Milaka langile elkartu dira Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Baionan eta Maulen egindako manifestazio eta ekitaldietan. Langile eskubidea defendatu eta lortzeko, greba erreminta ezinbesteko gisa aldarrikatu dute sindikatu guztiek. LAB lehen aldiz intersindindikalarekin batera mobilizatu da Baionan, segregaziorik gabe. EHKSk, bere aldetik, manifestazio jendetsua egin du Bilbon.
Maiatzaren Lehenean, beste urte batez langileek kaleak hartu dituzte Euskal Herrian eta mundu osoan. Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan izan dira mobilizazio nagusienak gurean. Sindikatuek euren aldarrikapenak egin eta marra gorriak zein diren ohartarazteko aprobetxatu dute, eta euren hitzaldietan etengabeak izan dira EAEko gobernu berriari emandako mezuak.
ELA: "Zenbat eta greba gehiago, orduan eta emaitza hobeak"
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilbon, milaka lagunen aurrean, adierazi du zerbitzu publikoak indartzearen beharra eta sindikatu horrek konfrontaziorako bidean jarraituko duela ohartarazi die patronalari eta gobernuei, greba balioan jarrita: "Zenbat eta greba gehiago, orduan eta emaitza hobeak".
Oposizioan dauden ezkerreko alderdiei, aldiz, Lakuntzak eskatu die ez dezatela "herri" akordiorik egin "pribatizazioa eta botere ekonomikoen aldeko fiskalitatea bultzatzen dutenekin", izan ere, bere esanetan "herri akordio horiek posible dira eskuineko edukiak onartzen badira”.
LAB Baionan, intersindikalean
LABek Iruñean egin du manifestazio nagusia. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrek probestu dute sindikatuak 50 urte egin berri dituela, orain arte langile borrokaren bidez lorturikoa azpimarratzeko. LABek 50.000 afiliaturen langa gainditu du lehen aldiz aurten.
Aranburuk "bizitza duinak eta bizigarriak" eskuratzeko borrokan jarraituko dutela ziurtatu du. Arroyok, berriz, 30 orduko lan astea eta beste hainbat aldarrikapen jarri ditu mahai gainean. Hain zuzen, lanorduen murrizketa izan da sindikatuek aurten egin duten aldarri nagusienetako bat.
Baionan ere manifestatu da LAB, aurten lehen aldiz intersindikalak antolaturiko mobilizazioan. Hainbat urtetan segregaturik egon eta gero CGT, CFDT, FSU, Solidaries eta UNSA sindikatuekin batera atera da LAB Baionako karriketara. Eñaut Aramendi sindikatu abertzaleko kideak salatu du Frantziako Gobernua greba eskubidea murriztu nahian dabilela eta borrokan jarraituko dutela hitz eman du, hori gertatu ez dadin.
Bandera gorriak Bilbon, EHKSren eskutik
Maiatzaren Leheneko mobilizazio jendetsuenetako bat EHKSren eskutik izan da Bilbon. Bandera gorriak eskuan, milaka lagunek aldarrikatu dute Langileen Nazioarteko Eguna ez dela "oroimenerako egun huts bat" eta iraultza sozialistaren alde egin dute.
"Munduko proletalgoaren hamarkadatako ondare iraultzailea geure egin, irakaspenak eguneratu eta gizarte kapitalistaren aurka langileriaren boterea eraikitzen jarraitzeko beharra da gaur aldarrikatu nahi duguna", azaldu dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek, Gedar langile kazetak jaso duenez.
Gazaren kontrako genozidioa ere gogoan izan dute EHKSren manifestazioan. Sindikatuek antolaturiko mobilizazio ia guztietan ere ikusi ahal izan dira palestinar banderak, eta Palestinako herriaren aldeko oihu eta mezuak entzun dira.
CCOO eta UGT sindikatuak elkarrekin irten dira kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak ere Eusko Jaurlaritza berriari egin dio aipamena, eta oharra bidalio dio esanez "beste erremediorik" geratzen ez zaienean, greba erabiltzen jarraituko dutela euren eskubideak defendatzeko tresna modura.
CNT "folkloretik harago" mobilizatu da
Mugimendu anarkstaren erreferente den CNT sindikatuak Bilbon, Iruñean, Donostian, Barakaldon eta Gasteizen egin ditu mobilizazioak Maiatzaren Lehenean, langile-klasearen emantzipazioaren alde. Azaldu dutenez, egun horrek "langileen fokloretik harago, milaka pertsona mobilizatzeko" balio izan du.
Bilbon hainbat sektoretako langileek hartu dute hitza mobilizazioaren amaieran. Lan munduaren zentraltasuna eta borroka sindikala berreskuratzeko beharra aldarrikatu dute, besteak beste. Gainera, Europan eta munduan bizi den egoera "pro-belikoa" ere salatu dute: "Gerrako keynesianismoa inposatu nahi digute, gerra estatuen eta kapitalaren ekonomia suspertzeko elementu gisa".
Istiluak Parisen eta beste hiri batzuetan
Mundu zabalean, bestalde, milioika lagun elkartu dira hiri nagusienetan Maiatzaren Lehena ospatu eta langileen eskubideak aldarrikatzeko.
Parisen istiluak izan dira milaka lagun Bastillara abiatu direnean. Palestinako gatazka eta Joko Olinpikoen negozio eta espekulazioa izan dira aldagai nagusiak Frantziako hiriburuko protesta horietan. Atenasen eta Istanbulen ere istiluak izan dira manifestarien eta polizien artean.
Araban izan den grebarik luzeenetakoa izan da Gasteizko lorezainek egindakoa. Asteartean amaitu da, udalak azpikontratatutako Enviser enpresak eta langileen ordezkariek (LAB, ELA eta ESK) akordioa lortuta. Martxoaren 26an hasi zuten greba lorezainek, soldata duinak... [+]
1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketak sindikatuaren 50 urteko lana biltzen zuen, eta Tuterako alkateak Alejandro Toquero (UPN) bertan behera utzi du zenbait panelek "terrorismoa gorazartzen" zutelakoan.
Frantziako Gobernuaren aurrekontua fintzen ari diren honetan, "justizia soziala eta fiskala" aldarrikatu dute karrikatik. Irailaren 18ko mobilizazioak baino jarraipen ahulagoa ukan du osteguneko greba deialdiak.
Sei hilabete bete dituzte Gasteizko lorezainak greba mugagabean. Hamaika mobilizazio eta Enviser enpresarekin zein Udalarekin eginiko bilera batzuen ostean “epe laburrean” akordiorik lortu ezean borrokarako fase berri batean sartuko direla iragarri dute langileek... [+]
Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest zeudela adierazia zuen Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez. Asteazken gauean, deialdia jada publiko egin dute: ostiralean greba orokorra.
Armadoreak salatu zuen hamasei arrantzaletik hamabi matxinatu egin zirela, eta Guardia Zibilak artatu eta gero, Asturiasen egon da amarratuta. Asteazken goizaldean heldu da Getariako portura.
Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsulta epe barruan zuten adostuta batzarra Langile Batzordearekin, baina enpresariak ez dira agertu.
Ostiral honetan manifestazioa antolatu dute Gasteizko lorezainek, greba mugagabea hasi zutenetik sei hilabete beteko diren egunean. “Gatazka konpontzeko aurrerapausoak urriak izan dira”, salatu du enpresa batzordeak aste hasieran. Irtenbide bakarra “soldata... [+]
Garnica taldeak egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka hasi dute greba mugagabea Laudioko egur fabrikako langileek. Goizean bilera izan du Enpresa Batzordeak Garnicako zuzendaritzako kideekin, eta langileek txistu artean jaso dituzte.
Hala iragarri dute langileek ostegun arratsaldean Laudion eginiko mobilizazioaren amaieran.
Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]
Greba eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan. "Dena blokeatzeko" mobilizazioaren kari, 50 bat lagunek ekintza bideratu dute Miarritzen, Hotel du Palais luxuzko hotelaren atarian. Bi lagun atxilotu ditu Poliziak.
Laudioko fabrikako jardunaren zati bat tokialdatu nahi du zuzendaritzak, 39 behargin kaleratuz.