Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2023ko Argia Sariak

  • Sei sari izan dira: ikus-entzunezko saria Karpeta Urdinak dokumentalari eman zaio, prentsa saria Zugazart iritzi tirei, entzunezko saria (Min)bizi podkastari, Internet saria euskal Mastodon komunitateei, kanpaina saria Azterketak Euskaraz kolektiboari, eta merezimenduzko saria Oihana Goirienari. Ehundik gora lagun bildu dira Usurbilgo Atxega Jauregiko ekitaldian.


2023ko urtarrilaren 27an - 18:30
Azken eguneraketa: 2023-01-31 12:29:13

Bi urtez Argia Sariak distantziara banatu ostean, pozgarria izan da ARGIAko lantaldearentzat berriro Usurbilgo Atxega Jauregian elkartzea. 34. edizio honetan ere ehun pertsona baino gehiago bildu dira otordu eder baten bueltan; euskal hedabideetako jendea, euskalgintzako eragileak, euskaltzaleak, eta euskal kulturako bestelako ordezkariak. Aurten, gainera, duela 50 urte baino gehiagotik ARGIAko harpidedun diren zortzi lagun izan ditugu gonbidatuen artean.

Bazkalostean egin dute sari banaketa, eta Antton Mendizabal eskultoreak sortutako garaikurra jaso dute sarituek. Hauek dira aurtengoak –informazio gehiago gainean klikatuta–:

ARGIAko komunitatea hurbil

Aldaketekin itzuli dira Argia Sariak: Berezkoa Ta Naturala podkasteko protagonistak ekitaldian izan ditugu. Haizea Aranak eta Aner Peritzek aurkeztu dute sari banaketa, eta Leire Vargasek eta Oihana Aranak saridunak elkarrizketatu dituzte, garaikurrak eskuratu osteko sentipenak jasotzeko.

Beste berrikuntza bat izan da ARGIA jendea inoiz baino gertuago izan dugula. ARGIAko komunitatearen babesa eskertzeko, mende erdia baino gehiago harpidedun izaten daramaten pertsonen izenean, zortzi gonbidatu berezi izan ditugu Atxega Jauregian: Antton Dorronsoro, Nekane Aierbe, Mila Manterola, Arantzazu Royo, Juan eta Feli Aleman, eta Jon eta Lukas Barandiaran.

Garai interesgarriak kazetaritzarako

Urtero bezala, ARGIAko lantaldeak diskurtsoa eskaini du egun berezi honen, eta denen izenean hitz egin du Mikel Garciak. ARGIAko komunitatearen sostengua azpimarratu du: zazpigarren urtez jarraian harpidetzak irabazten ari gara, eta esanguratsutzat jo du, garaiotan ez delako ohikoa.

Halaber, azaldu du garai interesgarriak bizitzen ari garela, kazetaritza ikuspegitik garai nahasietan kontatzeko asko dagoelako, eta ARGIAren proiektuaren sendotasuna berresten delako krisialdietan: “Krisi boladetan eta kapitalismoaren danbateko gogorrenen aurrean, zentzu guztia hartzen dute etxe barruko balioek. Elkar zaintzan sinesten dugu, barne antolaketa horizontalean, taldea batuta eta indartsu mantentzearen garrantzian”. Irakurri hemen hitzaldi osoa. Ikusi 2023ko Argia Sarien ekitaldia osorik:

Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldi honen babesle diren ondorengo erakundeei:

  • Arabako Foru Aldundia
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Emakunde
  • Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Kutxabank
  • Laboral Kutxa
  • Nafarroako Gobernua. Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutua

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2023
"Euskarak bizirik iraungo badu, teknologia burujabetza eta kultura librearen bidetik izango da"

Mastodoneko bi komunitate euskaldunek jaso dute 2023ko Interneteko Argia saria: Mastodon.jalgi.eus eta Mastodon.eus. Guztien izenean, Dabid Martinezek nabarmendu zuen euskararen arnasgune eta arigune iraunkorra izan direla azken bost urteetan. Komunitatea osatzen duten milaka... [+]


KRONIKA | Aurrez aurrekoaren xarma

Bi urteko hutsunearen ondoren itzuli gara Usurbilgo Atxega Jauregira. Hotz dago kanpoan, euria ere ez da urruti, eta bazkal aurreko aperitiboa barruan egitea erabaki dute aurten.


Ikusezinei irudia eta ahotsa jartzeagatik

Dena eskubide dugunaren uste orokortu samar bat nabari dut inguruan azken aldian. Kontsumoari lotua ote? Klasetik ere izango du. Dirua, azken batean. Zerrendatzen ditugu lagunartean gure eskubide amaiezinak, betebeharrekin gutxiago gogoratuta eta oinarrizko eskubideak zapaltzen... [+]


2023-01-27 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA | Giro goxoa Usurbilgo ekitaldian

Jarraian Usurbilgo Atxega Jauregian sari banaketan ateratako hainbat argazki.


Eguneraketa berriak daude