Eraldaketak

Kintsugi, edo Kintsukuroi, deitzen da zeramikazko objektuen hausturak konpontzeko teknika japoniarra. Wikipediak dioenez, errexinaz eta zilarrezko edo urrezko hautsez egiten dute. Teknikaren abiapuntu filosofikoa da hausturak eta konponketak objektuen historiaren parte direla, eta erakutsi behar direla objektuen eraldaketa agerian uzteko. Hala tratatutako objektuek berriek baino gehiago balio dute.

Gure inguruan, garai batean, lapiko esmaltatuen ipurdiak erabileraren erabileraz zulatzen zirenean, trapu zaharrekin konpontzen ziren (estu-estu bihurriturik zuloan sartu eta hura estaltzen zuten). Arrazoia arras pragmatikoa zen: lapikoen bizitza luzatzea ahalik eta gehien (edo aldian-aldian herrietara iristen ziren ijitoek konponketa hobea eman arte). Iraupen-ekonomia.

Jende askori arraroa irudituko zaio, baina garai batean gauza gehienak (euritakoak, kasu) konpontzen ziren, zakarrontzira bota beharrean, eta etxeak zaharberritutako objektuez beteta izaten ziren –esparatrapuz konpondutako betaurrekoen muturreko etsenplura iritsi gabe–.

Garai batean gauza gehienak (euritakoak, kasu) konpontzen ziren, zakarrontzira bota beharrean, eta etxeak zaharberritutako objektuez beteta izaten ziren

Jonander Agirre Mikelez arkitektoaren artikulu batek (Eraikitzea helburu, 7K, 1270 zk., 2023/05/28) ekarri dizkit gogora hala Kintsugi teknika nola lapiko zaharren behin-behineko konponketa haiek. Artikuluan, Suitzan, Basilean, ardo-biltegi bat etxebizitza-bloke bihurtzeko proiektua aipatzen du egileak: elementu batzuk kendu eta beste batzuk gordeta egindako eraldaketa, iraungitako erabilera bat beharrezkoa den beste batek ordezkatzeko.

Gizakiok trebe gara gure inguruko gauzak sortzen eta suntsitzen, eta errealitatea bihurritzen –infinituraino edo arras suntsitzeraino–. Segur aski, gure eboluzioaren gakoetako bat da espezie gisara. Gizateriak gauza berriak (objektuak, antolamenduak, planak, estrategiak…) sortzeko eta gorpuzteko gaitasun izugarria erakutsi du, onerako zein txarrerako. Gogoan dut Bilboko Guggenheim museoaren hastapenetan Txinari buruzko erakusketa erraldoian ikusitako pieza txiki bat: artelan ezin ederragorik zirudien, baina gerra-makina baten parte zen.

Gehienetan, asmazio berriak mamitzeko baliatzen dugu sormena, gauza zahar edo akastunei iskin eginda.

Gehiagotan saiatu beharko genuke errealitateari (eta gure baitari) beste begi batzuekin so egin eta sormena kanpoan zein barruan ditugun gauza hautsiak konpontzeko erabiltzen, gauza berriak sortzen eta sortzen ibili gabe. Garai batean bezala, lapikoaren ipurdian trapu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude