"Gure garaikideak dira klasikoak"

  • Nuccio Ordinek (Diamante, Calabria, Italia, 1958) gurutzada bat darama aspaldidanik: humanitateei, literaturari, klasikoei dagokien lekua ematea gure gizarte hauetan. Ez dirudi erraza, baina garaipen bat edo beste pilatu du honezkero: L’utilità dell’inutile ("Alferrikakoaren balioa") liburu-manifestuak ehun milaka ale saldu ditu Italian, Grezian eta Espainian. Proposatzen digun azken bataila, Gli uomini non sono isole ("Gizonak ez dira irlak"), gaztelaniaz atera da orain, Acantilado etxearen eskutik. Asturiasko Printzesa Saria irabazi du oraintsu, Komunikazio eta Humanitateen atalekoa.

"Kontsumitzeko bulkada izugarria dago, eta gazteak kontsumitzaile programatuak dira, eskolan, unibertsitatean... Ez ditugu hiritar kultu eta kritikoak hezten, kontsumitzaile pasiboak sortzen ditugu, dirua egitea beste pentsamendurik ez duten soldadutxoak, arrakastan lehenesten dutenak". Argazkia: Dani Codina

Ohorea da niretzat, besteak beste, George Steinerri azken elkarrizketa egin ziona elkarrizketatzea.
Steiner jaunarekin izan nuen adiskidetasuna bizitzaren oparia da. Ikasle nintzela irakurri nuen, irakasle gazte nintzela ezagutu Parisen, eta gure arteko harremanak ez du etenik izan geroztik. Hari buruzko liburu bat argitaratuko da aurki –tartean egongo da elkarrizketa postumoa–, bere pentsamendua aurkezteko saiakera batekin. Apopilo ezeroso gisa definitzen dut: unibertsitatean eman zuen bizitza osoa, baina kritika oso gogorra egin zion parasitismoari; kritikaria izan zen, baina umiltasuna defendatu zuen, atentzioa liburuek merezi dutela, noski, eta inola ere ez kritikariek; eta, judutarra izanik, defendatu zuen Israelgo estatuaren nazionalismoak ez duela zerikusirik kultura hebraikoarekin, eta nola tortura dezakeen torturatua izan den herri batek. Jendeak entzun nahi ez dituen gauzak esan zituen.

Hurrengo galdera ere derrigorra da: Italiatik zatoz, ultraeskuinak dauka gobernua... Gaindituta zeudela uste genuen gauzak ikusten ari gara.
Munduan zehar gertatzen ari da, Prima gli italiani, America first, France d’abord, Brasil acima de tudo... Antzerako ideia da, nazionalismo patologiko bat, pentsatzen baita bizi gaitezkeela lurralde batean itxi-itxita. Erokeria da, mundua eta humanitatea aurkezteko modu miserable bat. John Donnek jada esan zuen, gizakiaren irla-begirada oso arriskutsua dela, gizaki egoista, bere buruan baino pentsatzen ez duena, bizitza orokorrean modu bakarrekoa izan daitekeela uste duena. Niretzat humanitatea beste gauza bat da, Senekak zioen hura, zure bizitzak zentzua hartzen duela besteentzat egin ditzakezun gauzekin. Formula zoragarria da: humanitatea kupula bat litzateke, elkarri lotutako adreiluz egina, eta adreilu bat erortzen bada guztiak erortzen dira. Giza elkartasuna da funtsezko ideia.

Horren kontra joango litzateke identitatearen gehiegizko goratzea.
Hau da Teseoren barkuaren mitoa: Minotauroa hil eta gero, Atenaseko portuan uzten dute, garaipenaren sinbolo; baina, 50 urteren buruan, egurra puskatu, egur berriarekin konpontzen dute... Jarraitzen du izaten Teseoren barkua?

Alegia, identitatea ez dela sekula egonkorra, beti da dinamikoa, zaharraren eta berriaren arteko nahasmena. Kutsatu gabeko identitatearen ideia, eskuineko jendeak defendatzen duen gisakoa, oso arriskutsua da. Ez dago aipatu beharrik zer egin zuen Hitlerrek arraza arioaren purutasunagatik. Zer da arraza arioa? Ni naiz kalabriarra, latindarra, greziarra, arabiarra, eta oso harro nago ugaritasun horretaz. Identitate erradikalaren ideiak sor dezake arrazakeria eta xenofobia. Nik uste dut, kontrara, erlijio, kultura, hizkuntza pluraltasun bat dagoen munduan, mundu hori zirraragarria izango dela. Izutzeko modukoa iruditzen zait erlijio, kultura, hizkuntza bakarra izan dezakeen mundu bat.

Argazkia: Dani Codina

Ahaztu zaigu, gainera, mundu ikuspegi monokromo horrek nora eraman izan gaituen. Gauza asko nahasten dira: historiaren zuritze bat, banalizazio bat, adanismo modukoa... Historiaren gaineko ezezagutza, alegia.
Gaur mespretxatu egiten dira historia eta memoria, bi gauza oso garrantzitsu. Gizarte oso teknologikoan bizi gara, eta teknologiaren ikuspegian etorkizuna da balio duena, eta ez orainaldia; jada zaharkitua dago gaurkoa, eta zer esanik ez aurreko guztia, ez du ezer balio. Uste dut memoriak zeregin oso garrantzitsua daukala, eta historiak gauzak erakusten dituela –nahiz gizakiak akats berdinak errepikatu–; memoriarik gabe, historiarik gabe, ezin duzu ezer ulertu.

Hezkuntza programak ikusten ditudanean, 4.0 Eskola eta abar, asaldatu egiten naiz: zer esan nahi du, 3.0 Eskolak ez duela ezertarako balio? Iphone 13-ak pentsarazten dizu aurretik egon diren hamabi Iphone-k ez dutela balio, zaharkitu direla; zaharkitze programatuaren ideia da hori. Aurrekoa zergatik ez da ona berriarentzat? Ez da kasualitatea mundu greziarrean memoria izatea jakitate guztien ama, jakitate berriak memoriaren seme-alaba izatea. Gaur ez dugu historiarekiko interesik, dirua egiteko programatuta gauden mundua baikara, etorkizunera begiratzen dugu soilik, teknologiaren azken produktuari. Kontsumitzeko bulkada izugarria dago, eta gazteak kontsumitzaile programatuak dira, eskolan, unibertsitatean... Ez ditugu hiritar kultu eta kritikoak hezten, kontsumitzaile pasiboak sortzen ditugu, dirua egitea beste pentsamendurik ez duten soldadutxoak, arrakasta lehenesten dutenak.

" Ez da kasualitatea mundu greziarrean memoria izatea jakitate guztien ama, jakitate berriak memoriaren seme-alaba izatea. Gaur ez dugu historiarekiko interesik, dirua egiteko programatuta gauden mundua baikara, etorkizunera begiratzen dugu soilik, teknologiaren azken produktuari".

Literatura eta klasikoak nola kokatzen dira mundu horretan? Edo, Italo Calvinoren galdera eginez, zergatik irakurri gaur egun klasikoak?
Iraganean idatziak izan arren, klasikoak beti dira gure garaikideak. Garai guztietarako balio du premisa horrek. Kontua da zer galdera egiten diegun klasikoei, eta gaur egunean irakurtzen ote ditugun eskolan, unibertsitatean. Egiten dudan kritika da: gazteek ezagutzen dituzte klasikoak, baina manualek egiten dituzten laburpenetatik. Ez dituzte zuzenean irakurtzen. Desberdintasun itzela dago Kixotearen laburpen bat edo Kixotearen orrialde bat irakurri. Nola maita dezake ikasle batek Kixotea, laburpen bat irakurtzen badu? Gauza hotza da, zentzurik gabea. Soilik zuzenean irakurrita, irakasle egoki batekin, ulertuko dituzu gauza batzuk, gaurkotasun handiko mezuak dituela: adibidez, egun pentsatu arren lehena iristen den pertsona dela merezi duen bakarra –etikoki gauza lausoak egin arren–, Giordano Brunok zioen: “Bizitzan benetan balio duena ez da lehena iristea, zure bidea duintasunez egitea baizik”.

Argazkia: Dani Codina

Kavafisen poema hartan bezala, helmuga baino, bidaia dela garrantzitsuena.
Ulisesen mitoa modu bikainean interpretatzen du Kavafisek, garrantzitsuena ez baita Ithakara iristea, bidean bildutakoaren esperientzia baizik. Bizitzaren gauzarik ederrena ez da helburua, helburua estimulu bat izan daiteke, baina esperientziak, esfortzuak, helburura iristeko egiten ditugun gauzen konplexutasunak inporta du. Nire ikasleei gauza horietaz hitz egiten diet: zein da ikasle baten benetako helburua? Izan daiteke dirua irabaztea ahalbidetuko dizun paperezko diploma miserable bat; baina hori beste gauza askoz garrantzitsuago baten ondorioa litzateke, izatekotan. Hobea izateko, zentzu kritikoa eskuratu beharko duzu inguratzen zaituen mundua modu original, inteligente eta autonomo batean ulertu eta analizatzeko.

Eskuineko alderdiek arrakasta daukate ezjakintasun handia dagoelako gure gizarteetan. Eta jakintza aukera izugarri baten gisara aurkezten da Internet, egia da: Errenazimenduko milaka testu irakurtzeko aukera ematen dit Calabriako nire etxetik, baina Internet egina dago zertxobait badakien jendearentzat, eta ez ezertxo ere ez dakienarentzat. Gauza bat da teknologia erabiltzea, eta beste bat da teknologiak gu erabiltzea, teknologiak bizitza lapurtzea, zure ideiak, intimitatea lapurtzen dizkizun anaia-handi moduko bat baita, gero, algoritmoen bidez, enpresei saltzeko. Eta zer mundu klase da gauzarik garrantzitsuenak “saldu” eta “erosi” egiten badira?

Kontraesankorra dirudi, klasikoek lekurik ez dutela dirudien mundu batean, zureak bezalako liburuek, klasikoei eskainiak, halako arrakasta pilatu izana. Nola azaldu arrakasta hori?
Zintzoki, sekula ez nuen halakorik imajinatuko. Alarma dei gisa idatzi ditut, protesta keinu bezala, hezkuntzaren merkatu-ikuspegiaren kontra, gaur egunean eskola eta unibertsitatea suntsitzen ari dena. Baina esan beharra dut han-hemenka nire ideiak partekatzen dituen jendea aurkitu dudala, gutunak jasotzen ditut, ikasle eta irakasleen eskutik, mundu osotik. Plazer handia ematen dit, erresistentzia badelako tendentzia horren aurrean. Akaso milioi erdi irakurle ez dira ezer dirua irabaztea dagoen gauzarik egokiena dela uste duten milioien aldean, baina ulertarazten didate merezi duela borrokatzea. Porrot loriatsu bat da, nahi baduzu, nire pentsamenduak eta nire etikak eskatzen didatena egiten dudan neurrian, arrakastatsua. Irakasle naiz, ezin dut irakasten dudan moduarekiko diferente den modu batean irakatsi, eta hori litzateke benetako porrota. Hitz egiten dudan bakoitzean, sentsazioa daukat entzuten nauen jendea badagoela, borroka hau egiazkoa dela sinesten duen jendea.

"Zer mundu klase da gauzarik garrantzitsuenak "saldu" eta "erosi" egiten badira?"

Hezkuntzaren garrantziaz hitz egin duzu liburuetan, hiritar autonomo eta kritikoak hezteko. Albert Camusek bere irakasleari esker onez idatzi zion gutuna gogoratzen duzu.
Irakastea ez da lanbide bat niretzat, bokazioa baizik. Askotan galdetzen didate irakasleek, zein den irakastearen sekretua. Gaur egunean irakasleentzako ikastaro asko dauzkagu, eta pedagogo asko dago tontakeria asko esaten dituztenak. Uste dute irakasle ona izateko irakaskuntza metodoaren ezagutza teoriko bat behar dela, metodo unibertsal bat, eta ez da egia. Lehen gauza diziplina ezagutzea da: literatura irakatsi behar baduzu eta ez baduzu literatura ezagutzen, ez du funtzionatuko. Bigarren gauza: irakasten dituzun gauzak maitatzea; ez badituzu maitatzen, ezin da maitasun hori transmititu. Sinets nazazu: 30 urtetik gora daramatzat irakasten, eta ikasleek hori sumatzen dute, argiki. Dirutza inbertitzen da ordenagailuak erosten, arbel digitalak, Internet sarea... Baina irakasle onik ez badaukazu, alferrik da. Hor kokatzen dut Camusen gutuna: irakasle onek bakarrik alda dezakete ikasleen bizitza.

Euskaraz kaleratuko da aurki zure liburu-manifestua, Alferrikakoaren balioa (Pamiela).
Bai, eta balio handia ematen diot. Hizkuntza txikiak, handiak bezalatsu, oso garrantzitsuak dira, hizkuntza bakoitza mundua ulertzeko leiho baita; eta hizkuntza bat hiltzen delarik, beraz, leiho hori itxi egiten da. Oso harro nago liburu hori euskaraz agertuko delako. Ez zait inporta alde ekonomikoa, zenbat salduko den: euskarazko itzulpenak, galegokoak bezala, harro sentiarazten nau, jende batek nire liburua aukeratu duelako, jendeari esanez: “Liburu hau garrantzitsua da gure kulturarentzat”. Arrakasta komertzial batek baino balio handiagoa du horrek niretzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude