"Txiletarrok gara mundu osoaren elektrifikazioa ordainduko dugunak"

  • "Egun on" baino gehiago "larrialdi" hitza erabiltzen dugun honetan, Mari Paz Aedoren hitzek lagunduko dizute ikasturte honetako zure utopien lanketei gogotsu eta pozetik ekiten. Txilen, Santiagon jaio zen duela 45 urte. Gatazka sozioekologikoak aztertzen ditu Energia eta Ekitatea Behatokian eta Txileko Analisi Sozioanbientalen Zentruan. Latinamerikako Trantsizio Justuaren Proiektuan parte hartzen ari da. Euskal Herrian izan da uztaila amaieran Sañu Bizirik taldeak deituta, eta Azpeitiko Matadeixen hitz egin genuen berarekin, eguzkiak goxatutako goiz hartan.


2023ko irailaren 10an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Euskal Herrian gobernuek eta enpresek energia berriztagarrien ahalik proiektu handi gehien ezarri nahi dituzte landa eremuetan. Zure esperientziatik, nola ikusten gaituzu?

Txarrerako harritu nau baina ez dakit zergatik harritu behar nauen enpresek modu berberean jokatzeak hemen eta Latinamerikan. Bada premisa eztabaidaezin bat: "Proiektu hauek egin egin behar dira bai ala bai, bestela hondamendi klimatikoan sartuko gara". Benetan, dagoen irteera bakarra korporazioen trantsizio bat al da?

"Denak daude adi ea nola ordezkatu daitezkeen erregai fosilak, eta hori gezur handi bat da: ez da erreala, ez da gertatuko"

Denak daude adi ea nola ordezkatu daitezkeen erregai fosilak, eta hori gezur handi bat da: erregai fosilak ez dira ordezkagarriak, ez dago elektrifikazio tasa nahikorik. Ez da erreala, ez da gertatuko. Egin behar dena energiaren eskari eta kontsumoak aztertzea da, eskaintza soilik begiratu beharrean: dena konpondu nahi dute energia eskaintzaren ikuspegitik.

Larriago iruditzen zaidana da Espainiako Estatuko erakundeek eta legediek duten ahultasuna proiektu hauei aurre egiteko.

Proiektu hauek denak eredu global baten baitan daude pentsatuta, eta ez doaz bertako komunitatearen eta ekosistemen mesedetan. Alderantziz, pentsatuta daude interkonektatutako Europako sare horretan gutxi gorabehera betikoa egiten jarraitzeko, eredua bera ukitu ere egin gabe. Horrek, ezinbestean, galbidera garamatza. Dugun arazoa ez dugu konponduko milaka haize errota eraikita.

Posible da benetako trantsizio energetiko bat egitea eredu ekonomikoa aldatu gabe?

Logika kapitalistak ez ditu kontuan hartzen ekoizpen kostuak eta ingurumen kalteak, eta horiek traba gisa ikusten ditu. Kapitalismo berdearen logika nahiz eta saiatzen den kontabilizatzen kostu eta kalte horiek, ez du zalantzan jartzen oinarrian duen hazkunde etengabearen logika, mugatua den planeta batean. Neurri gabe haztea da krisia eragin duena, beraz, krisia zer konponduko dugu, gehiago hazita “berdean”?

"Neurri gabe haztea da krisia eragin duena, beraz, krisia zer konponduko dugu, gehiago hazita 'berdean'?". Argazkia: Dani Blanco.

Euskaldunok planetaren beste lur batzuetatik xurgatutako energiez eta materialez baliatzen gara. Zer iruditzen zaizu orain guk gure lurrak zukutu nahi ez izatea?

"Materialak desplazatzen ari gara lurralde batzuetatik besteetara, biztanleen ehuneko txiki baten kontsumo maila izugarriari erantzuteko"

Poztu egiten naiz, ikusten dudalako eromen kapitalista estraktibista honen aurrean erresistentzia mugimenduak ez direla Latinamerikan bakarrik pizten. Estraktibismoaren barruan kolonialitate ezberdinak daude, lurralde bakoitzean. Iparraldearen barruan Hegoaldeak daude eta Hegoaldearen barruan Iparraldeak. Horregatik hitz egiten dugu Ipar Globalaz eta Hego Globalaz.

Eredu globala dela ulertu behar dugu eta eredu honek lekuan leku inpaktu ezberdinak izango dituela estatu moten arabera, arauen indar mailaren arabera, eskubideen errespeturako dagoen tradizioaren arabera... Baina arazo larria dugu, materialak desplazatzen ari garelako lurralde batzuetatik besteetara, biztanleen ehuneko txiki baten kontsumo maila izugarriari erantzuteko.

Golf zelaiak martxan daude, urik eta energiarik gabeko pertsona asko dagoen bitartean.

Estraktibismoaren molde gaurkotu honetan badira larriak diren bi gai, eta lotuta daude biak: mineralak eta energia berriak. Txilen ekonomiaren hazkundeari eutsi nahi diote, baina nola? Hidrogeno berdearekin eta litioarekin.

Litioa ezinbestekoa da bateria guztientzat. Zer ondorio ditu lurraldean litioa ateratzeak?

"Basamortuak bizitzarik gabeko eremu gisa irudikatzen ditugu, eta bizitza handia dago, ikusten ez duguna"

Txilen dago ezagutzen den litio erreserba gehien, nahiz eta horrek ez duen esan nahi horiek guztiak eskuragarri daudenik. Litioa gatzagen azpian dago eta gatzagak eta bertan bizi diren milaka mikroorganismo daude arriskuan. Litioa ateratzeko ur gazia ponpatzen da putzuetara, ura lurruntzen da eta litio hautsa ateratzen da gatz artean. Munduko lurrik lehorrenean ura lurrundu behar al dugu metal hau ateratzeko? Gatzaga hauek ez dira desertuko putzu soilak, elkarlotutako sare bat osatzen dute, arro oso bat, eta ur hauek izateak eragina du gainerako basamortu osoan. Eta basamortuan dagoen masa mikrobiologikoak balio handia du planetarentzat, oraindik ikertu gabe dagoena. Basamortuak bizitzarik gabeko eremu gisa irudikatzen ditugu, eta bizitza handia dago, ikusten ez duguna.

Litio gehien duen herrialdetik nola ikusten da trantsizio energetikoa?

Beti bezala gu izango gara afera ordainduko dugunak, oraingoan mundu osoaren elektrifikaziorako trantsizioa: Txina, Europa eta AEBek behar dute Txileko litioa.

Eta hidrogeno berdea, aldiz?

Gastu energetiko handia duen promesa huts bat da. Energia elektriko demasa behar du energia sortzeko. Horrek esan nahi du eguzki zentral eta zentral eoliko ikaragarriak behar direla, estraktibismoak dagoeneko kaltetutako lurraldeetan. Zertarako? Europari saltzeko. Komunitatean onura ekarriko duela esaten den bakoitzean, agian, ekarriko duen onura izango da eskola bateko proiekturen bat finantzatzea, herriko futbol taldearen kamisetak ordaintzea eta ez askoz gehiago. Ateratzen den energia esportatzeko da edo interkonektatutako sare handietara isurtzeko. Onura ateratzen duena betiko industria da.

"Dugun arazoa muturreko aberastasuna da, eta garapena ulertzeko dugun modua". Argazkia: Dani Blanco.

Trantsizio energetikoaz asko hitz egiten da baina trantsizio justuaz gutxi. Zuen behatokitik zer diozue?

Trantsizio justuaz ari garenean, ulertzen dugu badirela hainbat dimentsio: ekonomikoa, soziala, kulturala eta ingurumenekoa. Energiaren eztabaida atera egin behar da dimentsio tekniko-komertzial hutsetik, gakoa ez da sarera kilowattio kopuru bat igortzea. Dena ebaluatu behar da eta begiratu non jarriko den, zertarako, norentzat, nola erabiliko den energia hori...
Lehen lerroan jarri behar dira pertsonen duintasuna eta ekosistemen birsortzea; ez hazkunde jarraitua oinarri duen eredu ekonomikoari jaten ematea, zeinak ez duen inoiz galdetzen nola banatzen den ezer. Energia eskubide gisa ikusi behar dugu, eta lehen lehenik pobrezia energetikoa konpondu behar da. Horren ondoren, energiaren beste erabilera posibleak aztertu daitezke.

"Energia eskubide gisa ikusi behar dugu, eta lehen lehenik pobrezia energetikoa konpondu behar da"

Adibidez ura, lehenik, ekosistemak eta pertsonak hornitzeko erabili behar da, eta gero ikusiko dugu erabilera industrialerako eta abar izan daitekeen. Horrek eskatzen du bizitzeko, kontsumitzeko eta aberastasuna sortzeko moduak berrikustea. Elkarrizketa hori da guztiaren oinarrian dagoena.

Trantsizio justu batek adostu behar ditu guztien artean zein diren mugak, ongizatea bermatu beharko luke, ondasunen birbanaketa ere bai eta guztien artean kudeatutako ondare komuna sustatu behar luke. Orekatzea da gakoa, zaurgarritasunean bizi direnei gutxieneko duin batzuek bermatzea. Dugun arazoa muturreko aberastasuna da, eta garapena ulertzeko dugun modua.

Lur emankorraz zenbakitan hitz egiten da (megawattio, hektarea, prezio...). Zer da lurra pertsonentzat eta bizitzarentzat?

Nor gara gu, zer da pertsona izatea? Ez gara lurrarekiko ezer desberdina. Gu lurrez eginda gaude, eta urez, eta mikrobioz. Ez dut Amalurraren klixea erabili nahi, lurra ez baita beti ama on bat, baditu bere zikloak eta batzuetan ez gatzaizkio batere axola. Lurrak bizirik jarraituko du, orekari eutsiko dio, eta gu zomorro bat gehiago gara. Gu ez gara hain inportanteak.

"Ingurumena gure zati da baina bereizita ikusten dugu gure burua, zerbait ezberdina bagina bezala. Horra modernitatearen akatsa"

Bizitza ere ez da inperatibo astronomiko bat unibertso kosmikoan. Unibertsoa dago eta bertan badago edo ez dago bizitzarik. Kontua da guri axola al zaigun bizitza, bizirik gaudenak gu garelako. Guk preziatu ditzakegu edertasuna, oreka, mugimendua, konplexutasuna. Gaitasun zoragarri hori badugu. Eta ez dakit bakarrak garen, esango nuke ekosistemek ere perzibitzen dituztela. Bada munduan bizitzeko modu bat mundua suntsitu dezakeena, eta alderantziz, zaindu dezakeena.

Zaintza jarriko bagenu erdian... etika bat jarri behar dugu erdian, ez gauzen esanahi edo definizio bat. Etika hori egon da herri askotan, tradizio askotan, kosmogonietan, eta zientzian ere bai, erakusten duena ez badugu ingurumena zaintzen, gure buruari egiten diogula kaltea. Ingurumena ez da bestea, ezertaz salbatu behar dena... Geu gara! Hori bazekiten Amazoniako herriek eta horregatik iritsi ziren milioika eta milioika arrantzale eta biltzaile izatera lurralde horretan, bazekitelako bertako parte zirela. Gu gaude ingurumenarekin elkarlotuta: arnasten dugun airea da, jaten dugun janaria da, gure bizikideak dira animaliak eta izaki guztiak: harriak, airea, ura... Hori guztia gure zati ere bada. Ingurumenetik bereizita ikusten dugu gure burua, zerbait ezberdina bagina bezala. Horra modernitatearen akatsa.

"Ingurumen borroka bat haurrak zaintzearen antzekoa da: ez askatu eta deskantsatu egin behar da aldi berean". Argazkia: Dani Blanco.

Herritarrok hautatzen ditugu ordezkari politikoak, baina eguneroko bizitzan pisua duten erabakiak multinazionalek hartzen dituzte, eta hauek hil egiten dituzte bere proiektuei aurre egiten dieten militante eta kazetariak. Mafia horien aurrean, zein dira etorkizun burujabeago baterako oinarriak?

Pare bat gauza soilik ikasi ditut: ez dela askatu behar; eta bestalde, ez dela espektatibetan kateatu behar.

Paradoxikoa den zerbait egin behar da: ez askatu eta deskantsatu aldi berean. Ezin da aritu buru belarri borrokan, erre gabe. Beharrezkoa da atseden hartzea, zaintzea, babes hartzea, jatea, lo egitea... oinarrizko gauzak dira. Eta aldi berean beharrezkoa da ez askatzea, erresistentzia, dena lur errea izan ez dadin gogoari eustea eta zaintzea. Agian hori da haurrak zaintzen ditugunean egiten duguna: ez askatu eta atseden hartu aldi berean. Ingurumen borroka bat horren oso antzekoa da.

Espektatibetan ez dela kateatu behar esan duzu...

Gauzek beti harritzen gaituzte. Dena izan daiteke amesten genuena baino askoz ederragoa. Tabanera de Cerraton (Gaztela Leon, Espainia) egon nintzen: berreskuratutako herri bat da, artistak joan ziren hara bizitzera eta festa ederra egin genuen gau berandura arte, luze hitz egin genuen... Horrelako espazio batekin amestu izan nuen askotan eta saiatu ere egin nintzen Txilen baina zaila da, auzoek baliabide gutxi dituztelako eta narkotrafiko asko dagoelako. Baina Tabaneran gertatzen ari zen nik noizbait amestu nuena. Seguru ez dela perfektua, seguru jendeak arazoak dituela, baina sorpresa zoragarria izan zen. Eta bestalde, ez nuen esperoko berriro egongo zirenik frankistak eta pinochetistak gobernuetan. Bizitza horrela da, planifikatzeko oso arraroa, ehun urte barru zer izango den nork daki! Baina aldi berean, uneoro ari dira arrakalak gertatzen, amesten duguna eta gertatzea nahi duguna uneoro ari da zirrikituetatik sartzen. Oraina indar handiz bizi behar dugu.

"Oraina indar handiz bizi behar dugu"

Silvia Federicik bere liburu batean aktibismo gozagarriaz dihardu eta erabat ados nago: badira aktibismo tristeak eta badira gozagarriak. Aktibismo tristeak beti daude perfekzioaren utopian, gertatzea nahi dudan eta inoiz gertatzen ez den horretan, eta gertatzen ez denez, sistematikoki frustratzen noa eta ezin dut inor ilusionatu, beti oso borroka garratza eta gogorra delako. Eta egia da gauza asko direla garratzak eta gogorrak, baina fokoa hor bakarrik jartzeak egiten du beti oso jende talde txikia izatea, nahiko jende mingotsa, eta gehiagorengana ez iristea. Bada aktibismo gozagarri bat, Tabanera de Cerraton ikusi nuena: bai, ados, dituzten pribilegio guztiekin, zeren eta leku zoragarrian daude eta artistak dira, baina ez dira pribilegioak bakarrik, espiritu bat ere bada, gauzak modu batean egiteko gogoak dira, aukera ematen digutenak gaur egunean zerbait gozatzeko, leku bat izateko indarrak hartzeko...

"Askoz errazagoa eta erosoagoa da egiten ari garena egiten jarraitzea. Horretan, ezkerra senaren kontrakoa da, eta ekologismoa ere bai: esaten digute 'lagun, hainbat gauza aldatu behar ditugu'. Eta gizakiok, defektuz, azkena nahi duguna gauzak asko aldatzea da". Argazkia: Dani Blanco.

Beldurra ematen du etorkizunaz pentsatzeak.

Oso momentu zailean gaude, atzerakada garaian. Duela urtebete nire herrialdearekiko maitasun erromantikoa bizi nuen, eta ez nintzen konturatu ilusiozkoa zenik: garai hartan itxaropen handia genuen lehenbiziko konstituzio neoliberala izan zena eraisteko, eta dena berriz sortzeko. Galdu egin genuen. Eta ez desinformazioagatik bakarrik, baita ere galdu genuen egiatan ez garelako gehiengoa. Halaxe da. Askoz errazagoa eta erosoagoa da egiten ari garena egiten jarraitzea. Horretan, ezkerra senaren kontrakoa da, eta ekologismoa ere bai: esaten digute “lagun, hainbat gauza aldatu behar ditugu”. Eta gizakiok, defektuz, azkena nahi duguna gauzak asko aldatzea da.

"Kapitalismoak ematen duen irudia da etorkizuna arrisku bat dela, eta norberak edozein preziotan ziurtatu behar duela jarraikortasuna"

Kapitalismoak jarraikortasunaren ilusio bat saltzen digu, baina aldi berean alerta egoeran mantentzen gaitu eta guztiari bakoitzak bakarka egin behar dio aurre. Horregatik, ematen duen irudia da etorkizuna arrisku bat dela, eta beraz, norberak edozein preziotan ziurtatu behar duela jarraikortasuna: gure bizitzen jarraikortasuna, gure bizi estandarrena, gure kontsumo ereduena, gure ongizate ideiena... Horregatik du arrakasta faxismoak, eskala handian eskaintzen duelako jarraikortasuna: polizia gehiagorekin, segurtasun ideiekin eta beti etsai bat sortuz, beste gizatalde bati leporatuz bera dela jarraikortasuna kinkan jartzen dizuna: lesbianak, migranteak... Horiek dira mehatxua, beraz, zuk, zure bizi jarraikortasunerako bide bakarra jarraitu behar duzu. Eta hori oso erakargarria da, zalantzaz beteriko mundu honetan bide bakar bat nahi baitugu, segurua. Eta ezkerrekook, aldiz, hor goaz esanaz “zer iruditzen iraultza bat?”. Jendeak ez du hori entzun nahi, “deshazkundea” bezalako hitzek apokalipsia dakarkiote burura.

Jendeak ez du "deshazkundea" entzun nahi baina ezin da orain arteko bizimoduarekin jarraitu...

Kontua da nola egiten dugun gure etorkizun posiblea erakargarria eta segurua izan dadin. Jendeak segurtasun behar gorria du. Zerbait eskaini behar dugu, egungo egoera baino are latzagoa izango ez dena. Horregatik da garrantzitsua oinarrizko beharrak zein diren berrikustea: Frantziako Tourra Euskal Herrian hastea ez da oinarrizko behar bat. Behar ditugun segurtasunak beste batzuk dira: ongi jan ahal izatea, ura, energia, eta etxe duin batek behar dituen oinarrizko gauzak. 

"Gaur egun egiten dugun edozer gauza da hazi bat etorkizunerako"

Ekologiatik etorkizunera begiratuta, dena dago gaizki, ekoantsietatea sortzen du. Elkar zaindu behar dugu eta babestuta sentitzen garen espazioak izatea beharrezkoa da, Azpeitiko Matadeixe bezalakoak: horietan bai, proiektatu dezakegu etorkizun bat. Gaur egun egiten dugun edozer gauza da hazi bat etorkizunerako. Orain egiten dudanak agian hamar lagunen artean du eragina baina ehun urtean zentzu komuna bihur daiteke. Pentsatzen badugu “kito, ez dago ezer egiterik”, horixe da etorkizunerako ereingo duguna. Gaur egiten dugun edozer gauzak jarraituko du izaten etorkizunean. Hori badakigu, kontziente garenean guztiarekin elkarlotuta gaudela. Ez gara norbanako bat, ez gara hondar ale bat hondartzan, hondartza osoa gara, jende pila baten arbaso gara (biologiko izan edo ez), eta aurrekoen herentzia gara. Ederra da bizitza honetan elkarlotuta gauden hariak garela ikustea, ez norbanakoak.

Eskertzen da hitz egiterakoan dituzun umore eta baikortasuna, ez dago giro.

"Hemen gerra galtzen bada agian egongo da beste herri bat hemengo borroka erreferente izango duena eta han jarraituko du borrokak"

Egia da, Greta Thunbergek dioen bezala etxea erretzen ari da (erraza da hori Suediatik esatea, baina esan egin behar da). Egia da, indikatzaileak beldurgarriak dira, giza eskubideen bortxaketak gero eta gehiago dira. Baina gaur bizirik gaude. Hori da daukaguna. Horretan hartu behar dira indarrak, gaur baditugu leiho txiki batzuk, eta hemen gerra galtzen bada agian egongo da beste herri bat hemengo borroka erreferente izango duena eta han jarraituko du borrokak.

Munduak aldi berean gertatzen dira: egongo dira lurraldeak salbu egongo garenak, adibidez, Tabanera de Cerrato, ikusiko da noiz arte. Egongo dira lurraldeak suntsituz joango direnak, adibidez latinamerikarron lurraldeak, zeinetan estraktibismoak aurrera jarraitzen duen etengabe. Eta egongo dira erresistentziak posible diren lurraldeak, adibidez, Euskal Herria. Dena batera ematen da. Eta hori jakitea beharrezkoa da, ez sentitzeko dena oso gaizki dagoenik, edo dena zoragarria denik. Konplexutasun hori ulertzen badugu, atseden hartu dezakegu, dena ez dagoelako norberaren ardurapean. Hemen niri ez bazait ongi irteten, lasai, seguru badagoela Namibian, Kongon edo Txinan borroka berean ari den neska bat, ongi doakiona. Beti egongo da norbait, eta beharrezkoa da sentitzea ez gaudela bakarrik, zerbaiten parte garela eta argitxoak pizten goazela etengabe. Eduardo Galeanok zioen denok garela su txikiak...

"Munduak aldi berean gertatzen dira: egongo dira lurraldeak salbu egongo garenak. Egongo dira lurraldeak suntsituz joango direnak, adibidez latinamerikarron lurraldeak, zeinetan estraktibismoak aurrera jarraitzen duen etengabe. Eta egongo dira erresistentziak posible diren lurraldeak, adibidez, Euskal Herria. Dena batera ematen da". Argazkia: Dani Blanco.

DEABRUAREN ABOKATUA

Erantzun energia berriztagarri erraldoiak jarri nahi dituzten enpresek eta gobernuek egiten dituzten promesei:

“Energia garbia”.

Zer esan nahi du garbiak? Ez duela karbonorik isurtzen? Ados. Eta nondik ateratzen da azpiegitura horiek eraikitzeko materiala? Hegaztiak hilko ditu, hori garbia da? “Berde” hitza erabat manipulatuta dago: "berde" gisa ulertzen ari gara deskarbonizazioa soilik. Baina beharrezkoa da ekoizpenaren ikuspegi osoa izatea.

“Aberastasuna. Energia behar dugu industria ez geratzeko, eta industriak sortzen duen aberastasunari esker, zerga bidez, eusten diegu ongizate gizartearen oinarrizko zerbitzuei”.

Altzairu industria indartsua duzue. Zertarako da altzairu hori? Ez litzateke egokiagoa arma industria berrikustea? Armagabetzea bultzatu dezagun, horrela ez dugu hainbeste energia beharko altzairugintzarako. 

Ez al dago beste modurik aberastasuna sortzeko? Denok ordaintzen ditugu zergak, ezta? Badaude beste ekonomia jarduera batzuk. Hemen, lehenik, lurraldearen elikadura burujabetza dago arriskuan.

“Klima larrialdia gutxitzen laguntzen dute”.

Noski utzi behar diogula energia fosilak erabiltzeari. Baina bestelako modu asko daude arazo honi aurre egiteko. Etxeetan pentsatu behar da, jendea ongi bizi dadin, eta horretarako aukera asko daude.

Maila globalean, energia berriztagarri guztiak ez dira arazo, eskala da arazoa. Eskala industriala denean eta bideratuta dagoenean pertsonen ongizatea ez den bestelako behar batzuk asetzera, kuestionagarria da. Arazoa ez da haize errota, bere horretan.


ASTEKARIA
2023ko irailaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude