Norena da defentsarako eskubidea?

Argazkia: Gazako palestinarrak Israelgo armadari lapurtutako tanke baten gainean, sionistek ezarritako muga gainditu ostean. Yousef Masoud-AP

2023ko urriaren 09an - 15:06

Larunbatean, ehunka militante armatu palestinarrek, batez ere Hamasekoek, Gazako zerrendaren inguruan ezarritako hesiak gainditu dituzte, eta lurretik, itsasotik eta airetik sartu dira inguruko hiri eta kolonia israeldarretan. Aurrekaririk gabeko ekintza horretan, milizia palestinarrek mugako hesiak hondeamakinekin suntsitu dituzte, Israelgo armadaren ibilgailuak bereganatu dituzte, base militarretan eta polizia-kuarteletan erasoa jo dute, herriak asaltatu dituzte, hilketa masiboak egin dituzte –Zaka erreskate agentzia israeldarraren arabera, Supernova musika festibalean 250 lagun hil dituzte–… Hamasek 5.000 kohete baino gehiago jaurti ditu entitate sionistaren aireko defentsa sistema entzutetsua gaindituta.

Gaur, astelehen eguerdian, Israelek dio 800 pertsona inguru hil dituztela “bere lurraldean”, eta beste 100, militarren eta zibilen artean, bahitu egin dituztela militar palestinarrek.

Erasoari erantzuteko Israelek ohiko jokabidea izan du: enegarren aldiz, Gazako herritarrak bonbardatu ditu. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, momentuz 510 hildako eta 2.751 zauritu eragin ditu erasoak, horien artean 91 ume.

Israel erasoaldi militar handi baterako ari da prestatzen. Israelgo Indar Armatuen bozeramaile Daniel Hagarik adierazi du 300.000 erreserbista mobilizatu dituztela ordu gutxi batzuetan, hain denbora laburrean inoiz egin duen mobilizaziorik handiena litzateke.

“Gure irailak 11”

Benjamin Netanyahuren gobernu ultraeskuindarreko ordezkariek esan dute palestinarren erasoa “gure irailak 11” dela, AEBetako dorre bikien aurkako atentatua gogora ekarrita. Egun hauek “Israelen historiako okerrenetakoak” direla ere adierazi dute. Eta, beraz, gerrara doazela. Aspalditik gerran ez baleude bezala. Betiko gatazka da, baina aldatu dena zera da: teknikoki zein kulturalki militarizatuen dagoen munduko herrialde baten inteligentzia eta defentsa zerbitzuek porrot egin dutela. Historikoa.

Hamasen eta Jihad Islamikoaren erasoak Israelgo defentsa sistemaren lotsak azaleratu ditu. Eta egin dute, ez dezagun ahaztu, duela hamarkada batzuetatik Gazak jasaten duen zigor eta kontrol sistematiko erabatekoaren pean. Gainpopulatutako lurralde txiki hori –45 kilometro luze eta 5 eta 12 artean zabalean–, edateko ura eta energia eskuratzeko arazo larriak dituena, langabeziak eta prekaritateak jota dagoena, munduko tokirik kontrolatuena da. Horregatik deitzen diote munduko kartzelarik handiena.

Palestinako fakzio armatu batzuetako arduradun politiko eta militarren arteko koordinazio maila handia erakusten du erasoak. “Etsai komunaren” aurrean batasunaren irudia haizatzen du, eta hori Palestinan oso garesti dago azken urteotan.

Berriz ere Palestinako Aginte Nazionala (PAN) jokoz kanpo geratu da. Mahmoud Abbas presidenteak lekua galtzen jarraitzen du Hamasen mesedetan, eta Gazan ez ezik, Zisjordanian ere bere agintearen zilegitasuna murrizten darrai herritarren artean. Gogoratu behar da PANeko aginte-egituretan aldaketa handirik ez dela izan azken hamarkadetan, eta ez duela presidentetzarako eta parlamenturako hauteskunderik egin 2005etik eta 2006tik, hurrenez hurren. Gainera, azken urtean Israelek nabarmen areagotu du palestinarren aurkako errepresio sistematikoa Zisjordanian, eta gure begietara bitxi suertatzen bada ere, behin baino gehiagotan PANen konplizitatearekin egin du. Jarrera kolaborazionista horren erakusgarri, iazko azaroan Ramallah-n emandako hitzaldi batean Abbasek esan zuena: bere lehentasuna dela “palestinar milizien aroari amaiera ematea”.

Kontrakoa gertatu da, ordea. Zisjordanian bertan, zenbait herritan, Nablus edo Jeninen, kasu, erresistentzia talde armatu berriak eratu dira. Eta oro har, PANen eta Hamasen eta gainerako talde armatu eta politikoen arteko arrakala handitu da. Palestinako askapen prozesuan zerbait ari zen mugitzen, eta asteburuko eraso hauek berretsi egin dute.

Israelgo gerra hegazkinek Gaza hiria bonbardatzen igandean. Mohammed Saber - EPA

Zergatik orain?

Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, Israelek okupatutako lurraldeetan haren indar armatuek 6.407 palestinar hil zituzten 2008ko urtarrilaren 1etik 2023ko irailaren 19ra bitartean, eta 152.560 palestinarrek zauri eta lesio larriak jasan zituzten. Gazako egoera lazgarriaz gain, NBEk adierazi du 2023. urtea odoltsuena izan zela Zisjordaniako okupazioaren historia luzean.

Erantzun armatua emateko arrazoirik ez dira falta izaten Palestinan. Azken erasoaldiaren bitartez borroka armatuaren bidea azpimarratu dute, haren bertsiorik gordinenean, gainera: zibil israeldarrak hil edo bahituta. Palestinako barne indarrari garrantzia kendu gabe, mugimendu geopolitikoak izan dira eta egun badira Palestinako eragile nagusietakoak. Eta kasu honetan, “kanpotik” jasotako laguntzak –ez erretorikoa soilik, materiala baizik– rol garrantzitsua jokatu du, Iran eta Hezbola buru.

Nazioarteari begirako alderdi hori ere erasoaren helburuetako bat izan daiteke. Okupazioaren aurrean erresistentzia armaturako deia izateaz gain, ez da zentzugabea pentsatzea erasoak bilatzen duela Israel eta Saudi Arabiaren arteko negoziaketa. Horretan murgilduta daude azken hilabeteotan sionistak eta Golkoko diktadura, aurretik ere beste estatu batzuekin egin bezala. 2020an Israelek “normalizaziorako” akordioak lortu zituen Arabiar Emirerri Batuekin eta Bahrainekin, eta harremanak estutu zituen Marokorekin eta Sudanekin. Hau da, herrialde arabiarrak estuki lotzen saiatzen ari da Israel, historikoki kausa palestinarretik gertu egon direnak.

Beraz, ikuspegi horretatik hobeto ulertzen dira Hamaseko buru Ismail Haniyeh-k esandakoak larunbateko erasoen ondoren: “Herrialde guztiei esaten diegu, gure anaia arabiarrei barne, erresistenteen [palestinarren] aurrean bere burua babestu ezin duen erakunde horrek [Israel], zuei ezin dizuela inolako babesik eman”.

Gogoratu behar da, halaber, Israelgo gizartearen zati handi batek Netanyahuren gobernuaren aurkako mobilizazio jendetsuak egin dituela azken hilabeteetan. Auzitegi Gorenari eskumenak kendu eta gobernuari botere handiagoa emateko asmoak piztu zituen protestak. Erreforma horren bitartez, parlamentuko gehiengo sinplearen bidez Auzitegi Gorenaren epaiak indargabetzea ahalbidetuko lioke gobernuari, eta eskumen gehiago emango lizkioke botere politikoari auzitegiko epaileak izendatzeko. Gainera, Netanyahu bera prozesu judizial batean murgilduta dago ustelkeriagatik. Krisi politiko sakona sortu du gaiak eta egoera nahasi horrek eragin du Israelen ikusi gabeko zenbait ondorio, adibidez, erreserbista askok zerbitzu militarrari uko egiteko mehatxu egitea.

Israelen bere historiako gobernurik muturrekoenak agintzen du, eta horiek hitz handiak dira indar politiko guztiak, ezkerrekoak zein eskuinekoak, blaitzen dituen ideologia supremazista baten arabera egituratutako herrialde batean: sionismoa. Ultraeskuinak gobernatzen du, urte askoan “Gazaren aurkako behin betiko erasoa” eskatu duen eskuin mutur berak. Orain gobernuan daude eta beraiek ari dira egoera kudeatzen. Gobernuaren muturreko sektore horiek Gazaren erabateko okupazioa jarriko dute mahai gainean.

Israelek berriro zigortuko ditu palestinarrak. Erruz. Ez dago zalantzarik. Eta hori hala izango zela jakinda, pentsatzekoa da egunotako erasoa ez dela Hamasek, Jihad Islamikoak eta oro har erresistentzia palestinarrak prestatuta duten bakarra. Baina gauza bat argia da, gerraren logikak agintzen duenean, zentzutasuna lurperatu egiten da.

Hamaseko Izz ad-Din al-Qassam brigadako kideak 2022ko irudi batean. Argazkia: EPA

Biolentzia ala zer?

Israelgo lehen ministroak “alde egiteko” esan die Gazako palestinarrei, ohartaraziz “leku orotan” egingo dutela eraso, “indar guztiarekin”, eta Gazako zati batzuk “hondakin bihurtuko” dituztela. Israelgo Defentsa ministroak esan du Gazako Zerrendaren gaineko "erabateko setioa" agindu duela: "Ez dago ez elektrizitaterik, ez elikagairik, ez gasik, dena itxita dago. Giza animalien aurka borrokatzen ari gara eta horren arabera jokatzen dugu ".

Horretarako, Israelgo segurtasun-kabineteak ofizialki berretsi du gerra-egoera, lehen aldiz 1973ko Yom Kippur gerraz geroztik. Era berean, Israelgo kabineteak baimena eskatu du atxilotuak denbora luzez atxiki ahal izateko, auzitegira eraman gabe. Israelgo Segurtasun Ministerioak agindu du arma-lizentziak bizkortzea eta armategietarako sarbidea ematea lizentzia duten pertsonei, hala nola Poliziaren boluntarioei, armadako erreserbistei eta baimena duen edozein herritarri.

Hainbat gerra eta bi Intifadaren ondoren, Israelek ezin izan du palestinarren erresistentzia okupazioaren oinaren azpian jarri. Baina, jakina, gauza bera esan dezakegu alde palestinarrari begiratuta. Izan ere, argi dago palestinarrek ezin izango dutela indarrez bakarrik garaitu munduko potentzia beliko nagusiek sortutako, finantzatutako eta armatutako estatua, AEBak eta Europar Batasuna buru. Militarki dagoen aldea izugarria da. Nazioarteko babesen balantza asko aldatu beharko litzateke egoera aldatzeko: adibidez, Iran, Hezbola eta eskualdeko beste indar arabiar batzuen parte-hartze militar zuzena bermatzea, eta Israelgo bazkide esanguratsuetan galera nabarmenak izatea. Hori oso zaila da gaur egun. Baina, geopolitika gorabehera, argi mintzo gaitezen: zer beste aukera geratzen zaie edo, hobeto esanda, utzi diete palestinarrei? Zer du galtzeko bere jendea baizik ez duenak?

Bestalde, Israelen ez dago apartheidaren desagerpena defendatzen duen aukera politikorik. Bat ere ez. Zergatik? Kolono antikolonialistarik ez dagoelako. Egun hauetan ez dago soberan gogora ekartzea 2014ko uztailean gertatutakoa. Lehergailu israeldarrek 2.200 palestinar baino gehiago hil zituzten Gazan, tartean 556 haur, eta 10.000 zauritu baino gehiago eragin. Gazatik hurbil dagoen Sederot herriko israeldarrak gauero muino batera igotzen ziren aulki eta edariekin, “ikuskizuna” ikusteko, bonbak palestinarren buruen gainera erori bitartean. Joan den larunbatean, Palestinako erresistentzia islamikoak erasoa jo zuen lehen tokietako bat izan zen Sederot.

Europako Batzordearen Bruselako egoitza igandean. Europako Batzordeko presidente Ursula Von Der Leyenek sareratu du argazkia igandean “Israelekin gaude“ testuarekin batera.

Noren defentsa?

Palestinarren erasoaldiaren aurrean, Mendebaldeko nazioarteko komunitateak “Israelgo Estatuak bere burua defendatzeko duen eskubidea” aldarrikatu du. Palestinarrak okupatzeko eta masiboki hiltzeko “eskubidea” berretsi diote Israeli berriz ere. Ukraina eta Palestina ez dira gauza bera boterearen begietan. Ukrainarren bizitzak palestinarrenak baino gehiago balio du, eta arrazoia sinplea da: Israel beharrezkoa da Ekialde Ertainean Mendebaldeko elitearen interesak bere horretan mantentzeko. Berbarako, AEBetako indar armatuetako ofizial baten arabera, Washingtonek 20 bat borroka-hegazkin bidali ditu Ekialde Ertainera, "Iranen edozein eraso edo Israelgo mugetatik haragoko borroken hedapena uxatzeko".

Ekuazio soil horren arabera banatzen dira eskubideak, horien artean atzerriko okupazio bati aurre egitekoa. Horregatik, ez dugu inoiz ikusiko Europako edo AEBetako agintaririk Palestinak bere burua defendatzeko duen eskubidea aitortzen, kolonizazioa, okupazioa, apartheida eta sarraski sistematikoak agerikoak izanik ere.

“Zapalkuntza-harremana behin ezarrita, indarkeria martxan da. Historian, zapalduek ez dute inoiz indarkeria hasi... Zapaltzen dutenek, esplotatzen dutenek, besteak pertsona gisa onartzen ez dituztenek hasten dute indarkeria, ez zapalduek, esplotatuek eta aitortu gabeak direnek”. Paulo Freire pedagogo eta hezitzailearen hitz horiek zabaldu ditu egunotan BDS (Israeli Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) nazioarteko ekinbideak. Israelek arrazoi bakar batengatik egiten du egiten duena: zigorgabetasuna. AEBek eta Europako potentzia nagusiek eskainitako konplizitatean, finantzaketan eta armamentuan oinarritzen da zigor eza, Palestinako Aginte ustelaren laguntza paregabearekin.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


Askatasunaren Ontzidiak Israeli leporatu dio irteera gelditu izana

Gazara doan Adkeniz itsasontziaren irteera eragozteko Israelen ahaleginek beste traba bat jarri dute. Gazako itsas-blokeoa hautsi nahi duen misioaren paturako behin betikoa izan liteke.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


Eguneraketa berriak daude