Iceberg bat Bidasoaren erdian

  • Anomalia historiko-politikoetan joria da Euskal Herria, baina hala ere, Irun eta Hendaiaren artean dagoen Konpantzia irlak –alegia, Faisaien Uharteak, edo Konferantziako irlak, edo Intzurak– gure objektu arraroen bilduman leku berezia dauka. “Munduko kondominiorik txikiena”. Sarri entzungo zenuen, sikiera telebistako notizietan urtean bitan muga aldatu dela eta irla orain Frantziarena, orain Espainiarena dela esplikatzen dutenean. Uharte horren tolesturetan buru-belarri murgildu nahi izanez gero, aukera paregabea da Iraitz Agirrek eta Ivan Gomezek argitaratu duten Intzura liburua.

Irungo Udal Artxiboa
Irungo Udal Artxiboa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irungo Urdanibia plazan geratu ziren Iraitz Agirre Aranguren (Arrasate, 1983) eta Ivan Gomez Gutierrez (Irun, 1984). Ez zuten lehenagotik elkarren ezaguerarik. Proiektu batek –edo proiektu baten proiektuak– bultzatu zuen enkontru hura Mosku izenez ezagunagoa den enparantzan. Faisaien Uharteari buruzko egitasmo bat: Irungo Udalaren Ribera izeneko ikerketa-bekaren 2018ko deialdira aurkeztu nahi zuten, ondoren tandem gisa gauzatzeko, alde artistikoa (Gomez) eta ikerketa antropologikoa (Agirre) uztartuta.

Gaia bera, lan egiteko modua, proiektuaren diziplinartekotasuna eta ezpainzapi batean jasota geratu zen lehen bilera hartako akta, dena izan da ezohiko samarra, bost urte geroago Intzura liburua argitaratu duten arte. Ez da harritzekoa, beraz, emaitza ere ohiko kanonetan ez kabitzea: saiakera da? Antzerki-testua? Historia-liburua? Lan antropologikoa? Agian horiek denak batera? Eta agian zerbait gehiago ere bai? Egileekin hitz egin ondoren ere, emaitza sailkatzea ez da kontu erraza. “Saiakeraren saiakeraren saiakera” gisa definitu du momentu batean Agirrek. Akaso “artefaktu” hitzak ere balio du hura definitzeko, batetik, nahiko ibilgu zabala delako liburuaren azpiko korronte guztiak kabitzeko; eta bestetik, “gailu” hitza bitan agertzen delako liburuan bertan, Agirrek hasieran idatzi duen testuan eta Gomezek amaiera gisa osatu duenean.

Egileek utzia.

Faisaien Uharteari –Intzurari, Konpantziari, Konferentziako irlari– buruzko liburu-gailu bat, beraz, egileek autoekoiztuta publikatu dena, ohiko liburu-dendetan salgai ez dagoena –intzurauhartea@gmail.com helbidera idatzita eskuratu daiteke ale bat kontrabandoan–, eta mundu honetan bi estatuk partekatzen duten lur zatirik txikiena abiapuntu hartuta, zalantzan jartzen duena historia ofiziala, Euskal Herria zatitzen duen muga bera eta, bide batez, gauzen ohiko funtzionamenduari buruzko beste pertzepzio asko ere bai.

Gomezek dio, Irungoa izaki, aspalditik zeukala begitan uharte hori. “Irlaren ideia interesatzen zitzaidan bere horretan, beste gauzetatik bereizita dagoen zerbait bezala; eta horrez gain, ur biren artean dagoenez, eta artista gisa egiten dudan lanean aspektu erlazionala oso inportantea denez, eskua sartu niezaiokeen alde ugaritatik”. Bestelakoa izan zen Agirreren hasierako hurbilpena: “Politikoki, euskaldunontzat gauza arraroa da irla hori. Banekien kondominioa denez muga urtean bitan lekuz aldatzen dela eta abar. Eta Ivanekin elkartzean, bera dagoeneko bazetorren Velazquezen figura aztertzetik eta bazeukan idatzitako historiaren inguruan informazio pila. Eta ni berriz, hutsuneetatik galdera pila batekin nentorren: feminismotik eta euskalduntasunetik historia ofizialak kontatzen ez duen guztiari begiratu nahi nion”.

Harremanak, hutsuneak, bereizita dagoen leku zehaztugabe bat, harekin lotutako obra artistikoak, identitate kolektiboak... Ez dira buztin txarrak lanean hasteko. Elkartu ziren egunean bertan bururatu zitzaien uharteari buruzko elkarrizketa-sorta bat egitea, eta, horiek oinarri hartuta, antzezlan baten libretoa idaztea. Agirrek gogoan dauka toberaren eredua izan zutela buruan: berak parte hartu zuen Debagoienan Lapurdiko tradizioa eredu hartuta egin zituzten herri antzerkietan. Gomezek dioenez, saiakeraren ideia ere interesatu zitzaien hasieratik, “ez gogoeta egiteko saiakera gisa ulertuta, saiatze gisa baizik, zerbait egitearen zentzuan alegia. Ez bukatzeko helburuz; ariketa bera egiteko bakarrik, kasik kirola balitz bezala”. Alegia, ez zuten gai zehatz bati buruzko argudioak bilduz ondorio argi bat bilatzen duen saiakera idatzi nahi izan. Eta gainera, ariketaren zentzuari helduta, saiakerak lotura handia izan dezake antzerkiaren espirituarekin: “Ideia hori erabili dugu: ‘Goazen entseatzera, ea nola ateratzen zaigun hau’”, azaldu du Agirrek.

"Aukeratu genituen elkarrizketatuek ez zuten ematen antzerki baterako, zortzi liburu desberdin idazteko baizik"

“Baina aukeratu genituen elkarrizketatuek ez zuten ematen antzerki baterako, zortzi liburu desberdin idazteko baizik”, gaineratu du. Sagrario Arrizabalaga Irungo Udal Artxiboko artxibista, Edurne Epelde ekintzaile feminista, Maria Ruido artista, Amets Arzallus bertsolaria, Maggie Bullen antropologoa, Eneko Bidegain kazetaria, Valvanera Nieto Donemiliaga Kukulako monastegiko gidaria eta Anartz Ormaza arkitektoa izan dira proiekturako elkarrizketatu dituztenak. Hala ere, Intzura-n ez dira solasaldi horiek zuzenean transkribatuta agertzen. Adierazpenen atribuzioa berezia da, ohiko ikerketa lanetan edo prentsan egiten denaz bestelakoa, ibaia bezala baita liburu hau eta sigi-saga dabil generoen ertzen artean. Gomezek azaldu du, “literatura garaikideari keinu bat eginez”, elkarrizketatutako pertsonen adierazpenak transkribatu ondoren, testu hori guztia zortzi pertsonaiaren bidez eman dutela –Bat Gizona, Mujer Dos, Garson Trois, Miss Four, Bost, Sei Anderea, Doctora Siete eta Zortzi Gorputza–. Pertsonaia horiek irudikatu dituzte irlan, dokumentu zaharrez betetako mahai baten inguruan. “Paper horien azpian ezkutuko sistema bat dagoela uste dute”, azaltzen zaigu liburuaren hasieran. Eszenaratze horren bitartez lortu nahi izan dute irakurle bakoitzak imajina ditzala elkarrekin pentsatzen ari diren pertsonaia horiek, liburuko esaldiak benetan nork esan zituen zehaztu gabe utziz.

Egindako elkarrizketa bakoitzaren barruan gai batzuk lokalizatu ondoren, ebaki egin zituzten jatorrizko transkripzioetatik. “Collagetik gertuago dagoen idazketa” dela uste du Gomezek, “idazkera linealetik urrundu” direla. Gainera, collageko ebaketak agerian uzteko erabakia hartu dute, “literarioki baldarrak izan zitezkeen arren, konposizio artistikoaren pista gisa bazeukalako bere pisua testuak haustura horiek edukitzeak”. Agirrek erantsi du: “Oso argi geneukan lana biluzik egon behar zela, akatsak, baldarkeriak... agerian utziko genituela”. Liminaltasunaren ideia bat transmititzen du liburuak horrelako erabakien bitartez: Konpantzian –Faisaien Uhartean, Konferentziako Irlan, Intzuran–, Bidasoako uren erdian dagoen objektu geografiko identifikagaitz horretan, ezer ez baitago definizio zehatzetan ainguratuta, batzuek kontrakoa ulertarazi nahi izaten duten arren. Eta elkarlanean osatu duten objektu artistiko-literario-filosofikoak materialki ere hori adierazi nahi du. Apustu hori urrunago ere eraman nahi zuten, liburua koadernatzeko erabiltzen diren hariak solte utziz, kolarik gabe, hauskortasun sentsazio handiagoa eman nahian. Inprimategian ezinezkotzat jo zuten ordea.

“Icebergaren ideia erabili izan dugu proiektu honetan. Alegia, irlak badaukala sakontasun bat, barrurantz zulatu beharrekoa. Horretarako, gauzak bilatzen hasi ginen, baita gure aurkikuntzak proiektuan sartzeko modua ere. Arkeologia-prozesu baten emozioa ere eduki du”, Gomezen hitzetan. Irlan bertan egin ez den arkeologia-lana, bide batez, liburuaren egileek gogora ekarri duten moduan, ez baita uhartean lagin-zulorik egin Bidasoaldean azken mendeetan izan diren gerretako metraila-arrastorik edo bestelakorik geratzen ote den ikusteko. “Graziosoa da, izan ere, paperek gauza batzuk esaten dituzte, baina benetan ez da nahi izan erakutsi hori egia den ala ez. Pentsarazten dizu zein punturaino daukan historia ofizialak interesik irla zer izan zen jakiteko ala fabula bat utzi nahi izan duen”, azaldu du Agirrek.

Kontraesan hori modu parodiko samarrean agertzen da liburuan, Mujer Dos-en bitartez: beste pertsonaiak historiari buruzko hipotesiak egiten hasten direnean, pertsonaia horrek TESTUAK –horrela, letra larriz– kontsultatu behar direla gogorarazten die etengabe. “Justu Irungo artxibozainak maiz esaten zuen, ‘hau ez da agertzen: Bidasoa zeharkatu nahian hil ziren etorkin portugaldarrena mundu guztiak daki, baina ez dago paperetan’. Eta berak hori askotan aipatzea pila bat gustatu zitzaigun, bera delako paperak ezagutzen dituena, eta esaten ari zitzaigun gauza batzuk ez zirela agertuko segur aski”. Gomezen iritziz, badago joera pentsatzeko testuetan dagoela egia. “Eta gure ariketa izan da pentsatzea ea zergatik idazten diren testuak, zertarako jasotzen den zerbait idatziz. Hori egia da, horrela izatea nahi delako. Hortaz, auzitan jarri nahi izan dugu artxiboarekin guk geuk egin dugun lana ere. Artxiboko lana egin baitugu, baina ez bakarrik dokumentuen arteko harremanak bilatzeko, artxiboak berak botere harreman bati erantzuten diola kontuan hartuz baizik”.

"Graziosoa da: paperek gauza batzuk esaten dituzte, baina benetan ez da erakutsi nahi izan esandakoa egia den ala ez"

Lan horri esker, 1659an uhartean bertan sinatu zen Pirinioetako Bakeari buruzko gogoeta interesgarriak jaso dituzte, besteak beste. Paktu horrek ezarri zuen gaur egun oraindik indarrean dagoen bi estatuen arteko muga, Faisaien Uharte partekatuaren anomaliari ere bide emanez. Espainiako eta Frantziako erregeen arteko hitzarmen horrek Euskal Herrian izan zuen eraginaz gain, gertakari historikoarekin lotutako beste zenbait elementu ere betaurreko berriekin aztertzeko aukera ematen du liburuak, adibidez, akordioarekin lotu zen Frantziako Luis XIV.aren eta Espainiako Maria Teresa infantaren arteko ezkontza: zeremonia Faisaien Uhartean zergatik ospatu zen, hura inguratu zuen errepresentazio-sorta –Velazquezen koadroak, garaiko grabatuak...–, irlan egin zituzten esku-hartze arkitektonikoak edo eraikin horietaz dokumentuek ziotenetik abiatuta, nolako irudiak asmatu zituzten garaiko eta ondorengo urteetako artistek.

"Icebergaren ideia erabili dugu. Alegia, irlak badaukala barrurantz zulatu beharrekoa"

“Historia kontatzeko moduak” du azpititulua Intzura-k, bai baitauka atzera-begirada kritikotik, oraina ulertzeko kontatu gabe geratu den iceberg zatia esploratzetik. Ez da hori bakarrik, ordea: batetik, mugaren kontzeptua gaur egun birpentsatzeko bide asko ere ematen dituen lana baita –Agirrek azaldu duen moduan, “segun eta ze gorputzek zeharkatzen duen muga hori, oso muga diferenteez ari gara hizketan. Batzuek bizia jokoan jartzen dute muga pasatzeko eta besteentzat berriz, jada bizi ez dugun zerbait bihurtu da”–; bestetik, uhartea etorkizunera ere proiektatzen delako lan honetako parte batzuetan, besteak beste zortzi pertsonaien elkarrizketen artean dauden eranskinetan, zeinetan Irungo Eguzkitza BHIko 15-16 urteko gazteek irlan martxan jarriko lituzketen proiektuak ikus ditzakeen irakurleak, baita Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasleek irlaren inguruan landu zituzten “fikzio arkitektonikoak” ere.

“Asko gustatzen zaidan gauzetako bat da ez dagoela inolako ondoriorik”, azaldu du Agirrek elkarrizketaren amaiera aldera. Egia da: Intzura galdera berriak egitera zaramatzan liburua da batez ere, ez lantzen dituen gaiei buruzko behin betiko egiak pack batean bilduta ematen dizkizun produktu bat. Liburua amaituta ordea, buruan ideia bat behintzat bai geratzen da nahiko argi: zubien premia. Bai uhartea bere inguruarekin lotzeko, baita gure errealitatea ulertzeko erabiltzen ditugun jakintza-esparruen arteko konexioak sendoagoak izan daitezen ere. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea)... [+]

'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


2025-06-27 | Iker Barandiaran
Portu askotatik abiatuta

Norabide bakarrean
721-Gogor Gabiltza
Autoekoizpena, 2025

---------------------------------------------------------

Askotan, guraso garenon kezka bat da ea seme-alabek gure aholku edo "txapak" aintzat hartuko dituzten, jakitun izanda, era berean, guri kontra... [+]


Arlote alprojak edo langabe arruntak?

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Igela, 2025

------------------------------------------------------------

George Orwell Abereen etxaldea (Animal farm, 1945) eta 1984 (1949) eleberriengatik ezagutzen dugu, euskarara itzuliak biak. Baina horien aurretik Down... [+]


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


2025-06-25 | Onintza Enbeita
Oihana Bartra. Bertsolaria
“Bertsolaritzan ere badago aurrerapenaren kontra dagoen korronte erreakzionarioa”

Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.


Ey, ey... Turismo kolonialaren bonba lehertu duela Bad Bunnyk

Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]


Hil Faborez Fest
Ez hil, faborez

HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3

Data: 2025eko ekainaren 14a.

--------------------------------------------------------

[+]


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


Eguneraketa berriak daude