Pisuzko kontua

  • Geroz eta ezagunago zaigu lodifobia terminoa, baina zer da zehazki eta zein da duen magnitudea? Arakatzen jarrita, gehien konbentzitu nauen definizioak hala dio: pertsona lodiak desabantaila, injustizia eta bazterketa egoerara bultzatzen dituen zapalkuntza da, sistematikoki erreproduzitzen dena eta egiturazko izaera duena. Alegia, egunerokoan eta eremu orotan presente dagoen zapalkuntzaz ari gara lodifobiaz mintzo garenean. Eta osasungintza ez da salbuespena. Are, argaltasuna osasunarekin eta loditasuna osasun faltarekin lotzearen ondorioz, osasunaren izenean arta lodifoboa jasotzea ez da ezohikoa. Larriak dira albo kalteak, arta desegokia jasotzeak berekin baitakar osasuna arriskuan jartzea. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, obesitatearen estigmak osasun arretaren kalitatean eragin dezake, jendarteko sektore horren osasuna kaltetu eta heriotza arriskua handitzea eraginez.

Osasungintzan presente dagoen lodifobia seinalatzera datoz hainbat ikerketa, eta Marta Plazak Pikara Magazinen argitaratutako La gordofobia perjudica seriamente la salud (Lodifobiak serioski kaltetzen du osasuna) erreportajean aipatzen dituenak oso argigarriak dira. Attitudes of Nurses Toward Obesity and Obese Patients (Erizainen jarrera obesitatearekiko eta paziente obesoenganako) ikerketa egiteko galdekatutako erizainen %12,1ak nahiago zuen paziente lodiak ukitu beharrik ez izatea. Bestelako datu esanguratsurik ere jasotzen du 1989an argitaratutako lanak: %24,3ak bat egiten zuen “orokorrean, jende obesoa zaintzeak higuina eragiten dit” baieztapenarekin. Hamarkada bat pasa arren, antzerako errealitatearen berri ematen du 2001eko data daraman Weighing the care: physicians’ reactions to the size of a patient (Zaintza pisatzen: mediku profesionalen erreakzioak beren pazienteen neurriaren arabera) ikerketak. Migrainengatik kexu ziren pazienteen jarraipena egin zuten, eta ondorioek joera nabarmen bat antzeman zuten: pazientearen gorputz-masaren indizea (GMI) handitu ahala, medikuek laguntza eskaintzeko prestutasun eta pazientzia txikiagoa adierazten zuten. Epai moralaren ondoriotzat jo daiteke, izan ere, pazienteak zenbat eta gehiago pisatu, zaintzeko gaitasun, autodiziplina eta osasun txikiagokoak kontsideratzen zituzten.

Egoera ez da askorik aldatu, gaur gaurkoz ere pertsona lodiek osasungintzan diskriminazioa jasaten jarraitzen baitute. Hitz literalez oroitu ez arren, belaunaldi berekoa dudan mediku batek ondoko komentarioa egin zidan, artean lanean hasiberri zela: “Emakume nagusiak datozkidanean kontsultara, beren okela eroriarekin, eta auskultazioa egiteko txitxiak ukitu behar dizkiedanean… ze nazka”. Iruzkin puntuala izanik ere, irakur daiteke osasungintzan presente dagoen lodifobiaren adierazpen gisa –kasu honetan, gainera, adinkeria eta misoginiarekin nahasian–. 2017an OMEk argitaratutako Weight bias and obesity stigma: considerations for the WHO European Region (Pisuagatiko joera eta obesitatearen estigma: Europako WHO eskualdearentzako gogoetak) txostenaren arabera, obesitatea dutenen %69k tratu diskriminatzailea pairatu du medikuen partetik. Gertuko pertsona lodiei galdetzen hasi besterik ez dago edozein arrazoirengatik medikuarengana jo eta argaltzeko dieta batekin etxera buelta egin duten pertsonen kontakizunak pilatzeko. “Kontua da: kasu horietan osasun zerbitzua benetan dago arduratuta gure osasunaz? Beharrezkoa da tamainako jazarpena?”, dio Magdalena Piñeyro lodiaktibistak Stop gordofobia liburuan. Galdera erretorikoa da, liburuan kokapenak aditzera ematen duenez: Lodifobiaren toki ohikoak kapituluaren Osasun-diskriminazioa azpiatalean irakur daiteke. Gaia kokatzeko, medikuaren kontsultan egondako azken aldiaz mintzo da Piñeyro: belauneko minez joan zen, mendian zebilela lesionaturik, eta “hanburgesak jateari utzi beharko diogu” erantzun zion medikuak. “Nik ez dut hanburgesarik jaten, baina horrek berdin du (…) Zeren atea zeharkatu du pertsona lodi batek, eta nahiz eta etor daitekeen gripe batengatik edo behatza mesanotxearen kontra kolpatu duelako, gomendioa edo zeharkako iruzkina ondokoa izango da: argaldu”.

Osasuna: pisuarekin bainoago, artarekin lotua

Stop Gordofobia plataforma birtualaren sortzaileetako bat da Piñeyro, eta aurten itxi badute ere, martxan egon den urteetan kontsultan jasandako tratu lodifoboen testigantzak jasotzera dedikatu dira, besteren artean. Askotariko bizipenak aurki daitezke arakatzen hasiz gero, gehienak anonimoak. Adin txikiko lehengusina medikuarengana eraman zuen emakumearena, kasu: “Kontsultan ginela medikuak begiratu ninduen eta esan zidan: ‘Zu molestatzeko inolako asmorik barik, baina badakizu nola jan beharko zenukeen?’ (…) Ahalik eta adeitsuen jakinarazi nion: ‘Bai, nutrizionistak emanak dizkit azalpenak, ginekologoaren jarraibideekin batera, obario polikistikoak baititut’ [pisua irabaztea eragin dezakeen sindromea da]. ‘Bai, baina lodia izateagatik daukazu hori’, erantzun zidan”. Inolako minik adierazi ez arren, nahiz eta artatu beharrekoa beste pertsona bat izan, mediku hark gorputz lodia patologizatu zuen osasun zentroko atea minak bihurdikaturik gurutzatu izan balu bezala. Eta hori gertatzen da loditasuna osasun gabeziarekin lotzen delako. Pisuaren eta osasunaren arteko ustezko harremana gezurtatzera dator Manifiesto Colectivo del Día Mundial Contra la Gordofobia (Gordofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguneko Manifestu Kolektiboa) idatzia: “Osasuna baldintzatzen duten hainbat faktore daude, eta gehienak ez daude gure mende eta ezin dira neurtu parametro sinplistekin, are gutxiago baskula batekin. Badaude osasuntsu dauden pertsona lodiak, eta gaixotu egin daitezke; osasuntsu dauden eta gaixotu daitezkeen pertsona argalak existitzen diren era berean. Osasuna ez da ez estatikoa ez estetikoa, GMIak kontrakoa badio ere”. OMEren arabera ere, loditasuna ez da bere horretan gaixotasuna, gaixotasunak garatzeko arrisku faktore izan daitekeen arren.

Kontsultetan maiz gertatzen da froga diagnostikorik egin gabe edota gehiegi arakatu barik edozein osasun arazo pisuari egoztea, eta ondorioz, pertsona lodien kasuan infradiagnostikorako joera egotea

Berez, beste bat da loditasunaren eskutik joan ohi den osasun arazo ohikoena, eta pisuarekin ordez gorputz lodien gaineko aurreiritziekin du zerikusia. Izan ere, loditasuna eta gaixotasuna eskutik doazelako ustearen eraginez, kontsultetan maiz gertatzen da froga diagnostikorik egin gabe edota gehiegi arakatu barik edozein osasun arazo pisuari egoztea, eta ondorioz, pertsona lodien kasuan infradiagnostikorako joera egotea. Horrek zaildu egiten du gaixotasunak edo osasun arazoak identifikatzea, eta diagnostiko faltan sakontzea dakarren beste faktore bat ere egon ohi da tarteko: lodi egoteagatik mespretxuzko iruzkinak eta umiliazioak gehiago ez jasatearren –eta ondoezaren iturria beren pisua dela enegarrenez ez entzuteko–, medikuarengana joateri uzteko hautua egiten du hainbat pertsona lodik.

