Gaza Humanitarian Foundation: palestinarrak desplazatzeko enegarren bidea

  • Lau astetan 550 hildako eta 4.000 kolpatu egon dira GHF fundazioaren banaketetan. Jakiaz gain, tiroak ere banatzen dabiltzalako sionistak. 170 GKEk dute egitura horren desagerpena galdatzen. Baina Israelek beregain nahi du laguntzaren saila ere –finean, gosetearena badelako gerrako arma hilkorra–. Maiatzaren 16an Israelek abiaturiko Gedeoneko orga operazioaren baitan kokatu behar da GHF. Azken horrekin "Gazaren konkista" eta gazatarren "hautuzko abiatzea" du Netanyahouk helburu. Nola? Jaki gune bakanetara jendea desplazatuta eta bizilekuak beti eta beti bonbardatuta, behingoan itzuli ez daitezen.  

Argazkian, uztaila hasiera honetan gosez hildako Ayyub Sabir Abu al-Hasin. 29 urte zituen. Palestinarren kontrako gerra-arma gisa erabiltzen du gosea Israelek. (Argazkilaria: Anadolu/Getty Images)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez dago egutegi argirik. Batzuetan, goizeko lauetan irekitzen dituzte ateak, beste batzuetan geroago. Bezperatik daude esperoan palestinarrak. Azkenean, ateak irekitzen direnean, kolapsoa da. Ez dago jende-lerrorik, ez langilerik, ez seinalerik. Zarata, errautsa eta beldurra, besterik ez. Putreen gisara inguratzen dituzte droneek. Bozgorailutik ahots bat, oihuka: 'Lau minutu. Hartu ahal duzuna'. Hondarraren erdian uzten dituzte janari kutxak, baina ez dago nahikorik. Inoiz ez dira nahikoak. Jendea presaka doa metarantz, elkarri bultzaka, elkarren gainean igota. Labanak ateratzen dira. Borrokak sortzen dira. Umeek oihu egiten dute. Gizonak erortzen dira. Emakumeak arrastaka dabiltza. Gutxi dira kutxa bat hartu eta hari eusteko gai diren zortedunak. Orduan tiroketa hasten da. Masakre-eremu bihurtzen da hareazko plaza. Bizirik atera nahian korrika dabiltza. Anitz tirokatuak daude. Batzuek zauriturik arrastaka ibiltzea lortzen dute. Lagunek, senideek edota ezezagunek eramanik dira beste batzuk. Besteak bakarrik odolusten dira hondarretan”. Gazan bizirauten dabilen Taqwa Ahmed Al-Wawi idazlearen kontakizuna da, ekainaren 29koa, Al-Jazeera komunikabidean irakurri dezakeguna. 

Amerikarrek eta israeldarrek bideraturiko GHF Gaza Humanitarian Foundation-en janari banaketaz ari da; hesiz inguraturiko lau gunetan bideraturikoa, maiatzaren 26az geroztik. Lau gune bi milioi herritarrentzat –GHF aitzin, 400 banaketa gune ziren Gazan barna–. "Heriotzaren korridoreak" deitzen dituzte, badakitelako israeldarren tiroen artetik eta jende-metatze arriskutsuetatik bizirik ateratzea erronka zaila izanen zaiela. Baina, goseteak eta jaki falta orokortuak horretara bultzaturik, badoaz. Israeldar soldadu batzuen lekukotasunetan oinarriturik, Haaretz egunkariak argira ekarri du janari bila hurbildutakoak tirokatzeko manua dutela, eta hori "mehatxu ez badira ere".

Martxoaren 2az geroztik ez zen kamioi bakar bat sartu, erabateko blokeoa erabakia zutelako sionistek –aitzin, oztopoz oztopo, dozenaka pasatzen ziren, baina NBEren arabera, beharrezkoak zituzten 500 kamioiak baino anitzez gutiago–. Elikadura segurtasuna neurtzen duen IPC sailkapenaren arabera, “Gazako biztanleria osoa da elikadura-segurtasunik eza handian eta milioi erdi pertsona –bost pertsonatik bat– gosetean daude”. Gosetea arma gisa erabiltzeko gerra-estrategia geroz eta begi-bistakoa zela, kamioi bakar batzueri utzi zieten pasatzen, baina laguntza humanitarioa beraiek kontrolatzeko baldintzapean. Edo hobeto erranda, nazioartearen eta NBEaren kontrolaz kanpo izateko baldintzapean. Orduz geroztik, horretan dira. Baina, kasu: palestinarrentzako laguntza humanitarioa ez da Israelen gogoan. Bestela, zergatik debekatu nazioarteko laguntza oro? Zergatik nahasi oxikodona droga gogorra irin zakuei? Finean, palestinarren garbiketa etnikorako urrats berria dute laguntza humanitarioz mozorrotuta. Lau astez, laguntzaren bila zihoazen 550 palestinar hil eta beste 4.000 kolpatu dituzte Tsahalek edota sionistek sustengaturiko pertsona armatuek. “GHFren neurriak etsipen-, arrisku- eta heriotza-ziklo bati eusteko diseinatuta daude”, irakurri daiteke uztailaren 1ean 170 bat Gobernuz Kanpoko Erakundek zabalduriko agirian. Egitura hori hestea galdatzen dute eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, Palestinako gizarte zibilarekin eta eragile humanitarioekin elkarlanean bideraturiko laguntzaren berrezartzera deituta. 

Oinarria eta zerumuga: desplazamendua

Israeldarrek bideratu nahi dieten patua desagerpenarena dela badakite palestinarrek. Horren barne ikusten dute GHF egituraren funtzioa ere. Gadi Algazi israeldar historialariak ere gauza bera dio, Orient XXI-n plazaratu berri duen Gaza. Affamer-expulser, expulser-affamer (Gaza. Gosean atxiki-kanporatu, kanporatu-gosean atxiki) analisian. Netanyahouren gobernuak adostutako lau banaketa guneetan jartzen du begirada: bata da Gazako zerrendaren zentroan eta beste hiruak hego-hegoan, Rafahren mendebaldean –hots, ez dago loturik biztanleriaren kokapenaren eta gune horien artean–. Algazik argi du: "Helburua baitute ‘populazioaren desplazamendua’ hegoalderantz bultzatzea, ahal dela, ‘kontzentrazio eremuetara’. Baina neurriak hartu behar dira gizateriaren aurkako krimen bati dagokiona ezkutatzeko. Horretarako, lehenik eta behin, biztanleei janaria eman ziezaieketen erakunde humanitarioak ezabatu behar ziren, eta banaketa esperientziarik gabeko eta armadaren esku dauden erakundeen esku utzi behar zen". Netanyahouk berak errandakoa da, “jatorrizko lekuetara ez itzultzearen baldintzapean" bideratuko litzatekeela laguntza. 

Aspaldikoa da palestinarrek Gaza uztearen amets sionista. Israelen sorreraz geroztik ari dira lekukoen behar minimoak oztopatzen, desesperazioaz beraien lurra utziko dutelakoan. Baina ez dute lortu, eta oraingoan ere ez: taldeko indartsuenak eta osasuntsuenak doaz jaki bila, itzulerako bidea egiteko aski indar dutenak eta gainera, Gaza iparraldeko jendea ez dute konbentzitu –“Nor abiatuko litzateke bero sargorian bidaia luze bat egitera, dauden lekuko senideei ezin badiete janaria ekarri?”–. Beraien etxea ez abandonatzeko palestinarren determinazio sendoa nabarmentzen du historialariak.

Behin betiko deportazioa lortzeko ez da nahikoa jendea kanporatzea. Deserrotu egin behar dira, eta itzultzeko edozein aukera kendu. Hori horrela, paraleloki, suntsiketak areagotu ditu Tsahalek, gosetearen bidez berehalakoan lortzen ez dutena eraispenen bidez eskuratzeko. Netanyahouk berak dio: “Gero eta etxe gehiago suntsitzen ari gara, ez dute nora itzuli. Ondorio logiko bakarra gazatarrek Gazako zerrendatik kanpo emigratu nahi izatea izango da. Gure arazo nagusia harrera herrialdeetan dago”. 
Denbora aitzina doala, hiru “gune humanitario” ditu Israelek aurreikusten: Gaza hiriaren ingurukoa –50 km² inguru–; erdialdeko kanpalekuetakoak –85 km² inguru–; eta Mawasirenak, hegoaldeko hondartzan zehar –8 km² inguru–. Hots, orain arteko lurraldearen %40an metatuko lirateke bi milioi jende. “‘Kontzentrazio-eremu’ horien tamaina txikiak, handik ateratzeko debekuak zein bizibiderik eta azpiegiturarik ezak ‘kontzentrazio-esparruez’ hitz egitera daramate”, Algaziren arabera. Rawhi Fattouh Palestinako Kontseilu Nazionaleko presidenteak ere “deportazio orokortu bortxatua” salatu du. 

Finean, jakiak ala bonbak, esku berek banaturikoak dira, eta maiatzaren 16an abiaturiko Gedeoneko orga operazio militar sionistaren baitan kokatu behar dira: “Gazaren konkista” eta palestinarren “hautuzko abiatzea” dituzte helburuen artean. Abisua emana du Tsahalek: etenik gabeko "tiroketa intentsoak" bideratuko dituzte, hiru gune horietara sartzera behartzeko. "Garbiketa etnikoaren" zantzu handiak daudela dio NBEko Giza Eskubideen goi komisarioak, eta halarik ere berdin segitzen dute nazioarteko estatuburuek: begiak estalita, konplize. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Israeli armak ez saltzea adostu dute hamabi estatuk Kolonbiako goi bileran

Hagako taldeak deituta 30 estatu bildu dira bi egunez Kolonbian, eta horietako hamabik sei neurri sinatu dituzte "Israelen Palestinako kolonizazio ilegala" gelditzeko. Horietako bat, Tel Avivekin duten kontratu publiko oro berrikustea, okupazioan eraginik duen ala ez... [+]


