Elorrioko Eroskiren produktu ez-galkorren biltegiko Cecosa azpikontratako langileek oso baldintza kaskarretan dihardute: biltegiaren azken katebegian egiten dute lan zama handiekin, eta Espainiako estatuko hitzarmena aplikatzen zaie. Abenduaren 11tik 16ra grebara jo zuten eta martxan jarritako presio mekanismoen ondorioz, akordioa lortu du ELAk 2025erako %22,94 inguruko soldata igoerarekin, besteak beste. Bertako langile eta ELAko delegatu Asier Guerra Herrerok azpimarratu digu lortutako minimoekin pozik badaude ere, “hasiera besterik" ez dela izan.
Nola hasi zenuten grebara jotzeko prozesua?
Langileok maiatzean erabaki genuen antolatzea, eta lehen aldiz, hauteskunde sindikalak egin ziren. Behin antolatuta, lehen enpresa batzordea egin genuen, eta uztaila inguruan izan genuen enpresarekin gure lehen bilera; borrokatu beharreko baldintzak mahai gaineratu genizkien arren, hasieratik ezezkoa jaso genuen. Azarora arte itxaron behar izan genuen bigarren bilkura izateko. Horretan ere ez zen hobekuntzarik lortu, eta bost eguneko grebara jotzea erabaki genuen.
Zein egoeratan zineten grebara jo aurretik eta zeintzuk izan dira Eroskiri egindako eskakizunak?
Estatuko hitzarmena aplikatzen zaigu, eta lanbidearteko gutxieneko soldata kobratzen dugu; gaueko, jaiegunetako edo txandakako lanak konpentsatzeko plusik gabe. Zortzi orduko lanaldia egiten dugun arren, eguna 7,67 ordutan zenbatzen ziguten, atsedena ez baitzuten kontuan hartzen. Hortaz, zortzi orduak zenbatzea nahi genuen, soldata-arloa handitzea, Bizkaiko elikagaien merkataritzaren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzio neurri eraginkorren aplikazioa eta laneko prebentziorako gaiak eztabaidatzea, besteak beste. Horrez gain, alde bakarreko malgutasunari amaiera emateko, urteko egutegia eskatu genuen.
Zeintzuk dira egunerokoan egiten dituzuen lan zehatzak?
Eroskirentzat ekoizpenak egitea da gure lana, eta Eroskiren supermerkatuetako eta saltoki handietako eskaerak gauzatzen ditugu. Zehatzago esanda, Eroskiko elikagai ez galkorretan egiten dugu lan, baita konbentzionaletan ere, garbantzuak, moldeko ogia, patata frijituak, turroia… guztia. Lan-fisiko handiko lana da eta zama handiak hartu behar izaten ditugu gure gain. Lan-orduetan atsedenik ez hartzea jasangaitza da guretzat.
Langile guztiek tratu berdina jasotzen duzue?
Ez, biltegian bazkideak ere badaude. Oro har, biltegia korridoreen arabera dago antolatua: batzuetan xaboia, ura eta pentsua dago eta hori da gehienbat Cecosako langileok egiten duguna. Horietara, ordea, bazkideak ez dira sartzen. Hortaz, nahiz eta eskuz-esku lan egin dezakegun bazkideek zein langileok, lan jakin batzuk soilik guk egiten ditugu.
Hitzarmenari dagokionez ere, hitzarmen ezberdinak aplikatzen dizkigute. Guri, Madrilen sinatzen den estatu hitzarmena aplikatzen digute –abenduaren 23tik 26ra sinatu zutena– eta ez digute gaueko plusik ordaintzen. Eroskiko bazkideei, berriz, beste hitzarmen bat aplikatzen zaie: beren estatutuak dituzte eta aldi baterakoei, Bizkaikoa aplikatzen zaie.
Bizkaiko Elikadura Hitzarmenaren lan-baldintzak lortzea izan da zuen helburua, ezta?
Bai, hitzarmen horren alderik garrantzitsuena da hemen negoziatzen dela, Euskal Herrian, eta ELAk, sindikatu gisa, parte har dezakeela Bizkaiko elikagaien merkataritzako negoziazio mahaian. Cecosako langileoi aplikatzen zaiguna, ordea, saltoki handien hitzarmena denez, sindikatuak ezin du esku-hartu; izan ere, Madrilen negoziatzen dute. 1.770 orduko urteko lanaldia du hitzarmen horrek, soldatak txikiak dira eta ez dugu inolako plusik kobratzen. Bizkaikoak ia 50 lanordu gutxiago ezartzen ditu. Soldatari dagokionez ere alde handia dago, Euskal Herrian negozia daitezkeen eskubide gehiago baitaude onartuta.
Grebako bost egunetan egindako pikete eta protestak eraginkorrak izan al dira?
Bai. Elorrioko biltegian piketeak egon dira egunero, herrian ikusgarritasuna emateko grebari. Baina bestelako ekintza batzuk ere egin ditugu: ibilaldiak eta martxak, batetik; eta enpresarekin bilera egiten ari ginela, Bilbon kontzentrazioa egin genuen, bestetik. Gatazka Elorriotik atera eta gizarteratzeko balio izan digute ekintza horiek. Finean, mediatiko xamarra izan da.
Lantokira sartzen zirenean, grebara deituta ez zeuden bazkideekin harremana izan dugu piketeetan: jende askok txistu egiten zuen elkartasun gisara eta beste asko animoak emateko gelditzen ziren. Hala ere, egoera ezagutarazi baino lehen, esango nuke jendeak ez zekiela zein zen biltegiaren egoera.
Zenbateko jarraipena izan du, oro har, grebak?
Grebak %97ko jarraipena izan duela esango nuke. Jarraipen zabala. Biltegian, orotara, 300-400 langile gaude eta horietatik 130 gara Cecosako plantillakoak. 130 horietatik, zortzi langilek egin zieten uko lanuzteei.
Negoziazioen ondoren akordioa sinatzearen alde agertu zarete, zeinak besteak beste 2025erako soldatan %22,94 inguruko igoera dakarren. Horrez gain, zeintzuk izan dira gainontzeko lorpenak?
Lanean igarotzen ditugun zortzi orduak zenbatzea lortu dugu; PNG izeneko plus berri bat kobratzea, guztira 2.400 euro urtean; jaiegunak ordaintzea; antzinatasuna aitortzea, eta kontzeptu horretatik eratorritako zenbatekoak ordaintzea; gaurkotasuna %5 gehiago ordaintzea; 70 orduko lanaldi-murrizketa, zeinak opor egun edo norberaren aukerako egun gehiago izatea ahalbidetuko duen; eta azkenik, laneko osasunari dagokionez, biltegiratze lanak dakarren ahalegin fisikoa murrizteko beharrezko baliabide mekanikoak ezartzea adostu dugu. Hau da, benetako prebentzio-gaiak aplikatzeko konpromisoa hartzea. Hori oso garrantzitsua da lanaldi luzeak eta higadura fisiko handia jasaten ditugun langileontzat.
Aurrera begira zer asmo duzue?
Orain atseden hartzea tokatzen zaigu, baina aurrerago beharrezkoa izango da enpresarekin beste behin esertzea, oraindik ere hobetzeko dozenaka faktore baitaude. Gure ongizatea dago jokoan. Borroka honekin mahai gainean kolpea eman dugu. Minimo batzuekin hasi behar genuen, eta dagoeneko lortu egin ditugu. Baina hau hasiera besterik ez da, oraintxe antolatu baikara. Lan luzea dugu oraindik egiteko, 2025ean berriro negoziatu eta hobetzen joan behar dute, aplikatzen diguten hitzarmena atzera botatzeko.
Hiru eguneko greba egin zuten ekainean eta enpresak ez ditu bete adierazitako konpromisoak. Horien artean zegoen udako oporren hutsuneak betetzea, CCOO sindikatuak azaldu duenez.
Sanferminak ate joka, Iruñeko eta Iruñerriko garraio publikoko autobus gidariek greba mugagabeari ekin diote asteazkenean. Lanuzteak jaietan izango duen eraginaren aurrean, Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu: Sanferminak hasi... [+]
Sindikatuaren arabera Gasteizko garraio publikoko konpainiak bazekien langileak osasun arazoak zituela, eta "presioaren ondorioz" ekainaren 23an istripu larria izan zuen.
Asteartean eginiko bozketan, enpresako zuzendaritzak eginiko proposamenari uko egin eta grebari eustea erabaki dute Iruñeko garraio publikoko autobus gidariek. Iruñerriko Mankomunitateak sanferminetan %70ko gutxieneko zerbitzuak eskaintzea proposatu du.
Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.
Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]
ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]
Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]
Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belar eta sasiek hartuta ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean “zerbitzu... [+]
BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".
Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Boubacar Dioufek, Mbolo Moye Doole Bizkaiko manteroen eta kalez kaleko saltzaileen elkarteko kideak, Bilboko kaleetan arrazakeria eta abusu poliziala areagotu direla adierazi du.