"Iruñeko edozein auzotan haurrak euskaraz ikasteko aukera izatea, hori da legealdirako helburua”

  • 2015-2019ko legealdian Iruñeko alkate izan ondoren, bigarrengoz errepikatzen du alkatetzan, ezker abertzaleak Iruñeko udal hauteskundeetan inoiz izandako emaitzarik onenaren ondoren, eta PSNrekin lotutako zentsura mozioaren eskutik. Abagunea ona dela dio, baina akordioa ez dela berez etorri azpimarratzen du. Hiriko gai ugari atera dira mahai gainera eta, oroz gain, argi du: “Eredua esportagarria da”.

Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

Alkatetzara aparretan heldu ondoren, eguneroko zoru gogorra zapaldu behar da orain. Nola doaz lehen asteak?
Udala mugitzea Titanic itsasontzia mugitzea bezalakoa da. Horregatik, aldez aurretik lan eskerga egina genuen. Prestatuak genituen taldeak eta lehen neurriak, lehen 100 egunak nola joango ziren ere bai. Orain, udalaren martxa %100ekoa da.
Zure lehenengo agintaldian ez zenuten PSNren beharrik izan. Orain, haren akordioarekin iritsi zara alkatetzara. Esango nuke eredu honetan aurrekoan baino erosoago ikusten zaitudala.

Aurrekoa ez zen erraza izan, bost zinegotzi besterik ez genuen –gehiengoa hamalau da– eta menpekotasun handia genuen. Orain zortzi zinegotzi gara, beste indar bat dugu eta eskarmentuan ere irabazi dugu. Horrez gain, oposizioan beste heldutasun bat dago eta PSNrekiko harremanak oso onak dira. Hala ere, badakigu une gogorrak ere izango ditugula, gauza askotan oso urrun gaude eta. Momentuz konfiantza giroa %100ekoa da. Daukagun udal erradiografia utzi digu Iruñeak, ez guk nahiko genukeena, eta horrekin aritu behar dugu.

Azken asteotan bolo-bolo ibili dira Orkoiengo alkate PSNko Alex Lópezen adierazpenak: euskaldunentzako zerbitzuak pribilegiotzat jo ditu. Zuek udal programa PSNko zinegotziekin negoziatu behar izan duzue. Ikusten duzu aldaketarik haiengan euskararekiko?
Euskararena urrunen gauden puntu horietako bat da. Guk printzipio nagusi bat dugu: Iruñeak bi hizkuntza ditu eta euskarak hor bere lekua behar du. Hori pedagogiaz azaldu beharko diogu PSNri, baina gure jendeari ere pazientzia eskatu beharko diogu, uler dezan ez dugula gehiengo osoa.

Etxebizitza izango da lehenetsiko duzuen arloetakoa, eta hor arazo handienetakoa da alokairuen etengabeko igoera. Udalak zer egin dezake igoera hori apaltzeko?
Azken lau urteetan etxebizitza sozialaren arloan eskuinak ez du deus egin. Salestarren proiektuarekin erakutsi dute haientzat etxebizitzaren eremua bakar-bakarrik negozioa dela. Une honetan identifikatuak ditugu auzoz auzo dauden orube eraikigarriak eta uste dugu 1.000tik gora etxebizitza egin daitezkeela.

"Oposizioan beste heldutasun bat dago eta PSNrekiko harremanak oso onak dira. Hala ere, badakigu une gogorrak ere izango ditugula, gauza askotan oso urrun gaude eta"

Zeintzuk dira etxebizitza politika horren oinarri orokorrak?
Datozen zortzi urteetan, udalak, zuzenean edo zeharka, 1.200 eta 1.600 etxebizitza artean sustatuko ditu, eta honako hauek lehenetsiko ditu: bat, alokairu sozialeko etxebizitzak (600 inguru); bi, 100 etxebizitza huts alokairu-erregimenean aterako ditu foru poltsa baten bidez. Babes Ofizialeko Etxebizitza pribatuak gutxienez 410 izango dira, eta gutxienez 220 gazteen alokairurako. Gazteen emantzipaziorako bizitoki espezifikoak 82 dira, baina 100 ere izan daitezke. Halaber, bi partzela bideratuko dira adinekoentzako elkarlanerako bizitokietarako eta tutoretzapeko apartamentuetarako, guztira 75 bat pertsonarentzat.

Baina zenbakiak bezain garrantzitsuak dira honako lau kontu hauek. Bat, lan hori Nafarroako Gobernuarekin zuzeneko lankidetzan egingo da. Bi aldeak erabat jabetzen gara paralisi-fasea gainditzeko elkarrekin eta modu bizian lan egin behar dugula. Bi, gazteen emantzipaziorako bizitokien figura sortzea, bost urtera arteko alokairu oso murriztuarekin, gure gazteek independizatzeko aukera izan dezaten. Hiru, birgaitzeko laguntzen igoera nabarmena izango da auzo guztietan; urtean sei milioi izatera iristea aurreikusten dugu. Eta lau, bizitegi-larrialdietarako egungo 200 etxebizitzako parkea handituko da.

Iruñeko etxebizitzen errolda legealdi honetan egingo da?
Uste dut joan den urtean egin zela lehenengo zenbaketa, eta horren arabera, 500 etxebizitza huts inguru daude Iruñean.

Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

UPNren udal gobernuarekin Geltokiko proiektua kolokan egon da. Orain zer egingo da?
UPNk guztia eraitsi nahi zuen, guk zerbait berezia egin nahi dugu. Lehengo autobus geltokia mantendu nahiko genuke, andenak, leihatilen eremua, han dauden ekonomia sozialeko negozio txikiak... Estalitako plaza ere han dago, Zabalgunea eta Alde Zaharraren artean, eta hori Iruñea moduko klima duen toki batean altxorra da. Eraikinak, halaber, badu indarra memoria kolektiboan XX. mendeko eraikin gisa, eta konpondu eta berreskuratu beharko genuke udal etxebizitzak egiteko. Gainera, han dago erloju ospetsua ere, non 36ko Gerran bi pertsona ezkutatu ziren.

Hirian espazioak birnaturalizatu nahi dituzue eta basoak sortu. Non?
Hiriaren barruan azken hamarkadetan zuhaitzak zeuden tokietan esku-hartze handia izan da. Egon den lurpeko aparkaleku politikarekin espazio horiek asko ahuldu dira,  beraz, horiek zaindu eta bermatu behar ditugu. Uda gogorrak izaten ari dira hemen eta zuhaitz bakoitza babestoki bat da. Horregatik, Gurutze plazako aparkalekua bertan behera geldituko da. Baso parkea hiriaren hegoaldean egin nahi da, Lezkairu auzo inguruan. Hiri osoan 100.000 bat zuhaitz landatu nahi ditugu datozen urteetan.

Urtearekin abiarazi den Txantreako biomasa planta esportagarria da beste auzo batzuetara?
Bai, noski, hori izango litzateke gure nahia. Dena den, hori ez dago gure esku soilik, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren proiektu partekatua baita.

"Hiri osoan 100.000 bat zuhaitz landatu nahi ditugu datozen urteetan"

Instituzio guztietan trantsizio energetikoaren gaia besterik ez dago gaur egun. Iruñea ere horretan ari da. Gizarteko hainbat sektorek, ordea, faltan botatzen dute aldi berean ez egitea horrek eskatzen duen eraldaketa sozialarekiko hausnarketa. Nola ikusten duzu gaia?
Entzuten dugunean bizi dugun uda bakoitza ezagutuko dugun freskoena izango dela, hori oso kezkagarria da. Aldaketa klimatikoa beti etortzekoa zen eta orain ohartu gara hemen dagoela, eta harrapatu egin gaituela. Beraz, bukatu dira epeak. Espazioen birnaturalizazioa, mugikortasun jasangarria, garraio publikoa... Gauza asko dago egiteko, baina hurrengo urteetako politikari belaunaldiak dagoeneko emergentzia hori gainean dutela aritu beharko dira lanean.

Hazkunde ekonomikoa izan da orain arteko eredu nagusia, eta hiriak ere gelditu gabe hazi dira. Orain, ordea, desazkundeaz ere gero eta gehiago entzuten da.
Eta prestatuak egon behar dugu desazkunderako. Iruñeak azken zortzi urteetan 200.000 lagunen langa pasatu du, eta badakigu gure mugetatik oso gertu gaudela. Erripagaña auzoa azkenean zein udalerritan geratzen den, horren arabera egongo da gure sabaia ere.

Globalizazioak ekarri du hirien lehia handia azken hamarkadetan. Sektore ekonomiko batzuentzat ikuskizun edo ekitaldi ugari onak izango dira seguruenik. Herritarrentzat ere bai?
Erretorno ekonomikoaren kontzeptua hor dago, eta gai hori sarritan plazaratzen da.  Hirien artean sekulako lehia dago hainbat alorretan posizionatzeko, kultur ikuskizunetan, musikan, jaialdietan... Halakoak, oro har, gizartearentzat onuragarriak dira, eta testuinguru horretan batzuek negozioa egiten dute. Sanferminek, adibidez, hiri merkataritzari ez diote ekarpen handirik egingo, baina ostalaritzari bai, eta beste gauza asko guztion onurarako dira.

Ostegun eta asteburuetan Iruñea osoko milaka pertsona datoz Alde Zaharreko tabernetara. Eredu horrek bizilagunekiko talka dakar. Posible ote da tabernen parke tematikoaren eredu horri buelta ematea?
Zaila da. Gainera, auzo batzuetako taberna giroa ahuldu egin da urteekin, eta dena Alde Zaharrean metatu da. Baina, aldi berean, Iruñeko Alde Zaharra bizirik da auzo moduan, eta agian horregatik, talka beste toki batzuetan baino handiagoa da. Beste auzoetako bizilagunek Alde Zaharra haiena ere sentitzen dute. Beraz, nola uztartu daiteke jendearen aisialdirako eskubidea eta auzotarrena? Oso zaila da. Hala ere, Iruñeko Alde Zaharra oso handia da eta arazoak leku zehatz batzuetan dira. Teknikoki hobetu ahal izango dira etxeetako isolamenduak-eta, baina funtsean heziketa arazo baten aurrean gaude, eta ulertu behar dugu gure aisialdia ezin dela bilakatu arazoa beste batzuentzat. Udaletik lan egin beharko dugu sektoreen arteko adostasunak eraikitze aldera.

Badirudi berez datorren arazoa dela, baina urte luzez taberna mordoa zabaltzearen ondorio da, besteak beste.
Hala da, bai, eta horregatik 2015ean guk moratoria bat ezarri genuen hori mozteko. Kritika handiak jaso genituen, baina moratoriak hor jarraitzen du oraindik, beraz, ondo hartutako neurria izan zela uste dut. Garai batean zera gertatu zen: Alde Zaharreko merkataritzaren gainbehera ematen ari zen unean, batzuek pentsatu zuten ideia ona zela ixten ziren pertsianak tabernekin ordezkatzea. Denborarekin ikusi da hori ez zela lokal hutsei irtenbidea emateko era eta, gainera, arazo handi bat ekarri duela.

"Nafarroan ulertu behar
dugu indar ezkertiarrak
elkarrekin lan egitera kondenatuta gaudela, bestela
beti irabaziko du eskuinak"

Turismoa ere bada arazoa, besteak beste etxebizitzen prezioaren igoera handia dakarrelako. Iruñean frenoa jarri behar al zaio turismoari?
Iruñean arazoa ez da horren gordina, adibidez Donostiarekin konparatuta, baina neurriak hartzeko momentuan gaude, eta orain neurriak jarri ezean, hemendik hamar-hamabost urtera arazo bat izango genuke. Gure alde dugu Iruñeko Alde Zaharreko auzo bizitza oraindik oso bizi dagoela eta baduela indarra.

Beste esparru konplexu bat: euskarazko haur eskolak. Zuen aurreko legealdiko lana atzera bota zuen UPNk eta orain euskara hutsezko euskaltegi bakarra dago: Txantrea auzoko Izartegi. Donibane auzoan datorren ikasturterako euskarazko lerroa irekitzeko eskaera dago, eta Mendillorrin eta Arrosadian ere badira eskaerak. Posible ikusten duzu?
Gu urte berriarekin hasi gara lanean udal gobernuan eta matrikulazio kanpaina hastear dago. Ez dugu denborarik datorren ikasturtean aldaketak egiteko. Gure zeregina ez da datorren ikasturtea izango, baizik eta datozen hogei urteetako panorama diseinatzea. Eta horretarako lehenik jabetu behar dugu dauden beharrez, eskaintza eta eskaria egokitzeko.
Dudarik gabe, gure helburua ez da bakarrik eskaria asetzea, baizik eta euskararen erabilera bultzatzea. Legeak argi esaten du hori eta horretatik urruti gaude oraindik. Edozein kasutan, legealdi honetako gure helburua honakoa da: Iruñeko edozein auzotan euskaraz ikasi nahi duen haurrak horretarako aukera izatea. Hori lorpen izugarria litzateke.

Zergatik da horren garrantzitsua Iruñeko herritarrarentzat Iruñeko Udalak gaur egun hamar milioi euro gastatzea Sarasate pasealekua berritzen?
Gazteluko plaza eta Sarasate pasealekua Iruñeko bi eremu sinboliko dira, eta herritarrentzat maitatuenak seguruenik. Gazteluko plazan esku-hartze erasokorra egin zen duela hainbat urte, baina gaur egun XXI. mendeko plaza baten irudia du. Sarasatek ez. Sarasate berez bulebar bat da, baina une honetan Alde Zaharra eta Zabalgunea bereizten duen lubakia da, eta alderantziz izan beharko litzateke, leku zabal bat eta topagune bat, hiriari bizitza emateko espazio bat. Gaur egun ez da hori. Sarasate pasealekua birmoldatzen denean, aurkikuntza bat izango da hiriarentzat, eta herritarren aisialdirako gune inportantea. Gainera, lagunduko du Gazteluko plaza arintzen, orain mundu guztiak han egin nahi dituelako ekitaldi guztiak.

Batez ere aipatzen dut hori gaur egun bitartekoak oso mugatuak direlako eta beharrak handiak. Adibidez, ez ote litzateke hobeto baliatzea milioi horiek Sanduzelai auzoko errotondako trafikoa lur azpira eramateko?
Ziur zaude lur azpiko pasabide hori dela irtenbidea hor? Horrela ez genuke saihestuko ez zarata, ez trafikoa, ezta kutsadura ere...

Beno, hori diot, hango bizilagunek hori eskatzen dutelako, eta haiek ondo aztertuta izango dute gaia.
... errotonda horren arazoa oso konplexua da eta irtenbidea, seguruenik, ez da norabide bakar batetik etorriko. Ahal den neurrian, errotonda gainean plaza bat egin beharko da, eta trafikoaren zati bat azpitik pasatu beharko bada ere, beste zati bat desbideratu egin beharko da. Hori, aldiz, ez da erraza, irtenbide naturalena gaur egun igerilekuak dauden lekutik izango litzatekeelako, baina leku hura ezin da ukitu... Horregatik, ideien lehiaketa bat bultzatuko dugu eta, seguruenik, soluzioa ere hainbat adarretakoa izango da.

Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

Erorien Monumentua ere ideien eztabaidan utzi zenuten aurreko legealdian. Iruñeko sektore askotan eraisteko eskaera historikoa da, baina hori ez zen egin eta orain hor dago. Eraistea baztertuta, nondik nora joan daiteke bere erabilera?
Eraisketa ez dago baztertuta. Bere garaian asko izerditu genuen gaiarekin, izen aldaketarekin eta desobiratzeekin. Azkenean, nazioarteko lehiaketa oso aberasgarria egin genuen eta sei proiektu finalista gelditu ziren. Hor daude hainbat proposamen, eraikina eraistetik eraikinari beste esanahi bat emateraino, eta aukera guztiak zabalik daude. Hurrengo pausoak izango dira proiektu horietatik onena jasotzea, eta ondoren, parte hartze prozesu baten bitartez, herritarrek erabakitzea.

ERORIEN MONUMENTUA

"Hurrengo pausoak izango dira sei proiektuetatik onena jasotzea eta ondoren, parte hartze prozesu baten bitartez, herritarrek  erabakitzea"

EH Bildu eta PSN ibilbide bat egiten ari dira, bereziki 2019tik aurrera. Ibilbide behartua da –Iruñeko Udalean oposizioan elkarrekin, Foru Gobernua sostengatzen duzue...– edo elkarrekin estrategikoki hausnartua ere bada?
Euskal Herrian dagoeneko ez dugu bizi 1980-90eko hamarkadetako egoera. Horrek asko lagundu du. Orain artekoa ez zen naturala. Iruñeko soziologiak erakusten du 27 zinegotzitik 16 aurrerakoiak direla, eta beraz, normalena adostasunera iristea litzateke. Eskuinak ondo baliatu du gatazka egoera hori eta gutxiengoan izanda ere, boterearen %100 izatera iritsi izan da.
Horrez gain, abagunearen beste osagai batzuek ere laguntzen dute egoera hori. Esaterako, estatuan gaur egun PSOEk duen orientazioak laguntzen du, PSNk duena ere ez da duela bi hamarkadetakoa, eta Iruñeko Udalean ere berdin. 2019ko “Agur Asiron agur” haiek izan ziren harreman horren unerik baxuena, baina asteburu batean egin genuen gure dolua, eta astelehenetik aurrera lanean jarri ginen, jakinik PSNrekin lan egin behar genuela. Eta gero, oposizioan egon garen ondorengo lau urteak klabeak izan dira, sinergiak bateratu ditugulako eta diagnostiko partekatu batera iritsi garelako: Iruñeak ezin zuela horrela jarraitu. Baina Iruñean gertatzen ari dena, batez ere Iruñeko logika batetik etorri da.

Pentsa liteke Iruñeko legealdi hau ondo ateratzen bada, horrek asko aldatuko duela etorkizuneko Nafarroako udal panorama.
Bai, uste dut hemen gertatu den eredua guztiz esportagarria dela, bai udal mailan, bai beste instituzio batzuetan. Baina guk PSNrekin udalean diagnosi partekatua landu dugun bezala, beste toki batzuetan ere hala egin beharko dute, hori ez datorrelako berez. Nafarroan ulertu behar dugu indar ezkertiarrak elkarrekin lan egitera kondenatuta gaudela, bestela beti irabaziko du eskuinak.

Udaleko harrera gelan daude Iruñeko alkateen argazkiak. Argazkian, Yolanda Barcina, Enrique Maya eta Joseba Asiron. (Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA)

 


ASTEKARIA
2024ko otsailaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iruñeko Udala
Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


Asiron: “Iruñeko eredua esportagarria dela erakutsi behar dugu”

Larunbatean 100 egun bete ziren Joseba Asiron aginte makilaz jabetu zenetik, abenduaren 28an, Iruñeko Udalaren historiako lehendabiziko zentsura mozioaren bitartez. Lasai hartu du Euskalerria Irratia udaletxeko Harrera Aretoan, egindako lanaz harro. “Hiru hilean... [+]


Iruñeko Udaleko aurrekontu hitzarmena sinatu dute lau indarrek

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartu dute akordioa.


Alde Zahar auzo ekimena
"Iruñeko apartamentu turistikoen erdia Alde Zaharrean daude"

Iruñeko Alde Zaharreko Alde Zahar ekimenak turismo masiboaren aurkako eta auzoaren defentsarako kanpaina abiatu du ostegun honetan.


Eguneraketa berriak daude