500 urteren ondoren, oroimena eta hizkuntza bizirik

  • 1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte geroago, gertaera hori gogoratuko dute, Amikuzen euskara sustatzeko lanean ari den Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek.

Nafarroa Beherean ia ehun urte gehiagoz iraun zuen Nafarroako Erresumak bizirik, eta bere egitura propioak antolatu zituen lurralde txiki horretan. Irudian, Joan Blaeuren 1665eko 'Atlas maior' laneko mapa baten zatia.
Nafarroa Beherean ia ehun urte gehiagoz iraun zuen Nafarroako Erresumak bizirik, eta bere egitura propioak antolatu zituen lurralde txiki horretan. Irudian, Joan Blaeuren 1665eko 'Atlas maior' laneko mapa baten zatia.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Erresuma Noaingo guduan galdu zela edo Amaiurko gazteluaren aurrietan lurperatuta geratu zela diote historia liburuek. Eta hein batean hala izan litekeen arren, ezin uka iraun ez zuenik. Henrike II.ak Pirinioen hegoaldean zituen egitura berak antolatu nahi izan zituen Nafarroa Beherean, Donapaleu edo Iriberri zaharra hiriburu zuela. Aurten bete dira 500 urte 1523ko abuztuaren 18an Nafarroako Estatu Nagusiak egin zirela herri horretan, Nafarroako gorteen antzeko zerbait; bertan bildu ziren Nafarroa Behereko jauntxoak ez ezik, eliz agintariak eta herrietako ordezkariak ere, euren legeak errespetatzearen truke Albretekoari fideltasuna zin egiteko.

Gertaera hori gogoratzeko besta berezia egingo dute Donapaleun irailaren 9an, Zabalik elkarteak, Nabarralde fundazioak eta Hernani Errotzenek antolatuta, Donapaleuko Herriko Etxeko laguntzarekin. Hitzaldi zikloak, oroimen ekitaldia, bazkari herrikoia eta abar izango dira. “Memoria ezabatua izan dugu osoki, eta bilatzen hasi orduko, hemen toki eta gertakari garrantzitsuak izan direla ikasten dugu”, azaldu dute eguna aurkezteko prentsa dosierrean.  

Jondoni Paulo eliza gaur egun; duela 500 urte hor egin ziren Nafarroako Estatu Nagusiak, Nafarroako gorteen antzeko instituzio edo biltzar bat. Eraikina, Nafarroako Kantzileritza edo administrazio gorenaren egoitza izan zen eta 1620. urtetik aurrera auzitegia edo seneskalaren egoitza ere bai. Argazkia: Zabalik

Nafarroako konkistaren beste aldea

Gaztelak 1512an Nafarroa inbaditu zuenetik, Nafarroako errege-erreginen kausaren aldekoak birritan saiatu ziren euren erreinua berreskuratzen, baina behin eta berriz egin zuten topo inbaditzaileen hagin zorrotzekin. Hala, Pirinioen iparralderantz zeuden lurraldeak ezinbesteko izan zitzaizkien babesa bilatzeko. Geografikoki estrategikoa zen eremu horretan, Carlos V.a enperadore espainiarraren aldeko nobleek Nafarroa guztiz bereganatzeko egin saiakerak antzuak izan ziren beti, izan bortuetako neguaren gogorragatik edo atzeguardia defenditzeko ezintasunagatik.

Behinola Donapaleun zegoen presondegiaren atea. Argazkia: Zabalik

Hala gertatu zen 1521ean, maiatzean altxatutako nafarrek Noainen porrota jazo ondoren askok Donibane Garazira ihes egin zutenean. Haien atzetik, milaka soldaduk osaturiko gudaroste espainiarrak –tartean Bizkaiko eta Gipuzkoako jende asko ere bai– Pirinioak gurutzatu eta hiribildua asaltatu zuten. Guarnizio nafarra sarraskitu zuten eta Joanikot Arberoa kapitainari heriotza krudela eman zioten denen eskarmenturako. Baina atzera, gaztelarrek gotorlekua errauts bihurtu eta Iruñera itzuli ziren, ezinezkoa zitzaielako plaza hartan geratzea.

1523ko udan egoera antzekoa zen. Urtebete lehenago, Amaiurren Nafarroako erregearen aldeko azken legitimistak erori ziren, espainiarrek gaztelu mitikoa airean leherrarazi zutenean. Gainera, Noaingoaz geroztik errepresio basatia ezarri zuten susmopean zegoen nafar jauntxo eta herritar ororen kontra. Henrike II.a Albretekoa Biarnon zela, iparraldeko bere lurraldeak defendatzeko tropak biltzen hasi zen, jakitun Carlos V.a prest zela berriz erasoa jotzeko, Frantziako errege Francisco I.arekin zuen lehiaren barruan. Baina horrez gain, ikusita Nafarroa Garaia berreskuratzea zail izango zuela, Nafarroa Beherean erresumaren egiturak antolatzen hasi zen; testuinguru horretan deitu zituen Estatu Nagusiak Donapaleun.

“Henrike II.ak praktikan zerotik hasi behar izan zuen”, dio Peio Monteano historialariak Dos destinos para un reino (“Bi patu erresuma batentzat) liburuan. Bere esanetan, ordura arte Baxenabarreko jauntxo eta prelatu oso gutxik hartu zuten parte nafar instituzioetan, eta beraz, lehen aldiz izendatu behar izan zituzten. Lehen bilera abuztuaren 18an egin zen Jondoni Pauloko elizan, eta Bernart Abadia Nafarroako kantzilerrak irakurri zuen monarkaren izenean juramentua: "Zin egiten diot Nafarroako herri guztiari...", dio gaztelaniazko aktak.

1523an Donapaleuko Jondoni Paulo elizan Bernart Abadia nafar monarkaren ordezkariak irakurritako zin egitearen akta.

Geroztik Donapaleun bildu ziren Nafarroako erreinuaren administrazio gorenak: Jondoni Pauloko eliza hori bera Nafarroako Kantzileritzako egoitza bihurtu zen; lehendik ere bazegoen moneta etxean, berriz, erreinuaren txanponak jaulkitzen hasi ziren Henrike, jainkoaren graziaz, Nafarroako errege leloarekin; auzitegia, espetxea... Horien bidez merkataritza, nekazaritza, zerga eta mugen inguruko arau eta zigor ugari ezarri ziren. Baina asmoa Estatu Nagusiak urtero biltzea bazen ere “oso laster ikusi zen hori bideraezina izango zela”, dio Monteanok.

Gaztelarrek 1523. urteaz geroztik Nafarroa Beherea hainbatetan okupatu zuten. Baina 1527ko urriaren 5ean, tropa nafar eta biarnotarren presioaren ondorioz, Donapaleu azken aldiz arpilatu ondoren ospa egin zuten betirako. Ez ziren gehiago itzuliko.
Gerra luze haren ondorioz, Pirinioetan muga bat ezarri zen, ordura arte ez zegoena –eta gaur egun ere jasaten duguna–. Hala ere, harreman komertzial eta familiarrak bizirik mantendu ziren hamarkada askotan. Aitzitik, erlijio gerrek akuilatuta eta Nafarroako erregea Frantziako errege ere bihurtuta, harreman hori itzaltzen joan zen XVII. mendean. 1620ko Paueko bateratze ediktuarekin Luis XIII.ak –Nafarroako Luis II.a– Nafarroa Beherea, Biarno eta Donezan Frantziako Koroan integratu zituen; frantziarrek lurralde horiek militarki okupaturik zituztela, Estatu Nagusiek ezin izan zuten ezer askorik egin. Nafarroako erresuma independentearen azken hatsak ziren horiek.

Donapaleuko moneta etxean 1590ean jaulkitako Nafarroako Erresumaren 1590eko txanpon baten bi aldeak.

Zabalik elkartea: “Badugu historia potente bat”

“Senegalen eta beste lurralde kolonizatuetan bezala, Euskal Herrian erakutsi digute gure arbasoak galiarrak zirela, eta Ibañetako guduan sarrazenoek hil zutela Errolan heroia, eta gu Karlomagnoren alde ginela. Hori da erakutsi digutena”, azaldu digu antzerkigintzaren munduan ezaguna dugun eta Zabalik euskara elkarteko kide den Mattin Irigoienek. Baina bere esanetan badago duela 500 urteko “historia potente bat” kontatua izan ez dena.

Duela urte batzuk Donapaleun egin zen Deskonkista Egunean jabetu ziren ezjakintasun handia zegoela gaiaren inguruan, eta geroztik hainbat ekimenetan hartu dute parte. Testuinguru horretan antolatu dute irailaren 9ko Nafarroa Bizirik 1523-2023 besta eguna. Egitaraua prest dute eta Loraldia erakusketa martxan da jadanik Bideak kultur guneko aretoan, Nafarroa Beherean urte haietan izandako loraldi kulturala azaltzen duena.

Loraldia erakusketa jadanik ikusgai dago Donapaleuko Bideak gunean. Horrez gain, konferentziak, bisita gidatua, karrika itzulia, ikusgarria eta besta herrikoia egingo dute irailaren 9an. Horretarako, etxeetako “armairu zokoetan lo dauden “ edalontziak biltzeko deia egin dute antolatzaileek. Argazkia: Zabalik

Zabalik 2010etik aitzina lan izugarria ari da egiten Amikuzen euskara sustatu eta berreskuratzeko –Larrun aldizkari monografikoaren 214. zenbakian kontatu genizuen–. Biarnoko mugan euskara azkar galdu zen pasa den mendean: “Belaunaldi batean trantsizioa moztu zen bortizki”, dio Irigoienek. Amikuzeko euskalgintza koordinatzeko ardura hartuta, elkarte horretatik emeki-emeki ari dira “arnas uneak” sortzen eta hizkuntzari buruzko sentsibilizazioa lantzen gau eskoletan, Libertimenduan, Otsail Ostegunak hitzaldi zikloekin edo berrikitan sorturiko aisialdi zentroaren bidez, zeinetan euskararen presentzia eta erabilera lehenesten duten.

Hala, oroimenari eta historiari loturiko Donapaleukoa bezalako ospakizunak “palanka” bat direla oroitarazi digu Irigoienek, “euskaraz erresistitzeko forma bat”. Baina historiaz birjabetzearen garrantzia ere azpimarratu du antzerkigileak, bere ustetan hein handi batean hortik baitator hizkuntzaren eta nortasunaren galera, Amikuzeko iraganari begiratuz gero ederki asko ikusten dena.

Hizkuntza eta duintasuna berreskuratzea

Nafarroako konkistaren garaian, Behe Nafarroan 3.000 etxe inguru zeuden, eta ehun leinu baino gehiago –Lüküzeko, Agramonteko eta Domintxaingo jauntxoak buru zirela–. Amikuze zen eskualderik populatu eta aberatsenetakoa, eta Donapaleu hiri nagusiena. Etxe askotan eiherak zituztela diote orduko kronikek, zenbait kasutan gaur arte iraun dute euren eiherazainarekin, Jean Claude Mailharin gaian adituak eta Zabalik elkarteko kideak bere hitzaldietan azaldu moduan.

Alta, mendeen poderioz, eta Nafarroako Erresuma desegin ostean, Donapaleu eta inguruak jende eskolatuz eta funtzionarioz betetzen ziren bitartean, eiherak eta ogi leku hoberenak jabe gutxi batzuen eskutan geratu ziren; metaketa eta espekulazio kapitalistaren aitzindaritzat hartzen den fenomenoa da hori. Orduan, biztanleen zati handi bat “etxetiar” klasekoa bilakatu zen, zorretan itota. Erdi Arotik zetorren lege esklabo baten pean bizi ziren maizterrak ziren etxetiarrak: urtero nagusiarekin uztaren erdia negoziatu behar zuten, etxetik kanporatuak ez izateko. Etxetiargoak Bigarren Mundu Gerra ostera arte iraun zuen Amikuzen, nekazarien %60 baitzegoen egoera horretan.

Oroimenari loturiko Donapaleukoa bezalako ospakizunak “palanka” bat direla oroitarazi
digu Irigoienek,
“euskaraz erresistitzeko
forma bat”

Zabalik elkarteko kideen hipotesia da legeak aldatu eta maizterrek lurrak erosi ahal izan zituztenean –besteak beste artoa modu industrialean ekoizteko–, jauzi hori frantses modernitatearekin lotu zutela askok, eta euskararen transmisioa eten zutela, beste klasekoak izatearen iragan hori ezkutatu nahian. “Gure legeak, gure hizkuntza, gure gorteak genituen eta ezabatuak izan ziren”, Irigoienek. Baina harrituta azaldu da, “su txiki bat” badelako oraindik bizirik: “Kontua da horren gainean nola ufatzen dugun, gure konplexuak gainditzeko eta duintasuna berreskuratzeko”.

Historiako orrialdeetatik desagerrarazi nahi izan badute ere, duela 500 urte nafar erresumak bizirik iraun zuela gogoratzea litzateke lehen urratsa, eta hala egingo dute Donapaleun, euskaraz eta muga inposatuen gainetik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Fusilatutako bi pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte Muniainen

Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipuscua
Mila urte ‘Gipuzkoa’ izenaren idatzizko lehen aipamenetik

Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


2025-07-30 | Lucas Vallecillos
Hiroshima eta Nagasaki, zortzi hamarkada geroago

Historia garaikideko basakeriarik handienetakoak dira Hiroshimaren eta Nagasakiren bonbardaketak. 1945eko abuztuan, hiru eguneko epean, bi bonba atomiko jaurti zituzten lehen aldiz historian eta bi hiritako biztanleak modu indiskriminatuan hil zituzten. 1945aren amaierarako,... [+]


?-tzik hitz egiten jarraitzen du

1991n Alpeetako glaziar batean aurkitu zutenetik, hotzak hain ondo kontserbatutako Ötziren gorpuzkinak informazio iturri oparoa izan dira. Berriki Communications Biology aldizkarian aditzera eman dutenez, momia naturalaren kaxa torazikoa digitalki berregin dute, eta Homo... [+]


2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Harroputzetik artaputzera

Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]


Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-23 | Euskal Irratiak
Battitta Boloki: «Kanakian deskolonizazio prozesu bat abiatu dute, eta bidean da»

Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu... [+]


Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak

Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.


Cesar-Neron kasua

Martxoaren 25ean Arabako Foru Aldundiak (AFA) eta Eusko Jaurlaritzak (EJ) prentsa-ohar bat atera zuten, hedabideetan nahiko zalaparta eragin zuena, Gobierno Vasco remite a la Ertzaintza dos piezas cerámicas del yacimiento de “Las Ermitas” por ver indicios de... [+]


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


Neandertalen gantz fabrika

Neumark-Nord (Alemania) aztarnategian 50 metro koadroko gune berezia topatu dute adituek, Science Advances aldizkarian adierazi dutenez. Bertan, neandertalek ehizatutako ugaztun handien hezurrak apurtzen zituzten –172 zaldi, orein eta bobidoren hezurrak topatu... [+]


Eguneraketa berriak daude