Ez da txikikeria aipatutako guztiaren emaitza: pertsona lodien osasun arreta baldintzatzen eta kaltetzen da, hasteko; eta horrek berekin dakar pertsona horien ongizatea arriskuan jartzea edota osasuna okertzea, muturrekoa izan daitekeen punturaino. Bizia arriskuan jartzerainokoak izan daitezke lodifobiaren presentziak osasungintzan dituen albo-kalteak, eta horren adibide da 29 urteko Amanda Lee estatubatuarraren kasua: kontsultara jo zuen esanez hilabeteak zirela jateak sabeleko mina eragiten ziola, eta medikuak erantzun zion beharbada ez zela hain txarra kontatzen ziona. Leeren hitzetan, lodifobiak itsuturik, medikuak ez zituen kontutan hartu “koloneko minbiziaren eskuliburuko sintomak”. Beste mediku baten partetik diagnostikoa jaso ostean, bere testigantza baliatu du arazoaren larritasunaz ohartarazi eta salaketa egiteko. Argi mintzo da: “Medikuntzan dagoen lodifobiak hil egiten du, literalki”.

Gorputzaren tamainak kontsulta noraino baldintzatu dezakeen irudikatzeko, argigarria da Valentziako Nathyk Pikara Magazineko erreportajean kontatzen duena: COVID-19aren harira arta presentziala telefono bidezkoarengatik ordezkatu izanak ahalbidetu zion urteetan sentitutako ondoeza laktosari dion intolerantziari dagokiola ezagutzea. “Medikuak nire aurpegia eta gorputza ikusten ez dituenetik, bizi osoan egindakoak baino proba gehiago egitera bidali nau. Kontsultak aurrez aurrekoak zirenean gertatzen zitzaidan guztiaren arrazoia pisua zen. Orain arreta telefono bidezkoa denez, ez du ikusten lodi nagoela, eta probak egitera bidaltzen nau; eta horietatik ez bada ezer argirik ateratzerik, gehiago egiteko agintzen du”. Harik eta arrazoiarekin eman zuten arte. Ez zen, urteetan iradoki bezala, pisu kontua.

Alba Campmanyk ondo daki zer den kontsultatik beti mezu berarekin ateratzea. Azaldu digunez, bizi osoa eman du arazoa bere pisua dela entzuten. Bere 28 urteotan osasungintzan izandako esperientzia mingarriei buruz hitz egin ostean, barrutik atera zaio: “Gorroto dut medikuarengana joatea”. Ez da arinkeriaz mintzo, osasuna arriskuan jartzen duela jakinik erabaki baitu zenbait kontsultako atetik ez igarotzea. 2019an obario polikistikoaren sindromea diagnostikatu zioten, eta horren harira izandako esperientzia pareak bultzatu zuen hautu hori egitera. Diagnostikoaren harira egin zizkioten odol analisietan glukosa maila altua antzeman zioten, eta medikamentu bat edo beste errezetatzerakoan, medikuak ez zuen bistatik galdu pisua galtzeko helburua: “Testualki esan zidan glukosarekin bakarrik ez, pisua galtzen ere lagunduko zidala errezetatu zidanak”. “Berdin dio medikazio horren albo-ondorioetako bat izatea etxetik irten ezinik uzten nauen beherakoa, pisua galduz gero beste guztiak ez baitu axola”, dio ironiaz. Ordutik ez du medikua berriz ikusi, hala erabakita. Ezagun du horrek eragin diezaiokeen kaltea: “Baditut lagunak medikuak, ginekologoak, direnak. Eta esan izan didate arduratu egiten dituela nire erabakiak, medikuaren jarraipenik gabe intsulinari erresistentzia edota diabetesa garatu baititzaket”.

Endokrinoarengana joateari ere utzi dio, hain zaio etsaitasunezkoa giroa. Bertan egon zen azken aldian negarrez atera zen kontsultatik, eta gaur arte. Obario polikistikoaren sindromea diagnostikatu berritan izan zen, dieta jarri baitzioten, elikadura izan ohi baita tratamenduaren ardatzetako bat. “Endokrinoarengana joan nintzen pisurik galdu gabe; are, pisu pixka bat irabazia nuen. Eta esan zidan nahikoa zela, borondatea jarri behar nuela”. Ahal zuena egiten ari zela erantzun eta lur jota atera zela kontatu du.

Perspektiba integrala, gorputzaz harago ikusteko

Obario polikistikoaren sindromearen diagnostikoa jasotzeak mugarri bat jarri zuen Campmanyren bizian, diagnostiko hark bigarren bat ekarri baitzuen atzetik, eta hortxe hasi baitzen pertsona lodi gisa osasun arretaren aurrean duen posizionamenduaz jabetzen eta hausnartzen. Dieta izan ohi da obario polikistikoaren sindromearentzako tratamenduaren ardatzetako bat, eta behin diagnostikoa jasota pisuaren galerak bere egunerokoan zentraltasuna hartuko zuela jakinda, arduraturik elkarbanatu zuen medikuarekin aspalditik barruan gordetako ustea: janariarekin zuen harremana ez zela osasuntsua, eta zenbait joera disfuntzional zituela elikadurarekin. Buru osasun alorrera bideratu zuten, eta bertan jaso zuen bigarren diagnostikoa: elikadura-portaera nahasmendua. “Diagnostiko horren harira txip aldaketa gertatu zen nire baitan, eta hainbat kontu auzitan jartzen hasi nintzen”, dio. Geroz eta gehiago arduratzen zuen kontsultara joan behar zuen bakoitzean medikuak dieta agintzeak, nahiz eta jakin elikadura-nahasmendua duela. Hala hasi zen zenbait jarrera kuestionatzen eta pairatutako lodifobiaren kontzientzia hartzen, eta horrek eraman zuen kontsulta batzuk berriz ez zapaltzeko erabakia hartzera, eta baita gaian sakontzera eta ikertzera ere. Gizarte langilea da, eta lodifobiaz zein elikadura nahasmenduez diharduten tailerrak ematen ditu. “Duela bost urteko Albak ikusiko banindu gaur egun, ez zukeen sinetsiko”.

Elikadura nahasmendua zeukala jakiteak urteetako sufrimendua ulertu eta hainbat kontu auzitan jartzeko giltza eskaini bazion ere, artari dagokionez ez zion hobekuntzarik ekarri. Psikologo eta psikiatren kontsultetan ere lodi egoteak oztopatu zion arta egokia jasotzea. “Psikologoak nire elikadura nahasmendua balekotzat joko ez balu bezala zen, lodi egoteagatik kategoria hartan kabituko ez banintz bezala (…) Esaten zidan janarekiko adikzio gisakoa zela nirea, elikadura nahasmendua baino gehiago. Esango nuke estereotipatutako iruditeriari dagokiola, pertsona lodiok plazeragatik goraino jango bagenu legez”. Diagnostikoa zuen, baina iruditzen zitzaion buru osasun alorrean ez zutela erabat zilegiztatzen; adituen partetik halako mezu kontraesankorrak jaso izanaren ondorioz, diagnostikoa onartzeko zailtasunak izan dituela dio. Berriz zapalduko ez zuen kontsulta bat gehiago identifikatuta, osasun zerbitzu publikotik kanpoko elkarte batean aurkitu du elikadura nahasmendua tratatzeko tokia.

Campmany ez da arinkeriaz mintzo medikuarengana joatea gorroto duela esaten duenean, osasuna arriskuan jartzen duela jakinik erabaki baitu zenbait kontsultako atetik ez igarotzea

Duela urte eta erdi pasa, haur bat izateko nahiak itzularazi zuen medikuarengana, obstetrizia eta ginekologia sailera. Mentalizatuta joan zen, bai baitzekien pisuaren gaineko kontrola zorrotza izango zela. “Ezagun da [eremu horretan] aspektu horrekin oso astunak izan ohi direla”, dio. Bere harridura eta pozerako, emaginarekin egindako lehen kontsulta atsegina izan zen. Elikadura nahasmenduaren berri eman eta baskulara bizkarrez igotzea eskatu zion, zenbat kilo zituen ez jakiteko. Emaginak ez zion trabarik jarri; kontrara, “oso ulerkorra izan zen, eta esan zidan fitxan oharra txertatuko zuela, aurrerakoan artatuko nindutenek kontutan har zezaten eta behin eta berriz pisuaren gaia atera ez ziezadaten”. Alabaina, emakume hura ez du gehiago aurkitu bidean, eta ordutik honako prozesua “nahiko terrorifikoa” izan dela dio. Minez kontatu ditu azken kontsultako nondik norakoak: bere GMIagatik ez balitz, ugalketa lagunduarekin hasteko hautagaia litzatekeela adierazi zioten. “GMI batetik aurrera Osakidetzak ez du ugalketa lagundua bere gain hartzen, beren arabera arrakastarako aukerak murritzagoak baitira”, azaldu du. Hori hala den ikertu ez duen arren, Campmanyk uste du haurdun geratzeko bere arazoak ez dagozkiola bere pisuari, baizik eta beste zerbaiti. “Horregatik jo dut laguntza eske, baina lodia naizelako ari zaizkit laguntza hori ukatzen”.

Ikuspegi integrala duen artaren falta nabari du, pertsonak beren osotasunean zein konplexutasunean aztertzeko gai denarena. Iruditzen zaio loditasunak itsuturik, parean suertatu zaizkion profesional askok ez dutela besterik ikusi: ez elikadura nahasmendurik, ez haurdun geratzeko zailtasunak eragin diezazkiokeen bestelako faktorerik, ez besterik. Gainetik bada ere, eman ditu tratu horrek eragiten dion minaren zenbait zertzelada: bere gorputzarekiko errefusa, lodi egoteagatik erru sentipena… diskriminazio lodifoboak maila psikologikoan dituen albo-kalteen zantzuak dira, autoestimu galera eta norbere buruarekiko lotsa edo gorrotoa ere eragiten baititu.

Zenbait aurrerapauso eman direla iruditzen zaio Campmanyri: “Gutxiengo oso txikia izan arren, aurkitu ditut auzi honen gaineko kontzientzia gehiago zeukaten profesionalak”. Alabaina, egiteke asko dagoela azpimarratu nahi izan du, eta arta integrala eta lodifobiarik gabeko perspektiba aldarrikatu. Bide horretan, arazoa salatzearen beharra azpimarratu zuen Piñeyrok irailean gauzatu ziren lodifobiari buruzko Euskal Herriko I. jardunaldietan: “Oso garrantzitsua da mediku lodifobo baten kontsultatik atera eta gero kexa jartzea erregistratuta geratu dadin, bestela baitirudi ez dela ezer gertatzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


Amurrio, Okondo, Urduña eta Orozkoko Udalek ez dute parte hartuko Laudiok deitutako bileran Osakidetzaren egoera lantzeko, "desleialtasuna" leporatuta

EAJk eskualdean gobernatzen dituen tokiko erakunde guztiek iragarri dute ez dutela parte hartuko Laudioko Udalak deitutako bileran. Guztiek egotzi diote EH Bildu eta Omniako udal gobernu taldeari erakunde desleialtasuna erakustea, hedabideetan horren berri emateagatik, euren... [+]


Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude