Sahelen inguruan azken urte gutxian egon diren estatu kolpeen kopurua deigarria da, eta hori ulertzeko LARRUN honetan aipatu ditugun sakoneko arrazoiei erreparatu diete hainbat adituk. Herrialde bakoitzaren egoera desberdina izan arren, eta azaldutako auziez gain beste hamaika dauden arren, estatu kolpeen zerrenda luzeak erakusten du Afrika erdiko herrialdeak sutan daudela. Frantziako Gobernuak eta Nazio Batuen Erakundeak batik bat gaitzespena erakutsi dute, eta ohartarazi dute Errusiaren eta Turkiaren eragina lur horietan barreiatu dela. Munduko maparen orekak aldatzen ari diren seinale?
2021eko apirilaren 11n Txaden hauteskundeak egin zituzten, eta 1990eko estatu kolpetik presidente zen Idriss Deby hautagaiak irabazi zituen berriro ere. 2018an konstituzioa aldatu zuen, sistema presidentzialista are zurrunago egiteko. Hauteskundeetan ez zegoen beste inork irabazteko aukerarik, izan ere, beste hiru hautagai zeuden lehian, baina atzera egin zuten, ikusita zer nolako errepresioarekin erantzun zien kaleko manifestazioei Txadeko Armadak. Herritarrek gobernu aldaketa eskatzen zuten protesta horietan.
Hauteskundeen egunean bertan erreboltak piztu ziren, FACT Alternantziarako eta Konkordiarako Txadeko Fronteak hasita herrialdearen iparraldetik. Gobernua eta parlamentua desegin ziren. Deby seigarren legealdia bete gabe hil zen gerra frontean, apirilaren 20an. Haren seme Mahamat Debyk hartu zuen trantsiziorako batzorde militarra eratzeko ardura. Txadeko Armadaren eta FACTen arteko borroka handiak izan ziren, eta ehunka hildako eragin zituzten. Apirilaren 27an N'Djamena hirian protesta handiak izan ziren, eskatzen zutenak trantsiziorako batzordea zibilez osatutakoa izatea, eta ez militarrez.
Apirilaren 22an Frantziako Gobernuak publikoki defendatu zuen Debyren semeak gidatutako trantsiziorako batzorde militar batek hartu izana gobernua, konstituzioaren aurkakoa izan arren. Ordezkariek argudiatu zutenez, “salbuespen egoera horretan beharrezkoa zen”. Azpimarratzekoa da Frantzia izan dela Txaden aliatu handienetako bat, eta 1.000 soldadu frantses inguru militarren zerbitzura daudela.
2021eko irailaren 5ean Ginean estatu kolpea eman zuten militarrek, eta Alpha Conde presidentea bahitu zuten. Gobernua eta konstituzioa deuseztatu zituzten, eta Mamadi Doumbouya koronelak eta estatu kolpeko buruak iragarri zuen trantsizio gobernua CNRD Batasunerako eta Garapenerako Batzorde Nazionalaren esku geratzen zela; preso politikoak aske geratuko zirela azaldu zuen. Urtebete lehenago Conde presidenteak konstituzioa aldatu zuen, hirugarren agintaldia izan zezan ahalbidetzeko. Protesta ugari eragin zituen horrek, eta errepresioa latza izan zen: oposizioko hautagai batzuk kartzelan hil ziren. Doumbouyak esan zuen herritarrak askatu zituztela elitearen eskuetatik. 83 urte zituen presidenteak hamaika urte zeramatzan karguan. 2022ko maiatzean ikerketa judiziala ireki zioten Conderi eta beste goi kargudun batzuei, hilketa, tortura, bahiketa eta bortxaketa leporatuta. Halere, egun gutxira presidente ohia aske utzi zuten, estatu kolpetik atxikita zegoena, arrazoi medikuak tarteko herrialdetik atera behar zuelako.
Ginearrek etengabeko errepresioa eta boterekeria salatzen zuten azken urteetan, eta salatzen zuten giza eskubideak murrizten ari direla. Kartzelara sartzea ere ohiko bilakatzen ari zen elitekoa ez zen edonorentzat. Horregatik, besteak beste, herritarrek estatu kolpea ospatu zuten, zabaldutako irudietan ikusten denez. Dena den, AEBek eta Europar Batasunak kolpea gaitzetsi zuten.
Estatu kolpeen zerrenda luzeak erakusten du Afrika erdiko herrialdeak sutan daudela. Frantziako Gobernuak eta Nazio Batuen Erakundeak batik bat gaitzespena erakutsi dute, eta ohartarazi dute Errusiaren eta Turkiaren eragina lur horietan barreiatu dela
2021eko maiatzaren 24an izan zen Maliko estatu kolpea. Assimi Goïta koronel eta presidenteordeak gidatu zuen armadaren kolpea, eta Bah N'daw presidentea atxilo hartu zuten, baita Moctar Ouane lehen ministroa eta Souleymane Doucouré Defentsa ministroa ere. Ordurako egoera nahastuta zegoen herrialdean, besteak beste, 2020ko abuztuan ere estatu kolpe saiakera egin zuelako Goïtak berak, eta Trantsiziorako Kontseilu Nazionala eratuta zegoen ordutik. Baina kontseiluaren barnean tentsioak handitzen ari ziren, militarren eta zibilen artean, harik eta maiatzean eztanda egin zuen arte.
Frantziak, antzinako agintari kolonialak, Maliko arazoetan zuen rolak eragindako erresuminak ere asaldura politikoa elikatu zuen. Azken hamarkadan herrialdean nagusi ziren ustelkeria eta ezegonkortasun politikoak ziurgabetasuna zabaldu zuten, eta herritarrak manifestatzen ari ziren. Goïta bera altxatu egin zen testuinguru horretan, garai hartako gobernuaren aurka, eta Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa atxilo hartu zituzten.
Bahiketa horien ondotik, Keita dimisioa ematera behartu zuten, eta gobernua eta parlamentua desegitera. N'daw estatuburu izatea baimendu zuen armadak, eta Ouane lehen ministro bilakatzea ere bai. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalerako eta gobernurako ziren karguak.
Burkina Fason bi estatu kolpe izan ziren 2022an. Bata urtarrilaren 23an izan zen, eta bestea, irailaren 30ean. Herritarrak 2019tik protestetan zebiltzan presidentearen aurka, besteak beste, jihadisten erasoak gero eta ugariagoak zirelako eta ziurgabetasun handia zabalduta zegoelako, batik bat 2015az geroztik, eta herritarrak kexu ziren presidentea ez zela gai krisi hori kudeatzeko. Horixe argudiatu zuten, estatu kolpea eman zuten militarrek, MPSR Aberria Babesteko eta Zaharberritzeko Mugimenduaren izenean: “Roch Kabore kargutik kentzera behartuta gaude, jasaten ari garen segurtasun okertze handiagatik”. Paul-Henri Sandaogo Damiba kolpearen burua ezarri zuten behin-behineko presidente. Nazioarteko komunikabide handietan herritarren ospakizunak zabaldu ziren, eta Frantziako banderari su ematen zioten irudiak ere ikusi ziren.
Halere, gutxi iraun zuen Damibak presidente gisa. Zortzi hilabete geroago, Ibrahim Traorék kendu zion kargua, iraileko estatu kolpean. Arrazoia berbera izan zen: leporatu zioten ez zela gai jihadisten erasoak geldiarazteko, eta azken hilabete horietan Burkina Fasoko lurren %40 estatuarenak ez ziren indarrek hartu zituztela jada. Jakinarazi zutenez, Errusiaren laguntza izan zuten kolpea burutzeko, hain zuzen Wagner taldearena. Orduko hartan, herritar gutxiagok babestu zuten kolpea, argudiatzen baitzuten horrek ezin zituela konpondu segurtasun auziak.
2023ko uztailaren 26an Nigerren estatu kolpea eman zuen hamar lagun inguruko militar talde batek, Mohamed Bazoum estatuburua gatibu hartu eta kargutik kendu zuten. Burkina Fasoren bide beretik, argudiatu zuten presidentea ez zela gai izan “segurtasun arazoak” kudeatzeko eta haren gobernantza zalantzan jarri zuten. Kontuan hartzekoa da Nigerreko lurretan egon direla AEBetako eta Frantziako tropak, besteren artean, Saheleko zonaldeko jihadisten erasoen hazkundeari aurre egiteko dela argudiatuta. Maliko eta Burkina Fasoko estatu kolpeen ondorioz Nigerrera pasatu ziren Frantziako tropak. Izan ere, “frantsesen aurkako sentimendua” handitu dela eta Errusiaren eragina ahalbidetu dutela (Wagner taldearen bidez) ohartarazi dute. Halaber, Turkia ere Saheleko eremuan esku hartzen ari dela azpimarratu dute.
2023ko abuztuaren 30ean gauzatu zuten Gabongo estatu kolpea indar armatuek. Uztailaren 26an hauteskunde orokorrak egin ziren, eta Ali Bongok irabazi zituen. 2009tik zegoen presidentetzan, eta hirugarren agintaldia hastera zihoan. Oposizioak hauteskundeetan iruzur egitea egotzi zion, eta tentsioak eztanda egin zuen abuztuaren 30ean, kargua hartu bezain pronto; militarrek atxilotu egin zuten. Hamalau urteotan agintaldi ezegonkorra eta axolagabea izan duela leporatu diote, eta haren erruz Gabongo gizarte kohesioa pitzatu dela: “Kaosera bideratu du herrialdea”. Jada 2018an saiatu ziren Bongoren aurkako estatu kolpea ematen, baina ez zuen aurrera egin. Brice Oligui Nguemak hartu du Gabongo gidaritza, eta ez du hauteskunde berrietarako deirik egin momentuz. Erakunde “demokratikoagoak” eratzea hitz eman du.
Euskal Herriko ordezkaritza gara Gazara Martxan. Egiptora etorri gara mezu argi batekin: genozidioa salatzeko, blokeoarekin amaitzeko eta Israel estatu genozidarekin harreman guztiak eteteko exijitzeko.
Gure elkartasun ekintzaren aurrean, aginte sionistaren eta... [+]
Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman... [+]
Asteartean pasa zuten Tunisia eta Libiaren arteko muga, ondotik Egiptora sartu eta bertatik Gazara heltzeko asmoz. Berez, Libiako autoritateen babesa jasota du ekimenak, eta jarrera horri segika bidea berriz irekitzea galdetu diete poliziei antolatzaileek.
Ekainaren 13an hasi behar duen Gazarako Martxako partaideak atxilotzen ari da Egiptoko Polizia, tartean hainbat euskaldun. Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatu eta korridore humanitario bat ireki dadila eskatzeko abiatu dute ekimena mundu osoko 3.000 herritarrek.
Erresuma Batuko ika-mika parlamentarioaren mamia zen Keir Starmerren gobernuak, azkenean, sinatu duela Maurizioko Errepublikarekin Txagos uhartediaren subiranotasuna hari aitortzen dion tratua. Hori bai, bertan AEBek (Erresuma Batuaren presentzia hutsaren hurrengoa baita) duten... [+]
NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Luxorren, Erregeen Haranetik gertu, hilobi garrantzitsu baten sarrera eta pasabide nagusia aurkitu zituzten 2022an. Orain, alabastrozko objektu batean Tutmosis II.aren kartutxoa topatu dute (irudian). Horrek esan nahi du hilobi hori XVIII. dinastiako faraoiarena... [+]
Fermin Muguruza jarraitzen duzu sareetan. Madrilgo kontzertuko bideo bat ikusi duzu bere kontuan: dantzari batek “Kongo askatu!” oihukatu du, bandera esku artean. Haren profila bilatu duzu: @c.kumaaa. Bilboko manifestazioaren deialdia zabaldu du. Ez zara joango,... [+]
Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Goma hiria hartu ondoren hango espetxe batean zeuden ehunka emakume bizirik erre zituzten M23ko matxinoek, eta denak hil. Herrialdearen ipar ekialdean borrokan diharduten talde armatuek sexu indarkeria "arma gisa" erabili dutela... [+]
Orain gutxi Txantreako Irakurle Eskolan Gael Faye idazlearen Ene herri txikia eleberria irakurri genuen, Irati Bereauk euskarara itzulitako bertsioan. Liburuak Gabrielen –Burundin jaiotako haur bat– historia kontatzen du. Aita frantsesa du eta ama Ruandatik ihes... [+]
Gobernuarekin negoziatu gabe iragarri du erabakia talde armatuak, "arrazoi humanitarioengatik" dela argudiatuta. Joan den astean herrialdeko Goma hiria bereganatu zuten matxinoek, eta, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 900 hildako baino gehiago eragin dituzte hiri... [+]
Kongoko Ipar-Kivuko Goma hiriburura sartu eta bereganatu du Martxoak 23 talde armatuak. Zabalpena aitzina doa eta Bukavu Hego-Kivuko hiriburua dute orain xede. Herritarrak karrikara atera dira, M23aren aurka eta Ruandak eta Mendebaldeak erakunde armatu horri erakutsitako... [+]
Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.