Ziklo aldaketarako zantzu orokorrik ez Gipuzkoan

  • EAJk eta EH Bilduk lehen postua lehiatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Besterik da batak ala besteak irabazi, ezer aldatuko den Gipuzkoa mailako politiketan, inkesten arabera hirugarren indarra izango den PSE-EEk EAJ babestuko duela aurreikus baitaiteke, gaur egun Aldundia bien artean kudeatzen dutela eta EAE mailan akordioa daukatela kontutan hartuta. Beraz, sorpresarik ezean, gauzak aldatzekotan, udaletan izango da –eta ez da hiriburuan izango–.

Eider Mendozak (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu) leihatuko dute Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua. (Argazkia: Foku).
Eider Mendozak (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu) leihatuko dute Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua. (Argazkia: Foku).

Markel Olano badoa hamabi urte agintean egin ostean (2007-2011 eta 2015-2023). Enfrentamendu politiko handiko legegintzaldiak bizi ostean –gehien bat klima larrialdi betean eraiki nahi izan duten erraustegiaren eta Bidegiko ustelkeria salaketen harira–, esan daiteke legegintzaldirik lasaiena izan duela azken hau (zein problematika nabarmendu da Gipuzkoan?). Eider Mendoza aurkeztu dute jeltzaleek Gipuzkoako ahaldun nagusi kargurako, orain arteko aldundiko bozeramailea. EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztu du zerrendaburu, urte luzez ETBko kazetaria eta azken aldian EH Bilduren aurpegi publikoetako bat dena. Aipatu dugun azpiegitura kutsatzaile horrekin lotua da PSE-EE-ko hautagai Jose Ignacio Asensio ere, gaur egungo ingurumen diputatua, erraustegia edozeren gainetik defendatu ostean, klima aldaketaren aurkako herri mobilizazioetara “Ez dugu B planetarik” lelodun kamisetarekin joateko barrenak izan zituen politikaria –ekologista beteranoenek eskratxe estiloan manifestaziotik bota zuten arte–. Elkarrekin Podemosek Miren Echeveste aukeratu du eta PPk Mikel Lezama.

Inkestek diote abstentzioa txikitu egingo dela, EAJ 20 batzarkideren bueltan ibiliko dela eta EH Bildu 19ra hurbilduko zaiola, PSE-EEk mantenduko dituela bere 9ak, Elkarrekin Podemos 2ra jaitsiko dela eta PPk 1 aterako duela. Vox fenomeno politiko bezala erabat marjinala da Gipuzkoan eta erakundeetatik kanpo geratuko da itxura guztien arabera. Hauteskundeen historikoan ikus dezakegu 1979tik gaur arteko 12 legegintzalditatik 9tan EAJk agindu duela, bitan EAk eta behin Bilduk.

Udalez udal, partida ugari zabalik

Azken hauteskundeetan EH Bildu izan zen lehen indarra 49 udaletan, EAJ 15etan eta PSE-EE 6tan. Hala ere, hamar hiri populatuenetan banaketa ez da hala: EAJ gailendu zen Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Tolosan eta Hondarribian; PSE-EE Irunen, Eibarren eta Lasarte-Orian eta EH Bildu Errenterian eta Hernanin.

Errenteria aipatu dugunez, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos daude alkatetzan. Aurreikus daiteke EH Bildu igo egingo dela eta moreak jaitsi, baina zenbat? Horrez gain, orain arte hautagaitzarik aurkeztu ez zuen herri batzuetan zerrendak aurkeztu ditu Elkarrekin Podemosek eta ikusteko dago EH Bilduri nola eragiten dion horrek. Azken hauteskundeetan alde oso txikiarekin irabazi zuen EH Bilduk ondorengo herrietan (batzuk aipatzearren): Lezo, Astigarraga, Orio, Segura eta Ordizian; eta jeltzaleek ondorengoetan: Tolosa, Arrasate eta Lazkaon. Herri horietan lehia gogorrak espero dira.

Fenomeno politiko berria den heinean, ikusi beharko da GKSk eraginik izango duen hauteskunde hauetan, batez ere, indartsuen dagoen Tolosaldean eta Urola bailaran. Azken eskualde horretako Azpeitian, EH Bilduri gehitu zaio, zentral eolikoen harira sortutako kalapita. Beste herrietan ere, Jaurlaritzatik iragartzen ari diren hamaika zentralek EAJri zer eragiten dioten ikusteke dago.

Donostian Goia lasai

Lasaitu ederra hartu zuen iazko urrian zortzi urte alkatetzan daramatzan EAJko Eneko Goiak, Odon Elorzak PSE-EE-ko primarioak galdu zituenean. 2011n Goia izan zen, matematikek aukera eman arren, Elorza babestu ez eta alkatetzatik atera zuena, Bilduko Juan Karlos Izagirreri emateko aginte makila gutxiengoan. Elorzak ez zion sekula barkatu eta kanpainan esan zuen PSE-EEren hautagaia bera bazen, ez zuela Goia babestuko hauteskunde ostean. Aparatua aurka zuen baina, eta bidea itxi zion Elorzari. Hor amaitu ziren hiri horretan aldaketa politikorako aukerak etorkizun hurbilean.

Inkesten arabera, EAJ igoko da eta EH Bilduk ere gorantz jarraituko du, aurreko emaitzak hobetuta.  Donostian EAJ da alkatetza gehien izan dituen alderdia 1979az geroztik, lau aldiz, eta bigarren indarra gehienetan ezker abertzalea izan da (Herri Batasuna eta EH Bildu), beste lau aldiz. Dena den, hiri honetan gauzak asko aldatu izan dira, denak ibili dira gora eta behera, eta alderdi guztiak izan dira noizbait bozkatuenak. Boto kopuruei erreparatuta, ikus daiteke badela EAJk, PSE-EEk eta PPk partekatzen duten boto poltsa bat, 2015ean, Bildu zigortzeko Goiak jaso zuena, baina ez dena EAJrena esklusiboki. Goiak bi legegintzaldiotan asmatu du boto horiei bere altzoan eusten, PSE-EEk ez dizkio lehiatzen –sozialisten gotorleku Altza eta ekialdeko auzoak ere galdu zituzten– eta PPk jarraitzen du asmatu ezinean EAJra joandako boto horiek nola berreskuratu. Datu aipagarri gisa, zerrendako azken postuan Ana Iribar jarri du eskuin unionistak, ETAk hildako Gregorio Ordoñezen alarguna.

Gipuzkoako hiriburuan EH Bildu da bigarren indarra. Legegintzaldian zehar, koalizio soberanistaren estrategia izan da Goiaren aurkakotasunarekin konektatzen saiatzea esparruz esparru eta irudikatzea bera dela oposizioa eta hiri eredu neoliberal honen aurrean donostiarrek duten alternatiba erreal bakarra. Dena den, deskontentu horrekin deskonexio zantzuren bat edo beste igarri da hauteskunde giroa hastearekin batera, batez ere, legegintzaldi osoan turismoaren gaiarekin ildo oso kritikoa praktikatu ostean, Basque Cullinary Center-en egoitza Grosen jartzeko bozketan abstenitu egin zenean –EAJ eta PSE-EE alde, eta nahikoak ziren aurrera ateratzeko–. Jende ugarik ez zuen ulertu erabakia eta manifestazioak ere hasi dira proiektu horren aurka aipatu auzoan. Independentistek Reyes Carrere kendu eta Juan Karlos Izagirre alkategai aurkeztu dute –alkate ohia, pertsona ezaguna, baina alkatetza galdu ostean atzeko atetik joan zena–, etxe barruan zeresan ugari eman duen zerrendan. Gaur egun azken indarra den Elkarrekin Donostiak legegintzaldi gogorra izan du, zinegotzien arteko kalapita eta salaketak barne, eta inkestek jaitsi egingo dela esaten badute ere, ikusteke dago zer gertatuko den.

Hirian, auzoz auzo egiten ari diren borrokek ere zerikusi zuzena izango dute emaitzetan –aipatu dugu Gros–. Badira gehiago. Adibidez, Añorgako plan urbanistikoak auzoan eragin duen aurkakotasuna EH Bilduk kapitaliza lezake; baita martutenetarrei edo periferiako beste zenbait auzori erakusten zaien errespetu falta ere; edo ikusteko dago hiriaren erdiguneko metroaren lanek eta San Bartolomeko merkatal gune berriak –dendari txiki guztiak aurka dituela– botorik kenduko dioten Goiari. Dena den, hirian gaur egun gai bat bada polemikoa, hori turismoa eta etxebizitza turistikoena da. “Ez gaude denak, erbesteratu ekonomikoak falta dira!”, ere esan ahal izango da hauteskundeotan, hamarkada batean hiria utzi duten eta botorik emango ez duten ia 4.000 gazte donostiarren oroimenean. Zortzi urtean hiriaren turistifikazioari eta auzo batzuen gentrifikazioari alfonbra gorria jarri ostean, 50 hotel berri baino gehiago ireki eta etxe turistikoak hirian barreiatu ostean, Donostiako Udalak eginiko inkesta batean herritarren %65ek adierazi du ez dela turista gehiago erakarri behar hirira.

Sakonean gauzak mugitzen ari diren seinale izan daiteke eta Goiaren erronka nagusia izango da hurrengo legegintzaldian, orain arte bezala, interes ekonomiko horien negozio gosea laguntzea, herritarren artean gaia deskontrolatu gabe. Lortuko al du?


ASTEKARIA
2023ko maiatzaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan “iruzur saiakera zantzuak” salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Unai Hualde da berriz Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria

Ostiral honetan eratu da Nafarroako Legebiltzarra eta Geroa Baiko Unai Hualde izendatu dute Legebiltzarreko Mahaiko presidente PSN, EH Bildu eta Zurekin-eko botoekin. Aurreko legealdian ere bera izan da legebiltzarreko lehendakaria.


Bastidako alkategaiak dimisioa eman du Araba Buru Batzarrak ez diolako utzi hautagaitza aurkezten

Eduardo Barinagak uko egin dio zinegotzi akta jasotzeari, ABBk emandako aginduarekin bat ez datorrelako. EAJk hautagaitza aurkeztu ezean, PPk lortuko du alkatetza Arabar Errioxako herrian. Hori da PPk jarritako baldintzetako bat Gasteizen EH Bildu alboratu eta PSE-EAJ gobernu... [+]


Aulki dantza hasi da: zein dira larunbatean udalak osatzeko alderdien arteko azken mugimenduak?

Larunbat honetan Hego Euskal Herriko udalak osatuko dira, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren. Udalerri batzuetan ez dago zalantzarik zeinek hartuko duen aginte makila, baina beste batzuetan indar orekak ez daude garbi eta alderdiek mugimenduak hasi dituzte hautagaiak... [+]


2023-06-14 | ARGIA
Voxen zerrendetan joandako PPko zinegotziaren babesa behar du EAJk Kuartangon alkatetza kentzeko EH Bilduri

EH Bilduk irabazi ditu Kuartangoko Udalerako hauteskundeak, baina EAJrentzat izango da alkatetza, PPrekin hitzartua baitu. PPtik hautatu zuten zinegotziak, baina, postuari uko egin dio arrazoi pertsonalengatik, eta bere ordezkoa –PPko zerrendan bigarrena– Juan Pablo... [+]


2023-06-13 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Demokraziaren festa

Hauteskundeetara deituak izan dira azken egunotan espainiar hiritarrak, juntetxe, parlamentu edota udaletxeetako partaideak hautatzera, erakunde horiek berriztatzera, eta hor ari dira orain guztiak, analisietan, kalkuluetan, noren esku eroriko boterea, norekin lortuko aliantzak,... [+]


EAJk eta PSEk akordioa itxi dute “ahal den leku guztietan” instituzioak beren artean banatzeko

EAJ eta PSE-EE alderdiek gobernagarritasun ituna berretsi dute. Horrela, akordioari esker EH Bildu lehen indar geratu den leku ugaritan elkarrekin gobernatzeko aukera izango dute. Gasteizko Udalean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta beste hainbat udaletan, beraz, egoera argitzen... [+]


ANALISIA
Koldo Martinez Iruñeko alkate?

Gobernagarritasunerako hainbat aukera utzi dute iragan igandeko hauteskundeek Nafarroan, baina haien osaketarako bidea korapilatsua da, eta Espainiako hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratzeak are eta gehiago korapilatu du prozesua.


EH Bilduk ez du Iruñeko alkatetzatik kanpo utziko duen “hirugarren biderik” onartuko

Hautesleen % 27 ordezkatzen dute eta “hiriko lehen indar aurrerakoia” izanik ordezkaritza printzipio demokratikoari helduko diotela adierazi du Iruñeko EH Bilduko alkategai Joseba Asironek.


2023-05-31 | Aingeru Epaltza
Boto eskea, zortzi hizkuntzatan

Sua eta mina piztu dizkigu PSNren hauteskunde kartel eleaniztunak. "Barrenak behar dira Nafarroan 2023. urtean botoa zortzi hizkuntzatan eskatzeko, euskara baztertuta. Putakumeak. Urdeak. Ezta itxura egiteko ere".

Halako purrustadak irakurri dira egun hauetan Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude