“Pulpitutik mintzo den apezak uste du egia baduela, nik uste dut isiltzen ikasi behar dugula”

  • Ziburuko Azokaren kari, Azokaroan aurkezturiko Gizatasun arrantzale (Euskaltzaleen Biltzarra) liburua esku artean hartuta, itsasoan –apez bezainbat arrantzale gisa– eramandako biziaz aritzea zuen xede kazetariak. Baina Maiatz argitaletxeak plazaratu berri duen Atxik Berrituz liburua ere ukan dute solasgai, bertan zehazten delako Mikel Epalzak orain arte gorderik atxikitako historiako xehetasun bat: ETAren eta nazioarteko adituen arteko 2014ko otsaileko armen entrega bere etxean egin zela. Etxe horretan hartu gaitu. 2014ko bideo hartan murru zuriak ageri dira, baina errealitatean, argazki, margo eta apaindura koloretsuz beteta ditu paretak.

Dani Blanco CC-BY-SA

Senegaldik sartu berria zara.

Duela urte bat eta erdi izan zen Cysnos arrantza-ontziaren hondatzea, Sokoako harresia jorik. Arcachonetik zetorren ontzia, justu eguberri aitzin, kasik mila kilo arrain bazituen. Patroia, frantsesa, biziki kolpaturik baina salbatua izan zen, eta bertze biak, senegaldarrak, desagertu egin ziren. Ez ziren bakarrik hil, itsasoak irentsi zituen, eta hori biziki zaila da familiendako, dolua egiteko. Alargunei hitz emana nien jinen nintzaiela, eta hori egin dut. Fatou arrantzale zaharrenaren [Karamo] alargunak behar dituen laguntzak ukan ditu, baina Bintaren senar ohia [Moustapha] ez zen deklaratua bordoan. Gazteagoa da, hiru haurren ama da, azken biak, bitxiak, aitak sekula ikusi gabeak. Hemengo alargunen eta arrantzale emazteen Uhaina elkartearen partez 1.500 euro eman dizkiot, eta besteari 500 euro. Laguntza handia da haientzat, baina ez da bakarrik sosa, haiekin gertatutakoaz hitz egitea ere da inportantea. Itsasoak batzen gaitu. Izan musulman, katoliko edo erlijio gabekoa, bada erlijio bat itsasotik heldu zaiguna: haurridetasuna.

Itsasoko jendeen apeza zaitugu 1985az geroztik. Baldintza bat jarrita onartu zenuen misioa: itsasoratzea.

Duela 52 urte apeztu ninduten Ziburun –ez naiz apezten, apezten naute, apezpikuak eta jendeek–. Egun horretan sentitu nuen izugarriko bultzakada herriaren partetik eta Elizaren partetik onarpen bat, euskaldun gisa eta naizen horrena. Itsas Misioari lotua nintzen jadanik eta apeztu eta biharamunean itsasoratu nintzen, atunketako kanpaina egiteko uda guztian. Ziburu eta Donibaneko erretorek ez zuten hori onartu eta kanporatu ninduten Miarritzera. Hamahiru urte geroago etorri zitzaidan apezpiku bera, eta itsasoratzearen baldintzapean onartuko nuela erran nion. Bada salmo bat biziki ederra, 76. salmoa, dioena: "Jainkoak itsaso erdian bide bat egin du, baina ez dugu bide horren aztarnarik". Uste dugu Jainkoa lehorrari, elizari, klerikalismoari lotua dela baina ez da hala. Bada izate bat, nortasun bat, indar bat itsasoan, lehortarrek ezagutzen ez dutena. Aztarnarik gabeko bide hori jende horien arimetan eta bihotzetan bilatu behar da. Itsasoan, mendietan, oihanetan, hots, gizartetik bazter bizi direnek badute bizi-iturri bat. Hori ez dizu liburu batek erakusten, eskolak ez dizu irakasten; hori ezagutzeko behar duzu haiekin bide egin, beraien grinak, penak eta pozak ezagutu behar dituzu.

Argi zenuen itsasontzikoei ez zeniela mezarik inposatuko.

Ez nintzen itsasoratzen nire egia pulpitutik eta urrunetik sakatzeko eta jendea zapaltzeko; beraiek bizitzen zutena ikertzeko baizik. Haiek didate erakusten Jainkoa. Pulpitutik mintzo den apezak uste du egia baduela, nik uste dut ikasi behar dugula isiltzen. Erakatsi diedana baino gehiago erakatsi didate haiek niri.

Zein irakaspen atxikitzen duzu?

Errespetu handi bat. Arrantzaleak jaun batzuk dira, lehorreko gutik egin dezakete beraiek egindako bizia. Itsasoko bizia biziki gogorra da. Arrainen bizia, korronteak eta beste, jakintza handia dute. Eskifaia batean bizitzea ere ez da erraza, dozena bat gizon hain eremu motzean elkarrekin bizitzea, dena partekatuz, solidaritatea bada: ez da sare bat bakoitzarentzat, sare bat dute denen artean. Esperantzaz ere ikasi dut, hiruzpalau egunez arrainik ez ukaitea, baina etorriko direla pentsatzea. Maitasun handi bat ere bada. Lehorretik, emazteak eta haurrek uste dute aita itsasoan delarik urrun dela eta lehorreratzerakoan agertzen dela berriz maitasuna, baina ez, itsasoan maitasuna izugarri handia bada. Haien fedea ere atxikitzen dut. Sinesmena badute, baina kukutua, ez dutelako erakutsi nahi, ahul agertzearen beldurrez.

Zer da itsasoa zuretzat?

Zaila da erantzutea. Lurra eskutan hartzen ahal duzu, baina itsasoa ez, eskapatzen da. Olerkietan itsasoaz mintzo gara, baina berez, itsasoa definitzea zaila da. Itsasoa ez da definitzen, itsasoak definitzen zaitu, itsasoak egiten zaitu. Lurra Itsasoa deitu beharko genuen, %75 itsasoz egina delako. Erranen nuke jendeak batzen dituen eremu bat dela, itsasoko jendearentzako aberri bat bezala. Getarikoa, Istanbulekoa, Lekeitiokoa, Baionakoa edota Dakarrekoa izan, non nahikoa izanda ere itsasoko jendea biziki hurbil sentituko da itsasoko jendeaz. Boga gainetik erraten da itsasoak kontinenteak bereizten dituela eta jendeak batzen. Itsasoaren edertasuna ere aipagarria da: baleak, hegaztiak, arrainak, atunak antxoaren gibeletik... erakusten digu gure planeta biziki ederra dela. Bestalde, itsasoak biziki txiki sentiarazten gaitu, umiltasuna transmititzen digu. Izpiritualtasun iturri bat da.

Argazkiia: Dani Blanco CC-BY-SA

Aldi berean, lurreko mugak hetsirik, itsasoa trabeskatu nahian bizia galtzen dute anitzek.

Senegalen gazte batzuekin egon naiz eta hori dute ametsa, beraien herrialdeetatik ihes egin, ustez eta Europan zeru zati bat atzemango dutela. Zerendako irentsi ditugu Afrikako herri guztiak? Hango lurrak eta lehengaiak? Afrikako ekonomia garatzeko afrikarrekin egin beharko genuke bidea. Har dezagun Mbourreko portua: milaka eta milaka tona arrain dituzte, jendea dabil saltzen itsasbazterrean. Hor bada garatzeko manera, baina biharamunean arrainik ederrenak Parisen dira hegazkinez bidalita. Nola garatu haiekin ekonomia hori? Horretan da gakoa eta erronka. Bigarren erronka dugu hemen harrera egitearena. Laguntzen ditugu, hartzen ditugu mugan, ontzi bat atzematen diegu arrantzari lotu nahi dutenei, eskolaratzen ditugu, Baionako Pausa zentrora noa anitzetan... Solidarioak izan behar gara eta hor dugu desafio handia, batzuk nahiko lituzketelako Europako mugak hetsi. Zenbat afrikar hil ziren bi mundu gerretan? Milaka! Onak ziren gerran Frantzia defenditzeko eta bakearen fruitua ezin dezakete jasta?

Erresistentziako Eliza da zurea, oldarkorra. Bortxaketak, inposizioak, gehiegikeriak... errazki irauten duzu orri beltz andana dituen antolaketa horretan?

Elizaren burua Jesu Kristo da eta haren biziak, ebanjelioak, betetzen nau. Itsas Misioarekin ere dut lotura azkarra, eta horrek anitz ekartzen dit. Arrantzaleekin bide egite horretan ni ez naiz profeta edo egia-emailea, itsasokoekin bilatu dut bidea, eta hori munduan zehar. Egon naiz Asian gaindi, Taiwanen-eta, eta hor aldarrikatu izan dugu bestelako mundu bat esklabotasunik gabekoa. Ikusten dituzularik milaka jende ontziratuak, pagarik gabe, familiatik urrun, pasaporteak kendurik... ohartzen zara munduko ekonomia esklabotasunaren gainean eraikia dela. Eta horrek balio du arrantzarentzat, arropentzat, elektronikarentzat... Hori salatzen dugu itsas apostolutzan. Beraz, nik ez dut dolurik, justizia aldarrikatzen dut. Ez baldin bada justiziarik eta errespeturik, ez dut ikusten Elizak zer ekarri dezakeen. Erran behar dut bizian lagungarri izan zaizkidala, batetik, laikoekin egindako bidea, Ekintza Katolikoaren ildotik; eta bestetik, azken 50 urteetan bakegintzaren alde dabiltzan Euskal Herriko Apez Koordinadora eta Ipar Euskal Herriko Herriarekin taldea.
Hori erranik, noski, Elizan badirela hodei beltzak, ardi beltzak, otsoak eta salatu behar dira, kasatu behar dira. Liburuan kontatzen dut duela 55 urte, Antillasetan irakasle eta irakasleen delegatua nintzela, nola haurrak sexualki bortxatzen zituen gauez fraile batek. Superiorarengana joan nintzen eta gauzak zuzenduak izan ziren, kasatua izan zen ikastetxetik. Haur horien beldur-aurpegiak ikusten nituen, haien malurra sentitzen nuen. Gaur egun oraindik bada gizarte mailan izugarriko problema bat intzestuarekin. Frantzian haurren %15ak pairatzen du eta beren minaren berri ematen badute "haurkeriak" direla erantzuten zaie. Haurra da gizartean den ahulena, txikiena, eta aldi berean ederrena. Errespetatu behar ditugu haurrak.

Erresistentzia familia batean sorturiko haurra zara.

Haltsun (Lapurdi) sortu ninduten. Aita eta ama, baita aitatxi-amatxiak ere han ziren iheslari. Aita gudarien komandanteetariko bat zen, preso izana, heriotzara kondenatua, eta aitatxi-amatxiek ere ez zuten sekula beraien herrira itzultzeko paradarik ukan. Sortzetik irentsi dudan esnea euskaldun esnea izan da, sufritu duen nortasun batena, baina aldi berean, beti alaitasun batean, karnabaletan eta gero bestetan kantatuz, txistua joz, beste iheslari batek, Alfonsok, pianoa bazuen... Galtzaile ginen, baina garaileak ariman, bihotzean eta esperantzaz, Euskadi askatuta berriz ikusiko genuelakoan. Aita Gernikako Brigadan sartu zen 1945ean, faxismoaren kontra egiteko eta Gernikara joan eta gure herria salbatzeko. Nik beti ezagutu dut mahai luze bat etxean, jendea etortzen zen arroltze batekin, esne pixka bat gehitzen zitzaion eta arroltze moleta egiten zen. Txikia nintzen eta ikusten nituen jaten, gose handiz, eta geroztik maite ditut biziki arroltze moletak! Bazen ere mahasti bat, arnoa bagenuen, zapaltzen genuen mahatsa... Guzti horrek ematen dizu nortasun bat, ematen dizkizu erroak.

Politikaz mintzo zineten etxean?

Beti. Francoren itsuskeriak, nor zen preso, nor libratu zuten... Agirrerekin biziki lotua zen aita, beraz, beti aipatzen zen politika. Gero txikia zirelarik gehiago ikusten dituzu ondoko frontoia eta pilota jokoa. Baina, politika baino gehiago, aberriaren maitasuna dut oroitzen. Behin ikusi dut aita negarrez; Angelun ginen, dantza ikusgarri batean eta Agur Jauna kantatzerakoan ikus nuen negarrez. Gerlan eta presondegietan galdu zituen lagunak zituen gogoan. Itsuskeriak bizitutakoak ziren. Fedea ere bazen etxean, otoitz egiten genuen egun guztiz.

Gaur egun bizi dugun faxismoaren gorakadaz zein gogoeta duzu?

Nik ez dut pertsonalki faxismoaren zapalkuntza hori sentitzen; baina bai, ikusten dut politikaren esparruan. Uste dut denok dugula faxismoa gure baitan; horrekin erran nahi dudana da ez badiegu zapalduei elkartasuna bideratzen eta ez badugu aniztasunaren alde egiten, orduan faxismoak irabaziko duela. Garaian faxismoari aurre egitea zuten helburu nagusia, baziren militante anitz. Gaur egun gutxitu dira, edo doike, beste manera batez egiten da militantzia. Gaur egun faxismoa oinarritik dator, bakoitzak harresiak eraikita bere inguruan. Erraztasuna da norbera norbere biziaz eta lansariaz bakarrik arduratzea; baina laxoki bizitzeak badakar bere arriskua. Eta indar guztiak agintari edo nagusi baten eskutan uztea ere arriskutsua da. Herritarrak zenbat eta kontzienteagoak eta solidarioagoak izan, orduan eta toki gutiago ukanen du faxismoak. Eskertzekoak dira ezker-eskuin herrigintzan ari direnak, herriaren zerbitzari direnak, diruaren edo beraien interes propioen zerbitzari izan beharrean.

Argazkian, Epalza arrantzan ari.

Zure etxean egin zen nazioarteko adituen eta ETAko militanteen arteko armen entrega.

Gela honetan. Mahai honetan berean.

Zerk eraman zintuen proposamena onartzera?

Nik beti izan ditut harremanak militanteekin, ETAko jendeekin baita ere beste aldekoekin. Bitarteko lan anitz egin dut batzuen eta besteen artean. ETAkoek proposamena egin zidatenean nik ez nuen dudarik egin beharrari buruz. Norbaitek behar zituen arrisku horiek asumitu, zeren 2014a ginen, 2011n Aieteko Ituna izan zen, armak uztearen aldeko urratsa egin zen, baina nehork ez zituen hartu nahi, eta entregatzeko armak biltzen ari zirenak atxilotzen zituzten. Konbentzitua nintzen ETAren armagabetze hori sinesgarritasun osoz egiten zutela. Izan ziren aurretik bake prozesuak urperatu zirenak, baina oraingo honetan azpitik zetorren indar izugarri handia sendi zen, eta Iparraldeko agintari guziek bat egiten zuten bakebidearekin. Europako Parlamentuan ere egon ginen eta bakebidearen alde bozkatu zuten europarlamentariek. Prefetaren ikustera izan ginen, azaltzeko armagabetze horretan eskua sartu behar zuela, entzun gintuen eta ondotik Frantziako Gobernua ere inplikatu zen. Argi nuen nik, ez nuen dudarik. ETAkoek bizpahiru egun pasa zituzten etxean, dena gordeka, beldur handia bazuten. Baina aldi berean hor bazen gizarte berri bat sortzeko ilusioa eta nik hori nuen ikusten.
Igande goiza zen, meza nuen 09:00etan, elizara jin ziren nazioarteko bi adituak, ez ziren giristinoak baina ondotik elizatik honera egiteko. Atxik Berrituz liburuan kontatzen dugu giristino gisa bakegintza horren alde hamalau urte horietan egindakoa. Talde gisa egindakoa interesgarria da, baita pertsonalki bakoitzak egindakoa ere. Nik taldekoei kontatu nien gela honetan egon zirela armak, eta ez nuela sekula inori kontatua. Bultzatu ninduten lekukotasuna ematera. Enetako ez da beste munduko engaiamendu bat, zeren anitz jende mugitu da Iparraldean, anitz jendek eman du anitz Euskal Herriaren alde, bakearen alde, iheslarien alde, beste gizarte bat sortzearen alde. Ni katebegi txiki bat naiz kate horretan.

Hamar urte pasa dira ordutik. Gatazkaren konponketan eta herri honen aitortzaren bidean zein dira ikusten dituzun trabak eta indarrak?

Betiko indarrak hor ditugu, herrigintzak garrantzia handia du. Kontzientzia hartu behar dugu dugun aberastasun eta aniztasun horretaz. Iparraldean aniztasuna bizi izan dugu betidanik, dena den, azpian izanik ez genuelako beste biderik; baina bestaldean, bat bestearen kontra aritu dira, dela alderdien artean edo borroka armatua bai ala ez gatazkan. Gizarte berri batean gara eta lehengoko eskemak utzirik, indarrak batu behar ditugu. Horren kultura badugu? Ez dakit, eta hori izan daiteke traba, herri bat ez delako egiten bat bestearen kontra. Elkartu behar gara, lehen arerio izandakoa ezagutu behar dugu, eta horretarako espiritualtasuna beharrezkoa dugu. Lehen erlijioak ekartzen zigun eta orain beste nonbaitetik behar dugu indar hori bildu. Espiritualitatea ez da apez baten esku, jendeak eta herriak du indar hori. Beste traba handia dugu Espainia eta Frantzia beti hor ditugula. Nazioarte mailan ez dut ikusten nola joan gaitezkeen independentziari buruz. Ditugun bideetan behar dugu finkatu gure nortasuna: kulturan, hizkuntzan, ekonomian, elkarbizitzan. Herri hori eraiki, bide horiek garatu eta nazioarteko harremanak bultzatu behar ditugu.

Anitz jende mugitu da Iparraldean Euskal Herriaren alde, ni katebegi txiki bat naiz kate horretan

Eta euskararen bilakeraz zer diozu? Badirudi gure politikariek ez dutela serioski hartzen gaia.

"Euskadi askatuta" aldarrikatzeak eta euskara bazterrean uzteak ez du balio, euskarak egiten gaituelako euskaldun. Badu 80 urte sortua naizela eta euskarari dagokionez aitzinamendu handiak ikusten ditut. Ikasketak ez ditut euskaraz egin, euskara ez zen sekula-sekula santan erabili behar eskolan. Duela 50 urte, ikastola sortu genuenean Miarritzen, gizajoak ginen, sos pixka bat ukaiteko manifestazioak egiten genituenak. Peko errekan zen euskara, eta orduz geroztik egin den bidea ikusi behar da. Baina ados naiz zurekin, sobera fite lerratzen gara frantsesera, eta bada anitz egiteko. Lekitton liluratua gelditzen naiz itsasbazterrera joaten naizelarik eta denak euskaraz entzutearekin –lekittarrez gainera! Nire amari entzuten nion euskara entzuten dut haur txikietan eta horrek betetzen nau–. Nik alde onak ikusten ditut, baina badakit euskara geroz eta gehiago ikasia bada ere, geroz eta gutxiago erabilia dela. Frantzian hizkuntza ofiziala frantsesa dela dioen sistema hautsi behar da. Frantziak gerlaren bidez eta frantsesa inposatuz egin du bere herria. Hizkuntza izan da jakobinismoaren instrumentu handi bat eta desarmatu behar dugu lehertzen gaituen bonba hori. Konstituzioko bigarren artikulua aldatu beharra da, euskaraz egin ahal izan dezan nahi duenak, askatasun osoz.

Beste zerbait gehitzeko?

Eskerrak eman Euskaltzaleen Biltzarrari, liburua euskarara itzuli izanaz biziki kontent naizelako. Pêcheur d´hommes (Gizonen arrantzalea) deitzen da frantsesez, baina euskaraz Gizatasun arrantzale, gizatasuna emazteetan ere badelako eta berdin gizonetan baino gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
Patriarkatua aurkitu dute?

Erromako San Giovanni in Laterano plazan, errutinazko indusketa bat egiten ari zirela, arkeologoek IX.-XIII. mendeetako jauregi baten arrastoak topatu dituzte ezustean. Eta garai hartako aita santuen bizitokia izan litekeela uste dute. Bestela esanda, baliteke Patriarkatua... [+]


Robert Prevost estatubatuarra izango da aita santu berria, Leon XIV

"Bake zubiak eraikitzeko laguntza" eskatu dio jendeari balkoitik egin duen lehen agerraldian.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Larunbatean egingo dute Frantzisko aita santuaren hileta, eta maiatzean berria hautatzeko konklabea

88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.


Nafarroako artzapezpikua immatrikulatutako ondasunak itzultzeko prest, “epaile batek eskatzen badigu”

Iruñeko artzapezpiku Florencio Rosello eta Tuterako gotzain Joseba Segura Nafarroako Elizak immatrikulatutako ondasunak itzultzeko prest azaldu dira epaitegiek hala aginduz gero, baina inmatrikulazioak legezkoak izan direla defendatu dute.


Zein izango da Frantziskoren legatua?

Frantziskok "Franciscomanía" zeinuarekin hasi zuen bere Aitasantutza. Fenomeno soziologiko horri esker, Vatikanoko boterearen zirrikituak aldez aurretik ezagutzen ez zituen gaztetasunaren ikono eta Elizako aldaketa-haizeen intsuflatzaile bihurtu zen.

Era berean,... [+]


Betharramgo indarkerien berri “komunikabideen bidez” hartu izana zehaztu du Baionako apezpikuak

Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Betharrametik Uztaritzera, ikastetxe katolikoetako indarkeriak argiratzeko lekukotasunak

Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Betharramen jasandako indarkeria fisiko-sexualaren biktimak eta ikastetxeko ordezkariak, aurrez aurre

Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]


José Manuel Uriagereka. Frantziskotarra Hego Korean
“Koreara joan ginenok euskara ederto kontserbatu dugu”

Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.


Eguneraketa berriak daude