“Aurreikuspen onenetan, gazteen kopurua bikoiztuko dute nagusiek eta kasurik okerrenean boskoiztu. Zaintzari buruz hausnartu behar dugu”

  • Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.


2024ko maiatzaren 23an - 08:10
Argazkia: Hala Bedi

Zaintzaren arkitekturari buruz hitz egingo duzu gaur. Baina, oker ez banabil, funtsean, zahartzaroari buruz mintzatuko zara gehienbat, ezta?

Zaintzaren arkitekturaz mintzo garenean, ari gara bizitza sostengatzeko azpiegitura bigun eta gogorrez. Horren inguruko saioa izango da, ez da bakarrik zahartzaroaz. Baina egia da zentratuko garela zahartzaroan, hor daudelako egungo erronkarik zaurgarrienak eta jendarte moduan zahartzen ari garenez, hor daudelako ere begiratu nahi ez zaion esparru handienetako bat. 

Zure ustez, zahartzaroaren inguruan hausnartu behar du norberak, eta proiektatu nola igaro nahi duen. Zein da zure proposamena?

Bizitzaren antolakuntzari dagokionean eta zahartzaroari dagokionean, dagoen arazorik handiena da zaintzarekiko daukagun adinkeria. Guk geuk ez ditugu aitortzen gure beharrak eta ez ditugu adierazten.

Erronkaren konplexutasuna horretan datza. Egin beharreko lehenengo gauza hori da. Aitortza denon artean eztabaidatzea eta bakoitzak pentsatzea zer nahi duen. Hori izaten da arazo handienetako bat, gehienetan ez dela zahartzaroaz pentsatu nahi, jada gainean dagoen arte. 

Horregatik, ditugun baliabide idealetaz gain, ditugun baliabide publiko, pribatu eta komunitarioez eta nahi dugun zaintza eredu horri begira eraiki nahi ditugun horiez estrategikoki ere hausnartu behar da. Hori da daukagun eskasia eta horri buruz lan egingo dugu saioan. 

Zein neurrian baldintzatzen du zaintzak norberaren bizitza antolakuntza, bereziki nagusien artean?

Zahartzaroa zeharkako zerbait da, harreman publiko, pribatu eta komunitarioan ematen den zerbait delako. Ezinbestean badago elkarrekikotasunaren hausnarketa bat egiteke.

"Elkarrekikotasuna gaur ez dago mahai gainean eta zoritxarreko egoeratara heltzean, zaintza autoritarioaren ereduan geratzen da jendea"

Bizitzan hartzen eta hartzen ez ditugun ardurak ingurukoekiko erantzukizun bat daukate. Hau da, nik kolesterola eta diabetesa izanda, bizitza eredu mota baten alde egiten badut gozatzeko, ari naiz nire zaintzarekiko ardura beste batzuen bizkarrean uzten, izan norbanakoak edo erakundeak.

Elkarrekikotasun hori gaur ez dago mahai gainean eta zoritxarreko egoeratara heltzean, zaintza autoritarioaren ereduan geratzen da. Hau da, pertsonaren nahia eta bizi eredua kontuan izan gabe hartzen dira erabaki estrategikoak.

Adibidez, herri jakin batean ez dagoenez zahar etxerik eta bere familiak bere gain ezin duenez hartu, mugitzen dugu herritar bat ondoko herrira bere kuadrilla eta bere beharrak aintzat hartu gabe. Agian pertsona horrek behar du lagunekin txikito bat edan astean behin, edo Bonolotoan jokatu astean behin, baina zaintzaren arduran jartzen dugu pisu guztia, gerta ala gerta.

Hori gerta ez dadin, hori guztia lehenago artikulatu beharra dago, lehenago pentsatu eta adierazi. 

Paradoxa bat dago. Gure txikiak zaintzeko orduan egiten dugu azterketa bat, ikastolak edota eskola publikoak ikusita, baina zahar egoitzekin edota eguneko zentroekin eta beste zerbitzu askorekin ez dugu lanketarik egiten. 

Hor dago aipatutako adinkeria edo errefusa erabaki edo hausnarketa horiek egiteko.

Gizarte honetan populazioaren piramidearen oinarria jende nagusia da. Zergatik ez da eztabaida hau pil-pilean dagoen gaia?

Jendarte zaharkituak gara, sartzen ari gara denominazio horretan, baby boom belaunaldiko zahartze edo erretiro kolektiboari esker, eta Europako Iparraldean ere gertatu da.

"Neurri batere populista batzuk hartuko dira hemendik urte gutxira"

Espainiako Estatuan, Frankismoaren ondorioz, 20 urteko atzerapenarekin heltzen ari gara. Zilarrezko ekonomian eta jendartean sartzen ari gara eta hor zaintzak gero eta garrantzia zentralagoa izango du. Jakina, hartzen ari dira neurri asko hori dagokionean. Baina, ironikoki, adinkeria handia duen jendartea gara, nahiz eta gizartearen gehiengoa osatuko duten nagusiek. 

Aurreikuspen onenetan, nagusiek bikoiztuko dute gazteen kopurua. Kasurik okerrenean laukoiztu edo boskoiztu. Horiek dira iragarpen demografikoak. Ez da arriskua, errealitatea baizik. Hori aintzat hartu dute eta horregatik erretiroaren atzerapena eta abar. Egoera gogorrak bizitzea egokituko zaigu eta horregatik, hain zuzen, aurretik hausnartzearen garrantzia; autokudeatzea komunitatetik eta Administraziotik eztabaida batzuk.

Ez da eztanda bat izango, baina bai mikroeztanda ugari eta neurri batere populista batzuk hartuko dira hemendik urte gutxira. Horri buruz ari dira mintzatzen ekonomistak eta helduko da unea beranduago edo lehenago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: zaintza lanak
Zerk batzen gaitu?

Arrazismoa, matxismoa, klasismoa, eta beste hamaika ismo-rekin batera koka genezake edadismoa ere, adinkeria, alegia. Adinaren arabera jasan daitekeen bazterketa guztiok paira bagenezake ere, bestelako diskriminazio motekin gurutzatzen denean, errealitatea gogortu egin daiteke... [+]


A30eko greba feminista orokorraren harira, hiru grebalari deitu dituzte deklaratzera

 Azpeitiko epaitegian deklaratu beharko dute ekainaren 5ean. Zumaia eta Zarautz arteko A-8 autobidearen mozketari loturik, "desordena publikoa" egozten diete. Egun berean 09:50ean elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, elkartasuna adierazteaz gain,... [+]


2024-05-22 | Inma Errea Cleix
Zaintzaren erdigunean

Bati fardela aldatzea. Beste bati gorputza garbitu eta ximentzea. Jana atondu eta norbaiti jaten ematea. Norbaiten gorputza oheratu edo ohetik altxatzea. Goitikan ari dela inori eutsi eta hura garbitzea. Horiek guztiak dira zaintzeko lanak. Zerrenda askoz luzeagoa da, nahiz... [+]


Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Eguneraketa berriak daude