Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

  • Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak ere ez dira edonolakoak, ekonomiaren balio demokratikoetatik abiatuta eta pertsonak erdigunean jarrita, lurraldean erroturiko proiektuak bultzatzea, besteak beste.

Azkeneko Saretze Egunean, Gasteizen, migratzaileen ekimen ekonomiko soziala bisibilizatzeko lan egiten duen Bartzelonako Migress proiektua ezagutu ahal izan zuten Olatukoop sareko kideek.  Argazkia: Olatukoop
Azkeneko Saretze Egunean, Gasteizen, migratzaileen ekimen ekonomiko soziala bisibilizatzeko lan egiten duen Bartzelonako Migress proiektua ezagutu ahal izan zuten Olatukoop sareko kideek. Argazkia: Olatukoop

Krisi sakon batek gogor kolpatuta, Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta soziala guztiz desberdina zen 2014an, sei urte atzeragoko garaiekin konparatuz gero. Langabeziaren gorakada itzela, enpresen itxiera etengabea, etxe kaleratzeak... Herritarrek euren haragitan bizi zituzten murrizketak eta bankuen “erreskateak” ekarritako ondorioak. Hemerotekari begirada bat ematea nahikoa da egoeraz jabetzeko.

Gaindegiaren arabera "berriz ere" 2013an enplegua suntsitu zen, batez ere gazteen artean, eta Corrugados, Fagor Etxetresna Elektrikoak, Inasa eta antzeko enpresak ixteak sorturiko zauriak bizi-bizi zeuden oraindik. Agian, Irurtzungo fabrikatik makinaria ez eramateko Inasako langileek egindako herri harresiak irudikatzen du ondoen lanaren arloan zegoen burujabetza falta.

Ordura arteko errelatoak agintzen zuen ikasi ondoren lana aurkitu behar zela, baina "igogailu sozialaren" ideiak kiebra jo zuen. Abagune horretan, hainbat jendek erabaki zuen bere esperientzia laboraletik eta gaitasunetik abiatuta autoantolaketari ekitea, lan merkatuak jadanik ez zituelako asetzen. Denbora gutxian kooperatiba sorreren tasa hirukoiztu egin zen Euskal Herrian, hala gogoratzen du Talaios kooperatibako kide Beñat Irasuegik: "Gaur egun ere tasa hori mantentzen da, eta seguruenik krisiak hor jarraitzen duen seinale da hori". Bere ustez, lanaren prekarizatzea da sintoma nabarmenena, "jende bati pizten dio autoeraketarako gogoa, nahiz eta kontrako efektua ere badagoen, segurtasun laboralaren bila administraziora jotzen dutenena adibidez".    

Hamarkada honetan sareak egindako ibilbidea ez da beti aurrez pentsaturiko estrategia baten emaitza izan. Intuizioak eta barruko logikek ere markatu dute norabidea

Baina itzul gaitezen 2014ra. Garai hartan hainbat sektoreren pribatizazioa ere gertatu zen, telekomunikazioaren arloan, energiaren sektorean, finantzetan... Eta aldiz, beste izaera bateko proiektuak jarri ziren martxan. Hor kokatu behar dira Goiener, Koop57 edo Fiare. Osagai horiek guztiek hauspotu zuten ekonomia eraldatzailearen eta olatu kooperatibo berriaren txinparta.

Deialdi ireki batetik

"Guk kooperatibismoaz ez genekien ezer, baina oinarrizko ideia bat genuen: lan egin nahi genuen batez ere gurea bezalakoak ziren beste kooperatibekin", gogoratzen du Irasuegik. Horrez gain, une haietan Kataluniako Coop57ren inguruko jende bat ere elkartzen hasita zegoen, esperientzia hura Euskal Herrira ekartzeko asmoz, baina masa kritikoa behar zen horretarako. Kinka horretan erabaki zuten interneten deialdi ireki bat egitea sare bat sortzeko helburuarekin.

"Twitterren ikusi nuenean nire baitarako esan nuen: 'Hara joan behar dugu'", dio Lakari kooperatibako Leire Udabek. Aurreko lanetik "nazka-nazka" eginda, momentu horretan enpresa sortzen ari ziren bera eta beste kide batzuk: "Bagenekien kolektiboan antolatu nahi genuela, eta sarearen oinarri irekiak ikusi genituenean ez genuen zalantzarik izan". Horrela sortu zen Olatukoop, Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sarea, 2014ko maiatzaren 14an.

Olatukoopek Usurbilen egindako batzar baten osteko argazki "ofiziala". Ekonomia eraldatzaileko dozenaka enpresa komunitario eta erakunde biltzen ditu sareak. Argazkia: Olatukoop

Hasieran zortzi-hamar enpresa zirena, gaur egun Euskal Herri osoko 60 enpresa edo erakunde baino gehiagoko sare zabal bat da, bazkide, kide eta lurralde-sareen artean. Hamaika proiektu eta egitasmotan parte hartzen du eta ekonomia eraldatzailearen bueltan lanean diharduten lurralde nodoak ere gero eta gehiago dira. Olatukoop ezinbesteko erreferentzia bilakatu da, bai merkatuaren kanibalismotik harago, bai Mondragonen ereduari jarraitzen dion kooperatibagintzatik harago, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bidez bestelako alternatiba bat eraiki nahi duten eragile eta erakunde askorentzat.

Kontzeptua edukiz betetzen

"Eraldatzaile" hitza da hemen gakoa. Katalunian ekonomia “solidarioak”  duen esanahia Euskal Herrian ez dela berdin ulertzen jakinda –sarritan GKEn asistentzialismoari lotuta egon baita–, beste kontzeptu politiko bat proposatu zuen ekonomiaren bueltan “konspiratzen” ari zen taldetxo batek. Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) zer den zehazki jakin nahi duenak, Ikusgelak egindako bideoa bea dezake nahi badu.

Funtsean, lana eta bizitza uztartzean datza ekonomia mota hori, baina indarrean dagoen sistema ekonomikoa eta gizartea eraldatzeko helburuarekin: “Behetik gorako izaera ere islatu nahi du, herrigintzatik datorrena eta puntu militante bat duena”, dio Udabek. Bere esanetan, ekonomia eraldatzaileak duen “plusa” da lanari bestelako zentzu bat eman eta bizi-proiektu bezala ulertzen duela, ikuspegi produktibistatik harago. Irasuegik ere lana “birkokatzearen” garrantzia azpimarratu du, momentu batean alde batera uzten ari zelako.

"Guk kooperatibismoaz ez genekien ezer, baina oinarrizko ideia bat genuen: lan egin nahi genuen batez ere gurea bezalakoak ziren beste kooperatibekin"
Beñat Irasuegi, Olatukoopeko kidea

Tradizio kooperatibistatik lanaren zentralitatea, ekonomia feministatik bizitzak erdigunean jartzea, eta herrigintzatik behetik gorako izaera... Konfluentzia horrekin hasi ziren eraldatzaile kontzeptua “edukiz betetzen”, diote biek, Olatukoopek hamar urte bete dituela aitzaki hartuta Errenteriako Torrekuan egin dugun hitzorduan.

Urteurrena behar bezala ospatzeko asmoa dute, maiatzaren 18an Donostian antolaturiko festa batekin. Baina aurretik, maiatzaren 14an, ekitaldi politikoa egingo dute Iruñean. Aurrera begirako erronkak azaltzeaz gain, berriki eguneraturiko Oinarri Irekiak aurkeztuko dituzte. Karta horretan, hitz egiten da bizitzaren bizigarritasunaz eta ekonomia eraldatzaileaz, baita ekonomia kooperatiboaz ere, eta (trans)feministaz, euskaldunaz, antiarrazistaz… Hitz egiten da lanaren burujabetzaz, erabakitzeko prozesuen kontrol kolektiboaz, interkooperazioaz, lurralde eraldaketaz eta ondare komunaz… Eta iraunkortasun ekologikoaz ere, noski, hitz egiten da.

Bestalde, efemeridearen harira Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Bata herri-kooperatiben ingurunko eskuorri edo gida izango da; besteak eduki teoriko sakonagoa du eta ekonomiaz jarduten da mamitik: Ekonomia eraldatzailea(k), Óscar García Lurralde Ekonomian adituak idatzia. ARGIAk azken liburu honen xehetasun batzuk argitaratu ditu aurrerapen gisara Ekonomiaren adjektibo guztiak artikuluan.

Kataluniatik Euskal Herrira bisitan etorritako ekonomia eraldatzaileko eragile eta ikasleak eta kooperatiba eta ateneotako kideak. Argazkia: Olatukoop

Itxi gabeko bideak   

Hamarkada honetan zehar sareak egindako ibilbidea ez da beti aurrez pentsaturiko estrategia baten emaitza izan, kontrakoa eman dezakeen arren. Sarritan, intuizioak eta barruko logikek markatu izan dute norabidea. Baina hastapenean “pasiotik” asko zuenak, pixkanaka beste forma bat hartu du Olatukoopeko beteranoenen artean. Eta aldiz, sarea duela gutxi zabaldu den lurraldeetako kideen artean gauza berriak egiteko gogoa eta freskotasuna sumatzen dute, beharraren poderioz seguruenik.

Lehen fase aktibistaren ondoren,  2017an egituratzeko ordua iritsi zen: koordinazio batzordea sortu zuten eta beste lantalde batzuk ere bai. Geroztik, sarearen hazkundearen ondorioz etengabeak izan dira moldaketak eta egituratze berriak, eta bere izaera irekia dela-eta beste korronteetako ideiak ere barneratu dituzte, feminismoarenak eta antiarrazismoarenak kasu. Baina Olatukoopeko kideek garbi dute ez dagoela kontakizun perfekturik: eztabaidak egon izan dira, krisiak ere bai, eta batzuetan asmatu da eta bestetan ez.

Lurraldeak eta sektoreak

Lurralde eraldaketa helburu, ekintzailetza kooperatiboa sustatzen dihardu Olatukoopek, goiko mapan ikus daitekeen bezala. Bakaikuarrok eta Zizurkilgo Herri Bizigune bezalako herri kooperatibak, Lizarraldeko, Balmasedako eta Zuberoako subjektu eraldatzaileak, erreferentzia poloak, sare sektorialak, eraldaketa bulegoak... eremu askotan esku hartzen du.

Sarean 60tik gora enpresa komunitario eta erakunde daude –ARGIA 2017tik da kide eta 2020tik bazkide–. Batzuek sektore estrategikotan dihardute, Errigora, Ekhilur, Izarkom, Goiener, edo Koop57 kasu. Bestetzuk lan-esparruan ari dira, Andoni Esparza gizartegintza elkartea edo Manu Robles-Arangiz fundazioa tarteko; Aiaraldea Faktoria edo Teila Fabrika gisako guneak ere badaude; Talleres Mitxelena moduko industria lantegiak, elikadura edo teknologia eta komunikazio kooperatiba txikiagoak... Ezinezkoa denak hemen aipatzea.

Pasa den otsailean egindako azken batzarrean, Olatukoopen parte hartzeko moduen proposamen berria onartu zuten, eta horrez gain “barne-interkooperazio sareak” deiturikoak sortzeko prozesua jarri zuten martxan, interesgune berak dituzten kooperatibak edo enpresak harremanetan jarri eta sinergiak lantzeko.  

Lurraldekintza, beste urrats bat

Proiektuak izan dira Olatukoopen motorra urte hauetan guztietan –nagusiki KoopFabrika, ekintzailetza eraldatzailea bultzatzeko formazio programa; erreportaje honi loturiko KoopFabrika: kooperatiba eraldatzaileen harrobia artikulua irakur dezakezu– eta horien bidez zabaldu dituzte gero eta lurralde gehiagotara ekonomia eraldatzaileari loturiko egitasmoak, errizoma bat balitz bezala. Errizoma, lurpeko mugimendu geldiezinean eta horizontalean, biderkatu eta elkar korapilatzen den zurtoin bitxi hori, tantai zaharrenak ihartu eta kimuak indar berriz sortzen dituena, begiz begi, tokian toki. Ez da harritzekoa Olatukoopek bere filosofia irudikatzeko erabili izana.

Etxebarrin Olatukoopen "Saretze Egunean" ibilalditxoa egiten. Argazkia: Olatukoop

Baina zabalkundeak baditu bere arriskuak. “Hasieran oso gutxi ginen eta masa kritikoa handitzeko eta proiektuak sortzeko boom batean sartu ginen. Baina Kataluniako Ateneu Cooperatiuko lagunek euren esperientzia kontatu ziguten. Beraiek abiadura handia hartu zuten, politika publikoaren bultzadagatik, eta esan ziguten kontuz ibiltzeko, gauza ez dela sortzea bakarrik, etengabe saretzea eta lankidetzak egitea ere garrantzitsua dela”, azaldu digu Udabek. Hala, bere ustez oinarriak jarrita dauden arren, orain “subjektu propioak” sortu behar dira lurralde bakoitzeko beharretatik abiatuta: ekintzailetzatik lurraldekintzara pasa behar da.

“Lurraldekintza deitzen diogu kooperatibagintzaren hurrengo faseari”, diosku Irasuegik. Lurralde batean bizitzeko behar diren tresnak sortzeko orubea eraikitzea litzateke. Eta horretarako, ezinbestekoa da lurralde horretako baldintzak errespetatzea eta bertako subjektu "antolatu eta anitzarekin" elkarlanean aritzea.

“Kataluniako lagunek esan ziguten kontuz ibiltzeko, gauza ez dela sortzea bakarrik, etengabe saretzea eta lankidetzak egitea ere garrantzitsua dela”
Leire Udabe, Olatukoop

Eskualde batzuetan ekonomia eraldatzailearen nodoak kasik euren kabuz sortu dira, Bidasoaldean jarduten duen BDS Koop edo berrikitan Goierrin martxan jarri duten Biziola kooperatiba, adibidez. Beste eskualde batzuetan, halako alternatiben beharra handia den arren oraindik ez dago oinarri nahikorik, eta epe luzeko prozesuak hasi dituzte, Pirinioetan egin bezala, Udalbiltzaren Hauspotu programarekin eta Nafarroako Gobernuaren Pirinioetako Plana-rekin batera. Lurralde hartan ekosistema kooperatibo oso bat sortzea planteatzen du Olatukoopek, baina Irasuegiren esanetan horretarako denbora behar da, “soilik subjektua sortzeko hiru urte gutxienez”.  Proselitismorik gabe, inor artifizialki konbentzitu nahi izan gabe, jakinik ekosistema horren zati bat baino ez direla, halaxe ari dira, tokian toki, begiz begi.

Bakarrik ezin da, bidelagunekin bai

Orain arte Olatukoopek egindako bidean, gakoak izan dira hainbat elementu, Udabe eta Irasuegiren aburuz. Lanaren eta herrigintzaren arteko uztarketan asmatu izana da horietako bat, lehendik euskalgintzak egin zuen moduan. Hortik abiatuta, diote "proiektuak praktikan" jartzeak eman diela zilegitasuna.

Olatukoopek batzarrean hartu ohi ditu sarearen erabaki garrantzitsuenak. Argazkia: Olatukoop

Sareak lortu duen erreferentzialtasun politikoa ere azpimarratu dute, nahiz eta horrek berak, herri gisa dauden hainbat erronka potolori erantzuteko atakan jarri dituen zenbaitetan, eskualde askotan dagoen despopulazioari erantzutea kasu. Baina kontziente dira halako arazo estrukturalei soluzioak emateko Olatukoopek dituen gaitasun mugez. Zentzu horretan, uste dute administrazio publikoak etxeko lan asko dituela oraindik: “Lurraldeetan zerbitzu publikoak eta unibertsaltasuna bermatu behar dituena bera da”. Nolanahi ere, proiektuak proposatu eta garatzen jarraitzen dute, eta horretarako udalak aliatu garrantzitsuak dira.

Kataluniako ekonomia solidarioko aktoreekin dituzten loturak eta sareko kideen arteko harreman pertsonalak ere lagundu dute bidea egiten, jakina. Ekonomia eraldatzailearen baitan indar handia duen figura baita “bidelaguna”, batez ere iritsi berria den horri akonpainamendua egiteko: “Bidelagunek beti euren gorputzak jarri izan dituzte proiektuak aurrera eramateko”, aitortu du Irasuegik.

Hamaika erronka etorkizunera begira

Eta aurrera begira zer? Ekonomia eraldatzailea iparrorratz hartuta, motxila bete lan dute, gutxienez beste hamar urtetarako. Lurraldeetan zabaldu eta aldi berean sare horizontal gisa egitura orekatu bat mantentzea izango da egiteko zailenetako bat. Egitura handi eta zentralizatuei erreparoz begiratu izan diete beti Olatukoopen, baina azken batzarrean garbi ikusi zuten profesionalizaziorako pausoak eman behar dituztela, eta bestalde, azaldu dutenez, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian figura juridikoak sortzea ere erabaki beharko dute bi urteren buruan.

Xaretan, Eskutik kooperatiba ezagutzen. Argazkia: Olatukoop

Autofinantzazioa lantzea, interkooperazioa bultzatzea eta ezagutza kolektibo guztia transmistitzen jarraitzea dira beste zereginetako batzuk. "Orain arte jasotako ezagutza sistematizatu egin dugu eta modu librean utzi dugu", dio Udabek, eta bere ustez hemendik aurrera ere horrela egitea izango da gakoetako bat, besteak beste ekonomia eraldatzailea gehiago zabaldu eta hobeto ezagutu ahal izango baita horri esker.

Ekonomia eraldatzailearen inbisibilizazioa beti izan da kezka iturri, hortik sortu zen kolektiboak identifikatzeko maparen ideia, gaur egun Batura.eus-en ikus daitekeena. Baina dozenaka enpresa, proiektu, ekimen eta sarez osaturiko ekonomia erreal bat den arren, oraindik ez du guztiz lortu herritar gehienek ekonomiaz duten imajinarioan sartzea. Beste mugimendu kooperatibo batzuek egiten duten itzala –batez ere Mondragonek–, ez da nolanahikoa, izan ere.

Jabetza pribatua sistemaren elementu zentral bat den heinean, ondasun kolektiboak edukitzea ezinbesteko izango da bizitza bizigarriagoak egiteko

Euskal Herriko memoria kooperatiboaren errelatoa hobeto kokatu behar dela iruditzen zaio Irasuegiri: "Aniztasun eta historia oso aberatsa dauka kooperatibagintzak Euskal Herrian, baina Gerra Zibilaren aurretik zeuden seirehun kooperatibez ez dakigu ezer, ez gara gai bat bera ere aipatzeko". Arlo honetan ere katalanengandik ikasi behar dela uste du, han auzoz auzo ari baitira memoria hori guztia berreskuratzen.

Kezkarako beste gai bat sumatzen ari dira azkenaldian ertzeko lurralde eta herri askotan: erreleboarena. Enpresetan ez ezik, laborantzan, merkataritzan eta ostalaritzan aldaketa handia ari da gertatzen zentzu horretan, eta garbi dute migratzaileengandik ez balitz herri asko hilda leudekeela. Gauza da hori guztia nola antolatzen den: “Pertsona migratuei ez diegu agentziarik emango beraien lanaren jabe egin daitezen?”. Kooperatibagintzatik beste eredu komunitario batzuk proposatu behar direla diote gure solaskideek, herrietako negozio txiki familiar horiei segida emateko; eta sindikatuekin elkarlanean egin behar dela gainera, kooperatibagintza eta sindikalgintza “artifizialki bananduak” izan diren bi mundu direlako euren ustez.

Aginagako herri-kooperatiba sortzeko formazio saioa. Argazkia: Olatukoop

Erronka ekosoziala Olatukoopeko enpresa gehienek ondo barneraturik duten zerbait da, baina eskalan kokatzea ez da erraza izaten. Ildo horretan, azkenaldian ugaritzen ari den “plataforma kooperatibismoa” dute aipagai. Olatukoopetik harago, komunitateak oinarri dituzten proiektuak eta herri kooperatibak dira, kontsumo taldeetan, elikadura burujabetzaren arloan edo energiaren sektorean bilduta, besteak beste. Kontsumo hutsetik harago, herrigintzari emanak daude eta jabetza kolektiboaren ideia ere ari dira garatzen; hor koka liteke, adibidez, Amillubi agroekologia proiektua –ARGIAren zenbaki honetako 38. orrialdean informazio gehiago aurkituko duzu–.

Azken batean, jabetza pribatua gaur egungo sistemaren elementu zentral bat den heinean, ondasun kolektiboak edukitzea ezinbesteko izango da proiektuak aurrera eraman eta bizitza bizigarriagoak egin ahal izateko. Zurtoin eta adaxken txirikordek, lehenik eta behin lurra behar dutelako denontzako oparotasuna ernaltzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Olatukoop 10. urteurren ekitaldia
Ekonomia eta lurralde eraldaketarako konpromisoa berretsi du Olatukoopek

80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.


Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Eguneraketa berriak daude