Aitor Etxebarriazarraga, Bizkaiko txapeldun berria

  • Onintza Enbeita eskualde kidearekin buruz buru arituta, eta puntu erdiko aldearekin, lortu du txapela gernikarrak. 4.500 bertsozaletik gorak berotu eta altxatu dute Bilboko Casilla, final hunkigarri batean.

Ekaitz Zilarmendi/Bertsozale Elkartea

2025eko abenduaren 20an - 22:48
Azken eguneraketa: 2025-12-21 02:08
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Jendez gainezka eta tenperaturaz bero egon den Casilla baten aurrean jantzi du bere lehen txapela Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunak. Busturialdean eta Lilibertso bertso eskolan nekez ahaztuko duten finala izan da gaurkoa, Onintza Enbeita eskualde kidearekin buruz buruko estuaren ondoren jantzi baitio txapela Arantza Plazak; puntu erdiko tartea izan da gernikarraren eta muxikarraren artean. Ganbarako bereziki hunkibera josita lortu du txapela buruan jartzea, eta publikoak horrela aitortu dio: buruz buruko puntuazioa entzutearekin batera altxatu baita Casilla osoa. Bereziki aipagarria, hirugarren postua, lehen finala jokatuta eskuratu baitu Txaber Altubek, saio bikain eta fina eginda.

Horrela, bada honela geratu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren sailkapena: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (1163), Onintza Enbeita Maguregi (1162,5), Txaber Altube Sarrionandia (698,5), Aitor Bizkarra Ruiz (694,5), Xabat Galletebeitia Abaroa (691), Jone Uria Albizuri (Galletebeitarekin enpatatuta 691 punturekin), Oihana Bartra Arenas (689) eta Gorka Pagonabarraga Agorria (671).

Buruz buruko bereziki samurraren ostean heldu dira puntuazioak. Buruz buruko lehen ariketan, zortziko txiki bizkor eta bizian, euren arteko konfiantza erakutsi dute bi protagonistek, finalistak direla eta finalaren aurretik konfiantzazko formakuntza batera joan direla agindu baitie gaiak; bien arteko kimika nabaritu da hasi eta buka. Baina buruz burukoan goia jo du ganbarako gaiak. Honela zioen: “Begietara begiratu eta holan esan deutsu: onena zara”. Jendearen artean entzun den keinu atseginak iragarri zitekeen biak ala biak fin ibiliko zirela, eta horrela izan da.

Etxebarriazarragak bikotea duen pertsona baten maitale paperean jarri du bere burua. “Gaur ‘onena zara’ esanez / laztandu deustazu azala / guzurra dala jakinda / ta egia balitz bezala” amaitu du lehen bertsoa eta hirugarrenarekin biribildu du bere ganbarakoa, jendearen txalo zaparrada lortuta: “Zertan hasiko gara ba / gure artekoa sailkaten / zer dan ona, zer dan txarra / alper-alperrik aitatzen / igoal neuk ikasi behar dot / neure burua maitatzen”.

Enbeitak ere maitasunari heldu dio gai bera jarri diotenean, baina ezberdin. Finalaren goizean animoak eman dizkion bere bikotea izan du berbagai, berez bertsozale izan barik, txapelketaz txapelketa lagun izan duena. Berba gozoak eskaini dizkio, bai berari, bai eusten dutenei: “Esan nahi deutsut jente aurrean / ta esan nahi deutsut garbi / ingurukoek eutsi ezean / inor be ezta hain handi”. Enbeitak ohikoa duen hunkiduraz zizelkatu du zapatu osoa, eta publikoak bueltan itzuli dio, puntuak errepikatzen eta tente bere bertsoei erantzuten.

Aitor Etxebarriazarragaren eta Onintza Enbeitaren arteko besarkada, buruz burukora pasatu direnean. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi/Bertsozale Elkartea

Izan ere, izan, hunkigarria izan da finala, hasi eta buka. 4.500 begi paretik gora izan dira Bilboko Casillan, tarteka irribarretsu, tarteka umel. Hasieratik dirdira berezia izan duen finala izan da gaurkoa: dela hasierako paseoak modelo pasearen tankera hartu duelako, ikusleen txaloen erritmoa harrigarriki ondo jarraituta; dela aspaldiko aldiz finalak agertoki berria estreinatu duelako; dela finalista bakoitzak bere fandom propioa hurbiltzea lortu duelako. Edozelan ere, hasieratik bero eta gogotsu izan dira bertsozaleak Bizkaiko hiriburuan.

Ariketa ahulagoren bat aukeratu behar izanez gero, esan daiteke zortziko handia izan dela hotzena; normala, beste alde batetik, berau izan baita lehenengoa. Bertsoaldi politak bota dituzte zortzi finalistek, baina Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiaren artekoak lortu du erreakzio beroena. Onintza bajan dagoen langilea izan da, eta Xabat, bera ikertzeko kontratatu duten detektibea. Galletebeitiak zehatz lortu du detektibearen paperean sartzea, eta enpresari legez egin dio berba: “Baina enpresa ez da altxatzen / elkar zainduz, elkar maitez / zuk kontzientzia argi daukazu / zuzendariak nonbait ez”. Eta Enbeitak erantzuna, jendearen erreakzioa lortu du beste bertso honekin: “Ez dakit ondo zen dan zuretzat / zure lanaren idea / lehen txibatoa esaten jakon / ta orain detektibea”.

Gainontzeko ariketek grina handiagoa piztu dute publikoaren artean, eta bereziki aipagarria da Txaber Altubek denetan lortu duen erantzuna. Finalerako bide zuzena egina zuen, eta azken geltokian ere ez du huts egin. Ekarpen ugari eta mamitsuak jarri ditu mahai gainean. Hamarreko txikiko ariketan Xabat Galletebeitiarekin aritu da, herrian jarri duten jaiotza dela eta atsekabetuta dagoenaren paperean. Honela bota dio lekeitiarrak: “Bibliako pasarte / batek igorria / eta orduko hotza / berriz dator ia / nahiz egizko mina den / ez hipokondria / Gazara ez da iristen / miserikordia”. Eta abadiñarrak erantzun: “Lehen ez nintzen ausartzen / berba hauek biltzen / ta Gaza ikusita / konturatu nintzen / mundu hontan jainkorik / ez da existitzen”.

Gai aldetik, ugari eta emankor egon da saioa, gai-jartzaile taldeak lan eskerga egin duen seinale. Agendan dauden gai ugari atera dituzte, eta egoera oso ezberdinetan jarri dituzte bertsolariak. Agintarien ate birakarien gaia izan da polemiko horietako bat, hamarreko txikian egokitu zaiena Gorka Pagonabarraga eta Oihana Bartrari. Azken horrek zorrotz jarri ditu mahai gainean azken egunetako zenbait albiste, bertso eran: “Bueno hor daude Petronor / BBK zein nonahi / horrexegatik trankil / egon zaitez, Unai / Josu Jon sartu gendun / eta zu ere bai”. Eta Pagonabarragak bere puntua jarri dio, Deian azalean agertuko dela eta: “Ta honetan fokurik / jarri ez dezaten / zuk segi GKSz / edozer esaten”.

Bizkor, bizi eta kritiko joan da, beraz, finala. Gaurkotasun dezente jarri diote oholtzari zortzi bertsolariek bakarka kantatu beharreko gaiek ere. Gernikako bonbardaketako biktima bat izan da Jone Uria, Alemaniako kantzilerra eta Espainiako erregea ikusi dituena bere herrian, baina berak gonbidapenik jaso barik. Honela bukatu du bigarren bertsoa: “Ni ez naute gonbidatu / ta Espainiako erregea bai”. Eta bere jarduna biribildu du honela: “Orduan egin zenutenak / berez ez dauka izenik / ta gaur egin duzuenak / ere ez du barkamenik”. Herentziari uko egin dion aberaskumea izan da Aitor Bizkarra, eta bakarkakoak eman dion patxada aprobetxatu du berez duen dirdira gaur plazaratzeko: “Guztia eman behar dut, aizue /badakit zuek ez daukazue / printzipio aldagaitzik / ez jainkorik, sosa baizik”.

Bakarkakoei ginda jarri diona txapeldunordea izan da, Onintza Enbeita, oso beretik abestuta. Adinean aurrera doan emakume bat izan da, bere gorputzaren aldaketak onartzea gero eta gehiago kostatzen zaiona. “Lehen ez neban gorputz hau maite / eta orain gitxiago” kantatu du, gorputzeko aldaketak banan-banan zerrendatuta, eta aldarri batekin bukatu du bakarkakoa; hasierako agurrean eta finalisten prentsaurrekoan botatako aldarri bera. “Baina zutunik jarraitu nahi dot / nik biharko egunerako / eta mikroan segituko dot / bizirik nagoelako”.

Arantza Plazaren bertsorik ez baina berba hunkigarriek eman diote amaiera Casillako jardunari, transmisioa mahai gainean jarrita eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearekiko esker oneko berbaz. Uneko emoziora batu dira zortzi bertsolariak ere, eta bakoitzak beretik, bereak eskertu ditu eta aldarriak plazaratzeko. 

Arantza Plaza Zamora txapel emailea. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi/Bertsozale Elkartea

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!