Mapen lorratza herri baten historian

  • Kartografiak herri edo lurralde baten ezaugarriak baino askoz gauza gehiago adierazten dituela jakina da. Mapak eskuan konkistatu dira kontinenteak eta eraiki dira inperioak historian zehar, eta eskoadra zein kartaboiez definitu dira identitate kultural eta politikoak. Euskal Herria bezalako “historiarik gabeko” herriak atzerriko begiekin marraztu izan dira sarritan, baina euskaldunak, grafikoki irudikaturiko subjektu izaten jarraitu dute hala ere. Imago Vasconiae atlasak arrasto horri jarraitzeko aukera ematen digu orain.

Claudio Ptolomeo astronomo greziarrak mapa oso zehatzak egiteko oinarriak jarri zituen II. mendean. Geroztik iturri baliotsua izan da, 1478ko honako mapa hau egiteko kasu. Bertan, egile klasikoek egindako gens edo
Claudio Ptolomeo astronomo greziarrak mapa oso zehatzak egiteko oinarriak jarri zituen II. mendean. Geroztik iturri baliotsua izan da, 1478ko honako mapa hau egiteko kasu. Bertan, egile klasikoek egindako gens edo "tribuen" sailkapen zabaldua ageri da (baskoiak, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak...), baita hainbat toponimo ezagun ere.Imago Vasconiae / Txalaparta
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

1050. urte inguruan Europako Mendien altzoan bizi zen monje beneditar batek margo gorri, hori, urdinxkak erabilita, zirkulu obalatu bat trazatu zuen pergaminoan, eta pixkanaka, inguratzen zuen espazioaren eta bizi zuen denboraren irudia marrazten hasi zen pazientzia osoz ahalik eta zehaztasun gehienez, kristau erlijioko Apokalipsia ere azaldu nahian. Monje hark, Liébenako Beatoak, ezagutzen dugun mapamundi zaharrenetako bat egin zuen, eta Europako kontinentearen ertz batean, Pirinioen iparraldean, honako hitza idatzi zuen: UUasconia.

Landetan, Aturri ibaiaren ondoan dagoen antzinako Gaskoniako Saint Serverreko monasterioko eskuizkribu batean gorde da mapa hori, eta material kartografiko batean Euskal Herria kokatzen den lurraldearen erreferentzia zaharrenetakoa dugu seguruenik. Beatoak itsasoz inguratuta irudikatu zituen kontinente guztiak duela mila urte, eta eguzkia eta ilargia haien inguruan, Lurra laua balitz bezala. Mapek norbere errealitatea islatzeko balio izan baitute mendeak joan mendeak etorri, edo errealitatea norbere ideietara ekartzeko.

Saint Serverreko mapamundia da Imago Vasconiae. Euskal Herria: kartografia historikoaren atlasa (Txalaparta, 2024) obra aurkeztu berrian ageri zaigun bigarren mapa, lehenengoa Abauntzeko harriarena da, milaka urte batzuk lehenago egina (ikusi beheragoko koadroa). Bilduma hori, herri honen historiak zuen hutsune handi bat betetzeko asmoz osatu dute Jose Mari Esparza idazleak eta Ramón Oleaga ikerlariak. Gaian adituak biak hala biak, esperientzia luzekoak mapagintzaren ikerkuntza arloan, eta urte eta ordu askotako lana da honako atlasa.

Saint Serverreko monasterioko mapamundia, itsasoz inguratuta.

“Lehenengo hautaketan nola edo hala gure lurraldea islatzen duten milaka adibide atzeman genituen, eskala handiagoan edo txikiagoan”, azaldu du Oleagak bildumaren aurkezpenean. Horretarako herrialde ugaritako liburutegi eta museoetako katalogoak hustu dituzte, baita erakunde espezializatuetako funtsak ere, hala nola Kataluniako Institutu Kartografikoarena edo Espainiako Institutu Geografiko Nazionalarena. Hurbilketa “trauskil” horretatik 800 mapako corpusa osatu zuten eta atlaserako 300 pasatxo hautatu dituzte, “gure ustez, historiaren joanean gure herriak izan duen irudikapenaren berri ematen dute”, dio ikerlariak.
Emaitza ia 450 orrialdeko koloretako edizio zaindu bat da, mapa bakoitzaren detaile ñimiñoena ez galtzeko, azalpenak euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez dituela. Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratu dute, eta Laboral Kutxaren finantzazioari esker.

Liédenako Beatoak 1050 urtean egindako mapamundiaren xehetasuna, UUasconia hitza irakur daiteke Pirinioen iparraldean, Saint Serverreko monasterioaren irudi ondoan.

Baina atlasari garrantzia ez dio ematen biltzen duen zorroak, baizik eta bere edukiak eta intentzionalitateak. Izan ere, lehendik Euskal Herriko mapen inguruko hainbat katalogo argitaratu izan bada ere, lurraldea globaltasunean hartuko zuen obra baten falta sumatzen zela diote egileek. Hala, Esparzaren aburuz atlasak lagunduko du “Baskoniak historian zehar izan duen bilakaera ulertzen”. Kartografia sortu zenez geroztik, ez baita lurra neurtu eta azaltzeko zientzia hutsa izan, ekintza politikorako tresna bat baino.

Mundu esferiko baten proiekzioak

Zaila da esatea sorturiko lehen mapa zein izan daitekeen. Harrian zizelkatu edo marrazturiko hainbat eta hainbat adibidek adierazten dute Historiaurrean jada inguratzen zuten espazioaren jakitun zirela gizaki ehiztari eta biltzaileak. Ekialde Hurbilean, Antzinaroko zibilizazioetako hiriak irudikatzeko muralak aurkitu ditzakegu, baita lehen Imago Mundi (Munduko Mapa) omen dena ere: K.a IV. mendeko oholtxo babiloniarrak Lurraren ikuspegi mitologiko bat eskaintzen du. Txinan berriz, Qin dinastiaren aurretik dataturiko mapak azaldu dira indusketa arkeologikoetan.

Geroago, greziarrek eta erromatarrek teknika kartografikoak sofistikatu zituzten erabilera militarrerako. Claudio Ptolomeo astronomo greziarrak II. mendean mapa osoak egiteko gidalerroak eta materialak eskaini zituen Geografia izeneko lanean, milaka toponimorekin. Hurrengo mendeetan Ptolomeo oinarrizko erreferentzia izan zen mapagile askorentzat, eta adibidez, XV. mendean bere lana lehen aldiz inprimatu zutenean, iturri klasikoetako gens eta lekuen izenak ageri zaizkigu euskal lurraldeetan kokaturik.

Abauntzeko mapa historiaurreko gizakiak grabatu zuela uste dute adituek eta mendiak eta ibaiak daude irudikatuta, animaliekin batera. Argazkia: Imago Vasconiae / Txalaparta
Abauntzeko kartografoak

Seguruenik munduko mapa zaharrenetako bat dugu Abauntzeko Mapa edo Abauntzeko Harria deiturikoa, nazioarteko zientzialariek ere aitortu dutenez. Izen bereko haitzuloan aurkitu zuten 1993 inguruan arkeologoek, Ultzama haranean, Arraitzen, eta urte luzetan aztertzen ibili eta gero, 2009an baieztatu zuten dokumentu kartografiko baten aurrean egon gaitezkeela.

Pilar Utrilla Zaragozako Unibertsitateko Historiaurreko katedradunak aztertu zuen harria, Carlos Moza doktorearekin batera. Utrilla 1976an hasi zen indusketa lanak egiten Abauntzeko haitzuloan, Joxe Migel Barandiaran antropologoak bultzatuta, eta handik urte batzuetara aurkitu zituzten grabatuak.

Kalkulatu dutenez, mapa duela 13.660 urte egin zuten historiaurreko gizakiek, Magdalenaldian, hogei zentimetro luze baino txikiagoa den errekarri zapal batean. Ikerlarien arabera, haintzulotik gertu dagoen San Gregorioko haitzak daude irudikatuta, baita bere oinean dagoen pasabidea eta Zaldatzain erreka edo handik oso urrutira ez dauden padura batzuk ere. Gainera, oreinen eta beste animalia batzuen irudiak ere ageri dira: "Bozeto bat izan daiteke, edo mapa soil bat. Edo hurrengo ehizaldirako plana irudikatu dezake, edo agian jadanik gertatu den zerbaiten kontakizuna da", diote ikerlanean. Auskalo.

Nolanahi ere, Abauntzeko maparen tesiari funtsa ematen dioten beste kasu batzuk ere badaude, inguruko paisaiaren irudikapenak direla uste baita. Romanelli aztarnategian esaterako, Italian, erreka baten meandroak identifikatu dituzte, baita Gargaseko haitzuloaren sabaian ere, Okzitanian, agian Garona ibaiarenak izan daitezkeenak.  

Izan ere, duela milaka urte sua egin, ehizan aritu eta labarretan margolan ikusgarriak egiteko gai baziren, naturarekin sinbiosian bizi ziren gizaki haiek zergatik ez zuten inguruan zuten geografia ere marraztuko?

Monasterioetako ikuspegi kosmologiko erlijiosoz egindako mapek agindu zuten Erdi Aroan –Liébenako Beatoaren tankerakoak–, baina XVI. mendetik aurrera, Europako potentzien espantsionismoak ekarri zuen karta nautikoak edo portulanoak ugaritzea, estrategikoak eta funtsezkoak baitziren lurralde berrien konkistarako. Enperadoreek kartografo adituei agindu zieten euren inperioetako lur eta itsasoak zehazki definitzeko eta altxor sekretua bailiran gorde zituzten, soilik militarren eskuetan.

Atlasari garrantzia ez dio ematen biltzen duen zorroak, baizik eta bere edukiak eta intentzionalitateak: euskal lurraldea globaltasunean hartuko zuen obra baten falta sumatzen zen

Arrazakeriak eta europar supremazismoak goia jo zuen garaian, XIX. mendean, menderakuntza eta esplotaziorako tresna indartsua bihurtu zen kartografia. Esploratzaile eskoziarrek kobre eta kobaltozko hobi erraldoiak zehaztu orduko, Belgikako Leopoldo II.ak Kongoren genozidioari ekin zion, adibidez. Afrikaren mapa geopolitikoak dituen lerro zuzenak kolonialismoaren orbain biziak baino ez dira. Eta eskala eurozentrikoz iritsi dira guganaino gainera, Gerardus Mercator flandriar geografoak 1569an munduaren proiekzio amorfoa zabaldu zuenetik –Europa eta Ipar Amerika zabalagoak balira bezala erakusten ditu– irudi hori gailendu baita, gizon zuriak mundua dominatzen zuen garaiaren ikur.

“Garai hori ezin da eternizatu gutxiengo horrek sorturiko munduaren irudi geografikoa behin eta berriz erabilita”, idatzi zuen Arno Peters zinemagile eta historialariak. Esan eta egin: 1974an, duela mende erdi, bere ustez munduaren mapa justuagoa zena marraztu zuen. Petersen proiekzioan oinarrituriko Lurraren planoa hamaika hizkuntzara itzuli da geroztik, baita euskarara ere.  

Giacomo Cantinelli kartografoak makina bat mapa egin zituen Giovanni Giacomo de Rossi argitaratzailearekin batera. Orrialde honetan ageri dena 1690ean kaleratu zuten Erroman, eta Nafarroako Erreinuaren merindadeak irudikatu nahi ditu. Baina egiazki, Euskal Herriko lurralde osoa hartzen du, Pirinioetako bortuez iparralderako eta "Bizkaiko aldeko" eremuak barne. Argazkia: Imago Vasconiae / Txalaparta

Herri bat, hamaika izen

Eta euskaldunok? Non eta nola kokatzen gara kartografiaren lubakietan? XVIII. mendetik aurrera, herri bat subjektu gisa aitortua edo gutxienez ikusia izateko, ezinbesteko zuen karta eta mapetan agertzea, erakusleiho hori gabe existitzen ez zen “historiarik gabeko” herria omen zelako.

Euskaldunak bizi ziren lurraldeari hamaika modutan deitu izan diote atzerriko begietatik iraganean. Estrabonek duela bi mila urte baino gehiago lehen deskribapena egin zuen: “...haratago Baskoien herria dago, eta hor Pompelon aurkitzen da, Pompeyópolis esatea bezala dena...”, azaldu zuen.  Mende parrastada bat geroago, 1571n Joanes Leizarragak Heuscal-herria hitza idatzi zuen lehen aldiz, Testamentu Berria itzultzerakoan.

Garai hartako beste “mapa batzuetan, Nafarroa edo Navarra ikusiko dugu lurralde osoari deitzeko”, azaldu du Esparzak Imago Vasconiae-n, eta XIX. mendean aldiz, antropologo eta hizkuntzalarien bidaien ondorioz kartografia gero eta oparoagoa argitaratu zen, baina “lurraldearen erdarazko izenak ugaritu ziren, bateratu ordez”, dio idazle tafallarrak.  

1821ean, Franz August von Etzel militar prusiarrak Europaren Völkerkarte edo nazioen mapan adierazle etnolingustikoak ere erantsi zituen, eta argi eta garbi nabarmendu zuen "Basken" hitza euskal lurraldeetan, estatu-nazioen mugak erdibitu gabe. Euskararen hedapena Erribera baino pixka bat gorago ageri zaigu irudi horretan, oso eremu zabalean oraindik. XIX. mendean halako mapak ugaritu ziren, bidaiari eta hizkuntzalarien eskutik. Argazkia: Imago Vasconiae / Txalaparta

1801eko apirilaren amaieran Wilhem Humboldt intelektual eta diplomatiko prusiarrak Euskal Herrira egingo zuen bigarren bidaiari ekin zion Parisetik. Bi urte lehenago lurraldeotatik lehen aldiz igaro zenean txundituta geratu zen euskaldunen hizkuntza eta ohiturekin: “Frantziako eta Espainiako bi mugen barnean bizi arren, izaera eta itxura guztiz berezia dute”, idatzi zuen Die Basken liburuan. Baina antropologia konparatua aplikatzerakoan, Humboldt segituan jabetu zen euskaldunek bizi zuten egoeraz eta patuaz: “Zorigaiztoko herri honek bere izenaren batasuna ere galdu du”, azaldu zuen, segidan baieztapen irmo bat egiteko: “Euskal Herri frantsesean, probintzia baskongadoetan eta Nafarroan barreiatutako herri osoa: euskaldunak [dira]”.

Esparzari bezalaxe, atlasa testuinguru historikoz jantzi duen Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedradunari ere esanguratsua egin zaio Humboldtek azaldutako izenaren madarikazio hori, Sarako Joanes Etxeberrik eta beste egile batzuek aspalditik eta konplexurik gabe aipatzen zituztelako euskaldunak, “baita Euskal Herria izena bera ere, Zuberoatik Bizkairaino lurralde osoa adierazteko”, dio katedradunak.

Iberiar Penintsulan inprimitutako lehen mapa modernoa Francesco Berlinghieri florentziarrak egin zuen, baina euskal lurraldeak ez zituen oso ongi kokatu, Bizkaia egungo Asturiasen jarri zuen. Argazkia: Imago Vasconiae / Txalaparta

Agirreazkuenagaren esanetan “subjektu eta eragile horiek, euskaldunak, ez dira denboragabeak, ezta ‘berezkoak’ ere, eta hainbat mapetan grafikoki irudikatu den espazio batean bizi dira, eta kontakizun eta istorioen bidez bere buruaren jabe ageri zaizkigu. Hartara, gehiago edo gutxiago, beren buruaren kontzientzia, ipseitatea erakutsi dute”. Beraz, existitzeko modu bat ere badira mapak: aita Manuel Larramendi XVIII. mendean euskararentzat hiztegia eta gramatika ontzen saiatu zen gisan, bidezkoa da kartografia bat osatzea, euskaldunok gure historiaren parte izan gaitezen.

Egile batzuek aspalditik eta konplexurik
gabe aipatzen zituzten euskaldunak,
baita “Euskal Herria” izena bera ere

Mapen zooma hurbiltzen

Mapak, izenak, irudiak eta ikurrak elkar lotuta, puzzle baten moduan argazki konplexu bat osatu dute Esparzak eta Oleagak Imago Vasconiae-n, Euskal Herriaren koordenada historiko guztiak balitu bezala.

Atlasa hasten da Ptolomeoren informazioetan oinarrituriko mapekin, gero Biscaya eta Biscaien izenak dakartzaten karta nautikoak nagusitzen dira. Hasierako zati honetan badaude baita ere Nafarroako erresumako merindadeak –Pirinioetako bortuen iparralde zein hegoaldekoak– zehazten dituzten mapak. Adibidez, Giacomo Cantelli kartografo ospetsuaren irudi batek, Erroman 1690ean egina, Behe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdi aipatzen ditu Nafarroaren mapan, baita “parte della Biscaia” (Bizkaiko eremua) delako lurraldea ere, Kantauri ertzean.

XIX. mendea gatazka ugaritan murgildu zen eta armada handien behar militarrak asetzeko mapa joriagoak ugaritu ziren orduan. Baina korronte liberalek herrien benetako izatea estatu-nazioetara kimatu zuten, eta ondorioz, sarri askotan, Euskal Herriko lurraldeak zatikatuta agertzen ziren mapa horietan. Bazeuden ordea salbuespenak, 1817an Independentzia Gerraren harira Aaron Arrousmith grabatugile britainiarrak egindakoa kasu: marra horixka eta lodi batek lau probintziatako ertzak zeharkatzen ditu, egungo Hego Euskal Herriaren soslai kasik iguala irudikatzeko.

Euskalerriko Agerkai Lurkindarra, 1905ean argitaratua, euskarazko izenburua daraman ezagutzen den lehen mapa.
Hizkuntzak eta euskara mapetan

Euskal Herriaz historian zehar bereziki ekoitzi den kartografia, oso loturik egon izan da euskararen hedapen eta erabilerarekin. Imago Vasconiae atlasean horren adibide esanguratsu batzuk ditugu.

1730ean Gottfried Hensel hizkuntzalariak Aita Gurea otoitz kristaua erabili zuen Europako hizkuntzak mapa batean kokatzeko, eta Iberiar Penintsularen iparraldean euskarazko moldean jarri zuen: Gure aita cerue tan aicena...

Euskaren hedadura irudikatzeko lehen mapa segur aski 1810ean egin zuen Eúgene Coquebert de Montbretek. Horren ostean, beste asko gauza bera egiten saiatu ziren, C.F. Weilandek txekierazko Europako hizkuntzen mapako zerrendan Baskowé ere sartu zuen, adibidez. Askoz ezagunagoak dira Louis Lucien Bonapartek 1863an osaturiko euskalkien mapa izugarri zehatzak.

Euskarazko izenburua duen lehen mapa jakina 1905ekoa da: Ramon Adán de Yarza ingeniari bilbotarrak egindako plano geologikoa edo Euskalerrico Agerkai Lurkindarra. Eusko Ikaskuntzak, bestalde, 1922an Euskal Herriko zazpi probintzien mapa moderno bat egitea agindu zuen, euskarazko izenekin. Hortik aurrera erakunde askok jarraitu zioten bide horri –1936tik diaporan inprimatu ziren batez ere halakoak–.

Bada 1961eko mapa bat, Francoren diktadura betean Donostian egindakoa eta egile ezezaguna duena. Euskal Herriaren mapa hori euskaraz dago osoki, legendak eta guzti, eta ertz batean Joanes Etxeberri Ziburukoaren aipua dakar: "Iruñea, euskaldunen hiri buruzagia".  Horrek erakusten du momentu zailenetan ere kartografiak balio izan duela nortasunak berresteko eta aldarrikapenerako.

1979an Jose Luis Lizundia euskaltzainak eskala eta kalitate handiko mapa baten argitalpena zuzendu zuen Caja Laboral-Euskadiko Kutxarentzat, leku-izen guztiak euskaraz zituela, Nabarrenkozetik Kalagorriraino, Kantauritik Ebroraino.

Pixkanaka, Oleagak dioen gisan, “garai historikoetan aurrera egin ahala, mapak, argazkien ‘zoom’ baten gisara, hurbildu egiten dira, eta eskalak eta xehetasunak hobetzen”.

Hala iristen gara XX. mendeko kartografiara, abertzaletasunak hauspotutako iruditegi oso bat ekarri zuena. 1905ean Mapa de Euskaria argitaratu zen Parisen –1894ko Donostiako Lore Jokoez geroztik asko zabaldutako izena zeraman– Euskal Herriko zazpi probintziekin. Horri beste askok jarraitu zioten noski. Jose Luis Zumarragak egindako Euskaleri’ko Karta mapa koreografikoak 1930eko hamarkadako Euskal Herria islatzen zuten 400 marrazki baino gehiago zituen. Mapa hori Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak berrargitaratu zuen arrakasta handiz 50 urte geroago, 1983an, eta Frankismotik atera berri zen Euskal Herriko etxe askotan zintzilikatu zen.

1905ean argitaraturiko "Euskaria" izena daraman mapa, Euskal Herriaren eremu osoa erakusten duen lehenengotakoa. Argazkia: Imago Vasconiae / Txalaparta

Imago Vasconiae bildumako azkeneko mapa 2021eko Ipar Euskal Herriko plano turistiko bat da. Orain mugikorrean ditugun aplikazioetako bilatzaile geografiko digitalei esker mugitzen gara harantz eta honantz. Baina kartografia historikoak jarraitzen du arma boteretsua izaten, Esparzari inoiz esan zioten bezala, “atlasik gabeko herria nortasun agiririk gabeko herria” delako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Gatazka politiko bat egon da azken 60 urteetan Euskal Herrian, eta horrek izan du bere bertsio biolentoa, ETAk bideratu duena, zeinari Espainiako Estatuak errepresioz eta estatu-terrorismoz erantzun dion. Sei hamarkadetan, ordea, biolentzia horiek ez dira berdin ikusi izan... [+]


Vikingoak eta musulmanak tratuan

Bedale udalerrian (Yorkshire, Ingalaterra) altxor bikingo bat aurkitu zuten 2012an. Archaeometry aldizkarian argitaratu dutenez, berriki altxor horretako zilarrezko piezak aztertu dituzte. Zehazki, berunaren eta oligoelementuen isotopoak aztertuz, zilarraren jatorria zein den... [+]


Arrazakeria, eskuin muturrerantz arrastatzen gaituen korronte zabala

Europan eta munduan arrazakeria gora doa, eta Euskal Herria ez dago joera horretatik salbu. Egun, herritarrak eta jendarteak eskuin muturraren baloreak bere egiteko bide nagusietakoa da arrazakeria. Arazoaren larritasunari tamaina hartzen saiatu gara, eta aztertu ditugu zenbait... [+]


Tamainak garrantzia duenean

Duisburg (Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1569. Gerard De Kremer (1512-1594) geografo, matematikari eta kartografo flandriarrak, Gerardus Mercator izen latinizatuaz ezagunak, proiekzio kartografiko berri bat diseinatu zuen. Proiekzio mota zilindrikoa zen, ekuatorearekiko... [+]


Donostia 1813

Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.

1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]


2025-08-29 | Egiari Zor
Elkarbizitza demokratikoak begirunea eta neurritasun instituzionala eskatzen ditu

Abuztu honetan polemika berri bat piztu digute, beste behin, belarrondokoa ematea baino larriagoa izan dena. Azken hamabost urte baino gehiagoan, Glen Cree ekimenetik hasi, Estatu bortxaren biktimei aitortza legala emateko mekanismoen sorreratik segitu eta herri honetan ireki... [+]


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Fusilatutako bi pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte Muniainen

Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]


Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]


Ipuscua
Mila urte ‘Gipuzkoa’ izenaren idatzizko lehen aipamenetik

Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]


Eguneraketa berriak daude