Ikusezinei irudia eta ahotsa jartzeagatik

  • Dena eskubide dugunaren uste orokortu samar bat nabari dut inguruan azken aldian. Kontsumoari lotua ote? Klasetik ere izango du. Dirua, azken batean. Zerrendatzen ditugu lagunartean gure eskubide amaiezinak, betebeharrekin gutxiago gogoratuta eta oinarrizko eskubideak zapaltzen dizkigutela ahaztuta. Non eta Europan. Afrika beltzean balitz, hirugarren munduan akaso... Eta bitartean ahaztu dugu tortura, ahaztu dugun bezala adierazpen askatasunik eza edo hizkuntz eskubideak, ahaztu dugun moduan osasunerako dugun eskubidea zein sarean libre ibiltzekoa.

Dani Blanco

2023ko urtarrilaren 30an - 11:43
Azken eguneraketa: 2023-02-07 16:44:38

Ahanzturaren aurkako borrokan ari direnak, ordea, badira, eta aurtengo Argia Sariek badute kutsu hori edo, hobeki esanda, hari hori izan liteke batzen dituena. Eguneroko tira grafikoan balio batzuk transmititzen ari denak sala dezakeen zapalketatik, Euskal Herriko hamaika lagunek jasandako tortura sistematikoa argitara emango duen dokumentaleraino. Minbizia zapi arrosadun emakume borrokalariaren iruditeriatik atera, eta errealitatean ditugun tabuekin apurtuz gaixotasuna mahai gainean jartzen dituen podkastetik, bikotekidea Polonian kazetaritza egiteagatik preso duen emazteraino. Eta azterketak euskaraz egitea lortzeko lanean ari diren ikasleetatik, sarean libre ibili ahal izan eta aberatsen esku egongo ez diren plataformak sortzen dituztenetaraino.

Ikus-entzunezkoa: Karpeta urdinak

Egia ofizialak superprodukzioen bitartez kontatzen diren bitartean, herri baten tragedia isilean itota uzteko arriskua dago, guk geuk kontatzen ez badugu. Estatuen biolentziaren biktima izan diren eta erreparaziorik ez duten milaka euskal herritar torturaturen gaia argitara ateratzeko lana egin dute ikus-entzunezko honen bitartez. “2016an aukera izan nuen Kriminologiaren Euskal Institutuak EAEn 1960tik 2015era izandako tortura kasuei buruz egindako txostenaren aurkezpen eta irakurketa saioetan egoteko, eta pentsatu nuen garai baten hasiera markatzen zuela, aitortzaz eta erreparazioaz hizketan hasiko ginela, eta hala ez bazen, kaleak jendez beteko zirela. Oker nengoen, garai baten amaiera zen batzuentzat, kaxoia ixteko unea, eta horren aurrean kaleak ere ez ziren bete, nik uste bezala”, kontatu digu Ander Iriarte dokumentalaren egileak.

Ikusezina argitara ekartzeak berez badu garrantzia, baina, are gehiago, asmo politikoak dituen ezkutuko praktika hori masiboa eta sistematikoa izan bada. “Euskal Herriko inguru zabal batean inor gutxi topatuko duzu tortura ukatzen duenik, baina uste dut jendarte gisa ez dugula jakin gaiaren pisua kalkulatzen eta kudeatzen”, dio Iriartek. “Torturatuak antolatzen has daitezen laguntzeko dokumentala ere bada”, azpimarratu digu egileak.

Prentsa: Zugazart

Marrazkiak haurren kontu moduan hartzen dira sarri. Komikiak irakurtzen dituena zenbaitek irakurle ere kontsideratzen ez duen lez. Asko dira, ordea, arkatzaren punta zorrotz, maiz umoretik, baina gaurkotasuneko gaiak kritikaz marrazten dituztenak.

Unai Iturriagak 2019ko ekainean hasi zuen Zugazart sinaduraren atzeko lana Gara egunkarian, eta lau urte hauetako ibilbidea saritu dute. Langile grebak, euskararen kontrako erasoak, Enrique Maya, bertsolaritza, euskal preso politikoak, Polizia, Osakidetzaren gainbehera, Irulegiko eskua, Palestina, Ukraina, Brasil... asko eta anitzak dira zuri-beltzean irudikatzen dituen aktualitateak. “Zorrotz eta garratz merezi zutenekin, maitasunez eta samurtasunez behar zutenekin”, idatzi zuen Iturriagak berak, bere aurrekoak egindako ibilbidearen aitortza moduan, eta berari ere aplika dakizkiokegu hitzok.

Inspirazioaren eta interesgarri zaizkion gaien gorabeheran “boladak” izaten dituela aitortu digu, baina eskertuta dago sariarekin: “Kasualitatez, sariaren albistea jaso nuen beste batzuei zer eta zertarako egiten dudan azaltzen aritu behar izan nuen bilera batetik ateratakoan, eta poza ematen du gure unibertsoaren onespen hau jasotzeak”.

Entzunezkoa: (Min)bizi podkasta

Medikuaren kontsultatik atera eta bakarrik eta galduta sentitzen direnei babesa eta elkartasuna eskaintzeko asmoz sortutako materiala da, beren buruak toki horretan ezagutu dituzten emakumeek eginda, euren ahots, gogo eta gorputzetatik. “Minbizia normalizatu beharra dago, asko izango gara pasatzea tokatu(ko) zaigunak, eta erruki begirada kendu eta gaixoari begietara begiratu eta galdetu behar diogu zer behar duen”, azaldu digu Olatz Mercaderrek, Iñurri elkarteko kideak.

Gaixotasunaren diagnosia jaso dutenei aukeren leihoak irekitzen dizkiete, norberak erabaki dezan nola igaro nahi duen bizitzako prozesu neketsu hau. “Emakumeok geure buru eta gorputzetatik eta euskaraz egindako materiala nabaritu genuen guk faltan, eta hori eskaini nahi diegu besteei”, azaldu du Mercaderrek. Talde motorean lau dira, “baina inurritegi oso bat dago atzetik, eta borondatezko inurri horien guztien lan eta laguntzarik gabe ez zegokeen entzungai podkasta; beraz, beraientzat guztientzat da sari hau”, azpimarratu du.

Jendarteari deseroso zaizkion pertsonak eta errealitateak mikrofono aurrera ekarri, eta gordin bezain goxo hitz egiten dute urrun nahi ditugun minei eta beldurrei buruz. “Minbizia, batez ere emakumeona, arrosaz tindatu eta infantilizatu nahi dutenen kontrara, guk baliabideak eman nahi dizkiogu marroi hau pasatzea tokatu zaionari, bidea pixka bat erraztu diezaion”.

Internet: Euskal Mastodon komunitateak

Sare sozialek sekulako iraultza ekarri dute komunikazioaren mundura. Herritarrak komunikatzaile bihurtu dituzte, eta horri esker, berehala jakin dezakegu protagonisten eta zuzeneko lekukoen eskutik zer gertatu den munduko edozein txokotan. Txio han eta txio hemen gabiltza, baina txoria munduko bigarren pertsona aberatsenak erosi du, eta aurten ikusi dugu kristalezko kaiola gero eta estuagoa dela, agerian geratu baitira "garden" kolorez bernizatutako barroteak.

Txoria eskuin muturraren bazka bihurtu den urtean, sare sozialen zoologikoan beste animalia bat ezagutu dugu, software librearen militante euskaltzale batzuek jada 2018tik martxan zeukaten Mastodon-a. “Gabezia bat ikusi genuen, euskaraz funtzionatuko zuen sare sozial baten beharra”, kontatu du Yaiza Arrizabalaga mastodon.jalgi.eus-eko kideak (Izarkom dago horren oinarrian) eta Dabid Martinez mastodon.eus-ekoak (Azkue Fundazioa, Iametza, Laborategia.eus, PuntuEUS Fundazioa eta Talaios kooperatiba daude horren oinarrian) zera gehitu dio: “Bestalde, burujabetzaren ideia zegoen, hau da, komunitateak berak kudeatutako eta araututako kanal edo baliabide teknologikoak erabiltzearen beharra”.

Sare sozial hau deszentralizatua da, publizitaterik gabekoa, eta badira bi komunitate euskarazkoak,  urte osoan euskara hutsean bizitzeko aukera ematen digutenak. “Oso zaila da jendearen inertziak aldatzea, baina gutxinaka ikusten da gauzak ezberdin egiteko jendearen nahia”, adierazi du Arrizabalagak. “Bestelako sare sozialak, balioetan oinarrituan eta irabazi asmorik gabeak, posible direla uste dugu”, jarraitu du Martinezek. 4.000 kide baino gehiagok osatzen dute euskal Mastodon komunitatea. Bi komunitateak elkarren artean federatuta daude, giro onean, eta bientzat da saria, komunitate osoarentzat.

Kanpaina: Azterketak euskaraz

Gaztetxoak dira kanpainan lehen lerroan diren protagonistak, ondoan dituztelarik guraso eta irakasleak lagun. Aspaldiko da Seaskan azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen borroka, baina duela sei urte Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren jarreraren gogortzea dela medio, atzerapen handiak pairatu dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolek, eta mobilizazioa indartuz joan da eta oihartzun handia lortu du.

Ez da aldarrikapen hutsa, egiten dituzten oinarrizko eskaerak lortu bitartean alternatibak sortuz baitoaz. “Guraso, langile eta Seaskako bulegoko kideei irekitako batzordea daukagu, eta lan ardatz ezberdinak modu parte-hartzailean gogoetatzen eta finkatzen ditugu: zuzenketa alternatiboak eratuz Euskal Elkargoak lagundurik, adibidez”, kontatu digu Mañolo Espellet irakasleak.

Urtez urte baxoa eta brebeta egin beharrean diren ikasleen hizkuntz eskubideak urratuak direlarik, beraiek ezin izan badute, ondorengoek zorte handiagoa izan dezaten borrokan ari diren ikasle eta bidelagunentzat da saria. “Guretako sari hau Euskal Herri osoaren aitorpena da, motibazio iturria eta udaberrirako prestatzen ari garen mobilizazio erraldoira zazpi lurraldeetako euskaltzaleei gomita luzatzeko aukera”, gogorarazi digu.

Merezimenduzkoa: Oihana Goiriena

Urtebete egingo du laster Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso, ekaitz perfektu batek erdiz erdi harrapatuta. Epaiketarik gabe gatibu, bere aurka fundamentuzko frogarik aurkeztu gabe bahituta daukate, eta bere burua publikoki defendatu ezinean utzi dute komunikatzailea, inkomunikatuta.

Lagun eta senideak ez dira besoak gurutzatuta geratu, eta batez ere Oihana Goiriena, Pabloren emaztea, ikusi dugu han eta hemen injustizia salatzen. Izan hedabide handietan zein txikietan, Legebiltzarrean eta gaztetxeetan; behar den leku guztietan senarraren askatasuna aldarrikatzen. Gertatu dena kontatzen, indarra transmitituz eta duintasun osoz, kazetaritza askearen defentsa egiten, eta azken aldian elite ekonomiko eta politikoen hain esaneko ikusten dugun ofizio honi gogoraraziz zintzotasunean dagoela bere edertasuna.

“Pablo, kontutan hartuta non eta zein egoeratan dagoen, ondo dago, asko argaldu bada ere”, adierazi digu, eta segi: “Orain otsaila amaieran izango duen hurrengo bistaren zain gaude, epailearen erantzunaren zain”. Laster urtebete egingo du kartzelan, eta baliatuko dute hurrengo kanpaina martxan jartzeko –gogoratu Free Pablo elkartea sortu zutela bere ingurukoek eta hortik ari direla lanean, crowdfunding kanpaina ere martxan da–.

“Sekulako sorpresa izan da saria, baina baliatuko dugu adierazpen askatasuna eta kazetaritza konprometitua aldarrikatzeko”, azpimarratu digu Goirienak. Borroka honen aurpegi bilakatu delako jaso du saria.

Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldi honen babesle diren ondorengo erakundeei:

  • Arabako Foru Aldundia
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Emakunde
  • Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Kutxabank
  • Laboral Kutxa
  • Nafarroako Gobernua. Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutua

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2023
"Euskarak bizirik iraungo badu, teknologia burujabetza eta kultura librearen bidetik izango da"

Mastodoneko bi komunitate euskaldunek jaso dute 2023ko Interneteko Argia saria: Mastodon.jalgi.eus eta Mastodon.eus. Guztien izenean, Dabid Martinezek nabarmendu zuen euskararen arnasgune eta arigune iraunkorra izan direla azken bost urteetan. Komunitatea osatzen duten milaka... [+]


KRONIKA | Aurrez aurrekoaren xarma

Bi urteko hutsunearen ondoren itzuli gara Usurbilgo Atxega Jauregira. Hotz dago kanpoan, euria ere ez da urruti, eta bazkal aurreko aperitiboa barruan egitea erabaki dute aurten.


2023-01-27 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA | Giro goxoa Usurbilgo ekitaldian

Jarraian Usurbilgo Atxega Jauregian sari banaketan ateratako hainbat argazki.


2023-01-27 | ARGIA
Argiako lantaldearen mezua Argia Sarietan: Garai interesgarriak

Egun pozgarria da gaurkoa, berriz ere aurrez aurre ospatuko ditugu Argia Sariak: betiko aurpegiak eta aurpegi berriak gaude mahai hauen bueltan. 2020an elkartu ginen azkenekoz, gero COVIDak eta debekuek hankaz gora jarri zuten dena… eta errenkadan etorri dira giro... [+]


Eguneraketa berriak daude