"Jabetu naiz Fraisoroko espazio ilun eta estigmatizatua argitara emateak garrantzia duela"

  • Zizurkilen gora da Fraisoro, espositoen etxea. Han da oraindik haur abandonatuak jasotzen zituzten eraikina. Ehun urte baino gehiago dira inklusa eraiki zutenetik, eta hamarkada ere badarama gaia lantzen Eva María García Magriñá ikerlariak. Iraganera bidaia egin dugu, atzo gaur dela jakinik.

?
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
[Klikatu eta arrastatu lekuz aldatzeko]
?
? Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA [Klikatu eta arrastatu lekuz aldatzeko] ?

2024ko urtarrilaren 18an
Eva María García Magriñá. Donostia, 1966

2008an, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren ikerketa-beka jaso eta Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak lana argitaratu zuen, hau da, Gipuzkoako espositoen sehaska-etxearen XX. mendeko historia. Gaia bazterrean utzi gabe, lana aitzinatu, sakondu eta urrunago eraman zuen duela hiru urte, Mujeres de barro, infancias de cristal. Fraisoro 1903-1985 liburuan, errealitate isilgordea argira ekarriz, estigmari aurre eginez.

“Botaten diran umeen edo esposituben etxia” dakar Bizkaiko Batzar Nagusietako testu batek, 1864an. Zer ziren haur espositoak?

Hitza latinetik dator, expositus hitzetik, ex + positus, eta “etxetik ateratakoa” esan nahiko luke. Hitz horixe erabili izan zen garai batean, gurasoek mantendu ezin zituzten haurrak, edo desiratzen ez zituztenak, etxetik kanpora uzteko. Haur horiek leku publikoetan uzten ohi ziren, baldin eta haurrak –familiatik kanpora ere–, bizitzea nahi bazuten. Bestela, esate baterako, basoan-edo abandonatzen zuten haurra, bizirik agertu ez zedin. Ohiturak ekarri zuen esposito izena deitura bihurtzea zirkunstantzia horietan jaiotakoentzat. Hala ere, Espainiako Karlos V.ak gaitzesgarri jo zuen deitura hori, eta aldatzeko aukera eman zien abizen hori zeramatenei. Horren ordez, agertutako lekuen izena hartzen hasi ziren espositoak: gaztelaniaz, de la Cruz, del Bosque, de la Mata… Gero, berriz, haurra utzi zuten tornuaren herriko izena jarri izan zieten: Tolosa, San Sebastián, Azpeitia…

Tornua?

Bai, gailu birakor bat, erditik moztutako zilindro bat. Espositoen etxean edo komentuetako fatxada edo kanpoko paretan instalatzen zuten, kanpoaldea eta barrua komunikatzeko. Klausurako moja-etxeetako tornua bezalakoa zen, eta jendeak haurrak modu anonimoan uzteko erabiltzen zuen. Tornuan uztean, haurraren pisuak kanpai bat aktibatzen zuen, barrukoei jakinaraziz haur bat utzia zutela. Horrela egiten zuten Fraisoron. Esan behar da garai batean Gipuzkoan ez zela inklusarik izan, haur abandonatuak Iruñera eta Calahorrara eramaten zituztela, eta Calahorratik, berriz, Zaragozako Graziaren Ama Birjinaren Ospitalera. Elizbarrutien arteko gorabehera zen. Haur jaio berria asto baten gainean, edo zaldiz edo gurdiz, hemendik hara ibiltzeak haietako askoren heriotza zekarren.

Liburuan diozunez, 1844an ezarri ziren tornuak Gipuzkoan…

Aurretik ere baziren tornuak, Tolosan, Donostian, Azkoitian eta Azpeitian –Iruñeko elizbarrutiko herriak–, eta Arrasaten, Calahorrako elizbarrutiko herrian. 1844an, berriz, Espositoen Arautegia onartu zuen Espainiako erregeak eta tornuak barruti judizialen arabera eratu ziren: Donostian, Tolosan, Azpeitian eta Bergaran jarri zituzten, eta Arrasatekoa eta Azkoitikoa kendu. Herri horietako tornuetan zentralizatu zen haur abandonatuak biltzea. Tornuekin batera, probintziako inudeen edoskitze sarea ezarri zen, haurrak edoskiko zirela bermatzeko. Haur haiek bizirauteko, ezinbestekoa zen edoskitzea. Baina jatorri ezezaguneko haurrak edoskitzeak izutu egiten zituen inude asko, izan zitezkeen gaixotasunen kutsaduragatik, eta, beraz, inudeek nahiago zuten familia oneko haurrak edoski. Espositoak edoskitzea jarduera ordaindua zen, ordea, eta premia gorrian zeuden emakumeek –giro marjinalekoak, gehienak–, onartu egiten zuten egiteko hori. Ondorioa da haurren zaintzaren emaitza kaskarra zela.

