Interneteko Argia Saria: Euskal Mastodon komunitateak

  • mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus komunitateek jaso dute 2023ko Interneteko saria. Mastodon deszentralizatutako sare soziala da, publizitaterik gabekoa, eta software librea defendatzen duten militante hauek saritu ditugu, urte osoan euskaraz eta aske jarduteko aukera ematen dutelako haien komunitateetan, besteak beste.


2023ko urtarrilaren 27an - 17:34
Azken eguneraketa: 2023-01-30 12:58:40

mastodon.jalgi.eus Izarkomek sortu zuen eta mastodon.eus elkarlanean sortu zuten eragile hauek: PuntuEUS, Azkue Fundazioa, Iametza, Talaios eta Laborategia.eus. Horien izenean jaso dute saria Lorea Arakistain, Beñat Irasuegi, David Martinez, Yaiza Arrizabalaga, Asier Iturralde eta Eli Pombok.

Honengatik saritu ditu euskal Mastodon komunitateak ARGIAk:

"Sare sozialek sekulako iraultza ekarri dute komunikazioaren mundura. Herritarrak komunikatzaile bihurtu dituzte, eta horri esker, berehala jakin dezakegu protagonisten eta zuzeneko lekukoen eskutik zer gertatu den munduko edozein txokotan.

Txio hemen eta txio han gabiltza, baina txoria munduko bigarren pertsona aberatsenak erosi du, eta aurten ikusi dugu kristalezko kaiola gero eta estuagoa dela, agerian geratu baitira "garden" kolorez barnizatutako barroteak.

"Eta nik txoria nuen maite" pentsatzen dugunok, bihotzez eskertu dugu txoria eskuin muturraren bazka bihurtu den urtean sare sozialen zoologikoan beste animalia bat ezagutu izana: izan ere, software librearen militante euskaltzale batzuek jada 2018tik beste era bateko habitata martxan zeukaten.

Sare sozial hau deszentralizatua da, publizitaterik gabekoa, eta badira bi komunitate euskarazkoak, urte osoan euskara hutsean bizitzeko aukera ematen digutenak. Eta harrigarria bezain txalotzekoa da sare sozial honetako euskarazko bi komunitate horien artean ez dagoela borrokarik, giro ona dago eta elkarren artean federatuta daude".

Lorea Arakistain, Beñat Irasuegi, David Martinez, Yaiza Arrizabalaga, Asier Iturralde, Eli Pombo / Argazkia: Dani Blanco

Entzun sarituen hitzak:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2023
"Euskarak bizirik iraungo badu, teknologia burujabetza eta kultura librearen bidetik izango da"

Mastodoneko bi komunitate euskaldunek jaso dute 2023ko Interneteko Argia saria: Mastodon.jalgi.eus eta Mastodon.eus. Guztien izenean, Dabid Martinezek nabarmendu zuen euskararen arnasgune eta arigune iraunkorra izan direla azken bost urteetan. Komunitatea osatzen duten milaka... [+]


KRONIKA | Aurrez aurrekoaren xarma

Bi urteko hutsunearen ondoren itzuli gara Usurbilgo Atxega Jauregira. Hotz dago kanpoan, euria ere ez da urruti, eta bazkal aurreko aperitiboa barruan egitea erabaki dute aurten.


Ikusezinei irudia eta ahotsa jartzeagatik

Dena eskubide dugunaren uste orokortu samar bat nabari dut inguruan azken aldian. Kontsumoari lotua ote? Klasetik ere izango du. Dirua, azken batean. Zerrendatzen ditugu lagunartean gure eskubide amaiezinak, betebeharrekin gutxiago gogoratuta eta oinarrizko eskubideak zapaltzen... [+]


2023-01-27 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA | Giro goxoa Usurbilgo ekitaldian

Jarraian Usurbilgo Atxega Jauregian sari banaketan ateratako hainbat argazki.


Eguneraketa berriak daude