Samien eta maputxeen borroka, Statkraften parke eolikoen aurka

  • Norvegiako berriztagarrien erraldoiaren hainbat proiektuk ondoeza eragin dute maputxe eta sami herriengan. Epaileek ere ilegaltzat jo dituzte azpiegiturak, baina gobernuek ez ikusiarena egiten dute. Giza eskubideen aldeko aktibista ospetsuek ere bat egin dute protestarekin, Greta Thunberg tartean.

Argazkia: Natur Og Ungdom

151 turbina dira, 130 kilometro baino gehiagoko konexio eta linea elektrikoez saretuta samien Fosen penintsulan, Norvegiako iparrean. Justiziak dio ez luketela hor egon behar, eta hala diote ere lur horien zaintzaile eta jabe izandakoek.

Baina ez da ameskeria hutsa.

“Parke eolikoak neguko bazka-larreak zeharkatzen ditu eta egun ezin dira erabili: elur-oreinak ez dira, inondik ere turbinetara hurbilduko. Guretzat funtsezkoa den antzinako migrazio-ibilbidea suntsitu dute”, diosku Maria Puenchir-ek. 31 urteko giza eskubideen aktibista hau aski ezaguna da Norvegian. “Queer, sami eta minusbaliatu" gisa aurkeztu ohi du bere burua, eta Norvegiako parlamentuan hitz egiteko gonbita jaso izan du.

Lapoi edo saami izenez ere ezagunak dira samiak eta Sapmi deitzen diote bere lurraldeari. Mugak ezagutzen ez dituen herria dira. 100.000 lagun baino gutxiago bizi dira gaur egun Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiako iparraldean banatuta. Puenchirrek, hain zuzen, Trondheim bere jaioterritik hitz egin du ARGIArekin. Bere etxea Fosen penintsulatik oso gertu dago; dioenez, pentsatze hutsak “mina eta haserre bizia” sorrarazten dizkio.

Parke eolikoa samien lurraldean. Argazkia: AP

Lau parke eolikok osatzen dute Fosen Vind eremua: Europako konplexu eolikorik handienetako bat. 1.057 MW sortzeko gaitasuna du, 170.000 etxeri energia emateko adina. 2016an hasi ziren eraikitzen. Bertan behera uzteko makina bat dei egin ziren, Nazio Batuena barne, baina alferrikakoak izan ziren denak. Jakina zen bertakoen bizimoduan sortuko zuen kaltea. Lehen turbina ezarri eta bost urtera, 2021eko urrian, zera ebatzi zuten Norvegiako Gorte Gorenaren hamaika epaileek: azpiegitura legez kanpokoa zen, elur-oreinen kultura garatzeko eskubideak urratzen baitzituen. Arrantzaz eta nekazaritzaz gain, elur-oreinen artzaintza samien etxe askoren sostengu ekonomikoa da. Norvegian, samien komunitatea da elur-oreinak jabetzan izateko eskubidea duten bakarrak, bere kulturarekin duen lotura estuagatik.

“Gorenaren epaia gardena izan arren, ez zuen argitu zer egin behar zen turbinekin. Ez dituzte desmuntatu, eta gainera martxan jarraitzen dute egun ere”, damu da Puenchir.

Iragan urtarrilaren 30ean, Amnistia Internazionalak kanpaina abiatu zuen ebazpen judiziala errespetatu eta “giza eskubideen urraketa etengabea” konpon dezaten eskatzeko. Aurtengo otsailaren 23an, isiltasun administratiboari erantzunez, sami gazte talde batek Norvegiako Estatuari pultsua ematea erabaki zuen: Petrolio Ministerioaren bulegoak lau egunez okupatu ondoren –Poliziak kaleratu zituen arte–, beste ministerio batzuk blokeatzea lortu zuten. Martxoaren 3an, Errege Jauregiaren aurrean amaitu zuten protesta eserialdi jendetsu batekin. Borrokak, alabaina, aurrera darrai.

Norvegiako Finantza Ministerioaren egoitza aurrean protesta, tartean Greta Thunberg. Argazkia: Natur Og Ungdom

Instagram bidez sortutako ekimena izan zen hura”, gogoratu du Puenchirrek. “Norvegiako Gorte Gorenak epaia eman zuenetik egunak zenbatzen hasi ziren gazteak. Zenbaketa 500era iritsi zenean, gobernuak inongo mugimendurik ez zuela egin ikusita, kalera irten ziren”.

Puenchirrek ez zuen bitan pentsatu haiekin bat egiteko, ezta Greta Thunberg-ek ere. Aktibista ospetsuak Osloko erdigunetik, protesta betean, hitz egin zuen ARGIArekin: "Zergatik bertaratu naizen? Mundu osoan zehar indigenen lurren arpilatze eta ustiatzearen lekukoak gara denok. Horren kontrako erresistentzia, baina, indartsua ere badela ikus dezakegu", zioen suediar gazteak telefonoz. “Horrelako borrokei babesa emateko aukera duen orok hala egin beharko luke, nik behintzat hala ikusten dut”, azpimarratu zuen Thunberg-ek, eta “Sapmiren kolonizazioaren amaiera” ere eskatu zuen.

Martxoaren 2an, samiek Norvegiako Gobernuaren barkamena entzuteko parada izan zuten. Orduan, Petrolio eta Energia ministro Terje Aasland eta Samien Parlamentuko presidente Silje Karine Muotka elkartu ziren. “Samiek denbora luzea eman dute egoera zail eta zalantzagarri batean, eta benetan sentitzen dut haiengatik”, zioen Aaslandek. Baina ministroak ez zuen inolako konponbide zehatzik aurreratu. Samien parlamentua 1990eko hamarkadan sortu zen eta Norvegia, Suedia eta Finlandiako ordezkari komunitarioak biltzen ditu. 2021eko urtarrilean ebatzi zuen edozein instalazio eoliko tokiko sami komunitateek eta horien hautetsiek onartu beharko dutela eta hala ez bada, bertan behera utzi beharko liratekeela.

Momentuz, Oslok dio energia eolikoaren proiektua eta elur-oreinen artzaintza bateratu daitezkeela. Egia ala ez, erabaki irmoa falta da azpiegitura polemikoaren etorkizuna argitu ahal izateko.

Osloko Errege Jauregiaren aurrean eserialdi jendetsua. Argazkia: Natur Og Ungdom

Artikotik Wallmapuraino
Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuen arabera, energia berriztagarrietatik dator Norvegiako hornidura elektrikoaren %98. Fosen guneko sei etxalde eolikoek, hain justu, herrialde osoan eraikitako parke eolikoen multzoak baino energia gehiago sortzen dute.

Suitzar eta alemaniar inbertsioa duen arren, Fosengo proiektuaren kapitalaren %52 Statkraft norvegiar konpainiak paratu du mahai gainean. ARGIAk e-postaz helarazitako galderei erantzunda, Statkraftek azpimarratu du Auzitegi Gorenaren epaiak ez duela esan nahi parke eolikoen lizentziak iraungi direnik, ezta zer egin beharko litzatekeen turbinekin zehaztu ere.  
Enpresaren aburuz, Fosengo parke eolikoaren operazioa “elur-oreinen artzantzari kalte konponezinik egin gabe mantendu daiteke”. Horretarako, sami herriaren eskubideak “urratzen ez dituen lizentzia berri baterako beharrezkoak diren neurriak argitu behar dira”. Azkenik, enpresak bere kezka azpimarratu nahi du, bai eta “gogotik” ari dela lanean sami herriak bere kultura “nazioarteko zuzenbideak bermatu legez garatzeko aukera izan dezan”.

Bere webgunean, Statkraftek Europako energia berriztagarrien ekoizle handiena dela dio, bai eta “energiaren merkatuan aritzen den mundu mailako konpainia”. 21 herrialdetan 5.300 langile dauzkatela diote.

Statkraften proiektuaren aurkako pankarta Wallmapun.

Norvegiako energiaren erraldoiaren aurkako salaketak eta epaiak beste kontinente batzuetatik ere iristen ari dira. Otsailaren 23an, samiak Osloko erdigunean protestan ari zirela, Txileko Poliziak indarkeriaz zapuztu zuen Statkraften kontrako beste protesta bat. Manifestariek Los Lagos zentral elektrikoaren proiektua zeukaten begi puntuan, Pilmaiken ibaiaren ertzean.  
“Garrantzi handiko lekua da maputxe herriarentzat. Zeremonia konplexu bat egiten da bertan eta hilerri bat dago, eta, antzinako sinesmenen arabera, Pilmaiken ibaitik bidaiatzen dute arimek hil ondoren, izpirituek beren zikloari eutsi diezaioten”, azaldu zion ARGIAri, bideokonferentzia bidez, Fennix Delgadok. 35 urteko eraikuntzako langilea Pilmaikengo laguntza-saretik ari da borrokan. Statkraftek ibai berean dituen hiru proiektuetatik bat geldiaraztea lortu dute dagoeneko.

2021ean, Txileko Auzitegi Gorenak herri-galdeketa egitea ezinbestekoa zela epaitu zuen. Urtebete geroago, instituzio horrek onartu zuen Statkraften kontra altxa ziren komunitate indigenak babesteko eskaera bat.

Delgadok dioenez, Statkraftek ez du inoiz elkarrizketa bultzatu. “Bertako hiru komunitate txikiri ordainsari bana eman diete. Bertakoen oniritzia dutela ulertarazi nahi dute, baina egia historikoa nahiz juridikoa gure alde daude”, berretsi zuen ekintzaileak.

Obrak Pilmaiken ibaian.

Kolonialismo berdea
Norvegian gertatzen ari denaren berri zuzena dute maputxeek, baita alderantziz ere.

“Txilen eta Norvegian antzinako lurralde indigenen lapurreta gure begi aurrean gertatzen ari da, bertako komunitateen baimenik gabe beti, eta euren errealitate kulturalak alde batera utziz”.

Eva Maria Fjellheim-en hitzak dira, Sami Kontseiluko lantaldeko kidea, herri honen gizarte zibilaren erakunde handiena. ARGIArekin mintzatu da, telefonoz eta Tromsotik, Norvegia iparreko muturretik. Elkarrizketari eutsi aurretik, 38 urteko emakume sami honek zerbait garbi utzi nahi du: “Sami Kontseiluak klima krisiari aurre egiteko ahaleginak babesten baditu ere, horiek guztiak ezin dira ezarri herrion oinarrizko eskubideen kontura”.

Kontseilurako egiten duen jardunaz gain, Fjellheim Norvegiako Artikoko Unibertsitatean doktoregoa egiteko ikertzen ari da. “Kolonialismo berdea eta samiek beren artzaintza-lurretan energia eolikoa garatzeko erresistentzia” du abiapuntua eta jomuga.
Dioenez, herri indigenen antzinako ezagutzak eta praktikak konponbidearen zatitzat har litezke, eta ez oztopotzat. Azken hau, kexu da Fjellheim, dugu ohikoena. Antza, mehatxua geroz eta handiagoa da bere herrikideentzat. Norvegian ez ezik, Suedian, Finlandian eta Errusian antzeko proiektu eolikoak sustatzen ari dira, samien lurralde osoan barrena.

“Eskubideen errespetuari eta jasangarritasunari dagokienez, herrialde eskandinaviarrek lider gisa agertu nahi dute, irudi hori defendatu ohi dute. Fosen proiektuaren kontrako Auzitegi Gorenaren azken epaiak, alabaina, kontrakoa esaten digu”, dio Fjellheim-ek, fokua ireki aurretik: "Askoren ustez, giza eskubideen urraketak beste eskualde batzuetan baino ez dira gertatzen, eta ez Norvegia bezalako ongizate-estatu demokratiko batean".
 

Euskal Herrira ere eztabaida ekarri du Statkraftek

Statkraftek egiteko asmo duen zentral eolikoaren aurkako manifestazioa Azpetian, apirilaren 18an.

Testua: Axier Lopez / Argazkia: Aitziber Arzallus - Uztarria

Multinazional norvegiarrak Euskal Herrian bi parke eoliko eraikitzea proposatu zuen iaz. Eusko Jaurlaritza eta udalak prest agertu dira proposamena aztertzeko. Momentuz bi proiektuak garapen fasean daude. Eman dituzten datuen arabera, 200 metro inguruko 13 haize errota ezarriko lituzkete mendi inguruetan. Bi parketan handiena Itsaraz izenekoa da: Aramaio eta Eskoriatza arteko mendietan zortzi errota 60 megawatt sortzeko. Bigarrena, Piaspe izena jarri diote, Errexil, Zestoa eta Azpeitia arteko Sañoa mendian eraiki nahi dute, 33 megawatt sortzeko bost errota erraldoi jarrita. Statkrafteko bi proiektuok harrabotsa eragin dute, berriztagarrien beharra eta naturaren babesa uztartzeko moduen inguruan eztabaida hemen ere bizi-bizirik dagoelako.

Statkrafteko ordezkariek bi bilera publikotan parte hartu dute tokian tokiko udal gobernuek (EH Bildu) antolatuta. Urrian Azpetiko Soreasu antzokian izan ziren eta azaroan Aramaioko kultur etxean. Bietan aretoa goraino bete zuten herritarrek eta tentsioa oso presente izan zen giroan.

Aramaion, Norvegiako enpresaren ordezkariek azpimarratu zuten egiteko daudela ingurunean eta biodibertsitatean parkeak eragingo lukeen inpaktua neurtzeko ikerketak. Herritarrek mahai-gaineratu zuten samiei eta maputxeei Statkraften proiektuek eragin dieten kaltea, eta hala, Euskal Herrian egingo dituzten ikerketen egiazkotasuna zalantzan jarri zuten. Itsarazek sortuko duen energiaren balioa, kualitatibo zein kuantitatiboa, oraindik ez dakitela ziur aipatu zuten multinazionaleko ordezkariek.

Azpeitian bi ordu eta erdiz luzatu zen bilkura eta herritarrek euren kezkak eta desadostasunak agertu zituzten. Txalo zaparradak alde batetik zein bestetik, oihu batzuk ere bai, eta kanpoan protesta. Udal ordezkariek adierazi zuten, parkea legez babesturiko natura-eremuetatik kanpo legokeen arren, sakon aztertuko dutela ondareari, ingurumenari edo paisaiari egingo liokeen kaltea. Statkrafteko ordezkariek azpimarratu zuten 205 metroko garaierako haize-errotekin Urola Erdiko energia kontsumoaren %50 aseko luketela. Egitasmoa, aurrera aterako balitz, 2026 amaieran edo 2027 hasieran amaituta egongo litzateke. Herritarrek galdera eta kritika asko egin zuten. “Badirudi gu salbatzera etorri zaretela. Eredua berdina da, kanpotik datorren enpresa bat zarete, ikusten duena hemen badagoela toki bat negozioa ateratzeko, eta kito”, kritikatu zuen pertsona batek. “Parke eolikoekin lortzen dugun energia kopuruak merezi du mendiak izorratuta lagatzea?”, gaineratu beste batek. Nazioarteari begira ere jarri ziren: “Ze panorama geratuko da haize-errotak egiteko metalak atera behar dituzten parajetan?". “Mendian pertsonak bizi gara, agian askoz bozka gehiago gaude hirietan, baina mendian gaudenok janaria egiten dugu eta mendia zaindu”, azaldu zuen baserritar batek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sami herria
Sami hizkuntzak elur-hitzak soberan ditu aldaketa klimatikoarengatik

Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.


2023-05-10 | ARGIA
Sami bat Euskal Herrian izango da makroproiektu eolikoen aurkako haien borroka azaltzeko

Sami Kontseiluko kidea, ikerlaria eta ekintzailea den Eva Fjellheim Euskal Herrian izango da: "Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik" manifestazioan parte hartuko du maiatzaren 20an Gasteizen eta bi hitzaldi emango ditu Azpeitian eta Aramaion.


Greta Thunberg atxilotu dute Statkraftek samien lurretan dituen eolikoen kontrako protestan

Samien herri indigenaren lurraldeetan novergiar multinazionalak eraiki dituen zentral eolikoen kontrako protesta batean atxilotu dute ekintzaile ekologista ezaguna, beste hainbat manifestarirekin batera.


2018-10-07
Hiztun Gazteen Topaketa Gasteizen
Etorkizuneko liderrak elkar ezagutzen

Iragan uztailaren 16tik 19ra Gasteizko Letren Fakultatean eta Oihaneder Euskararen Etxean HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa egin zen. 32 hizkuntza komunitatetako 65 gaztek hartu zuten parte. Horietako bat izan zen Teija Kaartokallio (Inari, Finlandia, 1998),... [+]


Sami herri indigenak bere lurraldearen gaineko eskubide batzuk berreskura ditzake

30 urteren ondoren, Gallivareko (Suedia) tribunal batek Zirkulu Polarrean dagoen Girjaseko sami herri indigenari eman dio beraien herrialdean arrantzatzeko eta ehizatzeko eskubidea. Garan irakur daitekeenez, 1993. urtean kendu zieten eskubidea berreskuratu du komunitateak. Dena... [+]


Eguneraketa berriak daude