“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

  • Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura sistema...

    Josebe Blancok artzainaren egunerokoan jaso du urtebeteko gertakarien lekukotasuna. Prosaz eta poesiaz, lehen pertsonan, eta lehen lerrotik: naturarekin, beste izaki bizidunekin eta pertsonekin errespetuzkoa den bizitzaren aldeko eguneroko borrokatik.

    Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuari buruz elkarrizketatu dugu, hari gisa harremanak hartuta:  liburuan eta bizitzan elkarri lotuta dauden askotariko harreman horiek.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

2023ko urriaren 06an

Liburuaren azpitituluan diozu: “Ardiek egin naute artzain”. Nolako harremana duzu ardiekin?

Nik nire burua artaldearen baitan ikusten dut. Artaldearen muina ardiak dira eta zorte handia dut; artaldean onartua izan naiz. Haiekin ikasi dut haiei buruz dakidana. Bai, noski, formazioak eta bestelakoak jaso ditut, eta Exkerra funtsezkoa izan da bide honetan. Baina funtsean, ardiek egin naute artzain, beste inork ez.

Elkarrekin pasatu ditugun ordu horietan moldatu naute ardiek. Niretzat oso baliagarria izan da ukuiluan denbora pasatzea. Lanak bukatu eta “ezertan” ez aritzea, bazter batean eseri eta ardien artean zer gertatzen den ikustea.

Zer da artzaintzaren muina?

Izenak berak dio, ardien zaintza. Baina ardien zaintzak atzetik dakar lurraren zaintza, mendiarena, bizitzarena... eta pertsonen zaintza. Gu hemen bagaude, pertsona batzuen janaria sortzen dugulako eta pertsona horiek zaintzen ari garelako da.

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain

Testua: Josebe Blanco Alvarez
Ilustrazioak: Eider Uribarrena Reyero
Diseinua: Maitane Gartziandia
Argazkiak: Dani Blanco

Eguneroko berezia
Artzainaren egunerokoa da Hausnarrean, lekukotasuna prosaz eta poesiaz damaiguna. Euskaraz, pasarte batzuetan galizieraz ere bai. Artzainaren hiztegia eta urte osoko lanen taula ere baditu.

Liburuaren ezaugarriak
272 orri / Koloretan / Prezioa: 22 €

ARGIA jendearentzat eskaintza berezia
Urriaren 22ra arte, ARGIAren harpidedunentzat 20 euroan eta harpidetza orain egiten dutenentzat doan. Eskaera egiteko: idatzi azoka@argia.eus edo deitu (+34) 943 37 15 45

Erosteko: azoka.argia.eus-en edo
(+34) 943 37 15 45 zenbakira deituta.

Oharra: Liburua azaroaren 10 aldera iritsiko da etxeetara, inprentatik atera berri.

Zein intentziorekin idatzi duzu Hausnarrean?

Idazle Eskolan aritu naiz bi urtez eta izena eman nuenerako argi nuen helburua: gure bizimodu honetan bizi ditugun kezkak, pozak eta errealitateak mahai gainean jartzea eta horiek abiapuntu izatea nahi duenak hausnarketa egin dezan zenbait gairen inguruan.

Funtsezkoa izan zen Idazle Eskolako gelakideen eta Tere Irastorzaren gomendioa. Haiek segituan ikusi zuten eguneroko bat zela modua. Lekukotasun horrek emango ziola indarra gainontzeko guztiari.

Zure egunerokoan bizitza eta heriotza ageri dira, gordin. Nola ulertzen duzu bi horien arteko harremana?

Batak bestea dakar ezinbestean. Gu une honetan bizirik baldin bagaude, beste izaki batzuk hil direlako da. Izan daiteke desatsegina, izan daiteke gordina, gogorra... baina halaxe da. Bizitzaren zikloaren baitan heriotza dago.

Horrek ez du esan nahi mingarria ez denik, batzuetan. Eta beste batzuetan, heriotzak mina arintzeko balio du eta maite duzun horri ezin diozu opa bizitza, hainbesteko sufrimendua ekartzen badio. Eta badakizu atsedenaren eta maitasunaren adierazlea momentu batean labana izango dela.

"Arkumeak hiltegira bidaltzean, nire lana beraien ama diren ardien dolua arintzea da"

Arkumeak hiltegira bidaltzen ditugunean, ni lasaitzen nauena da animalia horiek hilko direla pertsonak behar bezala elikatzeko, pertsonek bizirik jarraitu dezaten, osasuntsu. Topatzen dudan kontsolamendu bakarra da bizirik daudenean ahalik eta goxoen bizi daitezela, ahalik hobekien tratatzea. Eta ahalik eta heriotza duinena ematea.

Nire lana arkume horien amak diren ardien dolua arintzea da, ardia zaintzea alde horretatik.

Argazkia: Dani Blanco.

Ardien dolua? Nola lantzen da hori?

Funtsezkoena komunikazioa da. Bi espezie gara, baina elkarrekin bizi gara eta unibertso bat osatzen dugu. Komunikazioa ez da hitzezkoa bakarrik, komunikatzen dugu begiekin, eskuekin, ahotsaren tonuarekin... eta ez dakit zergatik, baina sentitzen dut ardiek jasotzen dutela intentzio hori: “Zurekin nago, eskerrik asko, badakit ez dela erraza, baina hala behar du”. Hala behar du, hazkuntza infinitua ez delako posible: ezingo genituzke arkume guztiak utzi bizitarako.

Erditzerakoan arkume batzuk hil egiten dira eta egoera horietan ere ardiekin dolua landu behar da. Ardiek momentu jakin batean argi ikusten dute arkumea hil egin dela eta nolabait baztertu egiten dute eta euren bizimodua egiten dute. Baina beste batzuek lotuta jarraitzen dute, garbitu egiten dute gorpua, hankarekin kolpetxoak ematen dizkiote ea altxatzen den... Horrelakoetan nola jokatu? Ohikoa da hildako bildotsa ahalik azkarren kentzea, pentsatuta ardiari arkumea paretik kenduz gero ahaztu egingo zaiola eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraituko duela. Baina ez da hala, ardiarentzat gauza asko gertatu dira... Iparraldeko emakume abeltzainen topaketa batean kontatu zuten artzain batzuek gorpuak utzi egiten zituztela ardiek umea hil zela onartu arte. Geroztik hala egiten dugu. Denbora eman behar zaio.

Arbasoekiko harremanaz zer diozu? Liburuan presentzia handia dute amak eta amonak, eta galizierak eta Galiziak.

Nire ibilbidean, nire erreferenteak beti izan dira amona eta ama: sardea hartzeko edo ardiekin egoteko orduan... eta haiek daude nigan, lehenago beste amona, ama, edo izeba batzuk egon zirelako.

"Abeltzaintzatik bazterrean geratu ginen emakumeok mekanizazio iraultza 'zoragarri' harekin baina nik oso neure sentitzen dut"

Abeltzaintzatik bazterrean geratu ginen emakumeok mekanizazio iraultza “zoragarri” harekin baina nik oso neure sentitzen dut eta amaren eta amonaren kasuan ere oso haiengan sentitzen nuen abeltzaintza.

Gure etxeko hizkuntza galiziera zen. Ni egiten nauen mundu galegoa jaso nuen, baina ni Euskal Herrian bizi izan naiz beti. Migratzaileei eta haien ondorengoei gertatzen zaiena bizi dut: ez zara bata, ez bestea, hara joaten zara eta ez zara, eta hemen ere antzera...

Tentsio handiko argi linea, Josebe Blancoren ardiak larratzen diren zelaian. Autopista, tunela eta AHT begi-bistan izaten ditu leku horretatik. Argazkia: Dani Blanco.

Lurrarekiko harremanari erreparatuz, zer ikusten da Pikunieta baserriko leihotik?

Gure etxetik ikusten da desastrea den baso politika bat. Eskerrak naturak bere lanak egiten dituen, eta baditugun txoko eder askoak.

Gure etxetik ikusten diren azpiegitura handien presentziak, momentuz, itzalak baino ez dira. Irimo mendian, Meakan, Oletan, Samiñon, Izazpin, Karakaten... beldurra ematen du sentitzeak zu egiten zaituen paisaia honek utziko diola hau izateari. Eta bere aldaketa horrek zenbateraino aldatuko zaituen. Eta beharbada zure burua erbestean ikusiko duzula, nahiz eta etxean egon. Kezka handia da, zenbait momentutan itotzera heltzen zara.

"Ez zait ulergarria egiten ustez naturaren defentsan egin nahi den hori guztia natura bera suntsituz egitea"

Ez zait ulergarria egiten ustez naturaren defentsan egin nahi den hori guztia natura bera suntsituz egitea. Nik energia berriztagarriak eta sistema berriztagarriak nahi ditut, jakina, baina ez eskala horretan. Eta ez energia hori gero autopista elektrikoz Alemaniara garraiatzeko. Nahi nuke baserri bakoitzak edukitzea bere sistema edo sistema komunitario bat, txikitik, eta ahalik eta gutxien puskatuta. Zeren benetan sentitzen baitut ezin dugula metro koadro bat gehiago estali eta artifizializatu. Ez, ze pentsatzen dugu ez dugula inguruarekiko inolako menpekotasunik, baina bizitza dihoakigu horretan.

Oso kezkatuta gaude egoera klimatikoarekin eta horrek ekarri dizkigun aldaketekin. Guk ere antzeman dugu zikloen erritmoa apurtzen ari dela, ezin dela aurreikusi eta planifikatu lehen bezala. Eta horrek kezka handia sortzen du: belarrik ez badago ardiek zer jango dute? Eta kanpora erostera joan behar badut zer prezio jarriko didate? Ze hemen belarrik ez badago kanpoan ere ez da egongo... Burua gurpil zoro itogarri horretan sartu dakiguke.

Liburuan diozu gaztagintza “orekaren artea” dela. Zer lotura dute gaztagintzak eta arteak?

Nekazaritza eta abeltzaintza gogortasunarekin lotu dira beti, eta niri justu kontrakoa iruditzen zait: lurrarekin eta animaliekin lan egitea oso delikatua da, oso detaile txikietan jarri behar da arreta orekak mantentzeko. Zer esanik ez esnetara sartzen zarenean, hori beste itsaso edo unibertso bat da.

Esnetan gauza txiki asko dago eta euren artean komunitate edo unibertso bat osatzen dute. Batera eta bestera egiten dute, eta zu hor sartzen zara eta saiatzen zara komunitate hori zurera eramaten. Horretarako, komunitate hori limurtu egin behar duzu, eta beste kide batzuk uxatu, zuk nahi duzun gazta hori lortzeko. Gauza guztien gainetik, oso lan delikatua da. Ematen dituzun pauso eta gorputzaren mugimendu bakoitzak dute eragina. Ezin da landa zalapartaka egin, bere erritmoa behar du. Oso konplexua iruditzen zait. Horregatik da artea.

Argazkia: Dani Blanco.

Elikagaiak sortzen dituenak nola ikusten du etorkizuneko elikadura?

Gure ustezko lehen mundu honetan ahaztu egin zaigu jan gabe hil egiten garela. Guretzat gosea zerbait koiunturala da, ez zaigu burutik pasatzen benetan gosez hiltzera hel gaitezkeenik. Baserritarrok hau gogora ekarri behar dugu, behin eta berriz. Zeren bestela, jate kontuak bihurtzen baita gastronomia, gourmet... argazkitik kanpo geratzen da elikadura oinarrizko eskubide bat dela eta ezin dela janariarekin espekulatu.

Hiper teknologizatutako jendarte honetan, bizimodua sinplifikatzen hasi behar dugu. Gaur egun laborategiko haragia dago, bazterrak txikitzen ari den sojarekin elikatutako animaliak baditugu hemen ere...

"Jaten ditugun animaliak izan daitezela euren bizitza, euren izaera, diren hori garatzeko aukera izan dutenak. Bizitza hilik pasatu duen animaliak nola elikatuko gaitu?"

Abeltzaina naizen arren, hasi behar dugu pentsatzen ezin dugula hainbeste haragi jan. Ez da posible egunero haragia jatea. Ez da ona ez gure osasunarentzat, ez planetarentzat. Beste neurri batera etorri behar dugu, eta garbantzu gehiago jan, dilistak, babarrunak... eta jaten dugun haragi hori izan dadila benetan lurrari atxikitakoa. Jaten ditugun animaliak izan daitezela euren bizitza, euren izaera, diren hori garatzeko aukera izan dutenak. Bizitza hilik pasatu duen animaliak nola elikatuko gaitu?
Gaur egun ere badago komunitatean jende multzo bat honen kontzientzia duena eta aukeratzen duena azoketara joatea, aukeratzen duena arratsalde batean baserri batera joan eta han erostea barazkiak edo haragia, esnea, gazta... Badaude kontsumo taldeak, kooperatibak hor daude, eta nik uste horri eman behar diogula indarra. Denon artean konfiantza esparru bat sortu behar dugu: lasai joango naiz eta galdetuko dut ez dakidana, eta horrela jakingo dut zerk elikatzen nauen eta konfiantza emango diot pertsona horri, bere begietan ikusten ari naizelako zaindu nahi nauela. Hortik ikusten dut etorkizuna.

Artzaina eta barazkijalea zara. Azaldu binomio hori...

22 urte nituela utzi nion haragia jateari, neure lau sosak ez nizkielako eman nahi animaliak gaizki tratatzen zituzten pertsona eta enpresei.

Gero pentsatzen hasten zara: agian ez ditut jaten jan beharko nituzkeen barazkiak edo babarrunak, agian ari naiz modu artifizialean eta produktu kimiko askorekin hazitako landareak jaten...

"22 urte nituela utzi nion haragia jateari, neure lau sosak ez nizkielako eman nahi animaliak gaizki tratatzen zituzten pertsona eta enpresei"

Edo beharbada barazkizko hanburgesak jaten ari naizenean sortzen ari naiz justu haragia jateari utzita saihestu nahi nuena: soja hori guztia egiteko sortu den txikizioa, zenbat pertsonaren sufrimendua dagoen soja horren atzean... Kontraesan handia da. Hasten zara arakatzen eta konturatzen zara enpresa berak eskaintzen dizula haragi ultraprozesatua eta "elikadura berdea" eta "osasuntsua", hau da, merkatu hobi baten barruan bizi zarela. Eta plastiko asko dagoela janari horren bueltan, eta kilometro asko egin dituztela elikagai horiek... eta beharbada pertsona horiek beti ez dutela lana eta bizitza baldintza egokienetan egiten...

Askoz haragi gutxiago jan behar dugu, baina jaten duguna jaten dugula, izan barazkia edo izan animalia, beste kontu horiei erreparatu behar diegu. Ezagutu ze eskuk jaso duten, nola, zer bizimodu daukan, zergatik egiten duen lan modu horretan eta ez bestean... Behin Iparraldeko lagun bati entzun nion “agroekologia ala basakeria”. Hauxe da dagoena.

Zer harreman duzu bakardadearekin?

Handia! Lanordu batzuk joaten zaizkigu bakardadean. Ukuiluan ez naiz bakarrik sentitzen, beti nago konpainian, ehundik gora buru ditut bueltan. Gaztandegian bai, gazta bakarka egiten dugu eta hor aukera dut neure buruarekin aritzeko eta barrura begira jartzeko. Gero eta gehiago gustatzen zait, agian adina izango da.

Uste dut horregatik idazten dudala. Idazketak eskatzen duen hausnarketa egiteko aukera ematen dit artzaintzak. 

Argazkia: Dani Blanco.

Militantziako harremanen indarra sentitu egiten da liburuan.

EHKOlektiboa, energia berriztagarrien gaia lantzen duten taldeak, Biolur elkartea... bakardadeak izan ahal du ulertezintasun bat, eta militantzian sentitzen duzu barruan duzun horrek baduela ispilu bat aurrean, badagoela jende bat zure ideietatik gertu dagoena. Gainera, elkarrekin egoteak aukera ematen digu eraikitzen jarraitzeko eta ideia eta bulkada horietan sakontzeko. Horrek pertsona gisa aberastu egiten zaitu, asko.

Hiritik urrun dagoen baserriaren eta administrazioaren arteko harremana liburu honetako melodrametako bat da.

Bizimodua antolatuta dago hiritik eta hiriko jendearentzat. Gu EAEko populazioaren %11 gara, baina bagara eta hemen gaude. Politikarientzat neurgailuak bozkak dira eta populazioaren %89 bizi bada hirian, haiei begirako politikak eta erabakiak hartuko dituzte. Baina, berez, erakunde publikoetan ardura duenak ikuspegi zabalxeagoa izan behar du. Sustatu nahi dituzten politiketan hartzen diren erabakiek herritar guztiei begira egon behar dute.

Horren ondorioz, zeure burua topatzen duzu kalean biziz gero zeure gain hartuko ez zenituzkeen gauzak zeure gain hartzen. Eskola garraioaren arazoa pil-pilean egon da ikasturte honen hasieran, eta Jaurlaritzak kalte ordainak emango dizkie guraso horiei. Ongi iruditzen zait. Baina landa eremuan bizi diren haur eta gazteengan ez du inork pentsatzen: inork ez du planteatzen kalte ordaina, edo inork ez du planteatzen nola antolatu horien eskola garraioa, edo nola antolatu behar den eskola ondoren bertso-eskolara edo kirolera joan nahi badute aukera hori izan dezaten. Edo parrandan atera nahi dutenean... hirietan badago Gautxori zerbitzua, eta landa eremuko gazteentzat?

"Bizimodua antolatuta dago hiritik eta hiriko jendearentzat. Gu EAEko populazioaren %11 gara, baina bagara eta hemen gaude"

Nola ez dira hutsik egongo hemengo baserriak? Gure etxe inguruan bederatzi tximinia daude, eta hirutatik baino ez da kerik ateratzen. Eta baserriak erortzen ari dira. Baserri askoren kasuan dena bat izan da, umeak izan eta kalera jaistea. Gizarte honek erabaki beharko du ea nahi duen jende gaztea eta umeak baserrian bizitzea, eta ea zertarako dagoen prest hori horrela izan dadin.

Jendarte honek pentsatu beharko du zer komunitate nahi duen. Gu ez bagaude, zer? Gazta Gaztelako industria batetik ekarritakoa jan behar dugu? Saltzen den gehiena handik dator.

Bada beste elementu bat: panorama ikusita, uste dut hirian jende askok ikusiko duela bere burua behartuta alde egiteko, hiriak ez direlako bizigarriak izango eurentzat. Jendea landa eremura bizitzera etortzen denean, zer? Gizarte bezala beste buelta bat eman behar diogu gai horri.

Liburuak jositakoak

Hausnarrean liburuak hainbat harreman josi ditu bere bidean. Horiez galdetu diogu Josebe Blancori.

Tere Irastorza Idazle Eskolan tutore, sortze prozesu osoan
"Zer esango dut Terez? Idazle Eskolan ez didate erakutsi nola esan Tererekiko sentitzen dudana eta berak eman didan guztia. Ez dakit adierazten.
Idazle Eskolan bi ikasturte eman ditut. Ikaragarria da hango irakasleek eta ikaskideek erakusteko dutena, tresna asko jarri dizkidate mahai gainean. Sekulako espazioa da, ikaskideen artean giro berezia sortzen da... nik ez daukat hain eskura liburuek eta literaturak halako pisua izango duten giro bat, arnasteko toki bat. Bizitzaren opari izugarri eder bat izan da".

Eider Uribarrena Ilustrazioen egilea
"Eider 14 urterekin etorri zen gure etxera, bere amarekin batera, euskara lantzera. Harrezkero lau urte pasatu dira eta etxeko dira, biak. Liluratuta geratzen ginen bere marrazteko moduarekin, etxean zintzilikatuta ditugu berak orduan egin zituen koadro batzuk. Etxe honetan dagoena ulertuko zuen marrazkilaririk izatekotan, bera zen".

ARGIA Zergatik argitaratu duzu ARGIAn?
"Harpidedunak gara. Sinesten dugu proiektu honetan eta ARGIA gure sentitzen dugu. Horretarako arrazoi asko egon daitezke, eta horietako bat da ARGIAn topatzen dugula jendarte bat gure ispilu izan daitekeena, eta babesa sentitzen dugu orrialdez orrialde topatzen ditugun edukietan".

Artzainaren urteko lanen koadroa dakar liburuak eta ia 100 lan daude zerrendatuta bertan. Liburuan diozu “gure egutegian ez daude egun gorriak eta beltzak, egunek ardi kolorea dute”. 

Gure lana ez da bizi/ez bizi alternantzian dagoen sistema. Jende askorentzat bizitza bukatzen da lanera joan behar duela pentsatzen duen unean. Hor ez-bizitza hasten da, handik zortzi ordura lanetik ateratzen denean bizitzara itzultzen da, eta hurrengo egunean itzultzen da ez-bizitzara.

Gurea desberdina da, alde on eta txar guztiekin. Gurea bizimodu bat da. Horregatik esaten dut ardiekin bizi garela, ez ardietatik. Haien erritmoan bizi gara. Denborak beste dimentsio bat hartzen du. Sasoi honetan lasaiago gaude, ez dugu jetzi behar, ez dugu gazta egin behar, ez dugu erditzerik artatu behar... ardien bizimoduak markatzen du gurea.

Gure etxean ez dugu bizi “asteburua behar dut” sentipena. Edo bai, baina nekearekin lotuta dago, fisikoa gehienbat, hainbat sasoitan. Horretan asko laguntzen du egiten ari zaren horri zentzua topatzeak. Niretzat gogorra litzateke zentzurik ikusten ez diodan lan batean zortzi orduz aritzea, eguna joan eguna etorri, eta abuztuarekin amestea.

Zuen bizimodua erakargarria da gazteak artzaintzan has daitezen?

Nik uste gazteak laborantzan edo abeltzaintzan hasteko oztopo handienetakoa dela jendarte honetan hedatuta dagoen munduan egoteko manera. Dena momentuan lortu nahi dugu, dena erraz, esfortzua tontoen gauza da...

Bizitza askoz xinpleagoa da sistema horrek adierazten duena baino. Baina kontsumoan oinarritutako gizartean gure lana zer da? Janaria zer da? Hain inportanteak ez diren gauzak baloratzen dira, eta benetan garrantzizkoak direnak mespretxatzen dira. Soldaten taulak ikustea besterik ez dago: gure soldatak han behean daude, eta pertsonak zaintzen dituztenenak ere bai. Irakasleen lan baldintzak ez dira onenak eta osasun langileenak ere ez.

Baina uste dut gure bizimodu hau erakargarria dela. Uste dut jende gazteak topatuko balitu beste baldintza batzuk eta beste babes bat, askok lan hau aukeratuko lukeela bizitzeko. Gu Wwoof sarean gaude [baserrian denboraldi batez bizi dira wwooferrak, bertako lanaz eta agroekologiaz ikasten, lan egin bitartean], eta wwoof egitera etortzen diren asko hiritarrak dira: bere bizitzari beste norabide bat eman nahi diote, baina oztopo asko aurkitzen dituzte bidean.

Josebe Blanco, "Hausnarrean" bere liburuaren azalean agertzen den artegian sartuta. Argazkia: Dani Blanco.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
"Ipuina engainua da" istorio bildumari musika jarriko dio Micek ostiralean Urruñan, Azokaldiaren kari

Aitzina doa Baltsan elkartean eta ARGIAk, Ziburu inguruko eragileekin batera antolaturiko Azokaldia. Datorren hitzordua maiatzaren 17an izanen da, Urruñako Berttolin. Bertako ikastolako Euskaraz Bizi taldearekin elkarlanean antolaturiko hitzordu literario musikatua dugu... [+]


2024-05-16 | Euskal Irratiak
Mattin Irigoien
"Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea"

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.


Freskotasuna eta barietatea

Azken denboraldietan ohikoa izan den moduan, OLBEk errezitaldi polita prestatu du denboraldiko azken titulurako, preludio gisa balio izan duena.

Opera eta zarzuela nahastea ideia bikaina izan da. Izan ere, askok uste dugu ez litzatekeela ideia txarra izango noizbait genero... [+]


Eguneraketa berriak daude