Israelekiko harremanak mantentzearen alde egin du Europar Batasunak

Israelek Gazan eta Zisjordanian egindako giza eskubideen urraketak argi uzten dituen Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuaren txostena esku artean, EBko Atzerri ministroek erabaki dute Israel-EB elkartze-akordioarekin berdin-berdin segitzea. EBren "ekintza-eza" ikusita,... [+]


Israelen okupazioaren aurkako neurriak adosteko goi bilera egiten ari dira Bogotan

Hagako Taldeak deituta, Kolonbiak eta Hego afrikak antolatu dute gailurra. Herrialdeetako ordezkariez gain, Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEren errelatorea ere Bogotan da, eta Israelekin harreman oro etetea exijitu die. EBk adierazi du Netanyahuri bere aire... [+]


Genozidioaren ekonomia Palestinan: Francesca Albanesek lotsagarri utzi ditu multinazionalak

Carrefour, CAF, Crédit Agricole, BlackRock... Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak enpresa sare handi bat egin du Israel burutzen ari den Gazako genozidioaren konplize bere azken txostenean, eta horien arduradunak ikertzeko eskatu du... [+]


Israelek maiatzetik gutxienez 800 palestinar hil ditu laguntza humanitarioa jasotzen saiatzen ziren bitartean

Gaza Humanitarian Foundationen elikagai banaketa erabiltzen ari dira palestinarrak hiltzeko. Oraingoan, ur horniketa suntsitzeaz gain, hamar pertsona, haien artean sei adin txikiko, hil ditu Israelek Nuseirat kanpamentuan, Gaza hegoaldean.


Askatasunaren Ontzidia berriz saiatuko da Gazako blokeoa apurtzen: Handala ontzia martxan da

Israelek maiatzean Conscience itsasontzia bonbardatu eta ekainean Madleen itsasontzia bahitu ostean, nazioarteko ekimena berriz saiatuko da laguntza humanitarioa Gazara sartzen. "Erronka hau Gazako umeengatik da", adierazi du Askatasunaren Ontzidiak Siziliatik (Italia)... [+]


2025-07-11 | ARGIA
NBE-ren errelatore Francesca Albanese
“AEBek ni zigortu izana haien erruduntasunaren seinale da”

AEBek Francesca Albanese NBEk Palestinar Lurraldeetan duen errelatore berezia zigortu dute genozidioari buruzko txostena argitaratu eta egun gutxira. Albanesek sare sozialetan azaldu duenez, “boteregabeen alde hitz egiten dutenak boteretsuek zigortzea ez da indar... [+]


Israelgo Armadarentzat altzairua ekoitzi duen Sidenor enpresako burua saritu du Jaurlaritzak

LAB sindikatuak kritikatu du Sidenor enpresako buruari Joxe Mari Korta saria ematea, enpresa hori "Israelgo Armada indartzeko altzairua saltzen" aritu baita orain gutxira arte.


NBEren errelatorea zigortu dute AEBek, Palestinako genozidioari buruzko txostena argitaratu eta egun gutxira

Ondasunak blokeatu eta trantsakzio ekonomikoak egitea debekatu dio Washingtonek Frances Albanese NBEk Palestinar Lurraldeetan duen errelatore bereziari. Nazioarteko Zigor Auzitegian "Israel eta AEBetako herritarrak ikertzeko ekimenetan zuzenean kolaboratzea" leporatu... [+]


100.000 lirateke Gazan Israelek hildakoak, Britainia Handian plazaraturiko ikerketa baten arabera

Ikerketaren arabera, gutxienez 75.200 lagun hil zituen Tsahal armada sionistak 2023ko urriaren 7az geroztik eta 2025eko urtarrilaren 5a bitartean: tokiko agintariek epe berean zenbatutako 46.000 hildakoak baino %40 gehiago. Horrez gain, une berean, 8.540 lirateke gosez, hotzez... [+]


Netanyahuk eta Trumpek berretsi dute aurrera doala Gazako bi milioi palestinarrak kanporatzeko duten plana

Azken 24 orduetan Trumpekin bigarren aldiz bildu da Netanyahu, eta Etxe Zuriko maizterraren bulegoan ordubete inguruko solasaldia izan dute. Ondoren kazetariei eginiko adierazpenetan, Israelgo lehen ministroak adierazi du Gazan duten "kanpaina militarra" ez dela... [+]


Israelek Gazako bi milioi palestinarrak Rafahko hondakinen gainean eraikitako “hiri” batean pilatu nahi ditu

Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek eman du asmoaren berri, eta adierazi du Gaza hegoaldean eraiki nahi duten "eremu humanitario" berri horrek hasiera batean 600.000 palestinar inguru hartuko lituzkeela; kontzentrazio esparru gisa funtzionatuko luke. Gaza... [+]


Israelek onartu ostean, Hamasek esan du 60 eguneko su-etena “berehala” ezartzeko prest dagoela

Hamasek jakinarazi du Palestinako erresistentziako beste taldeekin hitz egin duela AEBek, Egiptok eta Qatarrek proposaturiko meniaz, eta "pozik" hartu dutela. 60 eguneko su-etenaz gain, akordioak barne hartuko luke Hamasek Gazan dituen hamar bahitu israeldar askatzea,... [+]


Eguneraketa berriak daude