Gasteizko Jimmy Jazz aretoak 15 urte bete ditu aurten. Ospakizunetarako jaia, zarata eta estimuluak bilatu ohi ditugu maiz; kontrako hautua egin du aretoak, ordea: tempoa jaitsi eta hausnarketarako tartea ireki. Ez dago kerik surik gabe mahai inguru zikloa antolatu dute urritik azarora bitartean, lau astelehenetan, kulturaz eta hori gurutzatzen duten auzi politiko eta sozialez jarduteko: makrofestibalak, artea eta politika, euskal eszena eta adimen artifiziala izango dira gai nagusiak, eta dozena bat gonbidatuk hartuko dute parte.
Artearen eta politikaren arteko harremanari buruzko eztabaida tradizio luzekoa den arren, ez da agortu, eta eguneratu eta garaiari egokitu zaio. Nola ulertzen du hizlari bakoitzak?
“Bi korronte nagusi egon dira auzi honi heltzeko”, sintetizatu du Mikel Cthulhu Cosmic Tentacles Studio-ko kideak: “Bata, artea borrokarako erreminta gisa ikusi duena, eta bestea, artea arte hutsagatik egin behar dela dioena, politikarekin zikindu gabe. Jakin badakigu, baina, artearen atzean intentzio politikoa beti dagoela, era batekoa edo bestekoa”.
Bizipen propiotik hitz egin du Belén Nevado antzerkilariak. Teatroa “deseraikitzeko erreminta” izan da beretzako, ideiak modu sortzailean plazaratu eta irudimenaren bidez hausnarketa pizteko. “Egiten denaren atzean, beti dago mezua”, dio, baina ez da kontzientea halabeharrez. Bere kasuan, “erraietatik ateratzen zitzaiona” egiten zuen, eta “feministak etorri behar izan ziren esatera hori feminismoa zela”. Horrek norabide bat eman ziola uste du.
Musikara etorrita, J Martinako Kattalin Barcenaren arabera, “oso garai despolitizatuak” bizi ditugun arren, egiten den musika ez da inola ere apolitikoa, “inoiz baino gehiago dago integratua ideologia kapitalista edo ez-iraultzaileetan”. Horregatik, ez dago politikoa ez den musikarik, bere iritzian. Areago: “Prozesu artistikoan uneoro hartu behar dituzu erabakiak, zer esan, norekin sinatu eta abar, eta erabaki horiek guztiek dituzte ondorio politikoak”. Bereizi behar dena zera da, beraz: kontzientzia eta konpromiso politikotik sortzen den musika; eta hori egiten ez duena, horretarako bokaziorik ez duena.
“Posizionatzen ez direla diotenek nagusiaren ahotsa erreproduzitzen dute”, berretsi du Fermin Muguruza musikariak. Politikariek ez beste inork politikan inplikatu behar ez dutenaren ideia gainditua dagoela uste du, historia josita dagoela kontrakoa frogatzen duten adibideez: “Gizartea eraldatzen lagundu duten mugimendu guztiek izan dute soinu banda propioa, ikusi besterik ez dago Kongo, Jamaika, Aljeria, Hego Afrika…”.
Fermin Muguruza: "Ofentsiba kultural bortitza jasaten ari gara, adibidez 'La infiltrada' filma"
Beste garai bat
Hizlari guztiek esan dute, ordea, beste garai batean gaudela, eta gizartea aldatu den bezala, beste era batekoak direla egungo sorkuntza-prozesuak eta esperientzia artistikoak. “Zarata handia” bizi dugula sentitzen du Cthulhuk, sare sozialen eraginagatik, besteak beste, eta arrazoi franko ditugula pesimista izateko. Nevadok ere esan du, pentsatzen jarrita, beltz ikusten duela mundua. Unean unekoa soilik bizi dugula iruditzen zaio, dena pasatzen dela azkar, markarik utzi gabe.
Bere belaunaldiaren sentimendu orokorra deskribatu du Barcenak: etorkizunik ez, gauzek hobera egin dezaketen ortzimugarik ez, proiektu kolektiborik ez kalean. Eta horrek eragina du musikan, jakina. Gizartean ez badago kolektibotasunik, bakoitzak beretik sortzen du: “Niri hau edo bestea gertatzen zait, iritzia ematen dut edo posizionatzen naiz une jakin batean agian”. Baina musikak ez du islatzen kolektibo baten proiektua: “Orain dagokigu pentsatzea hori nola egin, irudimen politikoa eta artistikoa erabiltzea, erreferente historikoak ezagutzea”.
Bere belaunaldiko jendeari ere nabari dio etsipena Muguruzak. Beti izan da nostalgiaren aurkakoa, baina anaia hil zenetik, aitortu du, gustuko duela lehengo kontuez eta borrokez oroitzea: Cicatrizekin Gasteizen gertatutakoak, bertan ziren gazteek Polizia nola bota zuten atzera jai alternatiboei eraso egin ziotelako… Argi dio, ordea, inoiz ez duela esango iragana beti hobea denik: “Inola ere ez, hoberena etortzeke dago”.
Eta zer dator gurean?
Zentzu horretan, euskaraz musika egiten ari den belaunaldi berriak ematen dion pozaz mintzatu da Muguruza, zirrara ahotsean ere nabari zaiola. “1990eko hamarkadan zigilu bat egin genuen estilo guztietako taldeek euskaraz kantatzeko aukera izan zezaten, eta orain dagoen eszena ikustea hunkigarria da, baita zirkuitu alternatiboa indartsu dagoela sentitzea ere”.
Poza azaldu du Barcenak ere. “Hala ere”, gehitu du: “Ezin dugu ahaztu Euskal Herrian BECa betetzen ari diren taldeak egiten ari direna; ezeri buruz ezer ez esatea, testuinguru honetan, esperantza faltsua sortzea da jendeari, positibismo faltsua sustatzea”. Amorrua adierazi du Nevadok ere, fribolitatea gailendu dela iruditzen baitzaio, erosoegi bizi garela. Gertatzen ari den guztiarekin eta, zehazki, palestinarren aurkako genozidioarekin, ez du ulertzen nola den posible “dena gelditu ez izana”.
Ilusioz bizi du Muguruzak J Martinaren kontzertuetan, adibidez, jendea kantatzen eta dantzatzen ikustea, eta indar horrek eraman behar gaituela adierazi du: “Kasu egin behar diogu datorren belaunaldiari”. Komunitatea eta bizitza ospatzen jarraitu behar dugula uste du, eta musikak hil hala biziko papera duela horretan.
Erronkak ere badira. Esaterako, euskarara ekartzea Euskal Herriko bestelako errealitateak. Muguruzaren esanetan, orain dela hogei urte bazirudien atzerriko musika etorriko eta egonkortuko zela gurera; Afrika Bibang-en adibidea ipini du, Ekuatore Gineako jatorriko musika beltza. Baina ez da hori gertatu, Muguruzak dioenez: “Hori falta zaio euskal musikari, ez dugu lortu batzea Euskal Herrian dagoen kultur aniztasun guztia”.
Zer esan daitekeen eta zer ez, nork erabakitzen du?
Zentsura eta errepresio kasuez jardun dute hizlariek. Estatu egituren ahuldadea erakusten ote duten galdetu du Cthulhuk. Barcenaren ustez, ordea, ez dugu geure burua defendatzeko gaitasunik. “Eta larriena kartzela da”, gehitu du, “baina zentsuraren eraginez zentzu komunean normalizatzen ari da adierazpen askatasunik eza”. Jasaten ari garen “ofentsiba kultural bortitza” ere salatu du Muguruzak, bereziki zineman, eta adibide bezala jarri du La Infiltrada filma.
Kattalin Barcena: "Ezin dugu ahaztu Euskal Herrian BECa betetzen ari diren taldeak egiten ari direna; ezeri buruz ezer ez esatea, testuinguru honetan, esperantza faltsua sortzea da jendeari, positibismo faltsua sustatzea"
Komunitatearen barneko kontraesanak eta tabuak azaleratzeko ere balio du arteak. Nevadok ondo daki. Antzezlan batean, hilekoaren odolarekin zikindu zuen arrosario bat, borobila iruditu zitzaion: “Kanpora zuen arrosarioak gure obarioetatik!”. Harritu egin zuela dio jendearen erreakzioak, punkenei eta militanteenei ere “gehiegizkoa” iruditu zitzaiela, antza.
Artearen ahalak eta ezinak
Gauzak horrela, zer egin? “Errealismo kapitalista” arrakalatu behar dugula uste du Mikel Cthulhuk eta horretarako arteak baduela abantaila, politika edo filosofiarekin alderatuta, irudimenari eta emozioei zuzenago apelatzen dielako. Barcenaren ustez ere agitaziorako balio du arteak, amorrua sentitzeko, kolektiboa indartzeko, eta beharrezkoa da. Baina arteak berak bakarrik ez ditu gauzak aldatzen, ikuspegi zabalagoa behar da. “Gauzak antolakuntza politikoak aldatzen ditu, eta arteak mugimendu hori lagundu behar du”, esan du Barcenak.
Ildo berean, palestinar musika talde batek elkarrizketa batean esandakoa oroitu du Muguruzak: “Badakite musikak ez duela geldituko gerraren makineria, baina Bertolt Brecht-en esaldi famatua errepikatzen dute, Garai ilunean, kantatuko dugu? Bai, garai ilunari buruz kantatuko dugu”.
Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana.
Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia.
Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]
Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.
-------------------------
Orquestra de la Comunitat Valenciana... [+]
Euskal diasporaren Boiseko Jaialdiaren testuinguruan, Etxepare Euskal Institutuak eta AEBetako euskal erakunde NABOk euskararen irakaskuntza sustatzeko akordioa sinatu dute. Hori horrela, AEBetako Euskal Etxeek euskara "sustatuko eta trinkotuko" dute, eta Jaurlaritzak... [+]
Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]
Zer: “Requiem (s)”. Ballet Preljocaj.
Koreografia: Angelin Preljocaj.
Eszenografia: Adrien Chalgard.
Argiztapena: Éric Soyer.
Jantziak: Eleonora Peronetti.
Bideoak: Nicolas Clauss.
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren... [+]
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde
Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]
Goizegi Hiltzeko
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.
Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso urruñarrak:... [+]
Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]
Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]
Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]
Chantal Akerman zinegile eta lankidea hil eta hamar urtera, haren ondarea zabaltzen buru-belarri jarraitzen du Claire Atherton muntatzaileak. Gaurkoan, ordea, Athertoni bere ibilbideaz galdetu nahi izan diot bereziki. Gasteizen, Artium museoko areto batean hartu gaitu,... [+]