Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

  • Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in Gaza ('Izpilikua': Israelek Gazan bonbardatzeko kanpaina zuzentzen duen adimen artifizialeko makina) erreportajea irakurri dezala hori pentsatu duenak. Seiak dira iazko urriaren 7az geroztik Gazan egondakoak, adimen artifizialari segi, makinak finkaturiko puntua bonbardatzen aritutakoak. Zinezko ankerkeria; ankerkeria distopikoa. Erreportaje horren laburpena duzue hau.

Makinaren manuak betetzen dabiltza Tsahaleko soldaduak:
Makinaren manuak betetzen dabiltza Tsahaleko soldaduak: "Ez dakizu zenbat hil dituzun eta nor hil duzun. (...) Albo-kalteei buruz ez dakizu ezer. Ondoko jomugara zoaz, ahal bezain bat jomuga lortzea eta ahal bezain laster, horrek dauka garrantzia". Argazkia: Israelgo armada
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Markaturiko etxe guztiak bonbardatzera zetorren goizeko bostetan aireko armada. (...) Milaka pertsona eliminatu ditugu horrela. Ez ditugu banan-banan begiratu, modu automatikoan jarri dugu guztia; [markaturiko pertsona] etxeratu bezain laster helmuga bihurtzen zen: bonbardatzen genuen, bera eta bere etxea". Horrela dabiltza Tsahal Israelgo armadakoak Gazako palestinarren desagerrarazten. Jomugan daukatenaren segipen hurbilik gabe, inguruko zibilak babesteko intentziorik gabe eta orotan larriena, makina baten manuak begiak hetsirik jarraikiz. Begiak itxita, baina begiak hesteko manuari segika: "Betebeharraren handitasuna ikusirik, protokoloak dio: makinak ongi funtzionatzen duenaren segurtamena ez baldin baduzu, badakizu estatistikoki dena ongi doala. Beraz, jo aurrera, ekin".

Adierazpen hori soldadu israeldar batena da. Testigantza horri esker eta horien plazaratzeko ardura hartu duten +972 eta Local Call komunikabide independenteen ikerketari esker jakin dugu Gazako bonbardaketen lekuaren eta unearen finkatzeko ardura adimen artifizialaren esku utzi duela Israelek. Lavender’: The AI machine directing Israel’s bombing spree in Gaza ('Izpilikua': Israelek Gazan bonbardatzeko kanpaina zuzentzen duen adimen artifizialeko makina) titularra dakar erreportajeak. Lavender izendatu dute sistema teknologiko hori, paisaia botanikoko more usaidun ederrari izena lapurtu eta gerrarako hilketa masiborako tresnari jarrita.

37.000 palestinar horien datuak Lavender sisteman sartu eta adimen artifizialaren esku utzi dute segipena. Lekukoek aitortzen dute “giza erabakiak balira bezala” segitu dituztela bonbardatzeko jarraibidea 

Tsahalek agiri bidez gezurtatu du ikerketak dakarrena, argi utzi nahi izan du Lavender erabiltzen dutela bakarrik arerioen jarraipenerako eta gaineratu du beti badagoela datuen azterketa xehean dabilen soldadu bat. Baina, agiriak pisu guti du kontrako adierazpenak dakartzaten sei lekukotasunen parean. Seiak dira Israelen informazio zerbitzuko langile ohiak eta urriaren 7az geroztik Gazaren suntsiketan parte harturikoak. "Behin baino gehiagotan gertatu izan zait etxe bat erasotzea, [jomugan genuen] pertsona bertan ez izan arren. Emaitza? Familia oso bat hil duzu, arrazoirik gabe". Besteak beste, Lavender-ek informazioa eman eta bertaratu artean, pertsona etxetik atera zitzaielako. Gisa horretako adibideak ez dira bakanak erreportajean.
Pertsonen bizien kentzeko erabakia algoritmoen esku uzteko ankerkeria distopiko horretan sarturik garela egiaztaturik, goazen hurbilagotik begiratzera Lavender-en funtzionamenduari:

Puntuazioaren arabera, hiltzekoetan edo ez

Gazako herritarren fitxatze masiboan oinarriturik, kriterio batzuen araberako 0 eta 100 arteko puntuazio sistema osatu du Israelek eta horrela joan dira Gazako palestinarrak sailkatzen. Bi milioi biztanlez gorako populazioaren puntuaketatik atera dituzte 37.000 palestinar, dohakabeak, adimen artifizialak 100etik hurbil kokaturik eta beraz Hamas eta Jihad Islamikoa erakundeetako kide gisa sailkaturikoak. 37.000 horien datuak Lavender sisteman sartu eta adimen artifizialaren esku utzi dute segipena. Lekukoek aitortzen dute "giza erabakiak balira bezala" segitu dituztela bonbardatzeko jarraibideak.

Urriaren 7az geroztik Tsahalen irizpideak aldatu direla diote. Hain zuzen, ordura arte Hamas edota Jihad Islamikoa taldeetako goi-kargudunak zituzten jomugan, baina Iron Swords [Burdinezko Ezpata] operazioa abiatzearekin batera erakunde horietako aktibista oro bihurtu zuten eliminatu beharreko arerio. Horrek bigarren aldaketa bat zekarren: "Dozenaka agente zirela jomugan, informaziorako langileek egin zezaketen jarraipena, banan-banan bakoitza zigortzeko eta lokalizatzeko denbora hartuta. Baina hamarnaka mila agenteko zerrenda zabaltzearekin onartu zuen armadak software automatizatuetan eta adimen artifizialean oinarritu beharko zuela jarraipena". Jomugan zirenei buruzko informazioari xeheki begiratzeko beharrik ez zutela jakinarazi zieten, gainera, buruzagiek. Iturri batek dio "batez beste hogei segundu" pasatzen zituztela pertsonaren datuei begira. Noraino doan genero eraikuntza, tarte labur hori izan ohi zuten justu begiratzeko hiltzera zihoazena ez ote zen emakumea –erakunde horietan ez omen delako emakumezko aktibistarik...–.

Milaka palestinarren segipena egiten dabil Lavender sistema. Jomugan daukana bere etxean dagoenean eman ohi du bonbardatzeko manua. Horrek dakar pertsona horrez gain, bere familia osoa hil ohi dutela israeldarrek.

Urriaren 7aren ondoko bi asteetan Lavender makina probatu zuten, eraginkortasuna eta emaitzak hurbiletik begiratuz, eta %10eko errore tasa zuela ondorioztaturik, modu orokortuan erabiltzeko baimena eman zitzaien soldaduei. Hots, Lavender-ek jomugan zituen 37.000etatik 3.700 errugabeek bizia galduko zuten, besterik gabe %10eko errorea onargarritzat jo izanagatik.

Etxeen bonbardaketak nahiago

Ikusirik hil beharreko etsai bakoitzak duela etxe bat, Lavender-ek nahiago izaten du pertsonaren bizitokia memorizatu eta pertsonaren eta bizitokiaren puntuek bat egindakoan bonbardatzeko manua eman. Zer dakar horrek? Jomugan dutenaz gain, bere familia osoa dutela hiltzen. Zenbat aldiz ez dugu entzun "X kazetaria eta bere familia osoa hil du Israelgo armadak" edo "X Hamaseko burua eta bere familia osoa hil du Tsahalek". Gizagabetasun horren isla bat gehiago dugu programa horri erabiltzaileek jarri dioten izena: Non dago aita?

Hamaseko ardura gutxiko kide baten hilketarako, inguruko hamabost bat zibil hiltzeko baimena dute; baina goi-kargudunentzat, ordea, “ehundakako”
langa dute baimendurik

Hilketa baten albo-kalteen hein onargarria ere erabat aldatu da urriaren 7az geroztik. Hamaseko kide bakoitzaren hilketan beste hamabost zibil hiltzeko baimena zeukaten urriko lehen asteetan eta zenbaki hori ttipituz edo handituz zihoan ondotik: "Praktikan, [bonbardaturiko etxeetako] pertsonak ez genituen kontatzen, ez zelako erraza. Aste baten buruan, albo-kalteen heina [hamabostetik] bostera jeitsi zuten eta horrek erasoak zaildu zizkigun, familia osoa etxean izanez gero ezin genuelako bonbardatu. Laster igo zuten berriz albo-kalteen heina".

Inguruko hamabost bat zibil hiltzeko baimena Hamaseko ardura gutxiko kideentzat, baina goi-kargudunentzat, ordea, "ehundakako" langa dute. Abenduaren 2ko desmasia oroitzen du lekuko batek: "Shuja'iya batailoiaren aurkako bonba-atentatuarekin bagenekien ehun zibil baino gehiago hilko genituela. Niretzat, psikologikoki, hori ez zen ohikoa. Ehun zibilez gora: marra gorriaren gainditzea zekarren horrek". Gauza bera, Ayman Nofal Hamaseko buruetakoaren hilketarako, 300 zibil hiltzeko baimena zuten. Egun horretan bertan zegoen sorosle baten lekukotasuna dakar erreportajeak: "Bai, hil egin zuten, baita [Ayman Nofal]zein zen ez zekiten beste pertsona andana ere. Familia osoak hil zituzten, haurrak hil zituzten". Albo-kalte baimenduen hein hain altua ez da inoiz ikusi, ez Israelen partetik, ezta Sirian, Afganistanen zein Iraken AEBen partetik ere. Pentsa, Bin Ladenen kasuan 30ekoa zen.

Erasoan hildako zibilen kopurua baino inportantzia gehiago du armen ekonomiak. Nahiz eta desmasia handiagoak eragin, merkeagoak diren misil ez hain zehatzak erabiltzen dabiltza Hamaseko buruak ez direnen erasotzeko –urriaren 7az geroko kasu gehienak direnak–: "Balio handiko bonbarik ez duzu erabili nahi garrantziarik gabeko pertsonentzako. Horrek kostu izugarri handia du herriarentzat eta [bonba] eskasian gaude", dio lekuko batek.

Albo-kalteen neurketa ere adimen artifizialaren esku utzi dute: "Kalkulu erabat automatiko eta estatistikoak dira". Konkretuki, urriaren 7a aitzin eraikin batean fitxaturiko biztanleen kopurua oinarri harturik, urriaren 7az geroztik inguru horretan izandako lekualdaketak proportzionalki bideratzen dituzte eraikinera. Adibidez, biztanleen erdiak ihes egin baldin badu auzo batetik, hamar biztanle zituen bizitokian bost zenbatuko dituzte. Nork? Algoritmoek: "Modelo hori ez zen errealitateari konektatua. Ez dago loturarik orain eta gerra aitzinean bertan bizitakoen artean. Gertatu zaigu etxe baten bonbardatzea jakin gabe hainbat familia zeudela barnean, elkarrekin gorderik".

Ankerkeria hori ikusita, ez gara harrituko jakitearekin emaitzei ere ez diotela begiratzen: "Ez dakizu zenbat hil dituzun eta nor hil duzun. (...) Goi mailako buruen kasuan dugu ondoko segipena egiten. Besteentzat, berdin zaigu. Eraikinaren suntsiketari buruzko aireko armadaren txosten bat jasotzen dugu eta kitto. Albo-kalteei buruzko ezer ez dakizu. Ondoko jomugara zoaz. Ahal bezain bat jomuga lortzea, ahal bezain laster, horrek dauka garrantzia". Eta horrela doa aitzina Gazako genozidioa. Erreportaje hau idazterakoan 34.262 hildako zenbaturik ditu Gazako Osasun Ministerioak. 34.262: datu erabilgarri bat gehiago algoritmoentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Arduraz

Palestinan gertatzen ari dena ikaragarria dela erraten du jende orok karrikan barna, “Onartezina da! Genozidioa da!” bilakatu dira azken aldiko entzunenak. Egoera salatzeko elkarretaratzea egin, ordea, eta bidegabekeria dela pentsatzen duten hamar horietatik lau... [+]


2025-10-02 | ARGIA
Ehunka bahituak Israelera eraman dituzte, eta Flotillak dio Gazako blokeoa apurtzen saiatzen jarraituko duela

Flotilla gelditu du Israelgo armadak, Gazara iritsi aurretik. Ontziak Israelek "arrisku eremu" gisa izendatu duen lekuan dira asteazken goizetik. Iluntzean, 20:30ak pasatxoan heldu dira ontzi militar israeldarrak lehen abordaiak egitera. Flotillako ontzietan zihoazen lau... [+]


2025-10-02 | ARGIA
Flotillako ontzietan zihoazen lau euskaldunak atxilotu ditu Israelgo armadak

Flotillako euskal ordezkaritzaren prentsa lantaldeko Ana Casconek ARGIAri baieztatu dio informazioa. Lau euskal herritar abiatu ziren Bartzelonatik Gazara bidean Global Sumud Flotilla nazioarteko ekimenean: Itziar, Jotas, Karim eta Mikelon (euren abizenak ez ematea erabaki dute).


Nazioarteko prentsaren irakurketa flotillaren aurkako erasoaren ostean

Mediterraneo inguruko komunikabideetan gertakariak presentzia handia du. Aldiz, Alemanian isiltasun handia dago, eta Erresuma Batuan nahiko atzean ematen dute notizia.


2025-10-02 | ARGIA
Mobilizazioak deitu dituzte ostegunerako flotillaren eta Palestinaren defentsan

Arratsaldean herri guztietako udaletxeen aurrean mobilizatzera deitu dute, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte. EHUn ere antolatu dituzte mobilizazioak.


2025-10-01 | ARGIA
Hainbat itsasontzi israeldar gerturatzen ari zaizkio Global Sumud ontzidiari

19:30ak aurretik, ontzidi humanitarioaren antolakuntzak jakinarazi du, GPSaren arabera, hogei itsasontzi baino gehiago gerturatzen ari zaizkiela pare-paretik. 


Greba orokorra Italian ostiralean, Palestinarekin elkartasunez

Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest zeudela adierazia zuen Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez. Asteazken gauean, deialdia jada publiko egin dute: ostiralean greba orokorra.


Palestinarainoko olatua

Ikasturte berriarekin batera, EHU Palestina plataformako kideok berriro batzen hasi gara, ikasgela, ikerketa eta gainerako unibertsitate-jardueretan Palestinan Israel egiten ari den genozidioa eta horren konplizeak salatu eta baztertzeko. Abiatu ginenean oso bakarti sentitu... [+]


Francesca Albanese, NBEko errelatorea: “Israelek flotilla geldiaraziko balu, nazioarteko legea urratuko luke berriro”

Nazioarteko ontzidiak larrialdiko prentsaurrekoa deitu du asteazken goizean, “arrisku eremuan” sartu berritan. Itsasontzietan dauden kideek “intimidazioa” eta “gerra psikologikoa” salatu dituzte Israelen eskutik. Albanese NBEko errelatore... [+]


ZUZENEAN | Jarraitu flotillaren kokapena eta zein ontzi ez duten atzeman

Hilabetetik gora darama itsasoan Gaza helburu duen Global Sumud flotillak. Mundu osoko ekintzaileak doaz dozenaka ontzik osatutako elkartasun ekimenean, Gazako setioa hautsi eta laguntza humanitarioa eraman asmoz. Tartean dira lau euskaldun. Egun gutxi geratzen zaizkie helmugara... [+]


"Israelgo komunikabideetan diote gaur atxilotuko gaituztela, eta hemen gauden 500 pertsonak buke militar erraldoi batean sartu"

Goizeko 2:30ean eta 5:10ean alarma piztu dute Gazara bidean doan Global Sumud Flotillak ontzietan, Israelgo armada hurbiltzen ari zela eta. Asteartetik asteazkenerako gauean "arrisku eremuan" sartu da Global Sumud Flotilla, Gazako kostaldetik hurbil, eta edozein unetan... [+]


Trumpen plana babestuta, Hamas presionatu eta palestinarrak baztertu dituzte Mendebaldeko eta herrialde musulmanetako hainbat gobernuk

PAN, Europar Batasuna, Erresuma Batua, Turkia, Qatar, Egipto, Jordania... denek goraipatu dute AEBen eta Israelen Gazarako plana, eta “bi estatuen irtenbidea” ahalbidetzen duela ziurtatu. Baina, batetik, hogei puntuko planak ez du Palestinako Estatuaren sorrera... [+]


2025-09-30 | Jon Torner Zabala
Hauek dira Trumpek proposatu dituen 20 puntuak Gazarako

Gazako gerra amaitzea helburu, Etxe Zuriak 20 puntuko proposamena aurkeztu du. Besteak beste, Trump bera buru duen batzorde batek ikuskatuko lukeen trantsiziozko gobernua aipatzen da. "Beste kide eta estatuburu batzuek osatuko lukete batzorde hori, Erresuma Batuko lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude