Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Bizitza erdigunean jartzeko abagunea ikusi genuen feministok zein ekologistok Covid-19 pandemia garaian. Ez ginen inozoak, bagenekien boteretsuak eta herritar asko gustura itzuliko zirela betiko normaltasunera. Bereziki, konfinamendu samurra pasa zutenak haien txaletetan edo luxuzko baserrietan.

“Kaka ongarri bihurtu” erreportajea publikatu nuen orduan ARGIAren Gakoak aldizkarian. Esperientzia komunitario inspiragarriren bat jaso nuen, baita etxeko langile eta zaintzaile egoiliarren muturreko esplotazio egoerak ere. Bai, dirudunen txaletetan edo luxuzko baserrietan lan egiten zuten horiek. Bada, bost urteren ondoren, mundua are kakaztuago dago.

Donald Trump eta Javier Milei buru dituen amesgaiztozko erreakzio belizistaren testuinguruan, jakin dugu Euskal Herriko enpresarien Zedarriak foro ekonomikoan “defentsaren industria” suspertzea proposatu dutela, Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren oniritziarekin.

“Euskal Herria PostCovid-19” izeneko manifestua sinatu zuten unibertsitateko irakasle eta ikerlariek “Armagintza industria ez da bide(zko)a” manifestua zabaldu dute orain, gerrako industria indartzeak dituen inplikazio etiko, ingurumeneko, ekonomiko eta sozialak salatzeko, eta eredu ekonomiko bidezko eta jasangarriagoa aldarrikatzeko.

Bestetik, martxoaren 30a etxeko langileen nazioarteko eguna izan da, eta Emakume Migratu Feministak Zaintzaile Soziosanitarioak elkarteak komunikatua zabaldu du salatzeko egoiliar modalitateak “praktika arrazista, kolonial eta, ondorioz, faxistak” betikotzen dituela: “Jarraitzen dugu ikusezin, esplotatuak, baztertuak, deshumanizatuak, gizarte eta legealdi baten aldetik, nahiago dutenak bere pribilegioen erosotasunetik beste alde batera begiratu eta emakume migratu eta arrazializatuen gorputzak berenganatu zaintza sistema arduragabe bati eusteko”. Funts putreek eta enplegu-enpresek berenganatua, gogoratu dutenez.

Zer lotura dauka internen egoerak armagintzaren industriarekin? Dena, Palestinako genozidioak eta otsoaren ehizak bezala (ikusi pasa den asteko zutabea). Ekonomialari feministen hitzetan, kapital-bizitza gatazkaren adierazle garbiak dira. Ez da bakarrik batzuek zaintzen dutela beste batzuek suntsitu nahi duten mundua. Suntsiketa prozesu horiek kondenatzen dituzte emakume migratuak gure kaka garbitzera.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude