“Bazterreko identitateak ilustratuta, ahalik eta jende gehiena ordezkaturik sentitzea nahi dut”

  • Feminismoa du oinarri Uxue Bereziartua Lonbidek (Hernani, 1996). Serigrafia, marrazketa eta zeramikaren bidez, besteak beste, bazterreko gorputzak eta pertsona horien bizipenak irudikatzen ditu. Oraindik ere, zoritxarrez, begi bitxiz begiratzen zaie gorputz lodi edota iletsuei. Sortzaile gisa, atzerrian bidea urratzearen aldeko apustua egin bezain pronto, enkarguak jasotzen hasi zen Euskal Herritik. Osasun izurritea lehertu zen gero, eta etxera itzuli zen, Bartzelona utzita. Orain, Pakita Studio da bere etxea eta sormen habia, Hernanin.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zer da Pakita Studio?
Euskal emakume sortzaileen denda da oro har, baina atzerriko pare bat lagun ere baditugu. Asko lagunak dira, batzuk herrikoak, eta batzuk sare sozialen bidez ezagutu ditut. Nire ibilbidean ezagutu ditudan proiektuei espazioa eskaini nahi izan diet. Azken batean filtroa nik jartzen dut, nor ekarri eta zenbat espazio eskaini. Zoragarria zait horrela lan egin ahal izatea.

Denda da, beraz?
Ez da eguneroko produktuak erosteko denda bat. Detailetxoak saltzen ditugu, gauza bereziak. Baina horrez gain, tailer espazio bat ere bada, sortzaileon gunea.

Zenbait gauzek prezio altua dute, hala da, baina sortzaileoi asko kostatzen zaigu geure lanei prezioa jartzea. Gure lana baloratzen ere ikasi behar dugu ordea, eta aurrera egiteko ezinbestekoa da horrela egitea. Gainontzean ez ginateke sekula profesional gisa arituko.

Moda azkarrak zenbaterainoko kaltea egiten du?
Neu ere moda azkarraren kontsumitzailea izan naiz urte luzez. Orain, ordea, beste zerbait baloratzen ikasi dut. Moda azkarra, izenak berak dioen bezala, etorri bezala joan egiten da. Oso iraupen motzekoa da. Artisauen lanak, aldiz, oinarri onak ditu, fede onez osatuta daude. Moda azkarraren atzean lan baldintza txarrak daude, esplotazioa ere bai zenbait kasutan.
Sarri, jendeari kosta egiten zaio ilustrazio lan bat edo jertse serigrafiatu bat pittin bat gehiago ordaintzea.“Garestia da”, esan izan didate. Baina jende horrek gero ez du inolako arazorik diru gehiago xahutzeko moda azkarreko dendatan. Nahiko nuke jende guztiarentzat irisgarria izan, baina  nik ere jan behar dut.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Nola hasi zinen Pakita Studiorekin?
Aurrez etxean aritzen nintzen lanean, ilustrazioak badu aukera hori, baina era serioagoan serigrafiarekin hasi nintzenean arazoak ikusi nituen gurasoen etxean horrela segitzeko. Hernaniko Udalak lokal hutsak zabaltzeko laguntzak ematearen aldeko apustua egin zuen, eta nire unea zela pentsatu nuen. Abuztua zen, eta irailean jada lanean hasi nintzen lokala atontzen. Bi urterako epea zuen laguntzak, oraintsu amaitu zait eta aurrera egiteko aukera izan dut. Sare lan handia izan dut inguruan; sarerik gabe ezin izango nuen hemen egon. Esan ohi da bost urte behar dituela halako proiektu batek egonkorra den ala ez jakiteko; beraz, aurrera egitea erabaki dugu.

Nolako harrera izan du proiektuak?
Irekiera ofiziala abenduan egin genuen, eta uste dut hilabete paregabea dela horrelakoetarako, urteko gastu guztiak konpentsatzeko parada baita. Itzela izan zen hasiera, eta gerora oso gorabeheratsua izan da, baina hibridotasunak diru-sarrerak dibertsifikatzeko aukera eman dit. Ilustratzaile, diseinatzaile… Tentakulu askoko proiektu orokorra da.

Askotariko espazioa.
Estudio orokor bat da, ez denda arrunta. Atzerrian ohitura gehiago daukate horrelako espazioak izateko. Hemen ezohikoa zaigu, arrotza.

“Ilustratzaile, diseinatzaile (naiz)... Tentakulu askoko proiektu orokorra da Pakita Studio”

Zure lanak badu aldarrikapenetik?
Feminismoa dut oinarrian, baita lanean ere. Hasi nintzenean ohartu nintzen asko ginela emakumezkoak ilustratzen ari ginenak; ni neu orain arte erakutsi ez diren gorputzak erakusten saiatzen naiz, hau da, nire inguruko erreferenteen errealitateak irudikatzen. Jende lodia, iletsua... Bazterreko identitate direnak. Ahalik eta jende gehiena ordezkaturik sentitzea bilatzen dut. Batzuetan harritu egiten naiz, “honen antza du” esaten baitidate zenbaitetan, eta ez da nahita egindako zerbait. Ez dut inor zehatza gogoan izaten sortzen ari naizenean.

Bazterrekoa erdigunera eramaten ari zaretenak asko zarete.
Errealitate bat da eta ohitu egin behar dugu, munduaren parte garelako. Nik gorputz lodia dut, eta zenbait gunetan babestua sentitzen naiz, baina leku askotan ez oraindik; zapaldua sentitzen naiz. Mundu guztia berdin irudikatzen dugu, identitate berdinak izango balira bezala. Aniztasun handia dago gizartean, eta hori egin behar dugu, bazterrekoa aldarrikatu. Beharrezkoa da nire ustez. 

Dinagu kolektiboan ere bazabiltza azokaz azoka.
Bai, eta asko eskertzen dut. Azokak lan asko eskatzen du eta jendeak badaki nora doan, zertara eta norekin eginen duen topo. Beraz, bezeroak beste aldean dagoen langile eta lana zaintzen ditu. Espazio babestuak dira guretzat. ‘Nomadak gaitun’ azoka urtean bi aldiz egiten saiatzen gara. Oso nekeza da, baina azkenean merezi du. Asko gara izena ematen dugunak, eta denontzako lekurik ez da egoten beti. Dendak, ordea, badu bere xarma. Anekdota asko bizitzen ari naiz etortzen den jendearekin. Jende asko ezagutzen ari naiz, Hernanitik kanpokoa ere bai.

Pakita eta Pantxika

“Nire bi amonak gogoan hartu nahi izan nituen. Andrekale karrikan gaude Hernanin, eta Pakita eta Pantxika nire bi amonak gogoan jarri nuen izena. Polita iruditzeaz gain, borobila ere iruditu zitzaidan hala egitea. Nire ilustrazio lanek ere emakumea izan ohi dute oinarri, beraz, ezin zen bestela izan”. Irria ahoan duela kontatzen du Pakita Studioren bihotza nondik eta nola sortu zen. Inguruan duen sareari esker jarduten duela kontziente izanik, erronkak hartu egin behar direla irizten dio.


ASTEKARIA
2023ko irailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude