Urriaren 7az geroztik, 142 kazetari hil ditu Israelek Gazan: bi egunero kazetari bat

  • Gerra garaian zentsurak eta propagandak berebiziko lekua hartzen dutela jakina da, eta horren froga bat gehiago dugu Israelek Gazan bideraturikoa. Hala ere, prentsa askatasunaren alde dabiltzan egiturak izugarri kezkaturik dira: ez da munduan eta historian zehar beste gatazkarik hainbesteraino dituena kazetariak jomugan. Kazetarien Babeserako Batzordeak edota Mugarik gabeko Erreportariak erakundeek argi dute: Israelek nahitara hiltzen ditu palestinar kazetariak. Gazan gertatzen denaren berri hartzeko leiho bakarrak ditugu, alta, jakinik nazioarteko kazetariei bertaratzea debekaturik diela Israelek.

Gazako Zerrendatik ezin aterata, bonben azpian hiltzen eta bizirauten dabiltzan honetan, munduari masakre horren berri ematea da bertako kazetarien helburu bakarra. Beren bizia baita senideena ere arriskuan jarriz dabiltza horretan.
Gazako Zerrendatik ezin aterata, bonben azpian hiltzen eta bizirauten dabiltzan honetan, munduari masakre horren berri ematea da bertako kazetarien helburu bakarra. Beren bizia baita senideena ere arriskuan jarriz dabiltza horretan. ANADOLU. A. ZAGOUT
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ehun eta berrogeita bi. Horra urriaren 7az geroztik Israelek Gazan hildako kazetarien kopurua, Komunikabideen Bulegoa egituraren kontaketari segi. Mundu mailan, kazetari izateagatik hildakoen %73ak Gazakoak ziren 2023an –gainera, urteko azken hiru hilabeteetan metaturik, hau da, urritik urtarrilerako tarteari begiratzerakoan kasik 100% dira Israelek hildakoak–. Mustafa Ayyad gaztea da zerrendako azkena, fotokazetaria, maiatzaren 7an Tsahal armadaren drone batek hildakoa Gaza hirian.
Bezperan, Israelen baitako kazetaritza zuen kolpatu Benjamin Netanyahuk, Al-Jazeera komunikabide qatartarrak bertan dituen erredakzio bulegoak hetsiz eta material guztia lapurtuz. Hamasen tresna delakoan eta "segurtasuna arriskuan jartzen" duelakoan bozkatu zuen aho batez zentsuraren alde gobernuak. Gainera, Al-Jazeeraren telebista ala webgunea ere moztu dizkiete israeldarrei.

Erabaki horren larritasuna salatu du Walid Amari Al-Jazeerako Jerusalemeko eta Ramallahko buruak: "Politikoa da, Netanyahu Lehen ministroa eta bere eskuin-muturreko gobernua etengabean dabiltza haien hauteslegoaren oinarria sendotu nahian. Erabaki hori biziki arriskutsua da. Ezin du Israelek alde batetik erran demokrazia bat dela eta bestetik, kazetariei beren lana egitea debekatu". RSF Mugarik Gabeko Erreportariak erakundeak ere gogorki kritikatu ditu Al-Jazeeraren "zentsura" eta "kazetarien kontrako difamaziozko adierazpenak". RSFko ordezkari Jonathan Dagherrek argi utzi du: "RSFk Israelgo agintariei eskatzen die Al-Jazeeraren aurkako eraso bortitza bertan behera uzteko. Zentsura-erabaki horrek, arau demokratikoen aitzakiaren pean harturikoak eta inplizituki komunikabide bati zuzendurikoak, aurrekari larria sortzen du Israelgo kazetaritzarentzat".

Urriaren 7az geroztik, 50 bat eraso bideratu ditu Tsahal armadak Al-Jazeeraren kontra eta Gazan hildako 142 kazetarien artean behintzat hiru zebiltzan komunikabide horrentzat lanean 

Urriaren 7az geroztik, 50 bat eraso bideratu ditu Tsahal armadak Al-Jazeeraren kontra eta hildako 142 kazetarien artean behintzat hiru zebiltzan komunikabide horrentzat lanean. Errepresio horren sinbolo bihurtu zaigu Wael Al-Dahduh kazetaria. Errepresio horren ikur, baita palestinarren erresistentzia eta erresilientziarena. Urriaren 25ean hil zituzten bere andre eta bi haurrak, baita beste zortzi senide ere, eta zuzenezko albistegintzan zebilela jakin zuen drama. Penak itorik, negarra begian baina zut, segitu zuen kamara aitzinetik mundua informatzen. Biharamunean ere, hor segitu zuen mikrofonoa eskuan. Abenduaren 15ean, berriz ere jomugan hartu eta kolpatu zuten, berekin zebilen Samer Abu Daqa kameraria hilez. Ondoko mezua zabaldu zuen Al-Jazeerak agiri bidez: "Gazako kazetari taldeak, eta partikularki Wael eta Samerek, sekulako lana egiten dute Israelen izugarrikerien  eta suntsiketen berri emateko. Beren arduratasun eta engaiamendu hori gabe munduak ez luke Gazako ankerkerien berri ukango". Urtarrilaren 7an, bere semea hil zuten, Hamza izenekoa, bera ere kazetari lanean zebilena. Urtarrilaren 16an utzi behar izan zuen Gaza, Qatarren artatua izateko, eta ondoko mezua luzatu zion munduari: "Joatea erabaki dut. Barka nazazue. Espero dut laster berriz hemen egotea".

Baina, kazetariak kikiltzeko xedeaz gain, geopolitikoki eragiteko asmoa ere gordetzen da Al-Jazeera hesteko erabakian. Hain zuzen, urrats horrek Qatarren eta Israelen arteko harremanak are gehiago ozpinduko zituela bazekien arras ongi Netanyahuk. Qatar dabil mediatzaile lanean Hamas eta Israelen arteko negoziaketetan, eta Hamasen alde kokatzea leporatu izan dio Tel-Avivek Dohari; azken honen haserrea are gehiago puztu du horrek.

al-jazeera isilaraziz Komunikabide qatarrak Israelen dituen bulegoak itxi zituzten maiatzaren 6an, Netanyahuren gobernuak aho batez hori erabakirik. Gainera, Al-Jazeeraren telebistarako eta webgunerako bideak ere blokeatu dizkiete israeldarrei. RSF erakundeak gogorki salatu du zentsura. Argazkia: RSF

"[Gazan dabiltzan] kazetariak preziorik altuena –beren bizitza–  ordaintzen dabiltza, egia jasotzeko dugun eskubidea defendatzeko. Kazetari bat hiltzen edo zauritzen den bakoitzean, egia horren zati bat galtzen dugu", dio Kazetarien Babeserako Batzordeko zuzendari Carlos Martínez de la Sernak.

Palestinar kazetariei eskerrak

Urriaren 7az geroztik Gazan eta Libano hegoaldean hildako kazetariei buruzko txostena plazaratu du Mediapart komunikabideak, zenbaki hotz horien gibelean gordetzen diren biziez gehiago jakin nahian. Hasteko, Gazatik informatzen dabiltzan kazetari bakarrak palestinarrak dira, ez da nazioartekorik bertan, edo diren bakarrak Israelek baimendurikoak dira eta Tsahaleko soldaduen ondoan dabiltza. Ondokoa irakurri daiteke txostenean: "Baldintza apokaliptikoetan dabiltza lanean, bonben azpian eta erabateko blokeo batean, beren eta senideen bizia galtzeko beldurrarekin. Berentzat, kazetaritza ez da bakarrik lan bat, bokazio bat, engaiamendu bat. Munduari masakre horren berri emateko eta indiferentziarekin bukatzeko azken arma dute kazetaritza. Horregatik dute hainbeste gazte palestinarrek kazetari bihurtu nahi, haien herriak pairatzen duenaz informatzeko mundua".
Ikerketa hori bideratzeko zailtasunak ukan izana ohartarazten du Mediapart-ek: "Nola jaso [hildako kazetariaren] bizia, kasik bere familia osoa delarik bonbaren pean desagertu eta ez delarik gehiago inor kontatzeko? Nola jarri hurbilekoekin harremanean Gazako komunikazio kanalak erregularki moztuak direnean?". Hori horrela, sare sozialetan zabalduriko dolu eta eskertza mezuak ere hartu dituzte oinarritzat.

“[Gazako kazetariak]preziorik altuena –bizitza– ordaintzen dabiltza, egia jasotzeko dugun eskubidea defendatzeko. Kazetari bat hiltzen edo zauritzen den bakoitzean, egia horren zati bat galtzen dugu”
Carlos Martínez de la Serna 

Komunikazioaren erritmo frenetikoaren erdian, hildako kazetari palestinar horiek gogoan atxikitzeko iniziatibak kausitu ditzakegu han ala hemen. Horien artean dugu, demagun, iMEdD Lab webguneak sorturiko Gazako mapa, zeinetan ageri diren kazetarien hilketen gune zehatzak eta bakoitzarentzako bildu informazioak.

Azken zazpi hilabeteetako jokaerak aurrekaririk ez badu ere, Israelek beti izan ditu palestinar kazetariak jomugan. 2000tik 2022ra hogei kazetari hil zituen –hamahiru Gazan eta beste zazpiak Zisjordanian–. Luzaz hilketa horien kontaketan arituriko Bilal Jadallah Prentsaren Etxe Palestinarren zuzendari izandakoari ere bizia kendu zion Tsahalek azaroaren 19an.
Hori horrela eta hildakoen zerrenda izugarriki emendatuz doala, Israelen aurkako salaketa jarri du RSFk Nazioarteko Zigor Auzitegian, Gazako kazetari palestinarren aurkako gerra krimena leporaturik. Berez, NBEaren ebazpen batek kazetarien babestera behartzen dituelako bere kideak. Baina, eragin guti du auzibide horrek ere, jakinda ez dela lehena: 2018az geroztik Gazarako aurkezten den hirugarrena da. Al-Jazeerak ere jarri zuen Israelen aurkakoa 2022an, Shirin Abu Akleh kazetariaren hilketaren harira.

Hilketez gain, palestinar kazetariak isilarazteko beste bideak ere baliatzen ditu Israelek: 30 bat ditu preso, eta beste hamarnaka ditu torturatu. RSF erakundearen azken txostenaren arabera, preso diren munduko kazetarien %7 Israeleko kartzeletan dira, eta adierazpen askatasuna urratzen duten estatuen sailkapenean, Txina, Birmania, Bielorrusia, Errusia eta Viet Namen ondotik kokatzen da Israel, 6/195ko postuan. Horrela bukatzen da Mediapart-en erreportajea: "Kazetarientzako seigarren kartzelarik handiena da Israel eta kazetaritzaren hilobigilea ere da Gazan".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Abian da Tutera eta Hendaia lotu nahi dituen Palestinaren aldeko martxa

Palestinak pairatzen duen genozidioa salatzeaz gain, sionismoaren "konplizeak" seinalatzea ere du helburu Ibaitik itsasora deitu martxak. Palestinarekin elkartasunean aritzen diren hainbat eragilek elkarlanean antolaturiko ekimena irailaren 20an bururatuko da Hendaian... [+]


Von der Leyenek Israelekin akordioak “partzialki” etetea proposatu du, baina EBk hori adostea “oso zaila” izango dela iragarrita

EB eta Israelen arteko “Elkartze Akordioaren merkataritza arloa partzialki etetea” proposatu du Europako Batzordeko presidenteak. Neurriak indarrean jartzeko EBko herrialdeen gehiengoak eman behar dio babesa, eta hori “oso zaila” izango dela adierazi du... [+]


2025-09-10 | Gedar
"Ontzidia blokeatzen badute, unibertsitateak hartuko ditugu"

Europako hainbat unibertsitatetan ikasleek abiatutako dinamikarekin bat egin du IAk, eta hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du.


Bigarren erasoa Gazara doan flotillaren aurka, oraingoan ere drone bidez

Global Sumud Flotillan parte hartzen duen Alma itsasontziari drone bidez eraso egin diote asteartetik asteazkenerako gauean, Tunisiako kostan. Aurreko egunean berdina gertatu zitzaion ontzidiko beste itsasontzi bati eta beraz, bi egunetan pairatutako bigarren erasoa da.


Israelek Hamaseko negoziatzaileak bonbardatu ditu Qatarreko hiriburuan

Erasoaren helburu izan direnak Trumpek proposatutako su-etena negoziatzen ari zirela azaldu du Hamasek, eta bost kide hil dituztela ziurtatu; Qatarreko segurtasun indarretako beste pertsona bat ere hil da bonbardaketan. Israelek erasoa baieztatu du, eta Qatarrek “eraso... [+]


2025-09-08 | ARGIA
Israeli armak salerostea debekatzeko dekretua iragarri du Espainiako Gobernuak

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak adierazi du, legez arma-blokeoa ezarrita, presioa eragin nahi dutela Benjamin Netanyahurengan. Sánchezek deitoratu du nazioarteko komunitatearen zati baten “indiferentzia” eta Israelgo Gobernuarenganako... [+]


2025-09-08 | ARGIA
“Terroristak” dira Espainiako Vuelta geldiarazi zuten Bilboko ekintzaileak, Israel-Premier Tech taldeko jabearen arabera

“Ez gintuen harritu nola hartu gintuzten Euskal Herrian, ezker muturreko ekintzaileen eta separatisten gotorlekua baita”, adierazi du Sylvan Adams-ek.


2025-09-08 | ARGIA
Desplazamendua behartzeko Gaza hirian palestinarrak hiltzen eta eraikinak suntsitzen jarraitzen du Israelek

Astelehen goizaldean 23 palestinar gutxienez hil dira Gazako hiriburuan, tartean bi haur gosetearen ondorioz. Igandeaz geroztik gutxienez 50 etxebizitza eraikin eraitsi ditu Israelek, beste 100 kaltetu, eta desplazatuen kanpamenduetako 200 denda suntsitu.


ANALISIA
CAFek Israelekin kontratua eteteko asmorik ote du?

Etengo du. Hori da kaskora supituan etorri zitzaidan pentsamendua, gosaria ahoan eta Euskadi Irratia sintonian, Imanol Pradales lehendakaria entzun nuenean CAF “gogoeta etikoa” egitera gonbidatuz, Palestinako lur okupatuetan trena eraikitzeko duen kontratua eten edo... [+]


Tunisian dira, abiatu eta astebetera
"Flotillaren aurkako eraso bat Palestinaren aldeko greben pizgarri balitz, ongi etorria litzateke"

Astebete igaro da Bartzelonako portutik Global Sumud Flotilla ekimeneko lehen ontziak itsasoratu zirenetik, Gaza helburu. Tunisian lurreratu berri erantzun ditu ekimeneko euskal ordezkaritzako kide Itziarrek –abizenik ez du eman nahi– ARGIAren galderak, igande... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Erresuma Batuan 700 lagun atxilotu dituzte jadanik, Palestine Action taldeari babesa adierazteagatik

Uztailean Keir Starmerren gobernuak erakunde "terrorista" gisa izendatu zuenetik, Palestine Action taldearen aldeko mezuak erakusteagatik ehunka lagun atxilotu dituzte. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Londresen eta beste mila pertsonatik gora atxilotzeko... [+]


2025-09-04 | El Salto
Genovako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Teknologia
Turistak eta aktibistak

Oporretan nengoela, gorputza eta burua gozatzera bideratu ditut. Turista bilakatu naiz, eremu digitalean zenbait trebezia dugunontzat, oso erraza. Motxila hartuta familiarekin handik hona ibili naiz, poltsikoan dibisa asko barik, mapa fisiko barik, plan asko barik…... [+]


Eguneraketa berriak daude