Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta jendartea eraldatzeko bide bezala proposatuta. Bide horretan, idatzia proposamen garatuago baten aurrerapena ere bada, laster liburuxka moduan plazaratuko dutena.
Maiatzaren Lehen honetan, egunerokotik, gure eguneroko lan eta bizitzetatik, mundu berri bat eraikitzen jarraitzeko deia egiten dugu. Badakigu Maiatzaren Lehena egun garrantzitsua izan dela langileontzat pauso berriak emateko, baina testuinguru globalean pausoak atzeraka ematen ari direla ikusirik, eskubide sozial eta politikoen atzerakada erreakzionarioaren bitartez eta baldintza materialen prekarizazio etengabearekin, bidean egindako aurrerapausoetan berrestea dagokigu kooperatibismo eta ekonomia sozial eraldatzailean jarduten dugun langileoi. Olatukoop sarearen sorrera eragin zuen krisi sistemikoaren zorrozte momentuetan esan izan dugun bezala, ez dago erdibiderik, etorkizuna ez baita iragana bezalakoa izango. Pausoen norabidean, ordea, kolektiboan eragin dezakegu.
Ekonomia eta lana bizitzarako antolatzea proposatzen dugu. Oinarrizko beharrak asetzeko, baina baita desio ditugun helburuak garatu eta gauzatzeko, lanari zentzua eman eta sortutako aberastasun materiala eta oparotasuna zuzen banatzeko ere. Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, eta, bakoitzari bere beharren arabera proposamen eraldatzailea oinarri izango duen eredu ekonomikoa behar dugu horretarako. Herrikideak eta langileak zaintzeko gai ez den jendarteak ez du etorkizunik, eta soldatapeko lan eredu kapitalistak erakusten digu egunerokoan zaindu baino, esplotatu, agortu eta gure bizitzei zentzua kentzen dien eredua dela. Horregatik lanaren zentzua oinarrira ekarri, eta lanaren burujabetzaren ikuspegitik desiragarri egiteko bideak landu nahi ditugu.
Bidea egiteko baina, lanaren beraren definizio hegemonikoetatik atera, eta proposamen kolektibo berriak egin behar ditugu. Olatukoopeko kideok lana bizitza-proiektuaren baitan dagoela ulertzen dugu eta lanaren bitartez, gure beharrak eta desioak betetzen ditugula, lan produktiboa eta erreproduktiboa bereizketatik harago, bizitzaren bizigarritasunean baikorki eragiten duten praktikak erdigunean jarriz, eta horrela, egunerokoan, ekonomia sozial, eraldatzaile, kooperatibo, (trans)feminista, euskaldun, antiarrazista eta dekolonialaren alde lan egiten dugu. Beraz lana, bizitza laguntzen duen eguneroko ekintza ekonomiko eta soziala da, giza izaeraren parte, soldatapeko lana edo enplegua baino askoz gehiago dena, gaur egungo jendarte kapitalistan ezarri digutenaren kontra.
Olatukoopen ekonomia gure bizitzaren zerbitzura jartzeko lana modu burujabean egiten dugu, hau da, lanaren inguruko erabaki nagusiak langileok hartzen ditugu. Lanaren ikuspegi integrala barneratu eta auto-eraketa eta harreman ez kapitalistak oinarri hartuta, lan duina eta komuna sortu, kudeatu eta birsortzen dugu. Gure helburua ekoizpen-baliabideen eta erabakiak hartzeko prozesuen jabegoa eta kontrola kolektiboki kudeatzea da, partaidetza integrala, demokrazia ekonomikoa, berdintasuna, justizia soziala eta iraunkortasun ekonomikoa irizpide hartuta. Horretarako, informazio gardena, errenta eta emaitzen banaketa justua, eta berdintasun-praktikak gure oinarrietan daude, proiektuko zein komunitateko kideen arteko elkartasun-mekanismoak sustatuz.
Lanaren burujabetza garatu eta zabaltzea proposatzen dugu, lan desiragarritzat jotzen dugun horretan gehiago lan egiteko, eta nahi ez dugun horretan ahalik eta gutxien eta banatuen aritzeko. Beraz, beharrezko lanen inguruko erabakiguneak langileon eskuetan jarri behar ditugu, lan desiragarrietarako denbora irabaziz, lan ez-desiragarriak murriztu, banatu eta automatizatuz. Bide batez, gure egunerokoak prekarizatzen dituen lan hilaren formak arbuiatzen ditugu, adibidez, errentismoa, finantza-espekulazioa edo datuen estraktibismoan oinarritutako teknologiak, lanaren ikuspegi eraldatzailearen eremuaren kontrako bezala identifikatuz.
Lanaren etorkizuna zaintza kolektiboan kokatzen dugu, eta ez teknokapitalismoaren behar eremuetan, horrela, denbora giza-harremanen lanketara bideratuz, eta ez kapitala birsortzeko interfazeetara. Bizitza sozialaren eta aldaketa sozialaren mekanismoak ulertu nahi baditugu, eguneroko bizitzaren erreprodukziotik abiatu behar dugu, balioa emanez, zaintza bera, pertsonena, komunitatearena, lurrarena prestigiatuz, eta ezinbesteko bihurtuz.
Maria Miesek adierazi zuenez, "lanaren kontzeptu feminista bat denboraren ikuskera ezberdin baterantz bideratu behar da, non ez dagoen banatuta lan astun zatietan eta ustezko plazer eta aisialdi zatietan, baizik eta lanaren kontzeptu bat non laneko atsedeneko eta gozameneko denbora txandakatzen eta nahasten diren. Denboraren antolaketa modu eta ulerkera hori gailentzen bada, lanaldiaren luzera hutsala bihurtzen da. Egun bat edo lanez betetako bizitza oso bat ez litzateke madarikazio gisa sentituko, baizik eta giza osotasun eta zoriontasunaren iturri gisa".
Lan desiragarriak zentzua hartzen du gure gaitasunak lantzeko sistema bat irudikatu eta posible egiten dugunean, bai gure aisialdian, bai gure lan-denboran, lan burujabearen bidez. Eta honek denontzat izan behar du posible, zentzua galtzen du bestela, desiragarritasuna bera higatuz. Horregatik, bizitza bizigarriak eta lan burujabetza denontzat posible eta irisgarri izan behar dira. Bizitzaren sostengurako berebizikoak diren zeregin produktiboak zein erreproduktiboak (norbanakoa, taldea eta komunitatea) aitortu, balioan jarri eta bermatzea da helburua; hau da, baliabide materialak zein bizitzarako beharrezkoak diren beste hainbat eremu (harremanak, zaintzak, motibazioak...) kontuan hartuz eta giza kolektibo guztientzat eskuragarri jarriz.
Bidea luzea da, eta lehen pausoetan lanaren inguruko narratibak eraldatu beharko ditugu, diskurtso eta praktika desiragarriak identifikatuz. Alde batetik historian zehar, soldatapeko lan dependientetik haragoko bisioak batuz eta gaur egun ematen ari diren eztabaidekin gurutzatuz. Bestetik, eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen barrutik ere mundu berriak irudikatzeko gaitasuna landuz eta horretarako gure praktikak sortzen lanaren iruditegi berriak elikatuz. Lan publiko segurua izatea edota dirua azkar lortzea arrakasta bezala identifikatzen duten diskurtsoak ohikoak dira gurean, lan antolaketa kolektiboak edota zaintza erdigunean jartzen duten lanarekiko begiradak baztertuak edo gutxietsiak diren bitartean. Gure bidea ez da perfektua, baina uste dugu begirada berriak probokatuz, lortu nahiko genukeen lanaren ikuspegietan eragin dezakegula.
Beraz, Maiatzaren Lehen honetan, Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzen dugun Olatukoop sareko kideok, langileok, elkarlanean, gure beharrak asetzeko antolatu ditugun tresna kooperatiboak aldarrikatzen ditugu lan desiragarriak eta burujabeak denontzat lortzeko bide gisa. Gure lan eta bizitzak hobetzeko, gure auzo, herri eta lurraldeetan finkatzeko, eta baita jendarte osoarentzako aldaketa esanguratsuak martxan jartzeko ere. Momentuan ezinezkoak diruditen lorpen kolektiboak borroka bidez lortuko ditugula ospatzen dugun honetan, lan burujabe eta desiragarriak sortzea, borroka kolektibora egiten dugun ekarpena dela adierazten dugu, eta mobilizazio eta antolaketan parte izatera deitzen ditugu langile burujabe eta kooperatibista guztiak.
Lana eraldatzea hasiera delako. Gora Maiatzaren Lehena!
Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile... [+]
Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]
80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.
Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.
Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]
Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]
Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]
Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bilduko dira larunbatean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin "harremanak jostea" izango da helburua.
Koopfabrikak antolatuta, Lurraldeak eta kooperatibak. Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak jardunaldia egingo dute otsailaren 18an Oñatin, Arantzazun.
Urriaren 21ean, Oreretan Mundu Berri bat Euskal Herritik Jardunaldia burutuko du Olatukoopek. Euskal Herrian zehar sortzen ari diren tokiko ekosistema eraldatzaileak izango dira protagonista: bakoitza bere lurraldeko errealitate eta beharretara dago egokitua, baina denek... [+]
Gizartea hobetuko duen proiekturen bat martxan jarri nahian ari denak, samurrago eta gozagarriago egingo du bidea besteen esperientziaz lagunduta eta taldearen babesean. Horretarako, zabalik du Koopfabrikan izena emateko epea: bi formazio aldi daude aukeran, lehena, azaron eta... [+]
Gorka Julio, zerbitzu finantzario etikoak eta solidarioak eskaintzen dituen Koop57 EH-ko kide da. Baita Talaios kooperatibako eta Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kidea ere. Olatukoopek funts mankomunatua sortu du Koop57ren laguntzaz, Olatukoopeko kide diren... [+]