Eskuin muturrak eskura du Txileko hauteskundeen bigarren itzulian gailentzea

  • Azaroaren 16ko lehen itzulia Jeannette Jara ezkerreko hautagaiak irabazi du (%26,8), baina Jose Antonio Kast ultraeskuindarrak (%24) lortu lezake presidentetza, gutxienez beste bi hautagai eskuindarren aliantza izango baitu abenduaren 14ko bigarren itzulian.


2025eko azaroaren 17an - 13:46
Jose Antonio Kast ultraeskuineko hautagaia ezaguna da adierazpen arrazista, xenofobo eta misoginoak egiteagatik. Mediabanco Agencia CC BY 2.0
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jeannette Jara Alderdi Komunistako militanteak ospatu egin du Txileko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliko garaipena, baina zailagoa izango du abenduaren 14ko bigarren itzulian gailentzea. Jose Antonio Kast ultraeskuindarra izango du parez pare, Txileko gainerako eskuin eta eskuin muturraren babesarekin. Adituek ia ziurtzat jotzen dute Gabriel Boric presidente zentro-ezkertiarra eskuin muturrak ordezkatuko duela; itxura guztien arabera, Kastek irabaziko ditu hauteskundeak, eskuinaren aliantzari esker.

Presidentetzarako lehiatik kanpo geratu dira gainerako hauek, baina ezinbestekoak izango dira bigarren itzulirako: eskuinaren hautagai Franco Parisi (%19,5), ultraeskuinaren hautagai Johannes Kaiser (%14) eta eskuin tradizionalarena Evelyn Matthei (%12,6). Azken bi horien babesa ziurtatua du Kastek, euren bozkatzaileei galdegingo diete haren alde egiteko. Lehen itzulia erreferentziatzat hartuta, eskuinaren ordezkarien artean txiletarren bozken ia erdia eskuratu dute.

Hirugarren geratu den Parisi neoliberalak ez du argitu noren alde egingo duen, eta ohartarazi du ez diola txeke zuririk emango inori: “Albiste txar bat dut hautagaientzat: irabazi itzazue zeuek bozkak. Gure alderdiak ez du inoren mesederik behar”. Dena den, abenduaren 14an Jara ezkertiarrak Parisiren bozkatzaileen babesa izanda ere, ez litzateke iritsiko bozken erdira, azaroaren 16ko datuen arabera. Azpimarratu behar da 2022tik Txilen derrigorrezkoa dela bozkatzea, beraz, parte hartzea altua (%85) izaten ari da hauteskundeetan.

Bi hautagai kontrajarri

Txiletarrek erabat kontrajarriak diren bi hautagairen artean hautatu beharko dute. Jeannette Jara Txileko indar aurrerakoien koalizio zabala ordezkatzen ari da. Jara Alderdi Komunistako militante historikoa da, abokatua, eta Boric presidentearen Lan ministro ohia. Bere programan daude, besteren artean, 750.000 pesoko (695 euro inguru) “bizi-soldata” ezartzea eta egungo 529.000 pesoko gutxieneko soldata gradualki igotzea, baita 40 urte arteko herritarrei lehen etxebizitza erosteko laguntzak ere. Hitzeman du bizi-kostuak txikituko dituela, eta su-armen kontrola indartuko duela, ElDiario.es-ek jaso duenez.

Kontrara, Jose Antonio Kast ultraeskuindarra ezaguna da adierazpen xenofobo, arrazista eta misoginoak egiteagatik, esaterako, telebista saio batean abortuaren aurkako jarrera defendatzen ari zela, argudiatu zuen garrantzitsua dela bortxaketen ondoriozko haurdunaldiak ez etetea, Ctxt hedabideak gogorarazi duenez. Alderdi Errepublikanoaren burua da, eta diputatu ohia; azken hauteskundeetan lehen itzulia irabazi zuen Kastek, baina Boricek boto gehiago eskuratu zituen bigarren itzulian. Kastek dio presidentetza eskuratuz gero 6.000 milioi dolarren murrizketa ezarriko duela urte eta erdian, nahiz eta ez duen argitu nola. Migratutako pertsonen aurkako neurriak ere iragarri ditu: 2.000 hegaldi inguru finantzatzea hitzeman du, erregulatu gabeko migratzaileak deportatzeko. Isolatutako segurtasun handiko kartzelak ezarri nahi ditu narkotrafikoko liderrentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txile
Eguneraketa berriak daude