaintzadun etxebizitza daude; %75 banakakoak eta %25 bikoitzak. Logela, egongela, egokitutako bainugela propioa eta sukalde txiki bat daukate. Bizilekuaren espazio osoa pribatutzat hartzen da. Egurtzegi ez da herrigunetik isolatuta dagoen egoitza, eta bertan bizi direnek zentroaren barruan eta horren aurrean dagoen plazan gainerako pertsonekin elkartzeko guneak dituzte.
Jaione Artieda zentroko zuzendari eta gizarte-langileak azpimarratu du egoiliarrak ezagutzea funtsezkoa dela zaintza egokia izan dezaten, eta bere ustez, hori lortzea errazagoa da bizikidetza-unitateen bidezko banaketari esker. Matia Fundazioak, Usurbilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Zaintza Ekosistema osatzen duten pertsonek elkarlanean sorturiko Egurtzegi zentro berritzailean, aipaturiko etxebizitzak zazpi bizikidetza-unitatetan biltzen dira, hainbat solairutan: lau mendekotasuna duten adinekoentzat, bi profil psikogeriatrikoa dutenentzat, eta bat dibertsitate funtzionala dutenentzat. “Egoiliarrek segurtasuna, pribatutasuna eta konfiantza izatea nahi dugu, eta zenbat eta unitate txikiagoak izan, orduan eta hobeto ezagutuko dugu elkar”, adierazi du Artiedak. Unitate horietako bitan hogei lagun bizi dira, hirutan hemeretzi eta beste bitan hamabost, eta aipatutakoez gain, bi unitate dituen eguneko zentro bat dago Egurtzegin, bakoitza hogei lagunentzat. 125 pertsonak egiten dute lan Egurtzegin, eta gehienak egoiliarrak 24 orduz zaintzeaz arduratzen diren erizaintzako laguntzaileak badira ere, medikua, erizainak, psikologoa, garbitzaileak, gizarte-langilea, fisioterapeuta eta monitoreak ere badaude, besteak beste.
Egurtzegiko plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzartutakoak dira, ez dira pribatuak. Prozesua hasten da egoitzan plaza eskuratzeko gizarte zerbitzuetan egindako eskaerarekin. Hainbat balorazio egiten zaizkio adinekoari –osasun arloari zein egoera psikosozialari dagozkionak–, udaletxean tramiteak egiten dira, eta horien ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko itxaron zerrendan sartzen dira baldintzak betetzen dituztenak.
Jaione Artieda, Egurtzegi zentroko zuzendaria: “Egoiliar bakoitzaren bizi-proiektua eta autonomia eskubidea ez dira hautsi behar, nahiz eta etxea utzi eta beste egoitza batean bizi diren”
Egurtzegiko langileek bertako bizilagunen beharrei eta mendekotasunei erantzuteaz gain, horien bizi-proiektuei jarraipena ematen jartzen dute arreta. Artiedak nabarmendu du egoiliar bakoitzaren bizi-proiektua eta autonomia eskubidea ez direla hautsi behar, nahiz eta etxea utzi eta beste egoitza batean bizi diren: “Nahiz eta baliabide mugatuak izan, malguak izan behar dugu eta begiak zabalik eduki beraien nahi gehienak asetzeko. Norbaitek egunero gosaldu eta plazan edo herrian buelta bat eman nahi badu, guk hori sustatu eta babestu behar dugu”. Gizarte-langileak azpimarratu du Egurtzegiko bizilagun guztiak ezberdinak direla eta bakoitzak duela bere istorioa, guztiei ez dizkietela eskaintzen zerbitzu berak, eta, lehen aipatu bezala, gakoa pertsonak ezagutzea dela. Horretarako, familiaren eta ezagunen laguntza premiazkoa dela nabarmendu du Artiedak.
Usurbildarrek ohiko egoitzaz gaindiko zerbait nahi zuten
Jarduera “esanguratsuak” eta “zentzudunak” egiten saiatzen dira, hau da, egoiliarrek eskatzen dituzten ekintzak egiten. “Batek loreak zaintzea badu gustuko, berarentzat zentzua duen jarduera bat bilatzen dugu. Beste batek lasai eta bakarrik egotea nahiago badu, ez dugu nahasten beste hogeirekin”, azaldu du Artiedak. Egurtzegiko bizilagunek eta Usurbilgo gainerako biztanleek hainbat jarduera egiten dituzte elkarrekin. Horren adibide da Udarregi ikastolarekin batera duten belaunaldien arteko proiektua. Ikasturtean barrena –urritik maiatzera– adinekoek eta Udarregiko ikasleek asteartero zenbait ekintza egiten dituzte: pasealdiak auzoan eta herrian, adinekoek gazteei josten irakasten diete, sukaldaritzako errezetak irakasten dizkiete, edo igarkizun jolasetan eta mahai-jokoetan aritzen dira. Artiedak esan du pasealdietan “hizketaldi politak” sortzen direla adineko pertsonen eta gazteen artean.
Egurtzegi ez dago herritik isolatuta. Plaza irekia du, non herriko umeek eta familiek jolasten eta paseatzen duten. Kafetegi bat eta ile-apaindegi bat daude. Urtean zehar, herriko zenbait jarduera gune horretan gauzatzen dira: Gabon kantuak, Santa Ageda bezperako kantu-jira, jaietako lore banaketa, txistulariak eta joaldunak. Usurbilek herri zaintzaile izateko helburua du, eta Artiedak azpimarratu du bertako biztanleen konpromisoa “oso handia” dela. Izan ere, herriak hainbat urte daramatza zaintza eredu kolektibo baten alde lan egiten. “Gero eta zaharragoa” den gizartearen eta “zaintza eskariaren handitze nabarmena” gertatzen ari den garaian, udalak dio erronka horri erantzuna emateko herri estrategiak diseinatzea “premiazkoa” dela. Udalaren iritziz, ongizatearen berme nagusia komunitatea indartzea da, “indibidualismoak eta gizarte fragmentazioak erasandako gizarte molde hauskor honetan”.
Hainbat ekimen egin dira herri zaintzailea eraikitzeko, hala nola 2021ean udalak, Matia Institutuarekin elkarlanean, martxan jarri zuen prozesu bat zeinetan usurbildarrek, zaintzarekin lotutako hainbat sektoretako ordezkariekin batera, zaintzaz eztabaidatu zuten (ARGIAn erreportajea: Herri zaintzailea helburu, 2808 zbk). Beste jarduera bat 2022ko azaroko Zaintza Azoka izan zen. Usurbilgo eta beste herri batzuetako 140 lagun bildu ziren, eta ordura arte zaintzaren inguruan egindako hausnarketak bertaratutakoekin partekatu zituzten. Bertan, besteak beste, bizilagunek adierazi zuten “norbanakoek eta komunitateak elkar zainduko duten herri bat” nahi dutela, eta menpeko egiten diren pertsonen proiektuak, zaletasunak eta gustuak ez liratekeela “albo batera utzi behar”. Artiedak nabarmendu du Usurbilen “herritarren mugimendua” egon zela, ohiko estiloko zaharren egoitzatik ezberdintzen zen zentro bat eraikitzeko eskatzerakoan: “Biztanleak bildu, eta udaletxera eta aldundira joan ziren, egoitza tradizional bat baino bizitoki bat nahiago zutela esanez. Horrek balio handia du”.
Desioak eta nahiak lehen lerroan
Matia Patronatuko lehendakari Mari Karmen Garmendiak Egurtzegiren inaugurazioan adierazi zuen egoitzari izen hori eman zitzaiola 1579. urte inguruan lekua Egurtzegi deitzen zelako. Noaua herriko aldizkarian irakurri dugu zentroaren kokagune berean Egurtzegi baserria zegoela. Zentroa 2023an inauguratu bazen ere, Artiedak aipatu du Matia Fundazioa zaharren egoitzen eredu tradizionala eraldatzen hasi zela 2012. urte inguruan, pertsonengan arreta handiagoa jarri behar zutela ikusten zutelako. 2011 eta 2014 urteen artean, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta zenbait udalekin batera Matiak Etxean Ondo proiektu pilotuan parte hartu zuen, “etxeko arreta hobetzea eta adinekoak gizarteratzea eta komunitatean parte hartzea” helburu zutela. Egurtzegiko zuzendariak aipatu du proiektu horren bitartez, eraldaketarako baliabideak jartzen hasi zirela, eta urte horietan Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten garrantzia azpimarratu du, non Artiedak azaldu duenez, 65 urtetik gorako pertsonei galdetu zitzaien, mendekotasuna izatekotan, nola bizi nahiko luketen, nola zainduak izan nahiko luketen eta non, besteak beste. Gizarte-langileak nabarmendu du gehienek erantzun zutela etxean zainduak izan nahi zutela.
Egurtzegi zentroa ez dago herritik isolatuta. Plaza irekia du, non herriko umeek eta familiek jolasten eta paseatzen duten
Artiedak gogoratu du hainbat urtez bidaiatu zutela, hala nola Danimarka, Herbehereak, Norvegia eta Suediara, herrialde horietan zaintza nola lantzen zen ikusteko, eta ohartu zirela pertsona erdigunean jartzen zutela, eta adinekoek zituzten gaixotasunez eta mendekotasunez gain, horien desioak eta nahiak ere kontuan hartzen zituztela. Urte horietako lanketei esker, “begiak asko zabaldu” eta “ondorio gehiago” atera zituztela azaldu du Egurtzegiko zuzendariak.
COVID-19aren pandemiak eraldaketa beharra “ageriago” utzi zuen, eta Artiedaren ustez, Egurtzegi zentroa hutsetik eraikitzea lagungarria izan zen. Oro har, zaharren egoitzei buruzko ikuspegiari dagokionez, Artiedak uste du sozialki aldatzen ari dela, nahiz eta oraindik mantentzen den “lehenagoko ikuspuntua”. Egurtzegi bezalako zentroek iraganeko ikuspegia aldatzen lagun dezaketela esan du.
Udalak Egurtzegitik hurbil dagoen eta adinekoen etxebizitzekin zerikusia duen beste proiektu bat martxan jarri zuen 2024an, hain zuzen ere, Ugartondo auzuneko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa. Herriko gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei eta gaur egungo zaintza ardurei aurre egiteko sortutako proiektua da. Egitasmoa aurkeztu zutenean adierazi zuten bereziki gazteak eta adinekoak gelditzen direla baztertuta gaur egungo etxebizitzaren eskaintzatik. Lehenengoak diru sarrerengatik, eta bigarrenak faktore bat baino gehiagorengatik: irisgarritasuna, herrigunetik urrun egotea, bakardadea, beharrak aldatzea eta abar. Bi kolektiboak elkartzea pentsatu zuten, “batzuen kemena eta besteen esperientzia batuta, txirikorda” egin dezaketelakoan.
Duela egun batzuk, berriz, Udalak beste proiektu baten berri eman du. Udazkenetik aurrera “bizi osorako etxebizitzak” jarriko dituzte martxan. Helburua da zaintza behar duten pertsonek eta euren zaintzaileek “euren bizi-proiektuekin jarraitzea ahalbidetzea”.
Lurraldeko erresidentzietan eta eguneko zentroetan 5.000 langile daude, eta horietako %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte. Aldundiari dagokion ardura hartzeko eskatu dio ELA sindikatuak.
Zaharren egoitzen negozioa salatzen duten iragarkiak jarri dituzte Gasteizko hainbat markesinatan. Iragarkiok "Gizarte Ondoezerako Foru Erakundea”-ren sinadura daramate.
Bost urte igaro dira pandemiaren hasieratik. Pandemia horrek ekarri zuen denok zaintza eredua ezagutzea, inondik inora ere behar bezala ez zebilena. Egoitzetako kutsatzeen eta hildakoen datuak, batez ere pribatuetan, zifra hutsak baino askoz gehiago izan ziren.
2020ko... [+]
Zestoa Gipuzkoako Urola bailaran dagoen herria da. 3.800 biztanle ditu. 2019tik zaintza sarea garatzen ari dira: herriko baliabide profesional guztiak koordinatu eta zestoarrek elkar zainduko duten eredu komunitario bateranzko bidea egiten hasi dira. Udalak du egitasmoaren... [+]
Etxeko langile diren eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeentzako etxea abian jarri dute Berriozarren. Zortzi pertsonendako lekua duen pisua gaitu dute zaintzan diharduten langileak 6-12 hilabetez espazio duin eta seguru batean bizi daitezen. SOS Arrazakeria Nafarroak eta... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]
Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.
Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.
Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]
Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.
Iraultza txikien akanpadan parte hartu nuen uztailean, zaintzari buruzko hausnarketa egiteko. Mahaiaren inguruan bost emakume eseri ginen: Arabako etxe- eta zainketa-langileen elkarteko Laura eta Shirley; Denon bizitzak erdigunean taldeko Paula eta Ainhoa; eta Kukuso taldeko... [+]