Erresistentzia artistikoa, deseraikitze kapritxosoetan

  • Azken urteetan euskal prentsan publikatu den arte-kritika zer edo zer jarraitu duenak ezagutuko ditu Jone Alaitz Uriarte eta Mikel Onandia. Jakingo du, halaber, nolako begirada zorrotzez disekzionatzen dituzten praktika artistikoak euren artikuluetan. Eta horregatik interesatuko zaio bien elkarlanetik sortu den Desmuntatzeak eta ornamentuak liburua: gaur egungo bost euskal artistaren lanetan sakontzeko leihoa izateaz gain, gure testuinguruaren erradiografia baterako osagai ugari eskaini dute lan horretan, Sahatsa Jauregirekin, Oier Iruretagoienarekin, Damaris Panekin, Daniel Llariarekin eta Nora Aurrekoetxearekin izan dituzten solasaldien bitartez.

Belaunaldi bertsukoak dira liburuko protagonistak, denak 1980ko hamarkadan jaiotakoak eta diziplina ugaritan aritutakoak. Egileen ustez, badira beste zenbait osagai ere, artista horien lanak elkarren artean erlazionatzeko aukera ematen dutenak: “Formakuntza-ingurune bat eta harreman- eta erreferente-sare bat partekatzen dituzte, zeinek zenbait parekotasun, egiteko eta artea ulertzeko modu determinatzen baitituzte”, liburuaren hitzaurre mamitsuan azaldu dutenez. Dena den, Uriarteren eta Onandiaren asmoa ez da liburuko bostekoa belaunaldi baten ordezkari gisa aurkeztea. Argi diote: “Gure ideia ez da kanon itxi bat ematea”.

Baina hori esanda, bost artista horien interesguneak eta ekoizpenerako dauzkaten baldintzak islatuta daude belaunaldi bereko beste askoren ibilbidean ere, egileek azaldu dutenaren arabera. “Azken finean, sistema baten parte gara eta hein handi batean honek zuzenean edo zeharka baldintzatzen du artea ekoizteko modua, baita ere obrak erakutsi eta aurkezteko modua, formatua, tenporalitatea…”, esplikatu dute. “Bista orokor honetatik abiatu gara lehendabizi, bizi eta, aldi berean, parte garen sistemaren diagnostiko edo analisi bat egin nahian, ondoren bost artista hauen singulartasunean arakatzeko, bakoitzak unibertso propioa duelako eta hori zelako benetan erakartzen gintuena eta liburu hau egitera bultzatu gaituena”.

Hutsunea betetzen duen liburua
Lana autoeditatzeak eman dien askatasunaz baliatuta, ohiko publikazioen aldean diferentea den liburu-objektua da Desmuntatzeak eta ornamentuak. Elkarrizketa bakoitza artistaren biografiarekin hornitu dute, zeinean sortzaile bakoitzaren formazioa, egindako erakusketak edo lan egiteko dauzkan baldintza materialak ezagutuko ditugun, besteak beste. Gainera, bakoitzaren lan batzuen argazkiak ere tartekatu dituzte, elkarrizketen edukia behar bezala kokatzeko. Kopia kopuru mugatua inprimatu dute eta ale bakoitzak gerriko moduko bat du, elkarrizketatutako artisten obren erreprodukzioekin.

“Erakusketa baten ifrentzu gisa ulertzen dugu liburua, artisten alderdi diskurtsiboa garatzeko euskarri gisa”

Protagonista dituen artistei dagokionez, honakoa diote egileek: “Urteetan etengabe lanean aritu dira, eta momentu honetan, merkatuaren parte izan ala ez, beraien lana ikusgarritasun maila interesgarri batean dago”. Alegia, gazteak izan arren, kontuan hartzeko moduko ibilbidea osatu dutela jada; eta hain zuzen horregatik, liburu formatuan beraien lanaz aritzeak aukera eman diela egindakoari perspektiba zabalagoz begiratzeko. “Erakusketa batean artea zuzenean ikusteko aukera duzu, eta hori da artearen esparru naturala; baina liburu edo katalogo bat erakusketa baten ifrentzu gisa ulertzen dugu, alegia, artearen edo artisten alderdi diskurtsiboa garatzeko euskarri gisa”, azaldu dute Uriartek eta Onandiak.

Bestalde, hutsune bat betetzeko ere lagungarri izango da: ez dago agertzen diren artistei buruzko testu kritiko askorik –ezta, oro har, haien belaunaldikideei buruzkorik ere–. Hemendik aurrera ordea, haien arte-jardunaren atzean dauden ideiak edo lan-prozesuak aztertu nahi dituenak, obra honek sortu duen oinarrizko kanpalekutik abiatu ahalko du.

Posmodernitatearen adierazpen zehatz bat
Zergatik elkartu bost artista hauek liburu berean baina? Garaiaz eta testuinguruaz gain, zertan egiten dute bat? Egileen ustez, posmodernitatearen adierazpen zehatz baten erakusgarri izan daitezke euren obrak: aurreko belaunaldietatik jasotako narratiba handiak deseraikitzea, utopiekiko begirada ezkorra, naturalizatuta zeuden aspektu artistiko ugari errebisiopean jartzea... Horiek denak ez dira, ordea, Desmuntatzeak eta ornamentuak liburuan hitz egiten duten artisten eskutik iritsi: “Euskal Herrian 1980ko hamarkada hartan, Oteiza eta posminimalismoa abiapuntu, eskultura egiteko modu berriak definitu ziren, eta erreferente berriak ere agertu ziren, adibidez, New York hiria”, azaldu dute Uriartek eta Onandiak. “Ondorengo artistek bide horiek jarraitu dituzte, konbentzio politikoak, generokoak edo artistikoak desmuntatzen. Esango genuke paradigma horretan jarraitzen dugula, baina posmodernitateak definitu pluraltasuna, mintzaira eta lan egiteko modu ezberdinen errekuperazioa eta lehengai edota teknika ezberdinen hibridazioa, izan artista baten ibilbidean zein obra zehatz batean bertan, orokortu edo areagotu egin dira, egungo praktiken ezaugarri nagusi bihurtzeraino”.

Beste modu batera esateko: “1960ko eta 1970ko euskal artistek artearen kontzepzio politikoa bazuten, nazio eraikuntzan identitate propioa definituko zuen eta tradizioa eta abangoardia lotuko zituen mintzaira bat sortzea, alegia. Bere aldetik, 80etan eta 90etan lanean hasitako artista batzuek, testuinguru ezberdin batean, egoera politikoa, gatazka betean, distantzia kritikoz abordatu zuten, identitate kodeetan arreta jarrita eta horiek deskontestualizatuta. Egungo belaunaldi gazteak azken horien lanak erreferente izanik hasi dira lanean, baina jada post-biolentzia errealitate batean”, egileen arabera. Azken 40 urteetan nagusitu den deseraikuntza-katean, beraz, Jauregi, Iruretagoiena, Pan, Llaria eta Aurrekoetxearen belaunaldiak ekarpen partikularrak egin ditu: “Ziurrenik garai berriak bizi dituztelako, bestelako aspektuak ere gehitu dizkiete, hala nola camp kontzeptuaren zentraltasuna edota formaren eta ornamentuaren arteko erlazio tradizionalaren berrikuspena”.

Nolanahi ere, horiek ere ez dira liburuko artista guztiek maila berean partekatzen dituzten ezaugarriak, izan ere, Uriarteren eta Onandiaren ustez, egun nagusi den joerarik baldin badago, pluraltasuna da hori: proposamen ugariren arteko elkarbizitza. Jauregiren eta Llariaren lanetan ikusten da modu nabarmenean camp-aren eta kitsch-aren aldarrikapena. Ornamentuaren ideiari dagokionez berriz, Aurrekoetxearen lanetan agertzen da modu nabarmenean egileek azaldu dutenez, “azalekoa den hori, estrukturari eragiten ez dion apaingarria, kapritxozko forma” lehen planora ekartzen duenean: “Forma litzatekeen hori estruktura bilakatzen da, txirikordekin egiten duen bezala. Berez ilea batzeko erabiltzen den forma, ondo tentsatuz gero, egitura bilakatzen da”.

Prozesuaren garrantzia, akademiarekin tentsioan
Liburuko elkarrizketak irakurrita, bada artista guztiek emandako azalpenetan arreta deitzen duen beste ezaugarri amankomun bat ere: metodologia itxiak eta obrak gehiegi planifikatzeko joera alde batera utzita lan egiten saiatzen direla diote. Azken emaitza prozesuan zehar erabakitzen dute, ideia finko batetik edo hasierako zirriborro batetik abiatu beharrean. “Prozesu horretan gertatzen direnak, izan akatsak edo ustekabeko topaketak, bukaeraraino eramango dituzte, eta hor dagoen zintzotasun hori interesgarria egiten zaigu”, Uriartek eta Onandiak aitortu dutenez.

Ez da, berriz ere, artista hauek bakarrik definitzen dituen ezaugarria, baina edozein modutan, galdera bat mahai gainean jartzeko balio du: nola uztartzen da sormena ulertzeko modu, nolabait esateko, “espontaneo” hori arte-ikasketa arautuekin? Uriartek eta Onandiak gogora ekarri duten moduan, XIX. mendearen bukaeran modernitatea definitu zenez geroztik ikus daitezke artisten eta akademiaren arteko harreman gatazkatsuak. Baina egoerak baditu bere paradoxak ere: “Azken hamarkadetan, modernitatearen eta abangoardiaren formak sistemak asimilatuak izan dira, eta posmodernitatean, paradoxikoki, instituzioek eta akademiak bere egin dute mintzaira hori, estandarra bihurtzeraino. Beste era batera esanda, gaur egun instalazioak, teknologia berriak eta formalki abangoardiakoak diren mintzairak akademikoak dira. Hori da unibertsitatean irakasten dena. Horregatik, artea eta artistak beti daude tentsioan akademiarekin. Metodorik eza, prozesua zentroan jartzea, esperimentazioa, zentralak dira artista garaikideen praktiketan, eta lan egiteko modu horien transmisioa dago jokoan”, liburuaren egileen ustez.

Hori esanda, liburuan garbi geratzen da EHUren Arte Ederren fakultateak euskal arte-sisteman rol garrantzitsua jokatzen duela. “Azken hamarkadetako artisten gehien-gehiengoa bertatik pasa da, baina berau osatzen duten bestelako instituzioak –Arteleku (1988-2014), Kalostra (2016), Jai (2020-2023)– edota artistek kanpoan egiten dituzten egonaldiak (izan Erasmus, izan nazioarteko erresidentziak) funtsezkoak dira”, Uriarteren eta Onandiaren ustez. “Irakasteko modu ezberdinak ezagutzea garrantzitsua da, ez baita modu bakar bat. Eta batez ere, artistek artistekin lan egitea”.

Artea, erresistentziarako gune
Artisten formakuntza-lekuetatik abiatuta, eta Desmuntatzeak eta ornamentuak-eko protagonisten ibilbideak kontuan izanda, Euskal Herriko panoramaren zenbait ezaugarri eta gabezia ere destilatu daitezke liburua irakurriz. Besteak beste, artista-kopuruaren eta komisariotzan dihardutenen arteko desproportzioa, besteak beste Oier Iruretagoienari egindako elkarrizketan aipatzen dena. Gehienek Euskal Herriko esparruaz egiten duten balorazioa ez da bereziki ezkorra, dena den; baina egungo sistemaren mugak agerian geratu direla dirudi.

“Egungo artista gazteak jada post-biolentzia errealitate batean bizi dira”

“Kontua da”, azaldu dute Uriartek eta Onandiak, “une batetik aurrera, batez ere 35 urte bete ostean, artista gehienek arazoak dituztela profesionalizazio erabatekora jauzia egiteko. Bildumagintza pribatua oso baxu dago, eta laguntzei dagokienez, desoreka dagoela dirudi. Zentzu horretan, errealitatean inbutu modukoa da adin batetik aurrera. Gainera, herri txikia gara, eta zirkuitua arin agortzen da. Hori dela-eta –eta hau ez da, berez, txarra– artistek kanpora egin behar dute. Kontua da ea baduten, kanpoan egon edo lan egin ostean, bertara bueltatu eta geratzeko aukerarik. Agian nazioarteko sareak sendotzea falta da”.

Beste norabide batzuetara ere begiratu dute: arte-kritikariaren figura kasik desagertu egin da, jardun horrek prentsan lekua galtzearekin batera; eta aldiz, hezkuntzarekin eta programazioarekin lotutako figurak gailentzen joan dira, “seguruenik sistemaren beraren bilakaera dela-eta”, egileen ustez. Une honetan gehiago esploratu ahalko liratekeen aukerak ere aipatu dituzte: “Kanpoko komisarioak hona ekartzea –neurri batean egiten dena, baina agian ez nahikoa– edota hemengo komisarioak kanpora joatea izan daiteke bide bat”.

Gabeziak gabezia, Uriartek eta Onandiak uste dute arteak oraindik “erresistentziarako gune” izaten jarraitzen duela gurean. Hitzaurreko ideia horri buruz galdetuta, egileek azaldu dute artisten merkatuarekiko jarrerak adieraz dezakeela erresistentziarako tendentzia hori: Damaris Pan-en kasua ekarri dute gogora, adibidez. “Hainbat urtez lan egin du, gelditu barik, apenas galerietan erakusketak egin gabe, eta orain ikusgarritasuna eta leku bat lortu du merkatuan, baina ez bilatu duelako, suertatu zaiolako baino”. Ez da liburuan agertzen den mota horretako apustu bakarra, noski. “Dani Llaríak bere elkarrizketan aipatzen du bera betiereko amateur kondizio horretan eroso ikusten duela bere burua, bere kasa, presio justuekin, artearen praktikan jardunean, esperimentatzen, probatzen eta ikasten eta hor badago nolabaiteko erresistentzia bat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude