Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Idatzi nuen behin esnea gainezka nola, halaxe hurbiltzen ginela batzuk zutabeetako orrialde zurira; ezin barruan eutsi, ezin azaldu gabe utzi. Presaka idatziak dirudite, presaka irakurtzeko dirudite. Esan genuen bazirela gerorako utzi beharreko gaiak ere, mingarriegi izaki, forma eman ezinez. Zutabegile guztiok ikusten dugu geure burua noizean behin zerrenda zutabeak egiten, hainbeste horroreren artean aukeratu ezinik. Badira “ezin dut gehiago” zutabeak ere. Badaude “ezin dut gehiago” egunak ere, asteak ere.

Baina tantaka… Batek ekartzen dizu landare bat, kaktus txiki bat, badakielako ez duzula ureztatuko. Beste batek bidali dizu onddo baten argazkia, bere bailara kuttunean hartua. Kanta bat, kursia, behar bezain kursia beste batek. Bilera hasi baino lehen esku bat zureari eusten, burua altxatu, eta begirada bat, zu eusten. Ikasle baten mezua “eskerrik asko ematen diguzun konfiantzagatik”. Gutun bat eskutik eskura emana, papera borobil batean zimurtuta zakarretarako balitz bezala. Baina kutun bat da, poltsikotik hunkitzen duena. Bazkari bat bere balkoian, kuxinetan eseri eta Martini botila hustu. Joan lasai, egongo naiz ni umearekin. Zu eta haurra pasatzeko portaleko ateari eusten dion bizilaguna, eta irribarre egiten dizuna, “animo”. Akorde batzuk bere gitarran.

Badaude “ezin dut gehiago” egunak ere, asteak ere. Eta ahal izateko, leihotik begiratu eta edertasuna identifikatzen jakin behar da. Batzuetan zerua da, besteetan txokolatezko turroia. Baina gehienetan, dezepzionatu gaituen giza espezieko kide baten keinu bat da. Eta edertasuna arnasteko gai naizenean, oso lista sentitzen naiz. Edertasuna da ikasgai garrantzitsuena. Begiratu ondo.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude