Multinazionalen joko zikina

  • Irurtzungo Inasako langileek euren lanpostuak mantentzeko esperantza dute, inbertitzaile batek interesa agertu baitu. Enpresaren jabeak oztopoak jarri ditu eta lantegia desegiten ari da. Makinaria bertatik ateratzea eragozteko mobilizatu dira langileak.

Makinaria blokeatzea itxaropenetik sortutako ekintza izan da eta ez etsipenak bultzatutako inpultsoa.
Makinaria blokeatzea itxaropenetik sortutako ekintza izan da eta ez etsipenak bultzatutako inpultsoa.Argazki Press / Jagoba Manterola

Maiatzaren 22an, arratsaldez, Bridgnorth Aluminium enpresako ordezkaritza bat azaldu zen Irurtzunen, Internetez enkantean erositako hainbat makina ikuskatzeko asmoz. Ingelesek sorpresa batekin egin zuten topo: “Inasatik ez dira pasako!” eta “Enplegua defendatu!” leloak zeramatzaten papertxoz armatutako hamarnaka langileren harresiarekin. Bi orduz eduki zituzten enpresa barruan entzerratuta, harik eta guardia zibilek eskoltatuta atera zituzten arte. Ez zuten torloju bakar bat ere eraman.

Amaraun industriala suntsitzen ari den multinazionalen “estrategiaren” biktima berri bat baino ez da Inasa; baina ekintza haren ondorioz bere egoera ezagun egin da: “Etengabeko guardian gaude, makinaria eramanez gero ez dago etorkizunik ez Irurtzunen ez Sakanan. Gogorra egiten ari zaigu, baina hori da dugun itxaropen bakarra. Azkeneraino borrokatuko dugu, herriaren gainetik pasa beharko dute” azaldu zion Info7 Irratiari Fernando Carrión enpresa batzordeko kideak pasa den greba orokor egunean.

Konkurtso-iruzurra

“Hemen hasi nintzenean 1.000 lanpostu baino gehiago zeuden, eta orain ikusten duzu, egoera beltza da”. Pello Lazkoz arbizuarrak 26 urte zeramatzan lantegian, duela urtebete 155 lagunekin kalean utzi zuten arte. 1956an jarri zuten martxan faktoria eta urte askoan Reynolds amerikar  taldearen eskuetan egon da. Ehunka langile aritu dira hamarkadotan aluminioa egiten; 1986an Irurtzun Nafarroako herri industrialena omen zen.

2010ean, Bavaria Industriekapital (Baikap) arrisku-kapital enpresak erosi zuen lantegia. Holding alemaniar honen zeregina da galerak dituzten enpresak ahalik eta azkarren berrabiaraztea eta hori lortu ezean lehenbailehen desegitea. Horretarako, jakina, esku gogorrez kudeatzen ditu lantegiak. Inasan agudo nabaritu zuten “kudeaketa” modu hori.

2011n hasi ziren lehen kaleratze mehatxuak, aurre-jubilazioak eta soldata jaitsierak. Baina urte gogorrena 2012a izan zen. Zuzendaritzak Rajoyren lan erreforma aplikatzeko keinua egin zuen: soldatak %35 jaitsi –langile bakoitzak urtean 10.000 euro gutxiago– eta hainbat onura sozial (jangela, autobusak, formazioa…) kendu.

Greba mugagabea, sindikatuen arteko desadostasunak, aurreko-akordioa, likidezia falta, berriz ere greba… 2012ko ekainaren 21ean lantalde ia osoarentzako behin-betiko EEEa eta lantegiaren itxiera iragarri zuen zuzendaritzak eta greba mugagabeari bota zion errua.

Enpresak talde komertziala mantendu du hilabete luzez eta gero hartzekodunen-konkurtsoa aurkeztu du: “Inasak 13 langileko biltegi batentzako konkurtsoa aurkeztu du, iruzurra eginez, 200 lagun lanean aritu izan diren fabrika dela ezkutatu baitu” salatu dute ohar bidez langileek.

“Berandu iritsi zarete”

Pixkana desegite prozesuari ekin dio Baikapek: lehenengo stocka beste lantegi batzuetara eraman zuen, gero makinaria salgai jarri… Bere orubean zegoen estazio meteorologikoa ere lekuz aldatu behar izan dute.

Ez du erraza izan behar bizitza erdia berton jardun duen langilearentzat, babak bertotik jan dituen herriarentzat, makinak sarean salgai ikustea. Sakanan, fresagailu bakoitzak uzten duen hutsunea, pauso berri bat da inork ezagutzen ez duen toki morturantz.

Baina Inasa ez duela krisiak itxi, espekulazioak baizik, hori da langileen sentipena. Makinaria faktorian blokeatzea, itxaropenetik sortutako ekintza izan da eta ez etsipenak bultzatutako inpultsoa. Langileek hilabeteak daramatzate antolatzen: plataforma sortu zuten, enpresa auzibidean jarri eta alternatibak aztertu. Kooperatiba sortzea ez zela bideragarria eta etorkizuna inbertsore bat lortzearen esku zegoela ondorioztatu zuten.

Balizko bazkide hori erakartzeko ahaleginetan bi hilabetez dohainik lan egiteko eskaintza egin zuten langile-ohiek –gutxienez 70 lagunek eman dute izena zerrenda horretan–. Hain justu, apirilean inbertsore talde batek lantegiarekiko interesa zuela jakin zen eta 115 lanpostu mantenduko lituzke.

Hortik aurrerako sekuentziak erakusten du Baikapen azken helburua enpresa likidatzea izan dela. Arrapaladan sinatu zuen makinariaren zati baten salmenta Bilbon, 3,1 milioi euroren truke. Eskualdeko Guaixe aldizkariak argitaratu duenez inbertsoreak bere asmoen berri eman zionean, “berandu iritsi zarete” erantzun zion talde administratzaileak. “Abokatuak asteburuan lanean izan ziren. Astelehenean despeditu zen salmentari alegazioak aurkezteko epea. Beraz, Inasa ixteko borondatea besterik ez zegoen salmenta ixteko presa horren atzean”, dio Guaixek.

 

Makinak lantegian, ateak irekita

“Gure helburu nagusia orain makinak ez ateratzea da. Nagusiak eragozpenak jarri ditu baina negoziatzen ari gara eta itxaropena dugu”, dio Gorka Oronoz gazteak. Lantegi ondoan paratutako txabolan euriaren tantan soinua etengabea da. Makinaria eramateko arriskua ikusi orduko jaso zuten kanpamendua eta hantxe pasatzen dituzte gauak eta egunak, patxaran botila eta elkartasuna lagun dituztela.

Badirudi makinak barruan mantenduz gero inbertsorearen eskaintzak aurrera egin dezakeela. Angel Cuevasek 46 urte ditu eta horietatik 27 daramatza Inasan: “Gobernuari eta erakundeei eskatzen diegun gauza bakarra denbora da, ez dugu laguntzarik ez subentziorik nahi, denbora bakarrik, inbertsoreak negoziatu dezan”. Joan den astean Nafarroako Legebiltzarreko bozeramaileen batzordeak UPNren gobernuari eskatu zion bitartekaritza lanak egin ditzala Inasako lanpostuak mantentzeko.

Irurtzundarrak jabetu dira zer dagoen jokoan, makinak direla herriari odola ponpatzen diotenak, eta inplikazioa handia da. “Herritarrek hasieratik jatekoa ekarri digute, gehiago ez ekartzeko esan behar izan diegu” dio Cuevasek, txabolaren aldamenean lantegiko sukaldari ohiak kafe beroa eta otartekoak banatzen dizkien bitartean. Lerro hauek idazterakoan langile harresiak zutik zirauen.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inasako harresia
2013-08-14 | ARGIA
“Hil ala biziko momentua” Inasan

Guardia Zibila 7:30etan sartu da Irurtzunen dagoen Inasa lantegian makinak eramateko. Fabrika hustea dute helburu, langileen borondatearen kontra.


Inasatik makinaria ateratzen saiatu dira berriz ere

Asteburu gogorra izan dute Irurtzunen, eta ez euria egin duelako. Ostiralean Inasa aurrean langileak prentsaurrekoa ematen ari zirela, Bridgnorth Aluminium enpresako ordezkariak lantegian sartu ziren, Internetez erosi dituzten euren produktuak ikuskatzeko eta makinariaren... [+]


2013-05-30 | ARGIA
[Sakana] Eskualdea Inasako langileekin

Urko Apaolaza (@urkoapaolaza) Argiako kazetariak Sakanatik jarraitu du goiza. Bideoan, Garikoitz Uharte Sakanako LABeko kideak eskualdeko grebaren balorazioa egin du eguerdian: "Kontuan izan behar da Sakanan bi hilabetean egiten den bigarren Greba Orokorra dela gaurkoa... [+]


2013-05-28 | Martin Vicioso
Inasako langileak: "Herri harresiarekin amaiera arte jarraituko dugu"

Inasa lantegian makinak eraman ez ditzaten herri harresia antolatu dute Irurtzunen. Info 7 irratian enpresako langileen asanbladako kide Fernando Carrión Galarza elkarrizketatu dute,  bertan borrokaren egoera azaldu du.


Eguneraketa berriak daude