Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

  • Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek berbera ordainduko dute zaintza lanengatik, baina irabazi asmorik gabeko elkarte bat denez, enpresak ez du irabazirik aterako. Trukean, elkartean lanean arituko diren zaintzaileen soldatak, eta oro har, lan-baldintzak, nabarmen hobetuko dira.

Ezkerretik eskuinera Bizitza Zaintzeko elkartea sortu duten sei langileetatik bost: Lillian Torrez, Yelba Marin, Virgenza Marenco, Ivone Robles eta Karla Montenegro. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC SS-BY
Ezkerretik eskuinera Bizitza Zaintzeko elkartea sortu duten sei langileetatik bost: Lillian Torrez, Yelba Marin, Virgenza Marenco, Ivone Robles eta Karla Montenegro. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC SS-BY

Giza eskubideak, justizia soziala, berdintasuna, lan eskubideen bermea eta perspektiba intersekzionala, horiexek hartu dituzte ardatz Carla Montenegrok eta bere kideek etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko Urola Kostan sortu duten irabazi asmorik gabeko elkartean. Zaintza lanetan esperientzia handia duten sei emakumek ekin diote egitasmoari. Nork bere bizi eta lan esperientzia ditu, baina denek daramatzate hamar urtetik gora zaintzaile profesional. Montenegro, esaterako, 2010ean iritsi zen Euskal Herrira, eta hamalau urte daramatza Zumaian bizitzen: “Beti izan dugu buruan lan-baldintzak duintzeko zerbait sortzea, gure bizi kalitatea hobetze aldera”. Bada, azkenean, asmoak egi bihurtu dituzte, eta ideia zaparrada baten ondotik, Bizitza Zaintzeko izena jarri diote elkarteari. Izenaren muinean oinarrizko ideia bat dagoela azaldu du Montenegrok: “Antzinako garaietatik zaintzea da gizaki egiten gaituena, eta balio hori azalerazi nahi genuen”.

Dena den, egitasmo gehienetan gertatzen den gisara, ideia sortzetik ekitera denbora igarotzen da, eta kasu honetan ere horrela izan da. 2019an, proiektua martxan jartzekotan zirenean, gainera etorri zitzaien COVID-19aren pandemia. Horrek lehentasunak aldatzea ekarri zien, eta ondorioz, egitasmoa gaur arte atzeratzea: “Pandemiak konfinamendu garaitik harago iraun zuen, garai horietan lehentasunak bestelakoak ziren, eta ezin izan genuen proiektua abiarazi”. 
 

Ez dute pisua familien esku soilik utzi nahi. Jakitun dira familiek ezin diotela  24 orduko zaintzak dakarren kostuari aurre egin

Poliki, baina pausoak zein norabidetan eman ondo pentsatuta ekin diote ibilbide berriari. Euskal Herrian zaintza-lanen eraldaketa beharrezkoa dela diote, eta teoriatik praktikara salto egiteko ausardia izan dute. Horregatik, ekonomia sozial eraldatzailean kokatu dute ekimena, zaintzaren eraldaketa tokitik eta komunitatean egin nahi dutelako: “Apustua egin nahi dugu gure lankide bakoitzak bere komunitatea zaindu dezan, bere ingurua”. Zumaian, Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Getarian eta Zarautzen hasiko dira martxan, bailara horretakoak baitira elkarteko kideak: “Horrela, herritarrekin harremanak eraikitzeko eta komunitatearen parte izateko aukera gehiago izango dugu”. 

Lan-baldintzak duintzeko

Argi dute elkarteko kideek: “Honek ezin du horrela jarraitu”. Euskal Herriko zaintza-lanen antolaketa “onartezina” dela diote: “Ezin dira zaintza-lanak emakumeen bizkar soilik geratu”. Izan ere, gero eta zaharragoa den gizartean erronka da zaintza-sistema jasangarri bat nola eraiki asmatzea, eta une honetan daukagun ereduak “zaintzaileen eskubideen urraketan eta prekaritatean sakontzen du”. Gaur egungo zaintza-sistemak ez die dauzkagun zailtasunei behar bezala erantzuten, eta uste dute, besteak beste, horregatik behar dituela gizarteak etxeko langile egoiliarrak: “Erraza eta merkea zaielako familiei horrela zaintzea”. Dena den, ez dute pisua familien esku soilik utzi nahi, izan ere, jakitun dira gaur egun familiek ezin diotela aurre egin 24 orduko zaintza beharrak asetzeak dakarren kostuari, eta hori ere agerian uzten du elkarteak, erakundeak zuzenean interpelatuz: “Bi edo hiru lagunek egin beharko luketen lana bakarraren esku geratzen da”.

COVID-19aren pandemian argi gelditu zen zaintzak nolako garrantzia duen gizartean, eta era berean, ozen aldarrikatu zen zaintza eredua aldatzeko premia. Argazkian Gipuzkoako zahar egoitzetako egoiliarren senideak. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC SS-BY



Elkarteak ez du etxeko langile egoiliar gisa (aste osoan eta egun osoz arituko dena) zaintzaile bat izateko aukerarik eskainiko, argi izan dute hori hasieratik. Elkarteko kideak aritu izan dira egoiliar gisa lanean, Montenegrok, esaterako, Euskal Herrian daramatzan hamalau urteetatik erdiak pasa ditu hala. Aipatu du ez dela batere erraza egoera horretatik irtetea eta beste lan bat eta bizitoki bat aurkitzea: “Etxeko langile egoiliar gisa lanean, ez da bizitzeko tarterik geratzen”. Horregatik, halako zaintza beharrak dituzten familiei beste aukera batzuk eskaintzen ahaleginduko dira, zerbitzua euren neurrira egokitzeko: “Bi lagunen artean zerbitzua osatzeko aukera eskainiko diegu, eta noski, komunitatearen parte-hartzea ere beharko dugu”.

Zaindu egin nahi dute, eta horretan lan egin; baina zaintzak komunitatearen ardura bezala ere ulertzen dituzte: “Guk zerbitzu profesionala eskainiko dugu behar den orduetan, baina ondoren komunitate bat ere egon beharko da zaintzeko”. Langile profesionalak dira, formakuntza eta esperientziarekin, eta lan-kontratuak ere hori islatu behar du: “Ez dugu gutxieneko soldata edo etxeko langileen hitzarmena izango, zaintzako langile profesionalak gara eta merezi bezalako lan-baldintzak izan nahi ditugu”.

Kontzientziak piztea helburu

Orain, zabalpena egiten eta zaintzaile eta familia berrien bila dabiltza: “Poliki ari gara, baina sendo. Ez dugu 200 pertsonako enpresa bat sortu nahi, pixkanaka eta prozesua eta pertsonak zainduz egin nahi dugu aurrera”. Gainera, elkarteko kideak lanean dabiltza, eta beraz, oraingo familiekin lanketa eta aldaketa egiten ari dira: “Ez dugu arrakasta handiegia ere izan nahi, guk nahi duguna da gure kide guztien lan-kontratuak eta aldaketak modu egokian egin ahal izatea”. Kontzientzietan ere eragin nahi dute, gizarteak egiten duten lana ikusi eta balioan jar dezan: “Jendeak gaia problematizatzea nahi dugu, nola kontratatzen duen jakitea, gaiaz hitz egitea”. Aldaketa behar da zaintza-lanak ulertzeko moduan, eta jendartearen “pentsaeran” eragin nahi dute.

Etxez etxeko zaintza lanetan aritzeko zerbitzua eskaintzeaz gain, pedagogia egitea ere bada elkartearen helburua: “Zaintza eraldatu nahi badugu, nonbaitetik hasi behar dugu”. Kasualitatea izan da elkartea zaintza publiko eta komunitarioa aldarrikatuko duen azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren atarian abiatu izana, baina aldarriekin ezin hobeto egiten du bat: “Ezin da zaintza erdigunean jarri, zaintzan gabiltzan langileoz hitz egin gabe”. Orain, gizarteari eta erakundeei ardurak hartzea dagokiela uste dute: “Batzuetan pentsatzen dugu ez daudela gauzak beste modu batera egiteko modurik, baina badaude alternatibak eta gehiago ere sortuko dira”. Izan ere, Bizitza Zaintzeko elkartea ez da zaintza-enpresa handien alternatiba izateko sortu den Euskal Herriko adibide bakarra. Hernanin (Gipuzkoa), Maitelan kooperatiba sortu zuten hainbat emakumek duela hiru urte. “Maitelanek ere alternatiba bat eskaintzen du, baina sortzeko modua eta bideak ezberdinak izan dira”, azaldu dute. Espero dute hemendik aurrera gehiago ere izango direla bidea urratzeko pausoa emango dutenak, “ezinbestekoa” baita bizitzen ari garen “zaintza-krisiari” irtenbidea aurkitzeko. 

Familiek gaur egun ordaintzen duten berbera ordainduko dute, diferentzia da ez dela enpresaren irabazirik egongo


Nola eraman praktikara

Irailaren 14an aurkeztu zuten elkartea Zumaiako Emakumeen* Etxean, eta leku gehiagotan aurkeztea ere gustatuko litzaieke. Momentuz, ez daukate egoitza fisikorik, baina webgunearen bitartez jaso daiteke informazio guztia, eta elkartea kontratatzeko interesa dutenek ere bertara idatzi behar dute: www.bizitzazainzeko.org. Behin webgunearen bitartez eskaera eginda, elkarrizketa bat egiteko hitzordua zehaztuko da, eta elkarteko langilea zaindu behar den pertsonaren bizitokira joango da, lekua ezagutu eta beharren inguruan hitz egitera. Izan ere, azpimarratu dute garrantzitsua dela lantokia ikusi, eta beharrak aurrez ondo aztertzea, aldaketa eta baliabideak zehazteko:  “Ez da gauza bera etxea egokituta egotea, esaterako, gurpildun aulkian ibiltzeko, edo pertsona altxatzen ibili behar izatea”. 

Kalitatezko zerbitzua, horixe da lehenetsi nahi dutena. Horregatik, beste enpresa batzuek denbora gutxiagoko zerbitzuak eskaintzen dituzten arren, Bizitzak Zaintzeko elkarteak, gutxienez, ordubeteko zerbitzuak eskainiko ditu: “Pertsona bat ohetik altxatu, garbitu, gosaria eman eta sukaldea eta komuna jasotzeko, gutxienez, ordubete behar duzu”. Hortik beherako denborek arreta nahikoa emateko ez dutela aukerarik eskaintzen uste dute. Pertsonek denbora, gertutasuna eta norbere erritmoak errespetatzea behar dutela argi dute, eta hori da, hain zuen ere, eskaini nahi dutena: “Bakoitzak merezi eta behar duen arreta eta denbora”.
 

“[Egun osoz zaintzailea behar dutenei] Bi lagunen artean moldatzeko aukera eskainiko diegu, eta noski, komunitatearen parte-hartzea ere beharko dugu”

Profesionala, kalitatezkoa eta jasangarria. 35 orduko lan-asteak osatzea da asmoa, orain arte enpresekin izaten zituztenak baino soldata hobeekin, eta jai egun eta opor gehiagorekin. Momentuz, ez dute zaila ikusten hori lortzea, izan ere, familiek gaur egun ordaintzen duten berbera ordainduko dute, hau da, ez da garestiago izango, soilik ez dela enpresaren irabazirik egongo, eta dirua zuzenean langileentzat izango dela: “Ez gara ez merkeagoak, ez garestiagoak izango, merkatuko prezioak mantenduko ditugu, barne antolaketa da aldatuko dena”. Zaintza-lanen prekaritateari irtenbidea emateko bide praktiko bat urratu dute, eta gizartean puri-purian dagoen arazo bat mahai gainean jarri, eredu desberdin bat proposatuta. Orain, norbanako eta erakundeek hautua egiteko ordua dela irizten diote: “Guk ezin dugu udal bateko etxez etxeko zerbitzu guztia gure gain hartu, baina erakunde publikoek ere hausnartu beharko dute zein eredu ari diren sustatzen eta zein bide edo alternatiba hasi daitezkeen eraikitzen”. 

Bide berriak urratzeak beti sortzen duten poz, ilusio, beldur eta zalantzekin ekin diote ibilbideari. Alternatiba izan, eta beraien lan-baldintzak hobetu nahi dituzte, tokikotik, komunitatean eta ekonomia sozial eraldatzailea ardatz. 

 Argazkian, Gipuzkoako zahar egoitzetako langileak lan baldintza duinak eskatzeko protesta batean, Donostian. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC SS-BY

 


ASTEKARIA
2023ko azaroaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adinekoen zaintza
Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan

Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.


2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-09-10 | Mati Iturralde
Zaintzaren iraultza

Iraultza txikien akanpadan parte hartu nuen uztailean, zaintzari buruzko hausnarketa egiteko. Mahaiaren inguruan bost emakume eseri ginen: Arabako etxe- eta zainketa-langileen elkarteko Laura eta Shirley; Denon bizitzak erdigunean taldeko Paula eta Ainhoa; eta Kukuso taldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude