Kissinger eta Pinochet: dokumentuak argitara, kolpista guztien lotsarako

  • Augusto Pinochet diktadoreak Txilen estatu-kolpea eman zuela mende erdia bete denean, hamaika berba entzun dira herrialdeak bizi duen zatiketaz. Hamazazpi urtetako diktaduraren errepresioa ukatzea da zenbait eskuindarren egungo arma, negazionismo gisa ulertu den diskurtsoarekin. Baina desklasifikaturiko dokumentu ugarik argi erakusten dute AEBek Salvador Allenderen gobernua zapaltzen izandako inplikazioa. Historiak epaituko al ditu?

Amerikako Estatuen Erakundeak antolatuta Henry Kissinger AEBeko Estatu Idazkariak bisita egin zuen 1976an Txileko Santiagora eta Augusto Pinochetekin bildu zen. Publikoki giza eskubideen urraketak salatu zituen, baina pribatuan babes osoa eman zion, CIAko
Amerikako Estatuen Erakundeak antolatuta Henry Kissinger AEBeko Estatu Idazkariak bisita egin zuen 1976an Txileko Santiagora eta Augusto Pinochetekin bildu zen. Publikoki giza eskubideen urraketak salatu zituen, baina pribatuan babes osoa eman zion, CIAko dokumentuen argitan. Argazkia: Txileko Barne Ministerioa CC-BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Txilen Augusto Pinochet jeneralak estatu-kolpea eman zuela berrogeita hamar eta Henry Kissinger politikaria jaio zela ehun urte bete dira aurten. Historia liburuetan kolaz itsatsita geratuko diren bi izen dira. Lehenak, diktadura ikaragarria ezarri zuen Hego Amerikako herrialde hartan, eta bigarrenak krimen horretan lagundu zion AEBetako Segurtasun Nazionaleko Kontseiluan zuen aholkulari kargutik, orain Bakearen Nobelduna omentzen dutenek ondo dakiten moduan.

Richard Nixon presidente zela, Txileko militarren mugimenduen berri bazuela dioten bi dokumentu desklasifikatu ditu AEBetako Gobernuak duela gutxi, 1973ko irailaren 8 eta 11koak, biak Pinochetek kolpea eman aurrekoak. AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Alexandria Ocasio-Cortezek Txilera egin bisitaren ostean argitaratu ditu Joe Bidenen administrazioak, “Txilerekiko konpromisoa” erakusteko. Ondoren etorri dira 50. urteurreneko ekitaldiak, diktadura justifikatze duten hitzek irrist egiten dieten politikari eskuindarren eta negazionismoa salatzen duten herritarren eztabaidaren erdian.

Baina dokumentu horiek ez diote ez genekien ezer. Hamarkadotan milaka dokumentu ezagutarazi izan dira, erakusten dutenak Txilen Salvador Allenderen proiektu sozialista popatik bidaltzeko Washingtonen egosten ari zena: “Hainbeste ditugu, honek guztiak izandako bilakaeraren egunez eguneko kontakizun bat bezala irakur daitezkeela”.  Hala dio Peter Kornbluh-ek, CIAk Txilen egindako esku hartzeaz munduan gehientsuen dakien ikerlari estatubatuarrak.

George Washington Unibertsitateko Segurtasun Nazionaleko Artxiboan Txileri buruzko dokumentazioa biltzeko proiektuaren zuzendaria da Kornbluh, eta berrogei urte daramatza zeregin horretan. Bulego zuloko sagu lanak egiteaz gain, AEBetako Gobernua ere presionatu du dokumentuak askatu ditzan: Clintonen garaian milaka lortu zituen eta Obamarenean beste milaka. Bere obsesioa Allendek aldarrikatutako “epaiketa historikoa” eraikitzea izan da, Henry Kissinger eta Richard Nixonen izenak Txileko demokraziaren deuseztapenarekin lotu daitezen betiko.

Dibulgatzaile azkarra da Kornbluh eta berarekin egindako elkarrizketak nahieran aurki ditzake Net Hurbileko irakurleak sarean. Youtuben bada hitzaldi bat zintzilikatua, Txileko Unibertsitateko Komunikazio fakultatean abuztuaren 31n eskainitakoa: “Beti azaldu nahi izan diet zuek bezalako ikasleei CIAko kable bat nola irakurtzen den”, esaten die aurrean dituen entzuleei. Eta hortxe doa top secret itxurako tipografia duen mezua lerroz lerro deszifratzera.

Hamarkadotan milaka dokumentu ezagutarazi izan dira erakusten dutenak Salvador Allenderen proiektu sozialista popatik bidaltzeko Washingtonen egosten ari zirena

Desklasifikatu aurretik zentsuratzaileek luma lodi batekin borratzen dituzte jendeak ezagutzea nahi ez dituzten datuak. Batez ere sources and methods delakoak dira, hau da, informazioa lortzeko erabilitako iturriak eta metodoak. Horregatik, dokumentuak beltzunez josita ikus ditzakegu, eta hutsune asko dituen puzzle konplexua osatu behar du ikerlariak.

Richard Helms eta AEB-en eskua

1973ko irailaren 16an, Allende hil eta Santiagoko La Moneda jauregiaren aurriei oraindik kea zerienean, Nixonek Kissingerri deitu zion telefonoz: “Gure eskua ez da ikusten kasu honetan, ezta?”, galdetzen dio. Eta Kissingerrek erantzun: “Guk ez dugu egin. Esan nahi dut, guk lagundu egin dugu. [Hutsunea] baldintza hoberenak sortu zituen”. “Hala da”, amaitzen du presidenteak.
AEBek Txileko estatu-kolpean izandako esku hartzea erakusten duen froga baliotsua da desklasifikatutako dokumentuen artean dagoen transkripzio hori, eta Kornbluhek urte askotako esperientzia baliatu du idatzi gabeko hutsunearen atzean zein dagoen jakiteko: Richard Helms, CIAko burua.

Ikerlariaren esanetan, agian ez da zuzena esatea AEB-ek Txileko estatu-kolpea antolatu eta agindu zutenik, baina kolpe baten aldeko “giroa” jarri zuten CIAren bidez, Kissingerrek Etxe Zuriko maizterrari aitortu bezala. Pinochet desclasificado ("Pinchet desklasifikatua", Editorial Catalonia, 2023) lanean eman ditu bere tesi guztiak Kornbluhek –aurten berrargitaratu du informazio esklusibo gehiagorekin– eta askoren aburuz Egiaren Batzorde batek egindakoaren pareko izan liteke ikerketa hori.

Duela egun gutxi Txileko Chilevisión telebista katean Operación Chile: top secret lau kapitulutako dokumentala estreinatu dute arrakasta handiarekin. Ikerlariak datu berri gehiago eman ditu CIAk Pinocheten diktaduran izandako parte hartzeaz. Irudian,  Kornbluh dokumentalaren momentu batean. Argazkia: Operación Chile

532 orrialdeko liburutzarra eskuratzeko aukera ez duenak, Truhdig ingelesezko webgune ezkertiarrean bi zatitan argitaratu duten elkarrizketa luzea irakur dezake: Kissinger and the CIA in Chile: An Interview With Peter Kornbluh (“Kissinger eta CIA Txilen: elkarrizketa bat Peter Kornbluhrekin”). Elkarrizketatzailea ez da edonor, Marc Cooper baizik, Allenderen itzultzaile pertsonala eta 1973ko kolpearen ondorioz errepresaliaturikoa. “CIA eta Txileri buruzko elkarrizketa definitiboa da hau”, dio Truhdig-eko artikuluaren aurkezpenean. AEBetako inteligentziak herrialde hartan utzitako lorratz eta miseriak kontatzen ditu banaka-banaka Kornbluhek bertan, hastapenetik hasita.

Agustín Edwards eta El Mercurio

1970eko irailaren 14an, hauteskundeak irabazi eta Allende presidentetzara iristear zela, Agustín Edwardsek hegazkina hartuko du Santiagotik Washingtonera, eta han Helmsekin bilduko da. El Mercurio egunkari boteretsuaren jabea da Edwards, baita Pepsico konpainiaren zuzendariordea eta Txileko gizon aberatsenetako bat ere. Nafarroan 1936an Garcilaso-k egin bezala, honek emandako informazioa giltzarri izango da atzera kontaketa bat hasteko: “Edozein militar txiletarrek baino maila altuagoko bilerak izango ditu, kolpista potentzialak zein diren eta kolpea emateko arazoak non egon daitezkeen kontatzeko”, dio Kornbluhek.

Salvador Allende ibilbide luzeko politikari eta mediku marxista errespetatua zen Txilen hauteskundeak irabazita gobernura iritsi zenean, eta herritar askoren babesa jaso zuen. Argazkia: Fundación Allende

Eta "arazo" nagusienak izen bat zuen: René Schneider. Txileko Armadako burua zenak Konstituzioa errespetatuko zuela ziurtatu zuen, gertatzen zena gerta. Hitz horiek azkura handia sortu zuten elite ekonomiko eta militarrean, eta CIA segituan hasi zen konspiratzen komandantea paretik kentzeko “bandera faltsuko” bahiketa batekin. Horretarako, Patria y Libertad talde ultraeskuindarrarekin kontaktatu zuten inteligentziako agenteek.

Baina operazioaren egunean, 1970eko urriaren 22an, Schneider bahitu ez baizik hil egin zuten. Jokaldia ez zitzaien ongi irten, inork ez baitzuen sinetsi Allendek zerikusirik zuenik ekintza harekin, eta kolpistak ez ziren mugitu. Hala ere CIAk bere agenteei txaloa jo zien: “Txiletar askorentzat soluzio militarra aukera bat izatera pasa delako”, dio agentziaren kableetako batek. Kornbluhek gogor hitz egiten du elkarrizketaren une honetan: “Hilketarako konplot batez ari gara, eta Henry Kissinger da haren egile intelektuala”.

Estatu-kolpea xaxatzeko saiakera horrek porrot eginda ere, Allenderen agintaldian AEBek jarraituko dute “klima kolpista” berotzen, herrialdea ekonomikoki ezegonkortu eta kontra-propaganda kanpainak finantzatzen Edwardsen El Mercurio erabilita; 1973ko irailaren 11n azken sastakada ematen dioten arte.

1973ko irailaren 11n, militarrek kolpea eman zutenean, Salvador Allende Txileko presidente hautatuak azkeneraino defendatu zuen demokrazia La Moneda jauregian gotortuta (ezkerrean): "Historiak epaituko ditu" esan zuen kolpistei buruz, irratian azken aldiz hitz egitean.

Atzo kolpistak, gaur negazionistak, bihar kolpistak

Zer dela eta setakeria hori Txile bezalako herrialde txiki eta baketsu batetiko? “Kissinger xake jokalari hoberena da –diosku ikerlariak– eta ikusten du Txilek nolako inpaktua eduki dezakeen NATOko beste herrialdeengan”. Europako potentziak domino fitxak bezala eroriko zirela uste zuen, Gerra Hotzaren teoria beldurgarriak sinetsita: “Erabat erratu zen, baina Txileren etorkizuna bere eskuetan hartu zuen”.

1970ean estatu-kolpea xaxatzeko saiakerak porrot eginda ere, Allenderen agintaldian AEBek jarraituko dute Txilen “klima kolpista” berotzen, herrialdea ekonomikoki ezegonkortu eta kontra-propaganda kanpainak finantzatzen

Hainbeste aipatzen ez den beste arrazoi bat ere badago Txilen gertatutakoa ulertzeko: 1960ko hamarkadan, Kennecott eta Anaconda kobre esportatzaile estatubatuarrak izan ziren lehenak Etxe Zuriko aldaba jotzen, Allendek zekarkien arriskuarekin larrituta. Izan ere, mediku marxistak agian ez zuen iraultza Kubaren bidetik egin nahi, pragmatikoagoa zen, baina helburu garbi bat zuen: kobrearen nazionalizazioa. Ez da kasualitatea Pinocheten kolpearen ondoren Txile izatea neoliberalismoaren Hego Amerikako laborategi nagusietakoa.

1982an Urrezko Palma eta 1983an Oscarra irabazitako Costa-Gavrasen Missing ("Desagertua") pelikulan oso ondo azaltzen da diktadura txiletarraren terrorea. Milaka biktima eragin zituen sistema hori babestu zuten AEBek hurrengo urteetan, eta Kissinger izan zen aitapontekoa. Kondor operazioa-ren garaian gaude, Hego Amerikako erregimen militarrek abian jarritako plan ezkutu bat erbesteratu ezkertiarrak eliminatzeko.

Politikari estatubatuarrak 1976an Santiagora egindako bidaia batean publikoki salatu zituen desagertze masibo horiek, baina pribatuan zera esan omen zion Pinocheti: “Allende paretik kenduta zerbitzu handia egin diozu Mendebaldeari eta lagunduko zaitugu”. Babes horrek 1988ra arte iraun zuen gutxienez. Urte hartan plebiszitu bidez diktadorea bota zuten txiletarrek, nahiz eta honek beste kolpe bat eman nahi izan zuen boterean geratzeko, Pinochet desclasificado liburuak lehen aldiz azaleratu duenez.

Mende erdia pasata, estatu kolpea ukatu edo justifikatzen dutenek indarra hartu dute Txilen. Pinocheten garaiko emakumeen bortxaketak “legenda urbanoa” direla dioten diputatuak edo kolpea Allendek eman zuela dioten presidente ohiak –Sebastián Piñeirak egin bezala– aurki ditzakegu orain. Eta hori gutxi balitz, beste herrialdeetara zabaltzen ari den eskuinaren arma politiko bihurtu da negazionismoa: Argentinako presidentetzarako hauteskunde kanpainan Victoria Villarruel Libertad Avanza alderdi ultrako ordezkariak zalantzan jarri ditu herrialde hartan 1976an indarrez ezarritako diktaduraren krimenak. Villarruel VOX alderdiaren gertukoa da, portzierto.

Negazionismo horrek eskuin muturra eta kolpismo berriak elikatu ditzakeela jabetuta –ez Hego Amerikan bakarrik, baita AEBetan eta Europan ere–, Peter Kornbluhek dio garrantzitsua dela dokumentu sekretuak desklasifikatzen jarraitzea. Txilen benetan gertatu zena argi geratu dadin, haien lotsarako.


Txile kanaletik interesatuko zaizu...
2023-09-10 | Estitxu Eizagirre
Mari Paz Aedo Zuñiga
"Txiletarrok gara mundu osoaren elektrifikazioa ordainduko dugunak"

"Egun on" baino gehiago "larrialdi" hitza erabiltzen dugun honetan, Mari Paz Aedoren hitzek lagunduko dizute ikasturte honetako zure utopien lanketei gogotsu eta pozetik ekiten. Txilen, Santiagon jaio zen duela 45 urte. Gatazka sozioekologikoak aztertzen ditu... [+]


2023-08-29 | Ilargi Manzanares
AEBek Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuak desklasifikatu dituzte

1973ko estatu kolpea gertatu baino lehen Nixon garaiko AEBtako presidenteak jasotako dokumentuak argitaratu ditu Washingtonek ostiralean, Alexandria Ocasio-Cortez AEBtako Ordezkarien Etxeko kideak Txileri egindako bisita ondoren. Ocasio-Cortezek gardentasuna eskatu du,... [+]


Amaitutzat eman dute gose greba preso politiko maputxeek, 100 egun igaro ostean

Maiatzean ekin zioten gose grebari 17 preso politikok. Haien eskubide kultural eta territorialak errespetatzea, lege antiterrorista bertan behera uztea, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 hitzarmena onartzea eta preso politiko maputxeen askatasuna exijitu dituzte.


2023-05-08 | ARGIA
Eskuin muturra nagusi Txileko Kontseilu Konstituziogilea osatzeko hauteskundeetan

Txileko konstituzio berria idazteko ardura izango duen kontseilua 50 lagunek osatzen dute, eta haietako 22 Alderdi Errepublikanoko kideak izango dira, botoen %36 lortuta.


Eguneraketa berriak daude