Hurrena, hala ere, Fraisoro eraiki zuten. Zerk eraginda?

Haur abandonatuen zaintzaren emaitza kaskar horrexek eraginda. Haur haien artean hilkortasun tasa oso handia zen, %80koa ere bai Espainian. 1791n, Elgoibarren egin zen Probintziako Batzarrean espositoentzat inklusa bat eraikitzea proposatu zuten, baina Aldundiak nahiko dirurik ez, eta proiektua behin eta berriz atzeratu zuten. Aurrezki Kutxa Probintziala sortu eta gutxira askatu zen korapiloa, Kutxaren gizarte ekintzaren bidez. Lehenengo, Zizurkilen, Fraisoro baserri eskola sortu zuten, baserritarren semeentzat, eta, hurrena, Fraisoroko sehaska-etxea finantzatzea erabaki zuten. Sehaska-etxea baserri eskolako paraje berean eraikitzeak bazuen bere garrantzia: jabetzan nahikoa lur izateaz gainera, baserri eskolako ekoizpenak sehaska-etxeko bizilagunak esnez eta elikagaiz hornitzeko aukera paregabea ematen zuelako. Gainera, tren geltokitik gertu xamar zegoen paraje diskretua zen.

"Haur jaio berria asto baten gainean, edo zaldiz edo gurdiz, hemendik hara ibiltzeak haietako askoren heriotza zekarren"

Noizkoa dugu Fraisoroko etxea?

1903an inauguratu zuten, Zizurkilen, eta, hasieran, haren zeregina zen leku publikoetan abandonatutako haurrei eta probintziako tornuetan utzitakoei babesa eta arreta medikua ematea. 1913tik aurrera, berriz, haurdunaldia ezkutatu nahi zuten emakume ezkongabeak ere hartu zituen. Horrela, erditze sanitario anonimoa, segurua eta doakoa eskaintzen zieten emakume haiei Fraisoron eta, gainera, semea edo alaba, berme jakin batzuekin, bertan uzteko aukera. Aldundiak kudeatzen zuen emakume haurdunekin eta haurrekin zerikusia zuen guztia, hau da, sarrera eta irteera prozesuak, prohijamenduak, adopzioak, eta beste. Aldiz, arlo domestikoari dagokionez, Karitatearen Alaben esku zegoen Fraisororen antolakuntza.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Aurretik horrelakorik ez zegoen, beraz?

Garaiko prentsaren arabera, Fraisoro bezalakorik, Espainiako Estatuan ez zen egon. Kutxa eta Aldundiko arduradunek Frantziako Versailleseko La Poupponiere de Porchefontaine hartu zuten eredu, garaiko aurrerapen higieniko-sanitariorik modernoenak baitzituzten han. Hala ere, Fraisoroko lehen urteak ez ziren errazak izan –berogailuak bronkioetako gaitza eragiten zielako haurrei, besteak beste–, baina handik gutxira eraikinean egin ziren erreformei eta bertako medikuen jardunari esker, hilkortasun tasak murriztuz joan ziren; oso poliki, baina murriztuz, behintzat.

Zergatik abandonatzen zituzten ama haiek haurrak?

Pobrezia eta desohorea ziren arrazoi nagusiak. Haurra ezkontzaz kanpo izatea desohore handia zen, ez bakarrik haurdunarentzat baizik eta bere familia osoarentzat. Familiak, maiz, ama presionatu egiten zuen haurra instituzioan uztera, etxera itzuli nahi bazuen, administrazioak haien elikaduraren ardura hartzeko.

Fraisoro, soilik erregistro zibilean “guraso ezezagunen” gisa inskribatutako seme-alaben aterpea bazen ere, familia pobreen haurrak ere jaso zituen, identifikaziorik gabe han utzitakoak, espositoak balira bezala

Bizimodu normal samarra omen zen Fraisorokoa, zure liburuan irakurri dugunez.

Nik emakumeek esaten dutena besterik ez dut jaso, 1954-1974 bitarteko testigantzak. Gehienek, beren haurdunaldia zela-eta, herriko eta etxeko panorama kontuan izanik, Fraisoron ondo egon zirela esaten dute. Era askotako komentarioak jaso ditut, eta nire konklusioa da hango elkarbizitza, Ama Nagusiaren eta une bakoitzean etxean zegoen Karitatearen Alaben komunitatearen enpatia mailaren araberakoa zela; baita elkarrekin bizitzea tokatzen zitzaien emakume-taldeko kideen izaeraren araberakoa ere.

Jasotako testigantzak ez dira kamutsak...

Emakume baten bizitzan ama ezkongabe izateak zekarren estigma soziala gutxitu egiten zen Fraisoron, nolabait. Batek, adibidez: “Herri txiki batetik Fraisorora joan nintzen, esamesetatik ihes egin nahi nuelako. Han, emakume gehienak egoera berean ginela ikusita, lasaitu egin nintzen”. Edo besteren batek: “Jendeak uste du hura leku marjinala zela, baina ondo pasatzen genuen, ondo jaten genuen. Oso bizimodu arrunta genuen. Leku guztietan bezala, gure artean, denetik zegoen, mojen artean ere bai; gehienak, oso goxoak, baina batzuk zakar samarrak ere bai”.

Fraisoron bizi izandako emakumeek esandakoak dira…

Bai, era horretako komentarioak egiten dituzte. Ama Nagusiak gutun batean eskatzen dio aldundiari portaera arazoak dituen ama adingabe bat jasotzeko agintzeko haren gurasoei: “Hau ez da, inolaz ere, zentzategi bat, hau ama ezkongabeen etxea da. [Neska hori] Adingabea da eta zaintza eta heziketa gurasoen ardura dira”. Fraisoroko sehaska-etxea, eta “emakume desbideratuak” hartzen zituzten beste egoitza batzuk –gogorragoak eta zorrotzagoak–, ulertzeko, iraganera jo behar dugu, baina ez oso aspaldira ere, gugandik gertu samar dagoen iraganera baizik.

Zein da iragan hori?

Emakumeok ezberdintasun eta bidegabekeria egoera izugarria bizi izan dugun garaia. Ezkontzaz kanpoko haurdunaldien arazoak eragin handia izan du emakumeengan eta horrela jaiotako adingabeengan. Esaterako, liburuan erakusten dut, kasu askotan babesgabetasunak eta gizartearen eta familiaren gaitzespenak eragin zutela emakume asko beren seme-alabengandik urruntzea. Beharbada, ez zen beren borondatea, baina horretara behartu zituen gizarteak, Elizaren moral faltsuak eraginda. Garai hartan, haurdunaldi horien kudeaketa eskandalua saihestera bideratuta zegoen, eta, horrekin batera, emakumeentzako gizarte egitura bidegabe baten ondorioak ezkutatzera.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Noiz arte izan ohi zituzten haurrak Fraisoron?

Bost urte betetzen zuten arte. 1932tik aurrera, “ama ezkongabeen sorospena” izeneko diru-laguntza onartu zenetik, gero eta haur gehiagok alde egin zuten Fraisorotik beren ama biologikoarekin. Haurra adopzioan emateko erabaki irmoa zuten emakumeei dagokienez, lehen momentutik sinatzen zuten errenuntzia, edota haurra familia baten zaintzapean uzteko baimena. Beste batzuek, berriz, aukera zuten, sehaska etxean urtebetez lan egin ondoren, kanpora irteteko; emakume horiek, lana eta egoera egonkor bat lortu bitartean, haurra Fraisoron zainduta uzten zuten.

Eta denbora hori igaro eta gero, haurra jasotzen zuten?

Gehienek bai, baina beste batzuek, berriz, haurra linbo batean utzi zuten, ez baitzuten ez haurra jaso, ez adopziorako baimenik eman. Bestalde, bazen emakume multzo bat haurra atxiki nahi zuena, baina etxera itzuli ezin zena, familiak haurra onartzen ez zuelako. Horietako batzuk sehaska etxean bertan geratu ziren inude eta, esnea amaitutakoan, langile, beren haurrak bost urte bete arte. Epe hori beteta, haurrak instituzioa utzi behar zuen, amarekin edo gabe, adopzioan emanda edo bestelako instituzioren batean sartuta. Bere burua gizartean bakarrik, baina haur bat zuela, ikusten ez zuen emakumeak dilema handia zuen, eta, askok, in extremis, komenientziazko ezkontza onartu behar izan zuten, horrek duintasuna eta etorkizun hobea emango zizkielakoan.

"Gizona, libre! Beti izan da horrela! Haur abandonatuez edo adopzioan emandakoez ari garenean, badirudi ama zela egoera horren erantzule bakarra. Eta, non dago aita?"

“Emakumeak” eta “amak” ari gara atzera eta aurrera, haien bizimodua Fraisoron, haurra berek hazi edo adopzioan eman… Eta haien gizonezkoak?

Gizona, libre! Beti izan da horrela! Haur abandonatuez edo adopzioan emandakoez ari garenean, badirudi ama zela egoera horren erantzule bakarra. Eta, non dago aita? Haurdunaldi haietako batzuk prostituzioaren testuinguruan izan ziren. Beste batzuk, bortxaketa eta abusuen ondorio izan ziren, eta, askotan, urritasun fisiko edo intelektuala zuten emakumeei gertatuak, familian edo lan esparruan, eta salaketa judizialik ez zen izan. 1974ko testigantza baten arabera, bi ahizpa zeuden aitak haurdun utziak! Gerokoa da aitatasuna ikertzeko aukera onartzea. Haurdunaldi haietako gehienak, hala ere, nobioarekin izandako harremanen ondoriozkoak izan ziren.

Ezkontzaz kanpokoak, alegia.

Bai. Eta, orduan, emakumea Fraisoron sartzen zen, mutila berarekin ezkontzeko ala ez ezkontzeko erabakia hartu bitartean, zain. Ezkonduz gero, gaitzerdi! Baina, ez ezkonduz gero, nobioak hanka egiten bazuen, emakumea ataka larrian uzten zuen. Mutil-lagunaren erabakiaren ondoren, aitarena edo familiarena zetorren, haurra egoera horretan onartu ala ez. Askotan, bataren ezetzaren gainean bestearen ezetza pilatzen zitzaion emakumeari.

Diskrezioa, lege.

Bai, horrelako estigma zegoen gai honen inguruan, haurdunaldi haien gestioa eskandalua saihestera bideratuta zegoen erabat. Eraikina bera eta baldintzak emakumeen anonimotasuna gordetzeko pentsatuta zeuden.

Zenbatetan ukatu zuen amak haurra?

2013an egin genuen ikerketaren arabera, 1940-1990 bitartean sartutako haurren %51 bere amarekin atera ziren, eta %33, hau da, 853 haur, adoptatu egin zituzten. Adopzio espediente haien %75ean amek sinatutako errenuntzia edo adopziorako baimena ikusi genuen. Gainerako kasuetan, emakumea lokalizatzeko egindako ahalegin eta gestioak erregistratuta daude, ama horrek zein asmo zuen jakiteko, alegia. Haurra leku publikoan abandonatu zen kasuetan ezinezkoa da ezer jakitea. Espedienteak oso gutxitan ez du daturik ematen dokumentu horren falta justifikatzeko. Dena dela, ez dakigu zer borondate zegoen errenuntzia haien atzean: amaren benetako borondatea zein izan zen ezin jakin! Gehienek egoerak eta, batez ere, etxeko gizonek –aita, anaia, koinatua…–, bultzatuta erabaki zuten errenuntzia. Adinez nagusi ez zirenen kasuan, aitak erabaki ohi zuen.

Haurrak jasotzeko sistema guztiz egituratuta zegoen, Batzorde Probintziala eta udal batzordeak, idazkaritza bat, langileak, Karitatearen Alabak…

Gipuzkoako Aldundia emakume haiei babesa ematen saiatu zen, beste inork eman ez zien babesa, alegia. Gaurko ikuspuntutik orduko gestioa kritikatzeko modukoa izan liteke, garai batean “egokia” zena, baliteke gaur egun hala ez izatea, baina, nik, idatzietan, langile horietako batzuen borondate ona besterik ez dut antzeman.

"Familiak, maiz, ama presionatu egiten zuen haurra instituzioan uztera, etxera itzuli nahi bazuen"

Langile horien guztien artean, Andres Izaskun Ibaigain.

Pertsona berezia, Andres Izaskun, Espositoen Idazkaritzako langile ezohikoa iruditu zitzaidan. Lanean ari nintzela, bere oharrak agertzea-eta mugarri bat izan zen, izugarrizko balioa izan duena nire lanean. Ordurarte, espositoen espedienteetan dokumentu ofizial eta formal hutsak ditugu, baina Izaskunek besterik egin zuen, haurren espedienteetan sentsibilitate deigarria erakusten zuten Andresen oharrak topatzen hasi nintzen, humanismo handiz idatziak. Harridura berezia sortu zidaten: dena delako haurrari buruzko iruzkinak, amarekin izandako elkarrizketaren laburpenak… eta, gehienetan, egoera eta pertsonen alde positiboa azpimarratuz, eta baita haurraren ama lokalizatzeko ahalegina eginez ere.

Ezagutu zenuen Andres Izaskun?

Ez, berehala jakin nuen urte batzuk lehenago hilda zegoela, telefono-aurkitegian begiratzen hasi, eta Donostian familia bakarra topatu nuen abizen horrekin. Deia jo, eta Andres Izaskunen familia! Oso ondo hartu ninduten. Ni, galderak prestatuta joan nintzaien, eta, konbertsazioan ari ginela, alabak: “Bai, nire aita, bertako umea izanda...”, eta hau eta hura. Hura flasha! Uste dut hori aditu nuenean ez nuela beste hitzik egin: “Orain ulertzen dut!”, esan nion neure buruari. Andres Izaskunen humanitatea, haurraren ama bilatzeko egiten zituen proposamenak eta eskaintzen zuen laguntza, edota esposito bat hartu eta medikuarenera eramatea, eta mediku hark esandakoarekin konforme ez, eta beste batenera joatea. Hamaika holako! Historia indartsua da Andres Izaskunena.

Haur abandonatua izan Andres Izaskun bera!

Bai, espositoa zen. 1916an utzi zuten Fraisoron, jaio eta hiru egunetara. Oiartzungo familia batek jaso zuen handik gutxira, baina tuberkulosiak harrapatu zuenean, erakundera itzuli zuten. Bost urtez egon zen ospitalean, eta uste dut orduantxe landu zuela bere burua. Ikasketak eman zizkioten, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan, eta Iruñeko Salestarren Lanbide Eskolan. Gerra lehertu zenean, Gipuzkoako espositoak Tolosako erruki-etxean bildu zituzten, bera tartean, eta han ikusitakoak hunkitu egin zuen: hango gehienak analfabetoak eta biolento xamarrak ziren; horietako batzuk gerran izena eman eta desagertu egin zirela jabetzean, ahal zuena egitea erabaki zuen.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Haur abandonatuen batzordeko idazkaritzatik?

Bai, 1941ean Andres Izaskunek eskribau edota kopiatzaile lanpostua lortu zuen Espositoen Batzordeko Idazkaritzan. Bere hasierako lanak agerian utzi zuen esposito askoren gaineko kontrol-eza. Ikuskatzaile izan baino lehen “bisitari” figura sortu zuten berarentzat, eta tuberkulosiak eragindako herren handi eta guzti, trena hartu eta Gipuzkoan barrena ibiltzen hasi zen, espositoak zeuden etxe eta baserri guztietara joaten, haur eta gazte haien berri jasotzeko. Gero, bulegoan, zegokion espedientean idazten zuen bisita bakoitzaren edukiaren laburpena. Aurrerago, lanez gainezka zebilela, denbora irabazteko estrategiak asmatu zituen, postarien bidez herri edo bailarako esposito helduak leku jakin batean bateratsu zitatzeko. Gainera, haietako askori, ama biologikoa ezagutzeko bidea jorratzen lagundu zien.

Gaia ez da nolanahikoa. Zer sentipen eragin dizu liburua idazteak?

Hainbat zirrara izan ditut! Lehena, Andres Izaskunen esposito izaera deskubritzeak eragin zidana. Gero, emozio gehiago etorri dira, elkarrizketatu ditudan pertsonek eragindakoak, etxea eta bihotza ireki zizkidatenean. Beraiek erakutsi didate, antzeko egoeran, errealitate bakoitza bakarra eta konplexua dela. Tarteka, oraindik, e-posta mezu hunkigarriren bat edo beste jasotzen dut. Eta jabetu naiz Fraisoroko espazio ilun eta estigmatizatua argitara emateak garrantzia duela, han bizi izan zirenentzat, eta beren ondorengoentzat. Gure imajinarioa aurreiritziz betea dago, Fraisoro ez zen zentzategia, ez zigor-lekua...

Eva Maria Garcia Magriñá (Donostia, 1966). 2008an, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren ikerketa-beka jaso eta Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak lana argitaratu zuen, hau da, Gipuzkoako espositoen sehaska-etxearen XX. mendeko historia. Gaia bazterrean utzi gabe, lana aitzinatu, sakondu eta urrunago eraman zuen duela hiru urte, Mujeres de barro, infancias de cristal. Fraisoro 1903-1985 liburuan, errealitate isilgordea argira ekarriz, estigmari aurre eginez.

                                                                            *          *          *           

Andres Izaskun I

“Andres Izaskun, esaterako, 1916an utzi zuten Fraisoron, jaio eta hiru egunera. Haurtzaroa eta gaztaroa Espositoen Batzorde Probintzialaren tutoretzapean igaro zuen, eta, gero, erakunde horretako idazkaritzako kide izatera iritsi zen. Espedienteak hautsetik eta ahanzturatik berreskuratzen hasi zen, eta agerian utzi zuen Espositoen Batzordearen tutoretzapean zeuden haurren gaineko kontrol-lan eskasa”.

Andres Izaskun II

“Gipuzkoa osoa zeharkatu zuen familietan barreiatuta zeuden espositoak banan-banan ezagutzeko, eta bere laguntza profesionala eta pertsonala eskaintzeko asmoz. Gaizki zaindutako haurrak topatu zituen kasuetan, Fraisorora itzuli zituen. Era berean, amen eta seme-alaben arteko topaketak erraztu zituen, emakumeak onartzen bazuen, behintzat. Egin zituen gestioen laburpena zegokion espedientean idatzita uzteak berebiziko garrantzia izan du nire lanean”.

Andres Izaskun III

“Andresek espedienteetan agertzen zituen sentsibilitatea eta enpatia justifikatuta zegoen, erabateko lotura zuen bere esposito izaerarekin. Ez zegoen bera baino egokiagorik Gipuzkoako Aldundiak zaintzen zituen haur eta gazte haien beharrak ulertzeko eta asetzeko. Ama ezkongabeekiko erakusten zuen aldeko jarrerak berriz, pentsarazi zidan ez ote zituen emakume haiek lagunduko bere ama biologikoa gogoan zuela”.

AZKEN HITZA

Moral Faltsua

“Aurreiritzi guztiekin hasi nintzen lan hau egiten eta, sakondu ahala ohartu nintzen ezkontzaz kanpoko haurdunaldien ‘arazoa’ ez zegoela horma haien artean: familian izandako bortxaketa eta abusuak ziren, aitak alaba haurdunari etxera itzultzen ez uztea, senargaiak hanka egitea… Elizak zabaldu eta herriak onartutako moral faltsu batek eragindako arazoa zen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-05-30 | Hiruka .eus
Adingabeen sexu-erasoak salatzeko bide seguru eta eraginkorrak aldarrikatu dituzte Getxon

Europa ikastetxeko sexu-abusuak salatzeko eta umeei eta euren senideei babesa adierazteko elkarretaratze jendetsua egin dute asteazkenean, Getxon, Malakate parkean. Algortako Mugimendu Feministak deituta, deitoratu dute haurren kontrako indarkeria ez dela anomalia bat, eta... [+]


A30eko greba feminista orokorraren harira, hiru grebalari deitu dituzte deklaratzera

 Azpeitiko epaitegian deklaratu beharko dute ekainaren 5ean. Zumaia eta Zarautz arteko A-8 autobidearen mozketari loturik, "desordena publikoa" egozten diete. Egun berean 09:50ean elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, elkartasuna adierazteaz gain,... [+]


2024-05-30 | dantzan.eus
Emakumeak euskal dantzan: nondik gatoz eta nora goaz?

"Guri bizitza joan zaigu espaloitik begira". 80 urteko emakumearen arrangura iltzatuta geratu zitzaion Josune Zubeldiari. Hainbat belaunalditako bost emakumek hartu dute hitza emakumeek dantzetan, herriko taldeetan eta errituetan izan dituzten borroka, aldaketa eta... [+]


EHUko talde bat elkarlanean dabil genozidioarekin lotutako institutu israeldar batekin

Ahoztar Zelaietaren ikerketa batek argitu du EHUk lotura duela palestinarren etxeak botatzeko erabiltzen diren ‘bulldozerrak’ garatu dituen institutuarekin. Unibertsitate publikoak apirila bukaeran esan zuen harremanak etengo zituela Palestinako sarraskia espreski... [+]


Eguneraketa berriak daude